Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 26, osteguna



Bertan > Arantzazu tradizioa eta abangoardia > Lilurazko topografia
Bertan 3

Lilurazko topografia

Ez nau batere harritzen Lucio Muñoz pintoreak, Arantzazuko Basilikako mural handiaren lanari aurre egin behar izan zionean, Oñatitik Arantzazura igotakoan bertako orografiaz eta topografiaz hain grinaturik geratu zenez, han ikusten zuen paisaia liluragarria bere obran jaulkitzeko aukerari eutsi izanak.

Santutegia eta beronen ingurua
Santutegia eta beronen ingurua. © Antton Elizegi
Pottokak, Santutegi inguruan.
Pottokak, Santutegi inguruan. © Antton Elizegi

Lilura horixe bera da edozein mendizale, turista edo erromesek atzitzen eta arnasten duena Arantzazura hurbildu ahala. Gipuzkoako Zaindariaren Santutegia arranoaren habia gisa (igokunde sinbolo), zintzilik agertzen da, harkaitz multzo, haitzarte sakon eta Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako mugetarantz abiatzen eta hurbiltzen diren mendilepoez osatutako ikuspegi izugarriaren erdian. Santutegia, 700 metroko garaieran kokaturik, Elgea, Aloña, Aizkorri, Aitzabal, Beilotza, Beilostegi eta Gazteluaitzeko gailur eta mendi-taldeek inguratzen dute, eta haren oinean linburtzen da trokarte sakonetik behera Arantzazu ibaia, izen bereko mendikatean sorturikoa. Santutegia Aloñaren mendi -hegalean dago, haitzarte sakonaren ertzean, eta bertara iristeko, 9 kilometroko errepide luze eta kiribilkaritik gora jo behar da, Oñatitik abiatuz, udalerri honen mugapean baitago eta, Iñaki Zumalde eta Luis Villasante bertako historiagileek frogatu bezala, haren historiari hertsiki loturik egon izan baita. Bertarako bideak balio plastiko eta ekologiko handia du zentzu guztietan. Harkaitz-multzo garaiak, kareharrizkoak, eta haitzarteak eta mendilepo sakonak, mendi eta harkaitzetan gora landareria anitza, pagoak, astigarrak, haritzak, ezkiak eta urkiak, aginak, ipuruak eta elorri zuri nahiz beltz ugariak, ikuspegi ikusgarria osatzen.

El convento visto desde el pie del  peñón Beillotza
Komentua, Beilotzako harkaitz barrendik ikusita. © Antton Elizegi

Elorrri zuri baten gainean, tradizio historikoak dioenez, aurkitu zuen Ama Birjinaren irudia Rodrigo Balzategi artzain gazteak, Oñatiko bizilagunei ziztu bizian berri ematera abiatu aurretik. "Arantzazu" toponimoak, Villasante Euskaltzainaren esanetan, landare kontzeptu hori agertzen du. Urtaro desberdinetan zehar kolore anitzez estaltzen dira eta beren hamaika ñabarduraz polikromatzen dute baso misteriotsu hau, hala nola bertan lasaitasun, bake eta alaitasun bila dabilen ikuslearen begiak. Udaberriak eta udazkenak, Mitxelena, Lizardi, Gandiaga, Lete eta Lekuona poetek gogokoen dituzten urtaroek, inguru hauek amets eta behaketarik idilikoenak sorrarazteko leku apropos bihurtzen dute. Pagoen eta pinuen berde bizi eta zukutsuek, haritzen eta astigarren urrezahar horiek eta gorriskek, aldatu eta nahasi egiten dute Arantzazuko paisaia ibilge eta betirakoa. Arantzazutik abiatuta ere, mendizaleak aukeran ditu inguruko mendietarako ibilaldiak. Lau kilometrora eta 1.100 metroko garaieran dago Urbiako Zelai zoragarria, Neolitikotik hartzainak eta artaldeak bildu izan dituena eta Aranzadi, Barandiaran eta Egurenek 1918an dolmengune gisa azterturikoa. Aitzkorri (1 .544 metro), San Adrián, Artzanburu, Arriurdiñ, Gorgomendi, ditugu inguruko mendi harkaitsuak, mita eta mita bostehun metro bitartean daudelarik.

Gazteluaitzen islada
Gazteluaitzen islada. © Antton Elizegi
El Aizkorri visto desde Urbia.
Aizkorri mendikatea Urbaitik. © Antton Elizegi


XIX. mendeko autore batzuek deskribatu zuten Arantzazuko fauna, ia erabat desagertu da. Basurdeak eta orkatzak, azeriak eta otsoak, hala nola katamusturluzeak eta katagorriak elurte handitan baino ia ez dira ikusten. Hegaztiak, aldiz, ugari dira, zozoak eta birigarroak, larretxoriak nahiz mota askotako hegazti kantariak, batez ere Arabako lurren muga epeletan. Haien txioketak sortzen duen hots ederrak lilura eragiten du, espazio goitsuaren xarma areagotzerik baldin badago, areagotuz.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net