Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Euskal diaspora
Bertan 24

Euskal diaspora


Emigraziora joan ziren euskaldun haien ondorengoak, munduan barrena, hamar bat milioi izango dira, gutxi gorabehera; horietako askok gure hizkuntza eta kultura bizirik gordetzen dituzte. Estatu Batuetara bakarrik, 1900- 1920 bitartean lurralde guztietako 430.000 inguru euskaldun iritsi ziren. Hego Ameriketara ere euskaldun asko eta asko joan izan dira. Gaur egun, euskara eta euskal kultura bizirik dira mundu zabaleko 24 herrialdetan, 170 Euskal Etxeen bitartez.

451. XVI. menderako hasi ziren lehen euskal erakundeak sortzen Perun (Cofradía de Aranzazu) edo Mexikon (Colegio de las Vizcaínas), baina gaur egun ezagutzen ditugun eran, euskal etxeak XIX. mendean sortu ziren Argentinan, Kuban eta Brasilen. Egun, bost kontinenteetako euskal etxeak www.euskaletxeak.net sarean daude. 452. Euskal lurraldeetako gizarte egiturak eta oinordetza sistemak jende asko eraman zuten emigraziora. Euskal soldadu eta marinel asko Ameriketara joan ziren, XVI. mendetik aurrera. Haien oinordeek partaidetza handi bat izan zuten Amerikako independentzia borroketan. Simon Bolivar museoaren kartela; Bolibar, Bizkaia. 453. Independentzia lortu ondoren, XIX. mendean, emigrazio olde berri bat izan zen. Europa zaharraren gainbehera ekonomikoak bultzatuta, euskaldun asko joan zen Ipar Ameriketako mendebaldera eta Hego Ameriketara. 454. Hego Ameriketan, euskal emigranteek Uruguaira jo zuten lehenik, eta Argentinara, geroago. Argentinako presidente Justo José de Urquiza eta Alberdi bere ministroak bidea erraztu zieten euskaldunei; 1857-1864 bitartean, 200.000 bat iritsi ziren. 455. Saint-Pierre eta Mikelun, Ternuako hegoaldean (Kanada), euskal arrantzaleen lantoki izan zen, bretoiekin eta normandiarrekin batera. Gaur egun, euskal erkidego handi bat bizi da bertan; urtero egiten dira Euskal Jaiak, euskal kulturaren inguruan beti. 456. Euskaldun asko iritsi zen Kaliforniara XIX. mendean, urrearen deiak itsututa, bai Europatik, bai Hego Ameriketatik. Artzain lanetan hasi ziren asko eta asko; mendearen bukaerarako, amerikar mendebalde osoa betetzen zuten euskal artzainen artaldeek. Arrantxoak erosita, Estatu Batuetako herritar bihurtu ziren asko. 457. NABOren ikurra. Estatu Batuetan euskal erkidego zabal bat bizi da; 37 zentro daude, euskal kulturarekin aldez edo moldez lotuak. Elkarte guztiak biltzen ditu North American Basque Organizations elkarteak (NABO, 1973). 458. Estatu Batuetan, euskaldunek hiriak eraiki zituzten, besteak beste Jordan Valley, Oregonen, 1915ean, eta hiri jakin batzuetan bildu ziren bereziki, esate baterako Boisen (Idaho), Elkon edo Renon (Nevada). Euskaldunek indar handia zutenez merkataritzan eta beste jarduera ekonomiko batzuetan, berehala hasi ziren jaialdiak eta beste era askotako kultura adierazpenak bultzatzen. 459. Boiseko (Idaho) jaialdia, bost urtez behin, Estatu Batuetako euskal erkidegoen ekitaldi garrantzitsuena da. 2010ean, 45.000 euskaltzale bildu zituen. 460. Basque Festival, Los Banos, Kalifornia. 461. Estatu Batuetan, euskal nortasuna oso bizirik dago Boise, Idahoko hiriburuaren inguruan; bertako biztanleen artean 20.000 dira euskal jatorrikoak, besteak beste, gaur egungo alkate David H. Bieter. Beste ekimen askoren artean, 1998az geroztik ikastola bat dute haur eskola gisa, eta bertan da Basque Museum & Cultural Center (Euskal Museoa eta Kultur Zentroa). Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies erakundeak 1961ean sortu zuen Basque Studies Program, euskal kultura aztertu, euskara irakatsi eta liburuak argitaratzeko xedez. Zentroko ikertzaile dira, besteak beste, William A. Douglass, Linda White, William H. Jacobsen, Sandra Ott eta Joseba Zulaika. 462. Euskal artzainaren figura zintzotasunarekin eta ahaleginarekin lotua ageri da Estatu Batuetan; horregatik hautatu zuen AT&T enpresak, bere eskuko telefonoen kanpaina egiteko. Kaliforniatik, Dionisio Txoperena hizketan ari da Goizuetako (Nafarroa) senideekin. Euskarak, frankismoaren garaiko eskolan zigorrak ekarri zizkion arren, mundu osora zabaldu zuen. 463. Pilotalekuak mundu osoan daude. Ingelesez Jai-Alai izena daraman zesta-puntak zale asko biltzen ditu, batik bat Estatu Batuetan. Aro oparo bat izan zuen 1950-1990 bitartean, pilotalekuak leporaino betetzen zirenean eta apustutan milioika dolar xahutzen zirenean. Gaur egun, apalago den arren, euskal erkidegoaren topaleku izaten jarraitzen du. Pilotaren inguruan, esate baterako Floridan, euskara irakasteko edo euskal dantzak ikasteko ekimenak antolatzen dira. 464. Euskaldunek arrasto sakona utzi zuten Argentinan edo Txilen, ez bakarrik abizenetan edo toponimian. Urteko ekitaldi edo kultur jarduerekin batera, euskal etxe indartsuak daude, Federación de Entidades Vasco Argentinas (FEVA) erakundean edo Juan de Garay Fundazioan bildurik. 465. Australiara ere iritsi ziren euskal emigrante asko 1960ko hamarkadan, batez ere Queensland estatuko kanabera sailetan lan egitera. Egun, euskal erkidego gogotsu bat biltzen da Sydneyko edo Townsvilleko euskal etxeetan. 466. William L. Petersen (Illinois, 1953) aktore ezaguna, CSI telebista seriean Grissom, Boiseko Unibertsitatean ikasi ondoren, eta euskaldunekiko harremanak zirikatuta, Oñatira etorri zen euskara ikastera; bertan jaio zen bere alaba Maite. 467. The New York Times egunkariko kolaboratzaile Mark Kurlansky-k idatzitako The Basque History of the World liburua best seller bat izatera iritsi zen 1999an. 468. Leopold Eyhart (Biarritz, 1957) Espazioko Europar Agentziako (ESA) astronauta da espaziora, NASAren misioetara MIR estazio orbitalean atera den lehen euskalduna. 469. Batek Mila, Euskal Munduak izeneko erakusketa antolatu zuen Euskal Kultur Erakundeak, 2007an, euskal kultura globalaren adierazle.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net