Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Euskararen sare sozialak
Bertan 24

Euskararen sare sozialak


Euskararen eta euskal kulturaren biziberritzearen eragile nagusia izan da euskal herriaren ekimen soziala. Herri erakunde autonomikoek eginkizun guztiz garrantzitsua izan dute, sortu ziren une beretik, argi erakutsiz hizkuntza eta kultura berreskuratzeko funtsezkoa dela gizartearen eta herri aginteen arteko lankidetza.

418. "Herri batek hizkuntzari eusteko erabakia hartua duenean, bide erdia egina dago (…). Arrakasta izateko, jendearen burua irabazteaz gain, bihotza ere irabazi beharra dago". David Crystal, hizkuntzalaria, Bilbon, 2007-09-24. 419. Autonomiaren erakunde publikoak sortu bezain laster, herri erakundeok garrantzi nabarmena izan dute hizkuntza eta kultura biziberritzeko lanetan. Eragile sozialak ere ezinbestekoak izan dira prozesu horretan, eta bien arteko lankidetza, batzuetan arazoz betea egon den arren, erabakigarria izan da. 420. Gizarte ekimenak indarra eman dio euskararen biziberritze prozesuari. Hizkuntzaren aldeko harrotasunak eta maitasunak bultzaturik, gizarte erakundeek garrantzizko papera jokatu dute biziberritze prozesuan. 421. Euskaltzaindiak 1978an bultzatutako Bai Euskarari kanpainaren azken ekitaldia Bilboko Santimami futbol zelaian egin zen, 40.000 lagunen partaidetzaz. 422. Hogei urte geroago, lelo hori berriro erabili zuen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Euskal Herrian barrena bost futbol zelaitan (Sadar, Agilera, Mendizorroza, Anoeta eta Santimami) 120.000 lagun biltzeko. 423. Esparru askotako euskal ikerlariak elkartu ziren, 1998an, Euskararen Unibertsoa jardunaldietan, euskara elkarteen egoera aztertzera. Handik sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, hizkuntzari babes sozial zabalagoa emateko. 424. Lehenengo euskara elkarteak 1980ko hamarkadan jaio ziren, euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko asmoz. Aitzindarietako bat izan zen Arrasate Euskaldundu Dezagun (AED), Gipuzkoan. AEDk eskatu zion udalari Euskara Batzorde bat eta Euskara Zerbitzu bat sortzeko. 425. Geroztik, elkarte asko sortu dira, gehienak gaur egun Topagunea Federazioan (1996) elkarturik; elkarteak sustatu eta zerbitzu bateratuak ematen ditu. Beste esparru batzuetan ere aritzen da: euskarazko hedabideak, kultur jarduerak, aisialdia, haurrak eta gazteak, euskaldun berriak, eta abar. 426. Arrakasta izan du, besteak beste, Mintzalaguna-Mintzakide programak, 1993az geroztik antolatzen dituena aisialdiko edo kirol esparruko jarduerak, euskaraz mintzatzeko; 4.000 partaide inguru biltzen ditu. 427. Udal askotan sortu izan dira euskara zerbitzuak eta euskara teknikarien lanpostuak. 428. Euskara elkarte gehienak 1990eko hamarkadan eratu ziren; besteak beste, Ttakun (Lasarte-Oria), Bagera (Do-nostia), Berbaizu (Deustu) eta Galtzaundi (Tolosa). Iruñean, Zaldiko Maldiko 1981ean sortu zen. 429. Eusko Legebiltzarrak emandako 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskararen Erabilera Arauzkotzezkoa, hizkuntza politika sendo bati atea irekitzeko giltza izan zen, herri erakundeak murgilarazi baitzituen euskararen biziberritze eta babes lanetan. Unibertsitatean, hezkuntzan eta herri administrazioan euskararen erabilera indartzeko berebiziko garrantzia izan zuen. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) sortu zen 1983an, herri administrazioetan euskararen erabilera sendotu eta indartzeko zeregin handia duena. 430. Orain dela 20 urte gertatzen ez zen ezaugarri bat du gaur egungo herri administrazioak EAEn: sektore publikoko langileen erdia gai da euskaraz aritzeko laneko gaietan. Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren garaian, Eusko Jaurlaritzaren xedeetako bat izan zen herri langileen erdiak euskara maila egoki bat lortzea. Bide horretan, 2007an 12.000 herri langile ziren euskaldunak. 431. Enpresaren munduan, euskararen normalizazio adibide esanguratsuak daude. Elhuyar Aholkularitzak (1991) edo EMUN kooperatibak (1997) hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dituzte lantokien esparruan, euskararen erabilera enpresaren zereginetan txertatzeko, kasu bakoitzera egokitutako aholkularitza diseinatuz. 432. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) 1991n sortu zen, euskaldunak nagusi diren udalerrietan euskararen erabilera sustatu eta bermatzeko helburuaz, bai eskolan, bai administrazioan, bai gizarte zerbitzuetan, bai langiroan.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net