Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Euskalkiak eta euskara batua
Bertan 24

Euskalkiak eta euskara batua


Euskal Herriaren geografiak eta historiak euskara hainbat euskalkitan garatzea ekarri dute. Zortzi euskalki bereizi zituen Luis Lucien Bonapartek 1869an, eta bost dira Koldo Zuazo filologoaren egungo sailkapenean. Euskalki bakoitzak, orobat, azpieuskalkiak eta aldagaiak ditu. Horregatik, munduko hizkuntza finkatuenek bezala, euskarak ere beharrezkoa zuen eredu estandar edo bateratua, irakaskuntzan, literaturan edo komunikabideetan itsatsi eta garatuko bazen. Hainbat urtez luzatutako azterlan eta eztabaiden ostean, Euskaltzaindiak 1968an proposatu zuen euskara batuaren eredua. Jakina, euskalkiek bizirik diraute tokian tokiko hizkera eta mintzamoldeetan, baina euskara batua da –Euskaltzaindiak garatua, arautua eta erabakia- gaurko eskola eta unibertsitate bizitzan, liburugintzan eta arlo publikoan erabiltzen den hizkuntza.

261 Carte des Sept Provinces Basques, euskararen mapa Bonaparteren garaian. Louis Lucien Bonaparte printzeak (Thorngrove, 1813-1891) irizpide linguistiko hertsiz egindako lehenengo euskalkien sailkapena egin zuen 1868. urtean. Manuel Larramendik egina zuen lanean oinarrituz, hizkuntzalari handi hark zortzi euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, iparraldeko goi-nafarrera (Leitza, Bera, Ultzama...), hegoaldeko goinafarrera, ekialdeko behe-nafarrera (Donibane Garazi, Zaraitzu), mendebaldeko behenafarrera (Baigorri, Lapurdiko ekialdea, Aezkoa), zuberera (erronkariera barne) eta lapurtera. Denetara 25 azpieuskalki eta 50 aldaera aipatu zituen. 262. Handik mende luzea igaro denean, euskararen egoera arrunt aldatua da eta gaurko sailkapenik eguneratuena Koldo Zuazorena da. Beste sailkapen bat egin du Zuazok, euskalkiak Erdi Aroan finkatu zirela defendituz. Hala, gaur bost euskalki bereizten ditu: mendebaldekoa, erdialdekoa (Gipuzkoa gehiena eta Nafarroako Araitz, Larraun, Imotz eta Basaburua alderdiak), nafar euskalkia (Bortzirietatik Aezkoaraino), nafar-lapurtarra (Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Luzaide), eta zuberotarra. Gainera, 11 azpieuskalki eta 24 aldaera sailkatzen ditu. 263. Erronkaribarren XX. mendearen azken laurdena arte egon da bizirik euskalkia edo aldaera, erronkariera. Fidela Bernat uztarroztarra izan zen erronkarieraz mintzatzen zen azken pertsona. Bera 1992an hil zenean galdu zen erronkariera. Erronkaribarren, ordea, euskara berreskuratzea lortu dute (biztanleen %18k daki euskaraz), eta ibarrean diren ia 80 umeak euskaraz eskolatuak dira, euskara batuaz. 264. Ikertzaile askoren aburuz, XVI. mendetik aurrera Euskal Herriak izan duen zatiketa administratiboa da euskara euskalkitan sakabanatzearen funtsa: 1700eko urteetan koroa frantziarrean eta espainiarraren bereizketa, eta gaur egun Frantziako estatuaren eta Espainiakoaren artekoa. Frantziako estatuan, Ipar Euskal Herria Pirinio Atlantikoetan txertatua dago, eta Espainiako estatuan, berriz, Hego Euskal Herria bi erkidegotan bereizia: Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan. 265. Euskal Herria oso ezaugarri geografiko anitzeko lurraldea izaki, askotan orografiak eragin nabaria izan du hizkuntza-komunitate bakartuak iraute aldera. Alabaina, beste kasu batzuetan hizkuntzak gerturatu ditu elkarrengana herriak, administratiboki bereizita egon arren. 266. 1918an sortu zenez geroztik, Euskaltzaindiak xede eta kezka izan du euskara batzea, euskara estandar bat definitzea. Historian zehar idazle askok eta askok -Axularrek berak- egin dute aldarri hizkuntza literario bateratua izatearen alde. Euskara baturako bidean egin ziren lehenbiziko proposamenak –Espainiako gerra zibila baino lehenago Kanpionek, Broussainek edo Azkuek eginak, besteak beste– ez ziren aurrera eraman, eta 1936 eta 1945 artean bertan behera utzi ziren euskarari buruzko lan guztiak. 267. Azkuek gipuzkera osotua proposatu zuen euskara batuaren oinarri gisa. Haren iritziz, euskara batuak gipuzkeraren eta lapurteraren oinarriak izan behar zituen, euskalki aurreratuenak eta literatur tradizio handienekoak zirelakoan. Orixek, berriz, euskalki guztiek garrantzi bera izatea defenditzen zuen, eta hizkuntza bateratua literaturarako bakarrik erabili behar zela. Krutwigek, aldiz, lapurtera klasikoa proposatzen zuen hizkuntza estandarrerako. 268. Euskara batuaren inguruko eztabaidetan eta hastapenetan, "h" hizkiaren inguruko auzia izan zen gogorrenetako bat, batuaren aldekoak eta kontrakoak bereizteko ikur bilakatzeraino. Iparraldeko euskalkietan erabilia eta hegoaldekoetan, berriz, XVI. mendeaz geroztik galdua zen h hizkia. Batuzaleek h hasperendua defenditzen zuten hitz askoren jatorrian zegoelako, eta ortografian h onartzea lortu zuten. 269. Arantzazuko 1968ko batzar erabakigarria 270. Euskaltzaindiak Arantzazun 1968an egindako batzarrean finkatu ziren euskara batuaren oinarriak, oinarri hartuz erdialdeko euskalkia eta gehituz inguruko euskalkien aukerako ekarpenak. Batzarrerako abiapuntuko proposamena, onartua izango zena, Koldo Mitxelenak idatzi zuen. 271. Koldo Mitxelena hizkuntzalaria (Errenteria, 1915-1987) euskararen eta hizkuntzen gaineko aditu gorenetakoa da eta berebiziko garrantzia izan zuen euskara batua onartzeko prozesuan. Euskal hizkuntzalaritza modernoaren sortzailea eta ehunka ikerlan eta artikuluren egilea, Mitxelena irakasle izan zen Salamancako eta Sorbonako unibertsitateetan. Euskal Herriko Unibertsitatea sortzeko ahaleginean ere lan eskerga egin zuen eta Euskadiren normalizazio politiko eta kulturalaren alde nabarmendu zen. 272. Euskara batuak batasuna ekarri du ortografiara, gramatikara, hiztegira, ahoskatzeko erara, izendegietara eta hizkuntzaren alderdi gehienetara. Erabilerak, ikerketak eta denboraren joanak euskara batuari nagusitasuna eman diote irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazioan. Dena den, erabilera ez formaletan, jakina, euskalkiak oso bizirik dira. Zuazok dioen legez, euskara batua eta euskalkiak ez dira elkarren etsai; lagun eta osagarri baizik. 273. 1970. urtean Luis Villasantek hartu zuen Manuel Lekuonaren tokia Euskaltzaindiaren gidaritzan. Berme sendoa izan zen Arantzazuko erabakiak gauzatzen eta akademiaren batasuna zaintzen, hizkuntza literarioa finkatzeko abian zen une zail haietan.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net