Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 26, osteguna



Bertan > Arantzazu tradizioa eta abangoardia > Berrikuntza eta abangoardia
Bertan 3

Berrikuntza eta abangoardia

Sarritan entzun izan diot Jorge Oteyza eskultorerari Aita Pablo Leteren figura gorespenez eta sutsuki aipatzen. Kubatik itzulitakoan Santutegiak zuen itxura pobre eta zaharkituaz kezkaturik, goitik behera berritzeko abenturan abiatu zen abangoardiekin harremanetan jarriz. Arantzazu, 50eko hamarkadatik aurrera, euskal erlijiotasun herrikoiaren erakargune eta berrikuntzaren biltoki bilakatu da. Artea eta kultura, erlijioa eta abangoardia elkarbizitzen saiatuko dira, XX. mendeko gizon euskaldun modernoarentzat balioa duten benetako artelanak ernarazteko eta taiutzeko ahaleginean. Arantzazu, honela, berezko eskubidez bilakatu da herri oso baten modernitate eta abangoardia sinbolo. Baina, baliozko saiakuntza historikoa izan al zen eta eutsiko al lioke gaur egun grinagabeko kritika historikoari? Ba al diraute oraindik gaur egun sortu eta zabaldu zeneko tentsioek eta kontraesanek?

Edonola ere, orduan Kantabriako Probintzial izendatu berri zen Aita Letek, gobernurako gaitasun handiko eta etorkizun ikuspegi argiko gizonak, 1949an Santutegia berritzeko eta berriro herrira eta kultur abangoardietara hurbiltzeko kanpaina batera bultzatu zituen bere fraideak. Euskal Herriko biztanleriaren sektore guztiak bereganatzea zen helburua, batez ere herri xumea. Herriko kultur abangoardia artistikoekin hartu-emana sortu nahi zen, praktika plastikoaren barnetik abiatuz jokabide erlijiosorako baliozko ereduak eskaintzearren. Ahalegina, aitortu beharra dago, gogorra, sakona eta sendoa izan zen. Gaur, mende erdiko ikuspegitik, proposamenak bizirik dirauelakoan gaude, bizirik, eratsu eta zabalik, ia sortu eta taiutu zen unean bezalaxe.

Aita Garmendia predikuan, 1951 urte alera.
Aita Garmendia predikuan, 1951 urte alera. © Arantzazu Artxibategia.
Lehengo eliza, erabat bota baino lehen.
Lehengo eliza, erabat bota baino lehen. © Antton Elizegi

Dirubiltzeak emaitza zabala eta entzuna izan zuen. Erlijiosoek herriz herri eta etxez etxe eskatu zuten laguntza. Jende apal eta enpresa gizonek, artista eta erlijiosoek, parrokia eta udalek, garrantzi eta entzute handiko eginkizunean eskuharturik ikusi zuten beren burua. Laster azalduko dira proiektuaren inguruko "aldekoak" eta "aurkakoak", baina ordurako sarturik zegoen espazioan eta denboran atzera egin ezineko prozesuan.


Egungo Arantzazu elurpean.
Egungo Arantzazu elurpean. © Antton Elizegi

1950eko urtean, Aita Letek Arantzazu egiteko Arkitektura Lehiaketa Nazionalaren deialdia egin du, Oteyzaren hitzetan "gure herriaren erlijio eta kultura herrikoiaren erdigune, arte-tailer, gure tradizioen museo" Letek Santutegiaren eta Gipuzkoaren duin izango zen espazio arkitektonikoa sortu nahi zuen, aldi berean behar liturgiko-futnzionaletara egokitua eta bertaratzen ziren milaka erromesei behar bezala harrera egiteko modukoa.

Aldare nagusiko harria jaisten (1960)
Aldare nagusiko harria jaisten (1960). © Antton Elizegi

Arantzazun elizkizun bat.
Arantzazun elizkizun bat. © Antton Elizegi

Hogeita hemeretzi proiektu aurkeztuko dira Leihaketa honetara, zenbait lekutatik: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Errioxa, Katalunia, Balear Irlak, Aragoa, Madril, Avila, Leon, Salamanca eta Andaluzia. Urte bereko irailean eman zen Leihaketaren epaia eta ondoko hauek osatzen zuten epaimahaia Isabel Monforte historiagilearen arabera: Avelino Elorriaga jn. (Gipuzkoako Aldundia), Aita Pablo Lete (Kantabriako Probintziala), Vicente Ugalde jn. (Oñatiko Alkatea), José María Muñoz Baroja jn. (Probintziako Arkitektua), Jesús Rafael Basterrechea jn. (Arkitektuen Elkargo Eusko-Nafarra), Secundino Zuazo jn. (Lehiaketarako Arkitektua) eta Jesús María Sainz de Aguirre (Idazkari Teknikoa).

Frisoaren aldamenetako dorre puntak
Frisoaren aldamenetako dorre puntak. © Antton Elizegi

Luis de Laorga jn. eta Javier Saenz de Oiza jn. izan ziren irabazleak, beren proposamena, tenplu sendo eta malkartsua linea eme eta akademikorik gabea, eta kanpandorrea harri zorrotzez osatua, elorriaren sinbolo. Biak saiatuko dira obra hau Joaquín Ruiz Jiménez, Hezkuntza Ministrariaren kultur politikaren korronte aperturistetara eramaten, alde batetik, unibertsalismo faltsuei ihes eginez. Horrelaxe ikusiko du Jorge Oteyza beraren buruargitasunak eta koherentziak:

"...Gure arkitektura erlijiosoaren egungo espresiobide handia izan daiteke. Irrikaz nahi dugu, arte erlijioso berri baterako europar saioen aldean, gure giza nortasunaren eta gure fedearen karga eutsiaraziaren ekarpena egin, formazko pentsamolde koherente eta aurrerakoiaren bidez, ez baitu inoiz aditzera emana izateko aukera historikorik eduki, edo ez du aprobetxatzen jakin. Oraingo honetan, adierazteko premia dugu, benetan, eta badakigu nola eta zertarako egin".

Arkitektuek beso motzeko gurutze latinoa eta abside handiko plantadun Basilika proiektatu dute, bertan erdiko espazio zabala azpimarratu eta diseinatu delarik, unitarioa, fededun talde ugariarentzat abegikorra. Argi laino eta opalinoa sartzen da erdiko zabalaren goialdean irekitako argi-lehioetatik eta argi urdinberdegrisaska batek blaitzen du elizkizunerako espazioa, alboko zabalaren hormetan kokaturiko leiartegietatik. Saenz de Oiza arkitektuaren begi eratsu eta indartsuak bete betean asmatu du. Lan horretan taldelanean eta gogoz arituko diren eskultore, errementari, beiragile eta pintore talde bikain baten laguntza izango du.


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net