Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Euskara heldutan ikasten
Bertan 24

Euskara heldutan ikasten


Urtero dozenaka mila herritar heldu joaten dira euskaltegietara euskara ikastera. Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik berrogei mila lagun izaten dira urtez urte euskara ikasten edo alfabetatzen, horretarako dagoen berariazko euskaltegi sare zabalean. Euskaltzaindiak jarri zuen abian lehenengo alfabetatze kanpaina, Rikardo Arregiren ekimenez.

314. Helduen euskalduntze eta alfabetatzeko sarean 16 urtetik gorako ikasleak izaten dira, gazteagoen euskalduntzea hezkuntza sarearen eginkizuna baita. 315. Heldu aroan euskara ikasten duten gehienak euskaltegietan aritzen dira. Euskaltegi sareaz gainera, Hizkuntza Eskola Ofizialek ere euskara ikasteko aukera eskaintzen dute. Zortzi dira Euskal Herrian, hiriburuetan eta hiri handietan kokatuak. 316. Euskaraz alfabetatzeko lehenbiziko taldeak 1965ean eratu ziren, eta 1966an lehenbiziko kanpaina sonatua egin zuen Euskaltzaindiak, Rikardo Arregik eta beste euskaltzale batzuek aurkeztutako proposamena aintzat hartuta. Rikardo Arregi (Andoain, 1942-1969) kazetaria, idazlea eta kultur eragilea izan zen. Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan idazten hasi zen, saiakera lanak idatzi zituen eta euskara eta euskal kultura pizteko berebiziko lana egin zuen. Garbi ikusten zuen euskarak aurrera egin zezan funtsezkoa zela euskal hiztunak alfabetaturik egotea, hau da, euskaraz irakurtzen eta idazten trebatuak egotea, eta xede horiekin proposatu zion Euskaltzaindiari alfabetatze sail bat eratzea akademia barruan. 317. Ekimenak abegi ezin hobea jaso zuen hurrengo urteetan, eta 1976rako hamar mila lagunetik gora ari ziren euskara ikasten. Ikasle gehienak gazteak ziren eta gau eskoletan biltzen ziren, langile eta ikasleentzako propio sortutako eskoletan. Irakasle beharrak hizkuntza ikasteko materialak, metodoak eta prestakuntza garatzea ekarri zuen. 318. Derioko Apaizgaitegiak 1970an antolatu zuen lehenbiziko Uda Ikastaroa, helduak alfabetatzekoa. Ikastaro haietatik irakasle asko irten zen, gerora didaktikan, hizkuntzaren lanketan eta komunikabideetan aritu direnak. Derioko alfabetatze ikastaroetan, mintzamenarekin batera idazmena eta literatura lantzen ziren. 1977az geroztik Labayru Ikastegiak hartu zituen bere gain. Euskal kulturaren ikerkuntzan eta hedapenean lan egiten duen erakunde honen eginkizunetan atal garrantzitsua da "euskaltegia", euskararen irakaskuntzan aritzen den egitura. 319. 1981. urtean Eusko Jaurlaritzak HABE sortu zuen, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea, Kultura Sailari atxikia. HABEren sorrerarekin, helduen euskalduntze eta alfabetatzeak izaera ofiziala eskuratu zuen, eta jauzi handi bat eman zuen jardueraren profesionalizazioan eta ikas-materialen sorkuntzan. Udal euskaltegien sare publikoa sortu zen, oinarrizko kurrikulu komuna ezarri zen eta euskaltegien erregistroa eratu zen. Gaur egun, 107 euskaltegi daude -publiko eta pribatu- HABEk homologatutako sarean, eta guztira 1.500 irakasle inguru aritzen dira lanean euskaltegien sarean. 320. Kultura, irakaskuntza eta ikerkuntzaren esparruan nabarmendutako hainbat lagun izan dira euskaltegiko ikasle. Esaterako, Pablo Antoñana idazlea, Jose Maria Jimeno Jurio ikertzailea eta Jorge Cortes Izal, Nafarroako ikastolen sortzaileetarikoa, 1994ko ikasturtean elkarrekin egokitu ziren Iruñeko Arturo Kanpion euskaltegian (IKA). Irakasle, berriz, Asisko Urmeneta marrazkilari sonatua izan zuten. 321. Euskara irakasteko metodokoak eta ikasteko erak arrunt garatu eta hobetu dira: hastapenetan eduki gramatikal handiko ikas-materialak erabiltzen ziren eta, gaur egun, berriz, ikuspegi komunikatiboan oinarritzen dira eta era guztietako euskarri eta ezaugarritako materialak dira. Eskari handia izan da beti barnetegietarako: eskualde edo herri euskaldunetan barnetegi modura eta hizkuntza-immertsioan eginiko ikastaro trinkoak dira barnetegietakoak. 322. 1970-1980 hamarraldian egin ziren gaurko euskaltegien errealitatera iristeko urrats nagusiak. 1974an Gipuzkoan gau eskolen elkartea sortu eta gero, 1977-1978 ikasturterako AEK eratu zen (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) eta, hiriburuetan, euskara irakasteko zerbitzu profesionalizatua eta gauekoa ez ezik, egunekoa eskaintzen zuten lehenbiziko euskaltegiak sortu ziren: Ulibarri Bilbon, Ilazki Donostian eta Arturo Kanpion Iruñean 323. AEK-k Nafarroako Ipes elkartean eman zuen ikastaro baten iragarkia. 1982. 324. AEK, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, 1976an sortu zen, hegoaldean ari ziren gau eskolen ahaleginak koordinatzeko eta sendotzeko helburuaz. Eskolak ematearekin batera, ikerketa didaktikoa, materialgintza, irakasleen prestakuntza, kultur jarduerak eta euskalduntze kanpainak ditu egitekoak. Egun seiehun irakasle eta berrogeiren bat ikasgu ditu eskualde eta herrietan banatuta, guztiak ere HABEren sare homologatuari atxikita. 325. IKA (Ikas eta Ari) euskaltegi sarea 1989an sortu zen, eta Nafarroako eta Arabako hainbat euskaltegi biltzen ditu. 4.000 inguru ikasle izan ohi ditu, eta barnetegiak, kultur jarduerak eta prestakuntza didaktikoa lantzen ditu baita ere. 326. Udal euskaltegiak. Tamaina ertaineko hainbat udalerritan euskaltegi publikoen sarea dago. Nork bere neurrira ikasteko aukera. Ohizko eskolez g ainera, euskaltegietan ikastaro bereziak eskaini ohi dituzte kolektibo jakinetarako: enpresetako langileak, merkatariak, etorkinak, guraso elkarteak, kuadrillak edo adineko pertsonak. Autoikaskuntza ikastaroak ere ematen dituzte: tutore batek gidatuta bakarka ikasiz eta taldean mintzasaioak eginez ikas daiteke euskara. Aisialdiko eta opor garaiko jarduera didaktikoak ere eskaintzen dituzte euskaltegiek. 327. Boga. HABEren ikastaroa, euskara internetez ikasteko. 328. Azken urteotan, batez beste 40.000 lagun biltzen dira EAEko euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetara, euskara ikastera edo alfabetatzera. Ikaslerian, gaur egun nagusi dira emakumezkoak eta 35 urtetik gorakoak.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net