Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Euskarazko irakaskuntza
Bertan 24

Euskarazko irakaskuntza


Euskarazko irakaskuntzaren alde gizartearen eskakizunak aintzat harturik, hezkuntza sistemaren ardatz bihurtu da euskara gaur egun, erakunde autonomikoei esker. Euskadiko Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan zen legez arautzen (1982); Nafarroan, 1986an hasi zen euskarazko irakaskuntza publikoa; bietan, hizkuntza ereduen arabera zabaltzen da eskaintza. Iparraldean, gizarte ekimeneko ikastolen esku dago euskarazko irakaskuntza, sistema publikoaren finantzaketaz irakasleen aldetik, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren laguntzaz. Gorabehera batzuk izan diren arren, hezkuntza elebiduna heldutasun eta sendotasun batera iritsi da.

291. Euskadiko Autonomia Erkidego, irakaskuntzaren oinarri dira Euskararen Erabilera eta Normalizazio Legea eta 138/1983 Dekretua, hizkuntza ofizialen erabilera irakaskuntza ez-unibertsitarioetan arautzen duena. A, B eta D ereduak ezartzen ditu, irakasleen prestakuntzaren irizpideak finkatzen ditu, eta irakasleek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak arautzen ditu. 292. Hizkuntza ereduak: A ereduan, irakaskuntza osorik egiten da gaztelaniaz, eta euskara ikasgai bat da. B ereduan, bi hizkuntzak erabiltzen dira, erdi bana, gutxi gorabehera. D ereduan, irakaskuntza osorik da euskaraz, eta gaztelania ikasgai bat da. 293. 2010-2011 ikasturteko matrikulazioan, Euskadiko Autonomia Erkidegoan lau ikasletik hiru eskolatu ziren D ereduan. 294. Euskal Herria osorik hartuta, 2010-2011 ikasturtean 300.277 ikasle dira euskaraz ikasten, 3-18 urte bitartean. EAEn, 195.790 ikasle D ereduan, eta 75.787 ikasle B ereduan. Iparraldean, 1.480 ikasle dira D ereduan, eta 4.669 ikasle B ereduan. Nafarroan, 22.551 ikasle dira (guztien % 23) D eta B ereduetan, 114 ikastetxetan banaturik. 295. Derrigorrezko Lehen Hezkuntzako matrikulazioaren mapa 2004-2005 ikasturtean, Euskal Herri osoan. Euskara Kultur Elkargoak argitaratua. 296. Ikerketen arabera, EAEn euskara hizkuntza nagusitzat daukaten ikastetxeetan lortzen dira emaitza akademiko onenak: Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, ikasturtea gainditzen dutenen tasa handiena D ereduan dago. Datuen arabera, euskara hizkuntza nagusia duten ikasle eleaniztunak hobeki prestaturik ateratzen dira derrigorrezko hezkuntzatik, ez bakarrik bi hizkuntza ofizialen jakintzaren arloan, baizik gainerako jakintza gaietan ere. 297. Euskarazko irakaskuntzak lortzen dituen emaitza hobeak nabarmenago dira Batxilergoan. Horrela, 2008-2009 ikasturtean, EAEko ikastetxeetan 2. Batxilergoan D ereduko ikasleek % 15 gehiago gainditzen dute, gaztelania nagusi duten ikasleen aldean. Zehazki, D ereduko ikasleen % 81,4 da gainditzen duena; A ereduan, berriz, % 66,7. Ez dira behin bakarrik izandako emaitzak, baizik 2004az geroztik hezkuntza publikoan nahiz pribatuan egiaztatzen den joera, eta ziklo guztietan 2004-2005 ikasturteaz geroztik. 298. Nafarroan ere D ereduko ikasleen % 95,95ek gainditu zuen, 2009an, unibertsitatera sartzeko hautaproba; aldiz, proba hori gaztelaniaz egindakoen % 93,43k gainditu zuen. "Unibertsitaterako hautaproba: euskaraz egindakoen % 95,95ek gainditu zuen." "Unibertsitaterako hautaproba: gaztelaniaz egindakoen % 93,43k gainditu zuen." 299. Nafarroan, sistema publikoan euskarazko irakaskuntza 1986an abiatu zen, eta hurrengo urtean zabaldu zen hizkuntza eredua hautatzeko aukera: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 10.107 ikasle matrikulatu ziren (% 13,34). Kopurua etengabe handitu da, eta 2009an ikasleen % 20 baino gehiago ziren. Azken hamarraldian, euskarazko eskolaratze eskaera handitzen ari da etenik gabe; gaur egun, ikasleen laurden bat eskolaratzen da euskaraz. Gehienak, sare publikoan; % 27,5, sare pribatuko ikastoletan. 300. Argitaletxeek eta irakasleek Euskal Herriari buruzko edukiak eskaintzen dituzte programazioetan, euskal curriculumaren arabera: figura ospetsuak, historia, kultura, artea, folklorea eta tradizioak. 301. XXI. mendean, euskarazko ikasmaterialen sektorea oso garrantzitsua da; nabarmentzen dira, besteak beste, Elkar, Erein, Ibaizabal, Ikastolen Elkartea, Ttartalo, Gaiak edo Giltza argitaletxeak, urterik urte ikasliburuak argitaratzen baitituzte. Euskarazko liburugintzaren barnean, fakturazioaren erdia da.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net