Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Euskal kultura orain
Bertan 24

Euskal kultura orain


Euskal literatura une osasuntsuan dago. Gure historian, inoiz baino gehiago idazten, argitaratzen eta irakurtzen da euskaraz gaur egun. Euskal argitaletxeak gogotsu ari dira lanean, baita ere, diskoaren munduan, musika baita euskara eta euskal kultura barreiatzeko kultur produkturik indartsuena, zinemarekin, bideoarekin, antzerkiaren eta hedabideekin batera.

470. Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970). Poesia, entseguak eta haur literatura argitaratu ditu; kantak ere idatzi izan ditu, eta ikuskizun multimediatan partaide izan da. Espainiako Literatura Saria irabazi zuen 2010ean, New York- Bilbao-New York obrarekin. 471. Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975). Poemak, ipuinak, kronikak eta eleberriak idatzi ditu, askotan jazza eta arte garaikidea ardatz hartuta. Piano gainean gosaltzen kronika liburua izan da, oraingoz, bere obra goratuena. 472. Gor Diskak etxe diskografikoa 1991z geroztik ari da lanean Iruñean, estilo guztietako talde berriak bultzatuz (punk, ska, heavy, pop, rock, dance, metal). 473. Trikitiak gure mugak gainditu ditu, Tapia eta Leturia edo Kepa Junkera musikari berritzaileen eskutik. 474. Euskal antzerkiak hats handia gordetzen du Iparraldean, Antton Luku eta beste eragile batzuen lanari esker. Zuberoako pastoralak arrakasta handiz biltzen ditu milaka entzule. Herri ikuskizun bat izateari utzi gabe, pastoralen testuek berrikuntza poetiko handi bat ezagutu dute Etxahun Iruri (Iruri, 1908-1979) idazleak urratutako bideari, Junes Casenavek (Santa Grazi, 1924) eman dion jarraitasunari esker. 475. Zinemira atalak euskal zinemagintzari begiratzen dio, 2009az geroztik, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian. 476. Euskal literaturaren klasiko batzuk oinarri ederra izan dira zinema gidoiak sortzeko: Ehun metro, Saizarbitoriarena, zinemara eraman zuen Alfonso Ungriak, 1985ean; Anjel Lertxundiren Hamaseigarren, aidanez, egileak berak zuzendu zuen, 1985ean; Montxo Armendarizek zinemaratu zuen Atxagaren Obabakoak, 2004an; eta Kutsidazu bidea, Ixabel, Joxean Sagastibeltzarena, Fernando Bernuesek zuzendu zuen, 2005ean. 477. Unai Elorriaga (Bilbo, 1973) idazleak 2001ean argitaratu zuen bere lehen eleberria, SP-rako tranbia; Espainiako Literatura Saria eman zioten. Orain arte argitaratu dituen lau eleberriak (aurrekoa, eta Van't Hoffen ilea, Vredaman eta Londres kartoizkoa da) hizkuntza askotara itzuli dizkiote. 478. Juan Zelaia sariak urtero saritzen ditu euskaraz idatzitako entseguak. Kepa Altonaga EHUko biologoak 2010eko edizioa irabazi zuen, Darwin gurean obrarekin. 479. Zientziaren dibulgazioak bere adierazpideak aurkitzen ditu, batez ere, Gaiak eta Elhuyar argitaletxeen bitartez. 480. Elkar argitaletxea, 1975ean sortua, euskal edizio etxeen artean nagusi da, bai literaturaren esparruan, bai ikasliburuen alorrean, bai diskogintzan. Argitaletxea Elkar Fundazioaren partaide da, 1990az geroztik, beste argitaldari txikiagoekin batera (Sua, Ttartalo eta Txertoa), Oihuka disko etxearekin, banakuntza enpresarekin eta liburu denda sarearekin batera. Fundazioak literatur eta ikerkuntza bekak ematen ditu, eta irabaziak euskal kulturak inbertitzen ditu. 481. Euskal nobelak idazle sona handikoak gordetzen ditu gaur egun, besteak beste, Ramon Saizarbitoria (Gorde nazazu lurpean eta Kandinskyren tradizioa), Joseba Sarrionandia (Gau ilunekoak) eta Bernardo Atxaga (Soinujolearen semea eta Zazpi etxe Frantzian). 482. Berri Txarrak (Lekunberri, 1994) taldeak rock musika egiten du, hardcore ukituekin; abeslari eta gitarra jole Gorka Urbizuren kantak interpretatzen ditu. 483. BGuztira 2.342 liburu argitaratu ziren euskaraz 2009an, hogeita hamar bat argitaletxeren eskutik; batez beste, liburu bakoitzeko bi mila ale inprimatzen dira. Aldea ikusteko, 1974an 100 liburu argitaratu ziren; geroztik, euskal argitalpengintzak hazkunde nabarmena izan du, bai liburu berritan, bai itzulpenetan, bai berrargitalpenetan. Argitaletxeen langintzan, ikasliburuak, eta haur eta gazte literaturak osatzen dute eskaintzaren % 50 inguru. Agertzen hasiak dira, baita ere, liburu digitalak: 211 izenburu ziren euskaraz, 2009an. 484. Euskal literatura berriak gazte sail esanguratsu bat du emakume idazleen artean, besteak beste, Uxue Alberdi, Eider Rodriguez, Itziar Rozas edo Katixa Agirre (argazkian). 485. Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) oso loturik dago haur eta gazte literaturari. Helduentzako narrazioak ere idatzi ditu (Pospolo kaxa bat bezala), klasikoak itzuli ditu, eta poesia errezitaldietan parte hartu izan du, euskal musikariekin batera. 486. Oreka TX taldeak txalapartaren hotsa berriztatu eta zabaldu du munduan barrena. 487. Galtzagorri Elkartea (Donostia, 1990) haur eta gazte literaturaren esparruan ari da lanean, ikerkuntzan bezala hedapenean, gure gazteen artean irakurzaletasuna bultzatu nahirik. Ilustratzaileak, idazleak, kontalariak, liburuzainak, liburu saltzaileak eta itzultzaileak biltzen du; Behinola aldizkaria argitaratzeaz gain, jardunaldiak eta sariketak ere antolatzen ditu. 488. Euskal ipuinak bizitasun eta onarpen handia du argitaletxeen langintzan; zineman, musikan eta eguneroko bizitzan eragina ere badu. Euskal errealitate gatazkatsu eta zatituaren berri eman izan dute ipuin bikainetan idazle batzuek, hala nola Iban Zalduak (Bibliografia) edo Jokin Muñozek (Bizia lo). 489. Ruper Ordorika (Oñati, 1956), euskal abestiaren berritzaile handienetako bat da. Pott literatur taldearen barruan hasi zen, 1980an; geroztik, kanta sail luze bat konposatu du, bere hitzetan, testu tradizionaletan edo poema abangoardistetan oinarrituta, folka, rocka eta kantautorea nahasten dituen estilo pertsonal batez. 490. Mariasun Landa (Errenteria, 1949), euskal literatura idazleak argitaratu dituen 27 liburuak dira, Atxagarenekin batera, beste hizkuntzetara gehien itzuli izan direnak. Haur eta gazte literaturaren esparruan beti, bereak dira Elefante txori-bihotza edo Krokodiloa ohe azpian. Azken obra hori International Board on Books for Young People (IBBY) erakundearen ohorezko zerrendan ageri da.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net