gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 28, larunbata




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Aiako Elkano
Aiako Elkano

Aiako Elkano Gipuzkoako auzorik ederrenetarikoa dugu. Duela urte gutxi batzuk arte ez zuen errepiderik eta bertara heltzeko Indamendiko mendi-hegalak zeharkatu behar ziren. Santa Kruz ermitatik ikusita, Elkanoren erromes ziluetak harritu eta erakarri egiten zuen aldi berean.

Bai, Elkano babesleku txiki gisa agertzen zitzaigun, elizako dorre txiki eta auparia erakutsiz, gaztelubegi baten antzera Urolako ibilbideak Zarauzko beheko lurretarantz zekarren ibiltariari begira.

Elkano 1949
Elkano 1949an.
Zarauzko bista Elkanotik
Zarauzko bista Elkanotik.

Oso estilo gotiko zaharreko Elkanoko San Pedro parrokia horrek, Askizuko San Martin eliza eta hurbilago dagoen Urtetako San Sebastian ermita dakarzkigu gogora. Bere arku zorrotzeko portadak, lore-motiboz apaintzen ditu kapitelak. Absidean, Ekialdera, eguzkia irteten den lekura begira, bi leihate fin eta arrosatxo bat nabarmentzen dira. Hala ere, aurkako aldean, bere funtzio funtsez erlijiosoari kontrajarri nahiean bezala, lau gezileiho luzek horma zabalak urratzen dituzte Urdaneta eta Aizarnazabalgo bidexken bila, bai eta Altzola, Aia, Zarautz eta Getariatik datozenen bila ere. Hau da, Aiako Elkanok gure geografia zartatuko oso bidegurutze garrantzitsu bat okupatzen edo, hobe esan, menderatzan zuen.


Elkanoko baserria
Elkanoko baserria.
Legendes du Pays Basque liburuko P. Tillac-en marrazki bateko jentila
Legendes du Pays Basque liburuko P. Tillac-en marrazki bateko jentila.
Elizaren barruan, erretabloan San Pedroren irudi bat da nagusi. Horman sartuta, sagrarioak bere linea arkaikozalearen erliebea marrazten du. Gaur egun tenpluak ez du bataio-harririk, ez eta hilerririk ere, baina zaharrek beren aiton-amonengandik entzundakoaren arabera, antzinean Elkanoko eliza hau ingurune guztietako parrokia izan zen, Zarautz, Getaria eta Aiako tenpluak baino are arkaikoagoa, kanposantua bere hareharrizko horma batean ezarria zuelarik. Nolanahi ere, errestaurazio obra batzuetan parrokia horretako zoruan egindako hobiraketak aurkitu ziren.

Gorosabelek, bere "Diccionario" delakoan, Aiari buruz idazterakoan Aiako Elkanoko auzoari buruzko pista interesgarri bat ematen digu, Olazabalgo San Salvador elizaren dohaintzan, 1025ean, aipatuta agertzen baita: "Senior Eneko Garzaiz pro sua anima possuit partes de Munio Garceiz menores, quoe comparavit en villa quoe dicitur Aya de Elcano".

San Pedroko ermita, bere arrosatxo eta leihateekin
San Pedroko ermita, bere arrosatxo eta leihateekin.
San Pedroko ermitako atea
San Pedro ermitako atea.
Hain zaharrak diren aipamen hauek, Aiako Elkano bi ibilbide garrantzitsuen pasaeran aurkitzen zela pentsarazten digute. Bata, Nafarroatik, Olazabalgo San Salvador monastegitik zetorrena Ernioko mazizoa zeharkatuz, eta bigarrena, Getariako itsasportuaren bila joanez Deba eta Urolako haranetatik heltzen zena.

Elkanoren antzinatasuna finkatzeko, merezi du gogorarazteak "jentilak", euskal mitologiaren erraldoiak, kostaldeko urrutiko leku honetan agertzen direla Elkanoko San Pedroko elizaren eraikuntzari buruz han bertan jasoko legendan. "Elkano-bitarte" baserrian bizi izan zen Jose Antonio Manterolak kontatzen zuenez, Elkanoko tenplua hiru "jentilek" eraiki zuten gau bakar batean. Erraldoietariko bat errena zen eta horregatik deitzen zioten "kojua". Obra hasita zegoela, errenaren bi adiskideek ondorengoa komentatu zuten: "Honek traba egiten digu hemen!". "Kojuak", belarri zorrotza izaki, entzun egin zien, bai eta ondorengoa erantzun ere: "Bai, baina nahiz eta traba egin, badaramatzat hirurehun kilo baino gehiago sorbaldan". Bi esaldi labur hauek gure mitologiaren munduarekin jartzen gaituzte erlazioan, mitologia hau gure garaira ahozko tradizioaren bitartez iritsi delarik.

"Jentilak", beraldiko indarreko izakiak, aipatutako bigarren esaldian azaltzen dira argi eta garbi, pertsonaia mitologiko hauen bitartez Elkanoko San Pedro elizan hareharrizko bloke handiak zeudela adierazi nahi denean, harri bilatzera Garatemendiraino joan beharra dagoelarik.. "Jentilaren" irudia are argiago agertzen da Elkanoko parrokia eraikitzeko materiala biltzeko modua deskribatzen denean. "Jentiletariko" batek Garate menditik Arbastainaundiraino botatzen zituen harriak. "Kojuak" Arbastainaunditik Elkanoko herriraino botatzen zituen. Hirugarren erraldoiak errenak jaurtitako harlanduak jasotzen zituen, harri horiekin eliza eraiki zuelarik.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net