Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Goi erdi aroa
Bertan 24

Goi erdi aroa

Antso III.a Nagusiak (1000-1035 bitartean errege) kontrolpean zeuzkan Burgos, Errioxa, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia, Arabako lurraldea ere barne. 1157an, Gartzia V.a Nafarroakoak, Berrezarle deituak, Nafarroaren independentzia ezarri zuen atzera, Aragoiko erresumarekin bat eginda 58 urte igaro eta gero. Hamar urte geroago, Iruñeko errege Antso VI.a Jakitunak izenpetutako agiri batean, euskarari lingua navarrorum (nafarren hizkuntza) esaten diote. Baskonia kristau eta elebakarrean, hizkuntza nagusia euskara zen, eskribau eta eliteek latina eta, geroago, erromantzea erabiliko bazuten ere. XI. mendean, Donemiliaga Kukulako monje batek euskarazko oharrak egin zituen Glosa ospetsuetan.

70. Antso III.a Nagusia. 71. Santiagorako erromesa. 72."…eta hizketan entzungo bazenie, txakur zaunkariak etorriko litzaizkizuke gogora, hizkuntza barbaroa baitute". 1160an, Aymeric Picaud monje frantsesak, Santiagora erromes zihoala, ezaugarri itsusiz horniturik deskribatu zituen euskaldunak; eta hogei bat euskal hitzez osatu zerrenda baliotsua ere egin zuen. 73. Arkeologiak, antropologiak eta toponimiak agerian laga dute Pirinioetako herrien eta gaur egun, hainbat mendetako zatiketa politikoen ondotik, mendebaldeko Pirinioen muturrean bizi diren egungo euskaldunen arteko ahaidetasuna. Goi Aragoiko eta Kataluniako Pirinio aldeko eskualdeetako biztanleriaren tipologiak, gizarte antolaketa tradizionalak, sinesmenek eta herri ospakizunek antzekotasunak gorde dituzte gaur arte, ez baitira erabat desagertu. Toponimia bera ere oso argigarria da: Xabierre, Arro, Esterri, Gerri, Isabarre, Sorre, Escalarre, Aran harana, Isobol Cerdanyan, Pla de la Muga eta Muga ibaia Empordanen. 74. Arranoa. Antso Azkarraren dokumentu batean. 75. Antso Azkarra (1194-1234) erreferentzia bat izan zen bere erregealdian zehar, batez ere bere kanpaina militarrengatik eta aliantza politikaren bidez beste erresuma batzuekin izan zituen harremanengatik. Iruñeko Bibliarako enkargua eman zion Ferrando Petri de Funesi; honek 1200 inguruan egin zuen, eta unibertso ezaguna deskribatzen duten 976 ilustrazio jarri zizkion, Nafarroako erresumako bertako eszenekin batera. 76. Euskal Herri kristau eta elebakarrean, orduko berezko hizkuntza, eta nagusia, euskara zen; erromantzea ere bazen -lurraldearen zati txiki batean-, eta baita latina ere gutxiengo letratuaren kasuan. Elizaren hizkuntza unibertsalak erromantzeak ekarriko zituen ondoren, administrazioaren eta literaturaren hizkuntzatzat. Euskarak XVI. mendea arte itxaron beharko zuen, ordura arteko ohar eta toponimiko urriez gain hizkuntza idatzi gisako ibilbideari hasiera emateko. 77. Eskribauek erromantzea erabiltzen zuten idazteko, egunerokoetan erabiltzen zuten hizkuntza euskara bazen ere. Ezagutzen ditugun euskaraz idatzitako lehen esaldiak XI. mendekoak dira: Donemiliaga Kululako monasterioan (egungo Errioxa) aurkitutako glosak dira; eta bertan agertu ziren, halaber, gaztelaniaz idatzitako lehenbiziko testuak. Donemiliagako Glosak ohar txikiak dira; horien arteko 31. eta 42.ak jzioqui dugu guec ...ajutu ez dugu dioskute. 78. XII. eta XIII. mendeetan zehar, nafar esatea euskaldun (euskara hiztun) esatea zen, belar beteei buruzko konkordia batean ikusten den bezala; izan ere, artzain buruei lingua navarrorum erabiliz deitzen zieten (1167). "Nafar" gentilizioak bere hizkuntz konnotazioak ere bazituen hiribilduei forua emateko testuetan. Mende batzuk geroago, Foru Orokorrean, "nafar" eta "euskaldun" terminoak baliokide ageri ziren berriro. 79. Nafarroako Erresumako armarri liburua. 80. Berengaria eta Rikardoren errepresentazioa. 81. 1240az geroztik, eta mende eta erdi batean zehar, Nafarroan eta Gipuzkoan okzitaniera ere erabili zuten, lege agirietan eta ofizialetan. Eta 1270etik aurrera baita Biarnon eta, seguruenik, Akitanian ere, duke ingelesen garaian. Ingalaterrako errege Rikardo I.a (Rikardo Lehoibihotza) ezkondu zen Antso Azkarraren arreba Berengariarekin. Rikardo I.a Normandiako eta Akitaniako dukea ere bazen; azken honetan sartuta zeuden Lapurdi eta Zuberoa. Armarrian, koroa ingelesaren armak. 82. Gaur egun arte iritsi zaizkigu aspaldiko borrokaldi haiek (1231-1471) gaitzat dituzten kantu epikoen hondar ugari: Beotibar, Akondia, Urrixola, Aramaio, Arrasate, Mungia, Bereterretxen Kanthoria. 83. Erdi Aroko euskarari buruzko informazioa urria da eta zatituta dago. Gehien-gehiena toponimiatik eta antroponimiatik datorkigu, hitz gutxi batzuekin (Nafarroako Foru Orokorreko lege termino batzuk esaterako) eta esaldi labur bat edo besterekin osaturik. 84. 1384an, Huescan udal ordenantza batzuk egin zituzten, Aragoiko erromantzez hitz egiteko beharra ezarriz praktikan: … galaraziz, horrenbestez, arabiera (algaravia), hebreera (abraych) eta euskara (basquenç) erabiltzea Oskako merkatuan, 30 soleko isuna izango baita. 85. Zalduna justan, identifikatzen duten koloreak daramatzala soinean. Zehazki, Baztango haraneko armarriarenak ditu. 86. Erdi Aroko euskara, XI.-XV. mendeen artean garatua, monasterioetako iturri dokumentaletan oinarritzen da nagusiki. 1239an, Fernando III. Gaztelakoak, Santuak, baimena eman zien Ojacastroko errioxarrei, euskaraz hitz egin ahal izan zezaten. 1385ean, Biarnoko Zerga Erregistroan, Uhaitz haraneko etxe asko gaskoizko izenarekin eta euskarazkoarekin ageri dira. 1415ean, Iruñeko Errege Ogasuneko funtzionario batek eta Donibane Garaziko beste batek euskaraz idatzi zioten elkarri. 87. Bizkaiko jaun Diego Lope de Haroren argizarizko zigilua. 88. Fernando Sausekoak Albako dukea bidali zuen, armada indartsu batean buru, Nafarroa konkistatzera. 1512ko udan, Gaztelako eta Aragoiko koroen gudarosteek abian jarri zuten 1530 arte osatuko ez zen inbasioa. Erresuma erasoz inguratu zuten hainbat menderen ondotik, amaitu egin zen euskaraz egiten zuten penintsulako lurraldearen subiranotasuna.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net