Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Ofizialtasuna azkenean!
Bertan 24

Ofizialtasuna, azkenean!


1975ean Franco hil zen eta diktadura amaitu zen. 1978an Espainiako Konstituzioa onartu zen, nahiz eta Euskal Herrian bozketak emaitza negatiboa izan zuen, euskal gizartearen nahiak betetzen ez zituelako. Gernikako Estatutuarekin, 1979an euskarak ofizialtasun osoa eskuratzen du Euskal Autonomia Erkidego osoan. Nafarroan, ordea, ez du ofizialtasuna lurralde osoan lortzen. Ipar Euskal Herrian ofizialtasunik gabe jarraitzen du. Euskal kulturak aldaketa handiko mende laurdena bizi du XX. mendearen azken aldera. Aldaketa sakonak gertatzen dira legerian, gizartean eta irakaskuntzan. Gizartea euskaldundu egiten da, unibertsitateak euskaraz egiten du eta telebistak ere bai. Literatur aldizkari ugari sortzen dira, idazle garaikide handien laborategi modura.

274. Eusko Kontseilu Nagusiak (1978-1980) urratu zien bidea Gernikako Autonomia Estatutuari eta, Karlos Garaikoetxea (EAJ) gober-nuburu izan zuen lehenbiziko Eusko Jaurlaritzari. Gernikako Estatutuak euskara berezko hizkuntza izendatzen du eta ofizialtasuna ematen dio, gaztelaniaren pare, Euskal Autonomia Erkidegoan. 275. 1980ko maiatzean kaleratu zen beregain Oh Euzkadi! aldizkaria, urtebetez Zeruko Argia-ren gehigarria izan ondoren. 276. Koldo Izagirrek eta Joseba Irazuk (Bernardo Atxaga) Ustela sortu zuten (1975). Sei zenbaki plazaratu zituzten, literaturarekiko konpromisoz beteak. Abentura haren ondotik beste batzuk etorri ziren. Pott aldizkarian (1980) Atxaga bera, Ruper Ordorika kantaria eta Manu Ertzilla, Joseba Sarrionandia eta Jon Juaristi idazleak aritu ziren. 1980ko urte hartan Susa eta Oh Euzkadi! aldizkariak kaleratu ziren Donostian. Bigarren horretan Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak jarraitu zuten, beste hainbat idazlerekin batera, Ustela-rekin hasitako abentura. Iparraldean Maiatz sortu zen 1982an. 277. BAI EUSKARARI. Euskaltzaindiak Bai euskarari kanpaina arrakastatsua antolatu zuen, euskararen aldeko atxikimendua bultzatzearren eta dirua lortzearren. Ekimen honetarako logoa Nestor Basterretxeak diseinatu zuen. 278. Autonomiaren hastapen-hastapenetik, Eusko Jaurlaritzak telebista eta irratia funtsezkotzat jotzen ditu euskara iraunarazteko eta normalizatzeko prozesuan. Euskal Irrati Telebista (EITB) 1981eko urtezahar egunean aireratu zen lehenbizikoz. Lehen kanalean euskara hutsez aritzen da. 2001. urteaz geroztik ETB SATek estatu osora eta Europara hedatu zuen emisioa. ETB1 (euskarazkoa) eta ETB2 (gaztelaniazkoa) kanalez gainera, Amerikara zuzendua den Canal Vasco eta, 2008tik aurrera, gazteei eta aisialdiari zuzendutako ETB3 ditu egun. 279. Euskal Telebistaren "txoria", anagrama ezaguna. 280. Euskal literaturak hamarraldi ezin interesgarriagoa bizi du sasoi honetan: abangoardiak, esperimentazioa eta adierazpide ausartak agertzen dira poesian nahiz prosan. 1970etik 1980ra doazen urteetan, nabarmentzen dira, besteak beste, Koldo Izagirre (Zergatik bai), Ramon Saizarbitoria (Ehun metro) eta Arantxa Urretabizkaia (Zergatik Panpox). 281. Jon Zabaleta ilustratzailea (Hernani, 1950) kultur ondarea eta iruditeria transmititzen aritu da kartelgile eta argitalpen askotarako marrazkigile egin duen lan ugarian. Txano Gorritxo diskoaren azala. 282. Leku izenak aztergai oparoa izan dira euskararen jatorria eta bilakaera ikertzeko lanetan. Jose Maria Jimeno Jurio ikertzaileak (Artaxoa, 1927-2002) batez ere toponimian oinarritu zuen Nafarroako euskarari buruz egin zuen lan eskerga. Horrekin batera, epaitegietako auziak ere aztertu zituen, une bakoitzean hizkuntzaren geografiaz informazio zehatza ematen baitute. 283. 1982an Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Legea onartu zen, eta euskara ofizial izendatu zen zona euskaldunetan. 1986an onartu zen Euskararen Foru Legeak Nafarroan hiru hizkuntza zonalde bereizten ditu: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna. Zonalde euskaldunean, ipar-mendebaldean, euskara ofiziala da; zonalde mistoan hiriburua eta biztanlerik gehieneko herriak daude; eta zonalde ez-euskaldunean, lurraldeko hegoaldean, euskarak ez du errekonozimendurik. Zonakatze horrek irakaskuntza publikoaren ereduak ere baldintzatzen ditu, hau da, euskarak irakaskuntzan duen presentzia eta erabilera. 284. Olariaga marrazkilariak Zakilixut pertsonaia ezaguna sortu zuen, aspaldiko urteotan Egin, Egunkaria eta Berria egunkarietan argitara ematen dituen komiki-tira arrakastatsuen protagonista. 285. Argazkigintzaren esparruan, sortzaile berriek, Sigfrido Koch-ek (Donostia, 1936-1992) eta Egiguren senideek (Donostia, 1936 eta 1938), kasu, euskal arimaren estetika berri bat zabaltzen dute. Sigfrido Koch-en argazkia, 1979. 286. Bertan Filmak enpresak Ikuska film laburren saila aurkeztu zuen urte hauetan, euskal zinegile gazteek garaiko gaiei buruz duten ikuskera zinematografikoa jasoz. Sail honetan, besteak beste, Xabier Agirresarobe, Antton Ezeiza, Koldo Izagirre, Mirentxu Loiarte, Juanba Berasategi,Vicente Carda, Montxo Rejano eta Jose Luis Zabala zinegileak arituko dira euskarazko filmak egiten, informatzeko, profesional berriak trebatzeko eta euskara estandarizatzeko helburua duen bilduma zabala osatuz. 287. Ipurbeltz aldizkaria 1977an plazaratu zen Erein argitaletxeak editatua, eta 2008 arte iraun zuen. Haur eta gazteei zuzendua zen eta gehiena iraun zuen euskarazko komikia izan zen. Anjel Lertxundi, Ion Zabaleta, Antton Olariaga eta beste aritu ziren bertan. 288. Jose Maria Sanchez Carrion, Txepetx filologo eta hizkuntzalariak (Cartagena, 1952) hamarraldi honetan azterlan ugari egin zituen euskararen egoerari, elebitasunari eta diglosiari buruz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoa oinarri hartuta. Txepetxen lanak, batik bat Un futuro para nuestro pasado: claves de la recuperación del euskara y teoría social de las lenguas (1987) obrak, eragin handia izan zuen, une historiko hartan analisi molde berria ekarri baitzuen. Eredu linguistiko propioa eta originala garatu zuen, hololinguistika izenekoa, soziolinguistikaren datuetan oinarrituz ikuspegi soziala, psikologikoa eta etikoa bere baitara biltzen dituena. Txepetxek dioenez "Hizkuntza bat ez da kontserbatu behar, erabili egin behar da. Kontserbatzea berez bada, nolabait, hiltzera kondenatzea. Euskara beharrezkoa egin behar dugu". 289. Euskarazko musikagintzan, euskal kantarien ondotik hainbat talde sortzen dira, berritzaileak eta kalitate handikoak: Haizea (1977), Izukaitz (1978), Errobi (1976) eta Itoiz (1978) besteak beste. 290. 1980az geroztik Euskal Herriko Unibertsitatea dena 1968ko Bilboko Unibertsitate Autonomotik abiatuz sortu zen, gero Araba eta Gipuzkoara ere hedatuta. Euskararen erabilera, sustapena eta ikaskuntza EHUren lehentasunezko helburu dira, 1985eko estatutuetan jaso legez. Helburuok lantzeko sortu ziren Euskarako Errektoreordetza, Euskara Institutua eta zentroetako Euskara Batzordeak.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net