Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Euskara errepublika garaian
Bertan 24

Euskara Errepublika garaian


Hogeita hamarreko urteetan, espainiar estatuko politikan gorabeheraz jositako hamarkada batzuk igaro ondoren, euskara hasia zen gizarte mailan onarpena lortzen; itxaropenaren garaia zen. Kultur Pizkunde batean murgildurik, poesia eta antzerkia indartsu ari ziren lantzen. Euskarazko prentsan aldizkariak eta astekariak sortu zituzten, eta luma berritzaile eta ospe handikoek idazten zuten horietan. Estatuaren trabak baziren ere, irakaskuntzaraino iritsi zen euskara erabateko kultur hizkuntza bihurtzeko nahia, eta lehen ikastolak sortu ziren. Euskal kultura nahiko indartsu berpiztua zen karlistaldien ondotik, eta urte hauetan maila gorena ari zen lortzen, baina beste kultur eta herri mugimendu askok bezala, kolpe latza hartu zuen Francoren altxamendua gertatu zenean.

191. Primo de Riveraren 1923ko kolpe militarraren ondotik, gobernuak gaztelaniaren lehentasuna ezarri zuen irakaskuntzan, elizan eta bizitza publikoan. Bigarren Errepublika iritsi (1931-1936) eta irakaskuntza lurraldeen esku geratu zenean, ahots asko agertu ziren ama hizkuntzan eskolatzearen alde. Alabaina, euskara bakarbakarrik 1936ko urrian iritsi zen ofizial izatera, Eusko Jaurlaritzak autonomia estatutua aldarrikatu zuenean alegia, gerra hasita zegoela jada. 192. Tene Mujika (Robustiana Mujika Egaña, Deba, 1888-1981) euskarazko emakumezko idazle lehenetako bat da. Ipuinak, antzerkia eta saiakerak argitaratu zituen. Urte haietan argitaratuko zituzten beren lanak, halaber, Frantziska Astibia Onintze eta Sorne Untzueta Utarsus poeta modernistek. 193. Lehenbiziko ikastola Bilbon fundatu zuen 1896an Resurreccion Maria Azkuek, eta bigarrena Donostian, 1914an, Muñoa familiak; hau 300 ikasle izatera heldu zen. Ikastolak Euzko Ikastola Batza (1932) elkartean bildu ziren lehen aldiz. Garai honetakoak dira, era berean, euskarazko lehenbiziko testuliburuak, esaterako Ixaka Lopez Mendizabal editore tolosarraren Xabiertxo, 1925eko lehen edizioan. 194. Jon Zabalo Txikiren ilustrazioak (Manchester 1892- 1948). 195. Txomin Agirre (Ondarroa, 1864-1920) euskal eleberriaren sortzailea da. Testu kostunbristak egin zituen, esaterako Auñamendiko Lorea (1898), Kresala (1905) eta Garoa (1912). 196. Maurice Ravel (Ziburu, 1875-1937) konpositore euskalduna europar inpresionismo musikalaren adierazlea da, eta euskal gaiak jorratzen dituen obrak ere baditu, hala nola Trio, Zazpiak bat eta Euskal kontzertua. Zigilu hau Monakon editatu zuten, haren jaiotzaren mendeurrenean. 197. Montevideon (Uruguai) 1934an editatutako Euskal Ordua-ren azala. 198. Aurelio Artetaren kartela. 199. Arriaga antzokia. Bilbo. 200. Xabier Lizardi (Jose Maria Agirre Egaña, Zarautz, 1896- 1933). Olerkari eta idazle handia. Estepan Urkiaga Lauaxetarekin batera (Laukiz, 1905-1937), gerra aurreko literaturak eman duen onena da. Poesian egin zuen lanak –Biotz-begietan (1932) edo Umezurtz-olerkiak (1934) hil osteko antologia erromantizismotik sinbolismora igarotzea ekarri zuen euskal literaturan. Antzerkia eta prosa ere idatzi zituen, partaidetza aktiboa izan zuen Euskaltzaleak-en, eta euskarazko egunkari baten ametsa izan zuen beti. 201. Aitzol (Jose Ariztimuño, 1896-1936) gidari izan zen bigarren euskal pizkundean, 1930ean, Euskaltzaleak elkartean buru. Hauek urtero euskal olerki eta antzerki jaialdiak antolatu zituzten, Bertsolari Guduak, eta El Día egunkari ele bikoa (1930-36) eta Yakintza aldizkaria (1933-37) argitaratu zituzten. Euskaltzaleak elkartearen inguruan bildu zuen olerkari taldeak (Lizardi, Lauaxeta, Orixe eta Loramendi) euskal literaturako produkzio liriko garrantzitsuen eta abangoardiakoenetakoa eman zuen. Hernanin fusilatu zuten Aitzol tolosarra 1936an, kolpistek harrapatu eta kartzelaratu ondoren. 202. Komikietako protagonista ospetsu Bécassine-k Euskal Herria bizi du, 1925ean, historia hau. Hala, gurea deskubritu beharreko inguru exotikoa izango zen publiko frankofono eta anglofonoarentzat. 203. Askatasunaren estatua Liberty Island-en. 204. Kontinente guztietarako bidaia transatlantikoen publizitatea. 205. 1936 baino lehenago, euskarazko hamar bat astekari editatzen ziren. Artikulugileen artean, Fermin Irigarai Larreko (Auritz 1869-1949) eta Enrike Zubiri Manezaundi (Luzaide, 1867-1943) nabarmentzen ziren. Euskaltzale aldizkarian hasi zen, artikulugile gisa, Ebaristo Bustintza Kirikiño (Mañaria, 1886-1929) idazle ospetsua. 1921ean, Argia sortu zen Donostian. Iparraldean Eskualduna (Baiona, 1887-1944) astekari kontserbadorea nabarmentzen zen. Hauxe zen Jean Etxepare, Jean Barbier eta Jules Moulier Oxobi tartean zituen Gizaldi gaztea idazle taldearen ardatza. 206. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, milaka euskaldun finkatu ziren Estatu Batuetan. Han, gaur egun, sustraiak Euskal Herrian erroturik dituen oso nortasun sendoko komunitatea dago. Haietako asko bezala, Lucy Garatea orduan iritsi zen Lekeitiotik (Bizkaia) Ellis Island-era. Lucy izan zen etorkinei herrialdean sartzeko bidea ematen zieten geletan 2010eko otsailean inauguratu zuten Hidden in Plain Sight: The Basques (Ageri-agerian ezkutuan; euskaldunak) erakusketako protagonista nagusia. Mendebalderako bidean, euskaldunak New Yorken hartzen zituzten beste euskaldun batzuek, Oregon, Nevada edo Idahora abiatu aurretik. 207. Idahoko matrikula-plaka bat.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net