Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Aro berri bat
Bertan 24

Aro berri bat


Gaztela eta Aragoiko armadek 1512an hasitako Nafarroako erresumaren inbasioa 1530ean amaitu zen, Noain eta Amaiurko guduen ondotik. Data hori inflexio puntu bat da euskararentzat, armen indarrez menderatu baitzuten penintsulako azken lurralde euskaldun askea. XVI. mendearen hasieran, aro aldaketa baten oihartzunak eta Europan bizi zen kultur berrikuntzaren unea iristen ari ziren jada euskararen lurraldeetara. Leonardo, Michelangelo, Bosch eta Luther-en garaikide, Nafarroako erresumaren Paueko gortearen inguruan eta Lapurdi eta Zuberoako lurraldeetan kultur kezka gero eta handiago bat ari zen garatzen, eta hori euskaraz ere adierazten zen. Lazarragaren eskuizkribuak europar Errenazimenduan kokatzen du euskarazko literatura, eta euskarazko testuak inprentara iritsiko dira lehen aldiz. Euskara hizkuntza idatzi gisa lantzen hasiko da

89. Frantzisko Xabierkoa (1506-1552). Misiolari jesuita izan zen Ekialdeko Indietan Portugalgo erregearen mendeko gisa, eta Eliza Katolikoak santu egin zuen. Familia handi eta Nafarroako erresumaren legitimitatearen babesle bateko semea zen, euskalduna. Eta honen ohorez ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an. Jatorrizko izena Françesc de Jaxu zuen, baina Xabierkoa izenarekin ezagutzen dugu, Xabierko gazteluan jaio zelako. Xabier izena Etxeberriaren eboluzioa da, Etxaberri, Xaberri, Xabierre eta, azkenean, Xabier bihurtua. 90. Xabierko gaztelua. 91. Euskara hizkuntza nagusia da garai honetako nafar lurraldean. Gaztelaniaren presioak landa eta famili eremura mugatzen badu ere, 1587an Nafarroan erroldatutako 536 herrietatik 453 euskaldunak dira. 92. Abaurrepea, Aezkoa harana. 93. Baztango Arraiozko Jauregizarrea jauregia, Amaiurko gudua eta gero eraldatua. 1522an zeukan itxura bera du gaur egun ere. 94. Nafarroaren Paueko gorte protestantean, Joana Albretekoa, Henrike II.a Nafarroakoaren alaba eta Frantzisko I.a Frantziakoaren iloba, Nafarroako erregina izan zen, Joana III.a izenarekin, 1555etik 1572 arte. Frantziar eta espainiar koroetatik independente mantendu zen, eta berak humanista eta erreformisten babesleku bihurtutako gortean sortu ziren euskaraz inprimatutako lehen testuak. Kalbinismoa zuen erlijio ofizial, herri hizkuntzan heztearen aldekoa berau, eta erreinaldian zehar euskarazko eskola eta erlijio irakaskuntza bultzatu zituen. 95. Iesus Christ Gvre Iavnaren Testamentv Berria da testamentu berriaren euskararako itzulpena. Joanes Leizarragak idatzi zuen, Joana III.a Nafarroakoaren enkarguz. Elizgizon hau (Beskoitze 1506-1601) protestantismoari atxiki zitzaion, bere erreginaren antzera, eta ABC edo Christinoen instructionea eta Kalendrera ere erredaktatu zituen. Hiru liburuak Arroxelan inprimatu zituzten 1571n. 96. Amerikarako euskal emigrazioa oso goiz hasi zen. Horregatik, euskarak toponimian lagatako arrastoa agerikoa da XVI. mendeaz geroztik. Frantzisko Ibarra esploratzaileak (Eibar, 1539- Sinaloa, 1575) Nueva Vizcaya deitu zion Mexikoko eremu handi bati, eta Durango hiria sortu zuen, gaur egungo izen bereko estatu mexikarraren hiriburua. 97. Mauleko gaztelua. 98. Linguae Vasconium Primitiae (Bordele, 1545) da euskaraz inprimatutako lehen liburua. Egilea Bernart Etxepare izan zen, Eiheralarreko bikarioa. Liburu honek prosan idatzitako sarrera eta hamasei poema dauzka, erlijiosoak, politikoak, maitasunezkoak, autobiografikoak eta euskararen laudoriozkoak. Autorea lehen humanisten belaunaldiari lotuta zegoen, eta euskal letrentzako aro berri bat abiarazi zuen, inprentara eraman baitzuen herri hizkuntza ez erromaniko eta, ordura arte, tradizio eruditurik gabeko bat. 99. Euskarak maila eta ospea lortuko zituen horrela. Inprentara iritsi zen, eta horretarako hizkuntza idatzia landu behar izan zuen. Eta itzuli ere egin behar zenez, beste hizkuntza batzuetako baliabide eta esamoldeak imitatzen hasi ziren: kultismoak, latinismoak eta hitz berriak maila desberdinak ezartzen hasi ziren hiztunen artean. Lehen aldiz, ortografia batu beharraren kontzientzia sortu zen. 100.Lazarragaren eskuizkribua. Egilea Joan Perez Lazarraga zen, Larreko Dorreko jauna (Barrundia, Araba); seguru asko Oñatiko Unibertsitatean ikasia izango zen, eta 1564-1567 bitartean idatzi zuen izkribua. Testu gehiena poesia da, eta beste zatia garai hartan hedatuen zegoen generoan kokatzen da, artzain eleberri errenazentistan, alegia. 2004an aurkitu zutelarik, gure literaturaren historia berrikustea eragin du, zeren eta erabat bazterrarazten baitu euskal literatura Aro Modernoa arte bakartua egon izanaren ustea. Lazarragaren hizkuntzak antzinako formak ditu, are galduak ere, eta Arabako ipar-ekialdeko euskalki dagoeneko desagertuaren erakusle da. Ikertzaileek prosaren erabilera azpimarratzen dute, berritzaile irizten baitiote, eta baita Euskal Herria eta Araba terminoak lehen aldiz aipatzen direla ere. Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da eskuizkribua. 101.Lazarragaren sinadura. 102. Euskaldunek adiskidetasunezko harremana izan zuten Ipar Amerikako natiboekin. Honek elkarlana eta trukea ekarri zituen, eta horrela gero frantsesek, ingelesek eta holandesek baliatuko zuten merkataritza jarri zuten abian. 103. San Lorentzo- Saguenayko innu-a. 104. Euskal ontzigintzak, XV. menderako aitzindari eta puntakoa zen jada, Ternua, Labrador eta San Lorentzo ibaiaren estuariora eraman zituen euskaldunak, balea eta bakailao bila. 105. Bakailao arrantzalea bere aparailuarekin. 106. Bakailaoa.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net