gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 28, larunbata




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Abaltzisketako Larraitz
Abaltzisketako Larraitz

Betidanik Abaltzisketa izan da bakardade dartadarik handiena eragin didan herria, neguan, batez ere, euriak paisaia ñabartzen duen garaiean. Elurzuloz gaineztaturiko Txindokiren karea ilunagoa agertzen denean. Zelai garaiak hutsik geratu eta artaldeak negua igarotzeko haranetako larreetara jaisten direnean, milurtetako zikloa betez horrela.

Beraz, Abaltzisketako hiribildutik gertu, Aralarreko iparraldeko mendi-hegalean, Larraitzeko auzoaldea dago. Ez, Larraitz ez da herria, ez auzoa, ez eta tokia ere. Hiru edo lau baserri eta ermita batez osatutako multzoa besterik ez da. Amezketa, Baliarrain eta Zaldibia erreken arroen gainean sortutako zelaien erdian eraikiak.

Abaltzisketako inguruak
Abaltzisketako inguruak.
Txindoki Baliarraindik udako ekaitz baten erdian.
Txindoki Baliarraindik udako ekaitz baten erdian.
Baina bere umiltasunean, Larraitz Gipuzkoa aldetik Aralarreko mendigunean sartzeko aterik garrantzitsuenetarikoa da, batez ere, Larrunari (Txindoki edo Nañarri), Auza-Gaztelu, Ganbo, Ganbo Txiki, Gañeta, Larraone eta Uzkuitiko gailurretara heldu nahi badugu. Ehundaka mendizalek zeharkatu ditugu bertako belardiak urteko edozein garaitan, lainoa, euria edo elurra izanik ere, Txindoki mendiari aurre egiteko, Muitze nahiz Oria-iturritik, edo Irazustako-lepotik igaroz Igaratzaraino eramango gaituen zeharbideari ekinez, San Miguel de Excelsiseko santutegira oinez iristeko.

Udaberrian, ekainaren hasieran, artzaien artaldeek mendizerrateko ibilpideari ekiten zioten, Urzabaleko trokarteetatik zintzarriek sortutako bulunba lehorra zabaltzen zelarik. Ardiak udako abeletxeetan geratzen ziren urriaren hasiera arte, lehen elurrek Malloako gailurrak zuritu baino lehen. Udazkeneko hotza iritsi arte, abeltzainak Kostaldeko herrietarantz jaisten ziren ardiekin, honela larre-aldaketa garaiari ekinez, sasi eta oteen artean egunero piska bat galtzen diren milurteko bide zaharrei jarraituz.


Txindoki eta Abaltzisketa
Txindoki eta Abaltzisketa.
Erromeria baten eszena José de Arrueren litografia batean.
Erromeria baten eszena José de Arrueren litografia batean.
Larraizko ermita, haritz eta pago-baso baten ondoan kokatua, alboko elizpe motz eta babestua duen eraikin sendoa da. Bere kanpandorre txikia Txindokipeko basoan nabarmentzen da. Elizaren barruko aldare arruntean "Larraizko Andra Maria" gurtzen da, arras mirarizkotzat hartutako taila, Goierri inguruko hiribildu eta herrietako artzai eta herritarrek jaiera handia eskaintzen diotelarik.

Larraizko Andra Mariaren tailak gotiko itxura du eta Haurra eskuineko besoan darama. Irudia XIII.mendekoa izan daiteke. Baina oso jende gutxik daki irudi hau Goiazko hiribilduko parrokiko dorrean aurkitu zutela. Uztasunak narriatua, Donostian errestauratu zuten Rocandio tailerrean eta handik Larraizko santutegira eraman. Honen ondorioz, elizan gurtu izandako antzinako Andra Maria Abaltzisketako parrokira eraman zuten eta orain alboko aldarean dago.


Eguzkilorea, sorginen babeserako etxeetako ateetan ipintzen zen eguzkiaren sinbolo gisako lorea.
Eguzkilorea, sorginen babeserako etxeetako ateetan ipintzen zen eguzkiaren sinbolo gisako lorea.
Larraizko ermita eta ondoan Txindoki.
Larraizko ermita eta ondoan Txindoki.

Garai batean, Larraizko erromeria ospetsuak, Mendekozte Bazko astelehenean eta San Pedro egunean (ekainak 29) ospatzen ziren.

Badirudi, jatorriz, Larraizko ermita hau izen bereko Ataungo San Martinen, Iturrisaindun hain zuzen, zegoenaren garaikidea dela, XVII.mendeko hasierako obra. Larraizko eliza ez da aparteko eraikina. Izan ere, kokatuta dagoen aparteko paisaiari ezinhobeki egokitzen zaio. Urrutitik Larraizko santutegia eta berau inguratzen duten hiru bentak eta Neskarriren oineko mendi-bizkarretan sakabanatzen diren baserriak ikusteak eta talde osoa aurrean izanik Txindokiko gailurrari so egiteak, Euskal Herriko mendietako parajerik ikusgarrienetakoaren aurrean gaudela pentsarazten digute.

Artzaien esanetan, San Miguel (irailak 29) eguna aurretik kazkabarra botatzen badu negua gorria izango da. Ekaitz egun hauetan euskal mitologiaren ama-jainkosa den Mariren irudia ikus daiteke zeruetan. Igitai sutsuaren irudia hartzen duela diote, Murumendiko haitzetik Txindokiko leizeraino zerua orroaka zeharkatuz. Barealdi egunetan leizearen atarian ikus daitekeela diote, halaber, bere urre koloredun adats luzea urrezko orratzez leunduz...

Egun horietan jainkoei jaramon egin behar zaie eta Abaltzisketako bentan estalpea bilatu, beheko-suaren berora inguratuz, eta ogiz arraultz frejituak garbitu, Arabar Errioxako ardoak sugarren aurrean diztiratzen duen bitartean...

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net