Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara >Ikastolak eta euskarazko irakaskuntza
Bertan 24

Ikastolak eta euskarazko irakaskuntza


Ikastolak sortu eta indartzeko mugimenduak garrantzi handia izan zuen euskaldun berriak sortu eta euskarazko irakaskuntza sendotzeko. Ikastolak debeku artean sortu ziren 1960ko hamarraldian; legearen ertzean lan egin zuten urtetan, eta 1976rako federazioak sortuak ziren lurralde guztietan. Urtetan zehar, kalitatearen eta berrikuntza pedagogikoaren aldeko lan handia egin du, maiz aitortu zaiona; gurasoak, ikasleak, eta irakasleak proiektu bakar batean txertatzeko ahaleginak badu zer ikusirik euskal kultura berreskuratzeko auzolanarekin.

302. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoa, Iparraldeko eta Nafarroako federazioak 1960ko hamarraldiaren amaieran eta hurrengo hamar urteren buruan sortu ziren; Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa 1987an eratu zen. Prozesu hartan, garrantzizko eginkizuna izan zuen Antonio Camposek. 303. 1980ko urrian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastolen gaineko hitzarmena izenpetu zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin, Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskaraz ari ziren 1.738 ikasgelen egoera arautzeko. 304. Euskal Eskola Publikoaren Legeari (1993) esker, ikastola gehienek sare publikoan sartzeko aukera izan zuten; beste batzuek sare pribatuan gelditzeko hautua egin zuten. 305. Ikastolak aitzindariak izan dira berrikuntza pedagogikoan; bere eraginez eta eskariz sortutako ikasliburugintzak argitaletxeen ahalegina ekarri zuen, lehenik itzulpenetan (Santillana, Kosmos), eta gero testu originaletan (Saioka, Gordailu), edo kontsulta liburuetan, hala nola, Margo Ederdun Entziklopedia. 306. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, gaur egun, ikastola hauek biltzen ditu: Arabako 9, Bizkaiko 22, Gipuzkoako 30, Nafarroako 15 eta Iparraldeko 25. 307. Ikastolen hezkuntza eta antolakuntza maiz saritua izan da; Gipuzkoako Federazioak President's Award 2006 saria jaso zuen, Cd-Rom Space Search ingelesa ikasteko metodoagatik; Edinburgheko dukeak eman zien Buckingham jauregian. 308. Nafarroan, beste leku guztietan bezala, gaztelaniaz egin behar zen irakaskuntza, 1960ko hamarraldiaren erdian guraso talde batek lehen ikastolak zabaldu zituzten arte. Iruñean, lehen ikastola izan zen Uxueko Amaren ikastola (1965), Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik. Handik sortuko ziren San Fermin eta Paz de Ziganda (1970). Garai hartakoak dira, baita ere, Leitzakoa (1967), Olaztikoa (1969), Etxarrikoa, Tafallakoa, Lizarrakoa, Baztangoa eta Lekunberrikoa, denak 1970ekoak. 309. Sare publikoan ez dauden arren, Nafarroan 15 ikastola hitzartu dago; euskaraz eskolatutako ikasleen % 27 ari dira ikastoletan. Tuterako, Irunberriko, Bianako, Lodosako eta Zangotzako ikastolak Nafarroako hegoan dira; legearen arabera zona ez-euskaldun den honetan, ehunka ikasle dituzte. 310. Iparraldeko lehen ikastola Arrangoitzen sortu zen, 1969an; berehala eratuko ziren Baionakoa eta Donibane Lohizunekoa. Hurrengo urtean zabaldu ziren ikastolak Donibane Garazin, Senperen eta Hendaian. Iparraldeko ikastolak biltzen dituen Seaska federazioa 1969an sortu zen. 311. Bai EAEn, bai Iparraldean, Eliza katolikoari lotutako euskarazko ikastetxe hitzartuak daude, hala nola Kristau Eskolak eta Euskal Haziak (elebiduna). 312. Iparraldeko ikastolek lehen aitorpena lortu zuten Frantziako Hezkuntza Ministeriotik 1983an, urte askotako eskakizunen ostean; gaur egun, ikastoletako irakasleak Hezkuntza Ministerioaren mende daude. Seaskak biltzen dituen 29 ikastoletan 2.700 ikasle ziren 2010ean. 313. Iparraldean, 2006an ikasle guztien % 15,9 matrikulatu ziren euskarazko irakaskuntzan. Azken urteotan, matrikulazioak gora egin du nabarmenki eredu elebidunetan, bereziki Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleen artean. Gogoan izan behar da euskarak ez duela ofizialtasunik Frantzian, eta euskarazko irakaskuntza soilik Seaskako ikastoletan, hezkuntza elebiduneko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe katoliko batzuetan ematen dela.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net