Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Hizkuntza biziberritzeko bidean
Bertan 24

Hizkuntza biziberritzeko bidean


Unesco-ren iritziz, euskararen egoera soziala nabarmenki hobetu da azken urteotan. Unescoren Atlasak zioen, 2001ean, euskara arrisku bizian zela Iparraldean, eta arriskuan, berriz, Hegoaldean. Aldiz, 2009an, Unesco-k euskararen egoera modu bakar eta globalean aztertu du, euskararen lurralde guztietan, eta egoera ahul edo zaurgarrian dauden hizkuntzen artean kokatzen du, aurretik zeukan egoeraren aldean askoz ere modu positiboagoan, munduko beste sei ehun hizkuntzekin batera. Zorionez, euskararen egoerak hobera egin du azken hamar urteetan, bai erabileran, bai hiztun kopuruan, eta adituen arabera hizkuntza berreskuratzeko prozesuen artean munduko onenetakoa da. Izan ere, euskara da hizkuntza bakarra, egoera kritiko batera iritsita, prozesua alderantzikatzeko gauza izan dena, biztanleen eta erakunde publikoen laguntzaz, egoera egonkortuz eta hiztun kopurua handituz..

508. Arriskuan diren Munduko Hizkuntzez Unesco-k lantzen duen Atlasak, 2001ean, euskara 2. mailan kokatzen zuen (arriskuan), guztira 600.000 hiztun zituela, populazioaren % 30. Berriz, 2009ko edizioan, 800.000 hiztun (% 37) zenbatzen zituen; beraz, euskara 1. mailan dago, egoera ahul edo zaurgarrian diren hizkuntzen artean. Munduan arriskuan diren 2.500 hizkuntzak aztertzen ditu Unesco-ren txostenak, eta 1-5 eskala baten arabera sailkatzen ditu, arrisku txikienetik handienera. Euskara bezala, beste 607 hizkuntza dira 1. mailan. 509. Hizkuntzaren soziologoen arabera, arrakasta hori gerta daiteke, bakar-bakarrik, erakunde publikoen eta populazioaren babesari esker; hau da, erabakigarria da hizkuntza txiki batek eragiten duen arrastoa, atxikimendua, hitz egiten duen herriagan, eta herri horren lurraldean. 510. Euskararen irakaskuntza eta jakintza ziurtatua direlarik, egungo eta etorkizuneko auzia da hizkuntzaren erabilera bermatzea, hartarako guneak sortuz. Hizkuntza handien aldeko joera da, gaur-gaurkoz, euskaldunek aurrez aurre duten eragozpen handiena. 511. Euskararen biziberritzea eredugarri gertatzen da munduan. Miquel Gros i Lladó soziolinguistak dioenez, EAEn ari da gertatzen munduko Reversing Language Shift (edo RLS) prozesurik arrakastatsuena. Europan, halako egoera zailera iritsi izan diren hizkuntzak ez dira inoiz iritsi galera prozesua alderantzikatzera, eta beti ikusi izan dute hurrengo belaunaldiak guztiz galtzen zuela hizkuntza. Aldiz, 1981etik aurrea, EAEko populazio euskalduna % 0,5 hazten da urtero. 512. Joshua Fishman-en arabera, hizkuntza indarberritzea (RSL edo, euskaraz, HINBE) da ez bakarrik hizkuntzaren irakaskuntza eta erabilera sustatzea eskolan, baizik, horrekin batera, gizarte funtzionalitatea irabaztea eta belaunez belaun eskualdatzea. 513. IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 1991-2006 bitartean, euskarak aurrera egin du Hegoaldean, bereziki Araban (hiztunak % 7,8 izatetik, % 14,2 izatera iritsi dira) eta Nafarroan (% 9,5etik, % 11,1era). Gipuzkoan, % 43,7tik, % 49,1era igo da; eta Bizkaian, % 16,5etik, % 23ra. Iparraldean, oraindik ere atzera egin duen arren (% 24,4tik, % 22,5era), atzerakadaren indarra gelditzen ari dela ikusten da. 514. EAEn, euskaldun kopururik handienak Gipuzkoako eta Bizkaiko barnealdean biltzen dira. Gizarte guztiz elebiduna Gipuzkoako barnealde osoan, kostaldeko zati batean, eta Bizkaiko mendialdean dago. Oro har, Gipuzkoa osoan, Bizkaiko barnealdean, eta Arabako Aguraingo koadrilan ikasleen % 75 baino gehiago dira euskaldunak. 515. Nafarroan, Euskaren Foru Legea onartu zenean (1986), populazioaren % 10 eskas bat zen euskalduna eta horietatik % 15ek erabiltzen zuen hizkuntza; gaur egun, % 15 da euskalduna, eta % 25ek erabiltzen du. Euskara, biziberritzeko bide argian dago Nafarroan; adituen arabera, nabarmena da legeak eta zonak egokitu beharra, hizkuntza errealitate berriak ezartzen dituen eskakizunen neurrira. 516. Euskararen lurralde esparru guztia kontuan harturik, frankismoaren amaieratik hona, euskaldun populazioa bostetik bat izatetik, hirutik bat izatera iritsi da. 517. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (Estrasburgo, 1992), Europako Kontseiluko estatu kideen arteko adostasun bat da, Europan ofizial ez diren edo egoera ahulean diren hizkuntza guztiak babestu eta sustatzeko. Espainiako estatuak 1992an izenpetu eta 2001ean berretsi zuen. Frantziako estatuak, aldiz, 1992an izenpetu zuen arren, oraindik ez du berretsi. 518. Elebide, hizkuntza eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua da. Herritarren kexuak, kontsultak, eskaerak eta iradokizunak jasotzen ditu, 2006az geroztik. Zerbitzuaren oinarrian dira pertsuasioa, sentiberatzea eta aholkularitza. 519. Iparraldean, euskarak ez du ofizialtasunik. Euskararen Erakunde Publikoa sortu zen 2004an, euskara sustatzeko eta elebitasuna bultzatzeko. Ordezturik dira bertan Frantziako estatua, toki administrazioak, hautetsiak eta euskara garatzeko lanetan ari diren antolamenduak. 520. Guraso elebidunek euskaraz irakasten diete seme-alabei, bai EAEn, bai Nafarroan, baina ez beti Iparraldean. Gurasoetako batek euskararik ez dakien kasuetan, transmisioa da % 86 EAEn, % 71 Nafarroan, eta % 44 Iparraldean. 521. Hizkuntza eskubideak babestu eta urraketarik gertatuz gero, epaitegietan salatzeko xedez, lan egiten dute Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta, Nafarroan, Euskara Kultur Elkargoak.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net