Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Euskararen sendotzea
Bertan 24

Euskararen sendotzea


Euskara batuaren eskutik euskarazko sorkuntza literarioa errotik eraberritzen da. Euskarazko narrazioa eta olerkigintza usadiozkoak dituen esparrutatik haratago zabaltzen dira, existentzialismora eta modernitatera jauzi eginez. Euskaltzaindiak bultzada erabakigarria ematen dio euskararen korpusari, arau, gramatika eta hiztegi zehatzak eta aurreratuak garatuz. Ikerketa eta zientzia ere euskaraz egiten hasten dira, eta Udako Euskal Unibertsitatea bidea urratzen hasten da gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatea den errealitatea ahalbidetzeko.

247. Euskara batua. Euskara batzeko prozesua ere etenik geratu zen Francoren diktadura ezartzean, baina idazle eta euskaltzainek ostera ekin zioten handik urte batzuetara. 1968ko urrian, Euskaltzaindiak Arantzazun egindako batzarrean, finkaturik geratu ziren euskara batuaren oinarri nagusiak. 248. Nestor Basterretxearen lana. 249. Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) bere Ere erera baleibu izik subua aruaren... filmaren aurrean. 1968-70 urteetan egin zuen Sistiagak 75 minutuko film mutua eta esperimentala, margoa zuzenean 35 mm-ko zeluloidean aplikatuz. 250. Euskal Herriko Unibertsitatea 1980an sortu zenerako euskarak emanak zituen lehenengo pausuak unibertsitatearen esparruan: 1974an euskarazko lehenbiziko tesina irakurri zuen Jazinto Iturbe kimikariak; 1976an, berriz, Rikardo Arrue kardiologoak euskarazko lehenbiziko tesia irakurri zuen eta Donostiako Kimika Fakultatean zenbait gai euskaraz ematen hasi ziren. 1977an Koldo Mitxelena irakaslea Euskararen katedra sortu berriaz arduratu zen, Arabako Eskola Unibertsitarioan. 1978an Euskal Filologiako espezialitatea sortu zen Bilboko eta Donostiako Magisterio Eskoletan; eta 1979an Biologia, Geologia eta Kimikako kurtso oso bat eman zen euskaraz. 251. Mikel Laboak (Donostia, 1934-2008) bere bi sorkuntza lan ospetsuenetako batzuk plazaratu zituen urte hauetan: Haika mutil (1969) diskoa eta, Joxan Artzerekin batera, Ikimilikiliklik! (1976) ikuskizun berritzailea. Beste hainbat euskal kantari bezalaxe, herririk herri ibili ziren, plaza, antzoki, frontoi eta abarrak lepo betez eta, kantuaren bitartez, herria euskarara hurbilaraziz. 252. Udako Euskal Unibertsitatearen sorburua ezin arrakasta handiagoz ospatutako Baionako Euskal Asteak (1970-72) dira. Lehenbiziko uda ikastaroak Donibane Lohizunen antolatu ziren, 1973an. Gero Iruñera aldatu eta finkatu ziren, 1977an. Gaur egun urte osoan ditu jarduerak, eta proiekzio zientifiko eta sozial nabaria lortu du. 253. Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzendutako Pelotari (1964) eta Amalur (1968) filmak dira euskal gaiari buruzko lehenbiziko bi ekoizpen zinematografikoak, Julio Caro Barojaren Navarra cuatro estaciones (1971) eta Rafa Trekuren Navarra agreste (1972) dokumentalekin batera. 254. Arte plastikoak ere espresiobide eta indar berriz ageri dira. Margolaritzan, esaterako, Rafa Ruiz Balerdi, Bixente Ameztoi, Andres Nagel, Mentxu Gal edo Jose Luis Zumeta nabarmentzen dira, besteak beste. Eskulturan, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Vicente Larrea edo Ricardo Ugarte, adibidez. Musikak, berriz, Jose Luis Isasa, Luis de Pablo edo Agustin Gonzalez Azilu konpositore handien obrak emango ditu. Jose Luis Zumetaren obra. 255. Nafarroan zenbait pentsalari eta sortzailek euskal komunitatea trinkotzen eta euskal kultura prestigiatzen saiatu ziren atertu gabe. Miguel Javier Urmeneta (Iruñea, 1915-1988) izan zen Nafarroako Diputazioan Euskara Sustatzeko Saila sortzea bultzatu zuten euskaltzaleetako bat; Pedro Diez de Ultzurrun (Iruñea, 1924-1994) izan zuen zuzendari sail honek, eta euskara Nafarroako gizartean berreskuratzeko itzelezko lana egin zuen. Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarrian (1966), besteak beste Jose Maria Satrustegik, Jose Agerrek edo Aingeru Irigaraik argitaratu zituzten lanak. 256. Jon Mirande Ayphasorho (Paris, 1925-1972), Parisera aldatutako zuberotar familiako semea zen. Argitaratzeko debekuak gaindituz, 1970ean plazaratu zuen. Haur besoetakoa eleberriarekin euskal literaturaren hautsak harrotu zituen; arrakasta handia lorturik, hainbat argitaraldi izan zituen liburuak. Txomin Peillenekin batera Igela aldizkaria ere sortu zuen 196an: euskaldun heterodoxoen errebista, alegia. 257. Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) zeharo berritu eta modernizatu zuen euskal poesiagintza. Harri eta herri (1964), Euskal harria (1968) eta Harrizko herri hau (1971) obrekin euskal poesia errealismo sozialera gerturatu zuen. Euskararen eta euskal kulturaren iruditeria berri eta propioa sortu zuen. Antzerki, ipuin eta eleberri generoak ere landu zituen, eta poeta ezagunak euskaratu zituen. Arestiren obraren inguruan ardaztu zen Uhin Berri mugimendu poetikoa. Bere Maldan behera (1959) jotzen dute askok geroago etorriko zen euskara batuaren lehenengo estandar aitzindaria. 258. Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegik (Donostia, 1929), bere Leturiaren egunkari ezkutua (1957) eleberriarekin existentzialismoaren joera ekarri zuen euskal literaturara: geroztik tradizio kostunbristaren mugak gainditu eta modernitatearen bidean barrena abiatuko da euskarazko literatura. Ingeniaria eta hizkuntzalaria da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen katedradun emeritu izendatu zuten. Soziolinguistikan ere lan ugari egina da, eta euskara batuaren eraikitzaile sutsuenetako bat izan da. 259. Hirurogeita hamarreko urteetan krisialdi gogorra jasan zuen euskal ekonomiak, eta eraldaketa handiak gertatu ziren gizartean: emigrazioak, langabeziak eta industriaren gainbeherak eragin estruktural sakonak sortu zituzten. 1975az geroztik, euskal identitate nazionala aldarrikatzen duten eragileek proiekzio eta itzal soziala bereganatzen dute, eta, frankismoaren azkenetan, ideia hori gori-gori ageri da euskal arteen eta kulturaren adierazpide askotan. Kulturgintzaren liderrek euskara guztien ondare gisa aldarrikatu eta babestuko dute. Euskara gero eta esparru eta eginkizun gehiagotan azaleratzen eta zabaltzen da, eta ofizialtasunaren aldeko aldarria nagusitzen da. 260. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabilera sozialaren alde eginiko lehenbiziko kanpainaren logoa, 1982koa.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net