Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 26, osteguna



Bertan > Arantzazu tradizioa eta abangoardia > Ingurua eta arkitektura
Bertan 3

Ingurua eta arkitektura

Laorga eta Saenz de Oiza arkitektuek "topos" historikoarekiko eta bertan aurkitzen diren material, forma eta argiekiko begiramen handiz diseinatu dute bere eraikina. Basilika berria aurrekoaren gain-gainean sortzen da, 1920ko zimentuak aprobetxatuz, baina aurrez lehengo eliza eraitsi eta kripta bihurturik utzi behar izan zen. 1834ko sutetik onez atera zen dorrea ere, linea barrokoak zituena, eraitsi egin behar izan zen. Proiektuak, egileen ahotan, Arantzazuko inguruneari begirunea zor dio, bertako landareriaren pintzelkada aberatsa eta haitz malkor eta haitzarte izugarrietako argi eta itzalen egokiera zoragarria kontutan harturik.

Diseinu arkitektonikoak erabateko egokiera eta egiramena agertzen du aurrez dagoen ingurune fisiko nahiz arkitektonikoarekin. Fatxada nagusirako sarbidea errespetatzen da, albotik eta ez aurretik, hala nola katakunba izaera eta lurraren erraietara jeistearena. Nartex -aren gorantzako lerroak nabarmentzen dira eta aldeetako horma guztiak lerratzen dira zerutik sartzen den eta nola Lucio Muñozen muralean hala Santutegiko hiru dorreetan isurtzen den argirantz. Karratua eta zirkuluaren funtsezko sinboloak berreskuratzen dira guztizko diseinuan erromatar berantiar eta erdi-aroko gorantzako elementu gisa, nola plantan hala altxaera eta bolumenetan. Kareharri grisa eta zura erabiltzen dira paisaiatik eta ingurutik berreskuratutako onarrizko errepertorio gisa. Eta, batez ere, multzoari eratasun eta batasun handia eman nahi zaio, bertaratuko den banako eta multzoko subjektua kontuan izanik.

Bere fatxada nagusiak, kanpairik ez duten ezkiladorreak barne, erdi-aroko tenpluaren osaera-eskemari jarraitzen dio, hau bai, indar eta garbitasun handiko errepertorio sinboliko -ikonografikoen ekarpena eginez.

Bertako eta Estatuko sektore kontserbadore batzuentzat, obra aurreratuegia gertatzen zen eta garaiko printzipio erlijioso eta estetikoen aurkakoa zen. Arantzazu, erresistentzia eta modernotasun sinbolo gertatzen zen, banakako nahiz taldeko eskubiderik errespetatzen ez zuen frankismoaren basamortu soziokulturalean, atzerriratzea, errepresioa eta gartzela bere buruan jasaten ari zen herriarentzat. Kritika historikoa laster hasi zen bideratzen eta obra honetan arreta jartzen, agertzen zituen kontraesanak eta zalantzak adieraziz, forma berri eta ezohizkoen alde guztizko apostua egiten ez zuela eta. 1963ko urtean, eta bere "Iglesias nuevas en España idazlanean, Arsenio Fernández Arenas-ek esango zuen Arantzazu obra pionaria zela eta arkitektura erlijioso modernoan lehena, baina bere formak ildo tradizionalean zeudela, berrien aldeko nolabaiteko zalantza agertuz.

Eliza berria Don Pabloren abside gainean eraikia
Eliza berria Don Pabloren abside gainean eraikia.© Antton Elizegi
Eliz barruaren ikuspegi bat
Eliz barruaren ikuspegi bat. © Antton Elizegi

 Obrero eta fraile, eliza berriaren lanetan.
Obrero eta fraile, eliza berriaren lanetan. © Arantzazu Artxibategia.

Antonio Bonet Correa-k 1984ean bere "Arte del Franquismo" idazlanean, Arantzazuko Basilika ezaguna, historizismoaren amaiera aldean, bere forma-aberastasunagatik bereiztea merezi zuen bakarrenetakotzat aipatzen zuen. Boneten aburuz, Saenz de Oiza-k gehiegizko literaltasunez transkribatu zuen Dominikus B ö hmek Vienan egindako elizaren eskema organikoa. Javier Garrido-k 1987ko bere "Arantzazu"n, obra honetan zera azpimarratzen du:

"Osotasun bateratuaren sentsazioa. Espazio materiala bakarrik ez, baizik, giroa eta ebokazio den tenpluaren esparrua. Gakoa ikusmen-paradoxaren jokaeran datza: alde batetik, gain-azpi jarritako gilla erraldoia; bestetik, gurutzaduran eta absidean zeharreko goramen traszendentea. Eta argia, orain gardentasunetan dario, orain forma eta bolumenetan gauzatzen da".


Gaur egungo Arantzazu lurraren isilean.
Gaur egungo Arantzazu lurraren isilean. © Antton Elizegi
Absidearen forma geometrikoak
Absidearen forma geometrikoak .© Antton Elizegi

Izan ere, izan zezakeen, guk uste, osakera-eskema modernoago eta aurrerakoiagoa, baina, zergatik ez zuen Saenz de Oiza-k proposatu? Proposamena iraganaren eta etorkizunaren uztarririk egokienean datza. Formazko oreka eta garbitasun izugarriak ditu, inguruarekin eta kolektibitatearen izpirituarekin bat egiten duen eratasun handia. Hain zuzen ere, gaur egun oraindik zoragarri dirau obrak, multzo osoa eratasun eta koherentzia kontzeptual handikoa gertatzen delarik.


Eliza berriaren fatxada osoaren sintesia apoteosikoa
Eliza berriaren fatxada osoaren sintesia apoteosikoa. © Antton Elizegi
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net