Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 26, osteguna



Bertan > Arantzazu tradizioa eta abangoardia > Zaharberritzea eta birsorpena
Bertan 2

Zaharberritzea eta birsorpena

Arantzazuren historia, bertako suntsipen eta "atzera kemen handiagoz berreraikitze"en historia, giza-izaeraren dimentsiorik sakonenetarikoa, erlijiosoa, ahaztu nahi ez duen herri baten berrespen eta fede ekintza gisa labur liteke. Javier Garrido idazleak dio "Arantzazu" bere obran, bertako sute eta berreraikuntzez ari denean, beharbada hauxe datekeela atalik ederrena: bere itxaropeneko sinboloak errautsetatik birsorrarazten dituen herriaren fedearena.

Arantzazu birsortu bada, batez ere azken mendeotan, herriaren erlijio sinboloa izan delako birsortu da, eta honela ulertu dute berrikuntza eta abangoardia planteatu zuten belaunaldi berriek, beti ere giza-tradizioa kristau fedearekin lotu izanaren oinarriaren gainean.

Arantzazu orain 60 bat urte
Arantzazu orain 60 bat urte. © Arantzazu Artxibategia.
Pergaminozko liburu bateko orriak
Pergaminozko liburu bateko orriak . © Antton Elizegi

Arantzazu, esklaustrazioa izan zenean ere, ez zen inoiz erabat utzita egon. Villasantek azaltzen digunez, erlijioso esklaustratu batzuk bizi ziren bertan apaiz soinekoz jantzita eta Komunitaterik osatu gabe. Berauek izango ziren, 1845ean, diru premia zela eta, tenplu pobre eta umila eraikitzen hasiko zirenak, eta urtebetean burutuko zuten. 1846ko azaroaren 19an irudia Oñatitik Santutegira itzuli da, hiribilduan hamabi urtez egon ondoren.

Esteban Epelde anaia azkoitiarra izango da, Kaputxinoak Arantzazun etxea hartzekoak direla jakin eta, Gobernuarengandik 1878an Komunitatea eratzeko baimena lortuko duena, eta izapide publiko bidez errepidea eraikiko duena. Urte batzuk lehenago, 1859an, frantziskotarrak Bermion etxea hartuta zeuden, eta zertxobait geroago Zarautzen ere egingo zuten. Epelde anaia izango da, halaber, Gasteizko elizbarruti berria fundatu ondoren, erromesaldien tradizioa berreskuratuko duena, eta Julián Pastor y Rodríguez, Oñatiko Katedradun jaunari Arantzazuko Amaren Historia dokumentatu eta kritikoa, 1880an Madrilen argitaratu zena, idazteko mandatua emango ziona. Epelde anaia izango da, azkenik, 1886ko ekainean ospatutako Koroapen Jaien bultzatzaile eta euskarri, Montserratekoa koroatuko zen urte berean. Mariano Miguel Gómez, Gasteizko gotzaiak Ama eta Semea koroatu zituen, erromesaldian etorritako fededun jendetzaren aurrean. Literatur lehiaketak eta lore-jaiak, ereskiak eta himnoak gaur egun bizirik dirauten errepertoriotan hezur-mamitu ziren; hona hemen adibidea:


Arantzazuko Ama
Arantzazuko Ama Birjiña,
zeruko Erregiñ aundia,
kendu pekatu danen arantzak
eman Jaunaren grazia,
eman Jaunaren grazia.
1 . Agur zeruen edertasuna
arrosa zuri gorria,
apaindurien lore bikañez
Jaungoiko berak jantzia.
Arantzartean arantza gabe
arantzan gora jaikia,
Agur Amatxo biotz biguña
grazi beraren jargoia
grazi beraren jargoia.
2. Ortikan zaude euskalerriko
Gaur zure seme oien kontrako
Etsaiak naiko badira.
Zugana gatoz, Ama maitea,
Zure estalpe argira,
Ixuri zazu zure indarra
Euskal-biotzen erdira.
J. J. de Aranaren hitzak.
M. Letamendiaren eresia.

 

P. Uranga. Koadro baten osagaia. 1918.
P. Uranga. Koadro baten osagaia. 1918. © Antton Elizegi
Arantzazuko Andre Mari Gipuzkoako zaindari izendatua. Elias Salaberriaren kuadroa.
Arantzazuko Andre Mari Gipuzkoako zaindari izendatua. Elias Salaberriaren kuadroa. © Antton Elizegi

Elías Martínez de Zuazo anaia arabarrak bultzada nabaria emango die Santutegiaren obrei. Egungo Exertzizio Etxea, Hospederia eta ubide baten bidez Arantzazu-ibaitik ura ekartzeak, Arantzazuko proiektu eta gauzatze nagusienak izango dira. Fraide honi zor zaio Arantzazuko Ama Gipuzkoako Zaindari aldarrikatu izana ere. Berak egindako gestioei esker,1918ko irailaren 9an aldarrikatu zen Zaindaritza hau, Komentuan dirauen Elías Salaverria pintorearen urdinez eta laranja kolore leunez beteriko obra historiko-sinbolista bikainean ikus daitekeen bezalaxe. Halere, komeni da azpimarratzea Kantabriako frantziskotar probintzia osoak 1738az geroztik Arantzazuko Ama bere Zaindaritzat aitortzen zuela, eta honek Euskal Herrian eta Gaztelako lurralde batzuetan bere zaindaritza betetzen zuela.

1918ko urte berean Pablo Uranga pintore arabarrak San Frantziskorekin eta Santutegiaren historiarekin zerikusia zuten gaiei buruzko koadro sail bat pintatu zuen. Pintura arina da, gorabeherak dituena, akademizismoaren eta inpresionismoaren bitartekoa, eta hauen artean aipatzekoak dira: "San Francisco", "Procesión de la Virgen de Aranzazu a Oñate con motivo del cólera. Año 1855", "Cántico al hermano Sol", "S. Francisco enviando a los frailes a predicar" eta "D. Antonio de Oquendo en la batalla de Fernambuco. Año 1631 ".

Aipamen berezia merezi du, kronikarien eta historiagileen aburuz, Arantzazuren birsorpenean, Aita Lizarralderen figurak (1884-1935), zeinak 1915ean tuberkulosi larria izan eta sendatu ondoren, Arantzazuko Amaren eta Oñatiko Unibertsitatearen historia idazteko agintzaria bete zuen, hala nola Andra Mari de Gipuzkoa (1926) eta Andra Mari de Vizcaya (1934) obrak, dagoeneko klasiko direnak, Arabari dagokion zatia amaitzeke utziz. Aita Lizarralde izan zen, halaber, "Arantzazu" aldizkariaren sortzaile eta lehen zuzendaria, eta bertako moldiztegia eta harmarria sortu zituena "In splendore ortus tui" idazpuruaz, gerora Aita Elias Martinezek aldatuko zuena legendazko "Arantzan zu?" ezarriz. Urbiako baseliza eraiki zuen, gainera, mendizale eta artzainentzat, eta bertako lehen kaperaua izan zen.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net