Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Ez dok amairu
Bertan 24

Ez dok amairu

1956 eta 1968 artean, diktadura frankistaren presioa zertxobait arintzen joan zen Euskal Herrian. Industriak garapen handia izan zuen eta, horren itzalpean, kezka eta gogo politiko eta sozial nabarmeneko langile klase gazte bat zabaldu zen. Euskara eta euskal kultura elementu bateratzaileak izan ziren gazte belaunaldi harentzat eta, testuinguru hartan, betiereko zentsurari "ixkin" eginez artistak eta kantariak azaleratu ziren. Ikastolak sortu eta ugaritu ziren, batik bat Bizkaian eta Gipuzkoan. 1968an, berriz, Euskaltzaindiak euskara batua erabaki eta bultzatzeko batzarraldi garrantzitsua egin zuen Arantzazun. Euskal kulturak bizi izan duen aro oparo eta sortzailerenetariko batean gaude.

234. Arantzazuko frantziskotar gazte talde batek Jakin aldizkaria sortu zuten 1956an. Idazgaietan, irakaskuntza, erlijioa, sozio-politika eta esparru zabalak jorratzen zituen aldizkari berriak. 1969tik 1977ra bitartean debekatuta egon zen. Bi hilean behin plazaratzen da gaur egun, pentsamendu eta kulturari buruzko aldizkari legez, eta Jakin irakurgaiak saiakera bilduma ere argitaratzen du. 235. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak I. Euskal Mundu Biltzarra antolatu zuen 1956an. Parisen izan zen, Euskal Herria gogoetagai ikuspegi askotatik: politika, gizartea, ekonomia, kultura eta diasporatik, nagusiki. Xabier Landaburuk eta Jokin Zaitegik euskal kulturaren larriaz arduratuko zen Batzorde Iraunkor bat sortzea bultzatu zuten. 236. Legezko baimenak eskuratu ezinik, ikastola asko akademia gisa edo Eliza Katolikoaren babespean aritu ziren hasieran. Legeztatzen lehena Bilboko Azkue ikastola izan zen, 1966an. Alabaina, 1975erako 166 ikastola sortuak ziren Hegoaldeko lau lurraldeetan, guztira 30.000 ikasle zituztela. Traba ekonomiko eta legal askori aurre eginez, herri mugimendu indartsu bat sortu zen ikastolen alde, irakasle, guraso, ikasle eta eragile askoren bultzadaz. 237. Joxe Miel Barandiaran (Ataun 1889-1991). Etnografo eta antropologo ospetsua; bera da Euskal Herriko ikerketa arkeologiko eta etnografikoen aitzindaria eta "aita". Barandiaranek ere ihes egin behar izan zuen jaikialdi faxistaren ondorioz. Hala, 1942az geroztik Saran (Lapurdi) bizi izan zen eta han eratu zuen bere kultur plaza, 1953an Ataunera itzuli zen arte. Ordurako ospe handia zuen Euskal Herritik kanpo ere. Besteak beste, berak abian jarriak dira Ikuska Euskal Ikerketa Institutua (1946), Eusko Folklore Urtekaria (Gasteiz, 1921) eta Eusko- Jakintza aldizkaria (Baiona, 1947). 1991n hil zen, ikerketa, irakaskuntzan eta argitalpenetan uzta zientifiko oparoa utziz. 238. Urte haietan, euskal kulturan erreferente izan diren argitaletxeak agertu ziren orobat: Auñamendi (1958) Estornestarrena eta Auspoa (1961), Antonio Zavalarena. Geroxeago, hirurogeiko urteen amaieran, etorri ziren Gordailu, Lur, Irakur Sail, Etor, Jakin, Iker, Gero, Kardaberaz eta Kriselu. 239. Itxaropena ibilbide luzea egina da euskarazko liburugintzan. 1932an sortu zen, Zarautzen, eta gerra garaitik bizirik irtetea lortu zuen. 1952an hasi zen Kulixka Sorta izentsua argitaratzen. Itxaropenaren lantegietatik atereak dira, besteak beste, munduko literaturako euskarako itzulpen asko eta Auñamendi entziklopedia. 240. Jorge Oteiza eskultorea eta bere pentsaera artistiko eta filosofikoa erreferente izan da -eta da, gaur egun ere- euskal kulturaren munduarentzat. Gaur artista taldearen (1966) eta Debako Arte Eskolaren (1970) sortzaile eta bultzatzailea izan zen, euskal artea diziplina guztiak uztartuz sustatu nahiz. Berak eman zion izena Ez Dok Amairu taldeari, euskal kulturak "hamahiruaren" zorigaiztokoa gainditua zuela adierazi nahiz. 241. 1960ko hamarkadan sormen eklosio bat bizi izan zuen arteak, Euskal Eskolako taldeen eskutik. Euskal Eskolako talde garrantzitsuenetako bat Gaur izan zen; 1966an eratua, tarteko izan zituen Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu eta Jorge Oteiza eskultoreak, eta Jose Luis Zumeta eta Jose Antonio Sistiaga margolariak, besteak beste. Bizitza politikoarekin eta kulturalarekin lotura handiak izan zituen. Horra Chillidaren adibidea: Euskal Unibertsitatearen, Euskal Kostalde Ez Nuklearraren, Amnistiaren aldeko Batzordeen edo Kutxaren logotipoak sortu zituen. 242. Ez Dok Amairu taldea (1965-1973). Euskal kantuak eta aldarri politiko-sozialak bat egin zuten areto, plaza, zelai eta jaialdietan. Euskal kantutegiko aire-doinuak eta olerkarien (Lizardi...) hitzak berreskuratuz nahiz kantu zeharo berriak sortuz, JoxAnton Artze, Jexux Artze, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Julen Lekuona, Benito Lertxundi eta Xabier Lete gogotik aritu ziren euskal gizarte berriaren askatasun grina abestuz. Nestor Basterretxearen kartela. 243. 1956an Olentzeroren etorrera ospatu zen Iruñean, Juventud de San Antonio elkarteak antolatuta. Artean frankismoaren garaian hiri batean lehenbizikoz ikusi ahal izan zen Olentzero orduan. 244. 1965ean Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka antolatu zen lehenbiziko aldiz, elizako arkupean. Gerediaga Elkarteak 25 argitaletxe bildu zituen orduan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako diputazioek babestuta. Gaur euskal kulturaren erakusleiho eta topalekurik ezagunena da: 159 argitaletxe edo diskoetxetik gora eta 250.000 bisitari izaten ditu. 245. Lourdes Iriondo kantaria (Donostia, 1937-2005). 246. Xabier Lete poeta eta kantaria (Oiartzun, 1944-2011) Zeruko Argia-n oso gazte hasi zen idazten. Ez Dok Amairu taldearekin euskal kantagintza berritzen eta euskarazko olerkiak ezagutzera ematen lagundu zuen. Lehenbiziko poema liburutik (Egunetik egunera orduen gurpillean, 1968) azkeneraino (Egunsentiaren esku izoztuak, 2008) bizitzari buruzko kezkak jorratu zituen: maitasuna, heriotza, politika, aberria...
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net