Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena



Bertan > Euskara > Hedabideak
Bertan 24

Hedabideak


Idatzizko kazetaritza sortu zenez geroztik, euskara beti egon da hedabideetan. Karlisten gerrateetan, prentsa erabili izan zen euskarazko mezuak banatzeko: 1834an, bai liberalek, bai karlistek, euskarazko mezuak txertatu ohi zituzten El Correo del Norte egunkarian. Frankismoaren amaieran abiatu ziren, ordea, euskarazko hedabideak garabide sakon batean, eragile sozial, politiko edo kulturalen ekimenen bidez. Gaur egun, prentsa idatzia, irratia eta telebista egiten dira euskaraz, eta hedabide digitalen esparruan aitzindaria da.

433. Uscal Herrico Gaseta, Agosti Xahok sortua, 1848. 434. Gerra berriemaileak Muskizen, Bizkaian, bigarren karlistaldian. 435. EITBren hastapenak. Antenak ETBren etxeko teilatuan, Iurretan, Bizkaian. 436. Gaur egungo Argia aldizkariaren aurrekari izan ziren Zeruko Argia (Iruñea, 1919) eta Argia (Donostia, 1921) Oraingo Argia astekaria da, 1980az geroztik, eta euskal kazetaritzaren aitzindaritza gordetzen du. Gainera, 1997az geroztik webgune bizi, gaurkotu eta berritzaile bat dauka. 437. 1950eko hamarkadan, Elizari lotutako irrati batzuk euskaraz hasi ziren, erlijio, kirol edo kultur gaiak lantzen. Pixkanaka, gaiak eta esparruak zabaltzen hasi ziren, batik bat Loiolako Herri Irratiak egindako lanari esker, euskara baserri girotik atera eta hiriaren bizimodura egokituz. Herri Irratiak jendetza handi bat bildu zuen, 1976an, 24 orduak euskaraz izeneko jaialdian, Anoetako Kiroldegian, euskarazko irrati baten alde. 438. ETB1eko Mihiluze saioak arrakasta handia lortu du, 500 atal eta gehiago plazaratuta, euskararen eguneroko erabilera informalean oinarrituta. 439. Euskaldunon Egunkaria euskarazko egunkaria 1990ean sortu zen, Egunkaria Sortzen izeneko elkartean bildutako 70 lagunei esker. Egunero 12.000 ale inguru kaleratu zituen, 2003an Auzitegi Nazionalak itxiarazi zuen arte, inoiz frogatu ez diren ETArekiko loturak leporatuz. Zazpi urte geroago, 2010ean, epaitegiek artxibatu egin zuten kasua, deliturik ez zegoela ebatzita. Egunkaria ixteko erabakiak ekarri zuen gaitzespen oldeari esker, 2004an Berria izeneko egunkaria sortu zen, euskarazko egunkari bakarraren bideari jarraituz. Proiektuaren atzean, EKT taldea dago; egunkariaz gain, www.berria.info webgunea eta Hitza izeneko 7 toki-egunkari ditu. 440. Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa 1983an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, euskarazko hedabide publikoak antolatzeko: ETB1 telebista eta Euskadi Irratia. Gaur egun, ETB1ek eta ETB3k euskara hutsean dute programazioa. Gazteleraz, ETB2 dago, eta ETBSat kanalak ele bietan eskaintzen ditu saioak, Ameriketako diasporari begira. 441. Nafarroan, toki hedabideen artean nabarmentzen da Ttipittapa (1980), Baztan, Bidasoa eta Leitza aldeko aldizkari, webgune eta telebista proiektu bateratu bat. Euskalerria Irratia 1988az geroztik ari da bere eskaintza aireratzen Iruñerrian, harpidedunen laguntzari esker. Ekimen elebidunen artean, bereizi beharrekoa da Ze Berri? (1996), euskara sustatzeko doako aldizkaria, 30 bat udalek eta 70.000 aletan argitaratua, bi hizkuntzetan. 442. Hala bedi!, Gasteizeko irrati librea. 443. Iparraldean, 1963an hasi ziren Radio Côte Basque irratiaren saioak; bide hartatik etorri ziren, geroago, Baionako Gure Irratia, Irulegi Irratia eta Xiberoko Botza, 1980ko hamarkadatik euskaraz ari diren irratiak. 444. ETBk sortua, 1990az geroztik Euskadi Gaztea musika irratia dago. 445. Euskara elkarteen eskutik, 1980tik aurrera aldizkari eta telebista kate txikiak sortu ziren, informazio lokala euskaraz emateko asmoz. Gaur egun, 33 bat aldizkari kaleratzen dira, guztira 260.000 irakurlerekin. Euskarazko 6 irrati kate eta 7 telebista kanal daude, denak erakundeen laguntzaz bizi direnak. Gipuzkoan, toki-telebista guztiek programazioa euskara hutsez ematen dute. 446. Goenkale saioak 17 sasoitan barrena 3.000 atal plazaratu ditu; ETB1eko saio zaharrena da. 447. Marrazki bizidunak, bikoiztutako saioak eta ekoizpen propioa dira euskal telebistak haurrentzat egiten duen eskaintza; protagonista batzuek, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek, adibidez, 25 urte daramate antenan. Irusoin grabaketa estudioak filmak bikoizten ditu. 448. Herri erakunde gehienek webguneak euskaraz eskaintzen dituzte. Irudian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunea. 449. Euskarazko informazio eskaintza zabala dago sarean. Idatzizko nahiz ikus-entzunezko hedabide guztiek dute, gaur egun, webgune bat. Horrez gain, euskarazko hedabide digitalak daude, besteak beste sustatu.com edo argia.com, blog komunitate indartsuetan oinarrituta.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura, Gazteria eta Kirol - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net