Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Guztion ondarea
Bertan 24

Guztion ondarea


XXI. mendearen hasieran, euskara biziberritze prozesuan dago bete-betean. XX. mendeko azken bi hamarkadaz geroztik aurrerapen handia izan du: hizkuntza bera arrunt garatu eta modernizatu da, eta gizartean erabilera eta zabalkunde handiagoa berreskuratu du. Bilakaera honen ondorioz, UNESCOk, bere sailkapenean, "arriskuan" dauden hizkuntzen multzotik atera eta egoera "zaurgarrian" daudenetara jaso du. Beraz, euskarak gizarte osoaren eta erakunde guztien beharra izaten segitzen du, erabilera zeharo normalizatuko hizkuntza izateko. Gaur egun hiztun askok erabiltzen duten hizkuntza baliagarri eta bizia izateaz gainera, historiaurrean sustraitutako altxor aparta da: bere hastapenetan, Europa lehenbizikoz populatu zuten Homo sapiens haien mintzaira izango zen. Ez du ahaidetasun ezagunik munduko hizkuntzen artean, eta Gizadiaren Ondaretzat hartzea merezi luke. Ibilbide historiko labur honetan, euskararen bilakaera erakusten da: tartean, jasan behar izan dituen debekuak eta trabak, eta baita, aro historiko jakinetan, gizarteak salbatzearren izan duen erreakzio sendoa ere.

19. Euskara euskaldun guztien ondarea da, hain zuzen ere euskal kultur identitatearen zeinu nabarmenena. Belaunez belaun transmititutako altxorra izaki, batzuetan jazarria izan den arren, goieneko distiraldian dago gaur egun. Iruñeko zezen plazan, 1979an, euskararen alde egin zen jaialdi baten kartela. 20. Euskara hizkuntza indoeuroparrak baino lehenagokoa da. Ez dira ezagutzen bere sustraiak, ez dago inongo multzo semantikotan sailkatua eta ez du ezaugarri komunik munduko beste ezein hizkuntzarekin. 21. Aiako Harria. 22. Euskararen lurralde mugak atzeraka etorri dira historian zehar. Lehenbizi, hizkuntza indoeuroparren presioaren eraginez, Brontze eta Burdin aroetan. Geroago, latinaren presentziaren ondotik, piztualdi bat izan zuen, ostera atzera egin arte hizkuntza erromantzeen bultzadaren ondorioz. 23. Iturengo joaldunak, Ituren eta Zubietako inauterietan. 24. Euskaldunen jai egutegian ospakizunak eta pertsonaiak izendatzeko erabili ohi den hiztegiak erakusten du euskara oso antzinako solstizio-usadioetara lotua dagoela. 25. XX. mendean barrena jazarpen, debeku eta zigor asko pairatu zituen euskarak, larrienak frankismoaren garaian. 26. Hiztun kopuruaren murrizpenak galzorian jarri zuen euskara. 27. Azken 40 urteetan 300.000 pertsona baino gehiagok ikasi du euskara bigarren hizkuntza gisa, batik bat eskolan edo euskaltegian. Euskara ikasteko eskuliburua, Itxaropenak argitaratua (Zarautz, 1969). 28. Eusko Ikaskuntzaren kartela. 2005eko batzarraldia. 29. Koldo Mitxelena Kulturunea kulturaren esparruko erreferente nagusia da Donostian: urtean zehar kultur ekitaldi ugari antolatzen da bertan, eta erakusketa garrantzitsuak izaten dira bere bi erakustaretoetan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegia ere bertan dago. Kultur egoitza garrantzitsu honen izenak omen egiten dio Koldo Mitxelenari, hikuntzalari, ikertzaile eta euskaltzale erraldoiari. 30. Herritarren eta erakundeen jarrera sendoari esker, euskararen hiztun kopurua egonkortu eta handitu egin da. UNESCOk, hain zuzen ere, euskara biziberritzeko prozesua munduko eredugarrienen artean dauka. 31. Euskara biziberritzeko prozesua munduko beste herrialde batzuetan ezagutzera ematen aritzen da Garabide; gobernuz kanpoko erakunde honek egoitza Eskoriatzan du, eta bere xede nagusia da hizkuntza erkidego gutxituekiko elkarlana bultzatzea, kultura, hizkuntza eta identitatearen esparruetan. Batik bat Hego Amerikan bideratzen ditu bere egitasmoak, Mondragon Unibertsitatearen laguntzaz. 32. 2002. urtean Martin Ugalde Kultur Parkea inauguratu zen Andoainen. Euskal kulturaren esparruan ari diren hogeita hamarren bat erakunde biltzen ditu parkeak, elkarren indarrak eraginkorrago batzearren. 33. Euskararen piramide demolinguistikoa irauli egin da, eta gaur duela zenbait hamarkada baino oinarri askoz zabalagoa du, 800.000 euskara hiztunetatik gehienak 35 urtetik beherakoak baitira: besteak beste, eskolan (D ereduan eta ikastoletan) ikasi duten haurrak eta euskaltegietan ikasi duten guraso gazteak. 300.000 inguru euskara eskolan edo euskaltegian ikasiak dira, ez etxean edo lehen hizkuntza gisa.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net