gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 28, larunbata




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Astigarribia
Astigarribia

Txitxardinak harrapatzeko untziak
Txitxardinak harrapatzeko untziak.

Deba ibaiaren urgako batean galduta, Astigarribiako auzoa Arno mazizoaren oinean dagoen haran motz batean zehar luzatzen da apalki. Astigarribiako ibia aspaldi geratu zen abandonaturik. Hainbat faktorek, hots, zubiek, urtegiek, errepideek eta Debako hiribilduko itsasportuak berak, eragin erabakiorra izan zuten Astigarribiako beherakadan.

Bere itsasportu ospetsua izan zenetik, harri handi batzuk besterik ez dira agertzen, solteak eta lokatzez beterik, Debaren ertzean ageri direnak, trenbideko hormaren oinean eta kararrizko galtzara zaharraren hasieratik hurbil. Galtzara hau, denboraren eraginik jasan gabe, mendian gora doa oraindik Arnoateko lepoaren bila. Kai haietako arrasto hauek "mallatxua" izenez dira ezagunak oraindik.

Ibaiak menderatzen zituzten "ala" izeneko untzi arinak ere ez dira dagoeneko Torre baserriaren aurretik igarotzen, korrontearen alde nabigatuz eta beren untzigainetan Mendaro, Altzola, Elgoibar, Eibar eta Soraluzeko burdinoletan landutako tresnak eramanez. Larramendik berak XVII.mendean, bere "Corografía de Guipúzcoa" liburuan adierazten duenez, bere garaian burdin mineralen zama zeramaten gabarrak Deba ibaian gora abiatzen ziren Altzola herriraino.

San Andresen eskultura
San Andresen eskultura.
Amuarraina, izokina bezalaxe, ugari izaten zen Deba ibaian
Amuarraina, izokina bezalaxe, ugari izaten zen Deba ibaian.

Astigarribiako San Andres elizaren ondoan zegoen harrizko bidea, pista batez estali zen duela urte asko ez direla. Obra hauek burutu aurretik, zundaketa batzuk egin ziren, ordurarte ezagutzen zena baino askoz galtzara zaharrago bat agerian utziz. Gaur egun ere ikus daiteke estrataren trazatua zein zen. Hormatxoen artean sigi-saga eginez zihoan aurrera, gezileiho luze batzuek defendatutako ateaurreder izugarriak dituzten antzinako baserrien aurretik igaroz. Hain eztabaidatua izan den "Kostaldeko Galtzara"n -Iparraldeko ibilbidea" edo "Iparraldeko Bidea" ere deitua-, Astigarribia funtsezko puntua izan zen zalantzarik gabe Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko komunikazioetan.

Lacarra, Uria eta Vázquez de Pargaren teoriak, bide honi buruzko azterlan interesgarri bati bidea ematen dio, non Astigarribiako leiho aurre-erromanikoa lehen mailako garrantzia duen lekukoa den, San Andreseko parrokian zegoen estilo erromaniko berantiarreko Kristoa betirako desagertu baita. Izan ere, Kristo hau lapurtu izan ez balute, Santiago de Compostelarantz zihoan milaurteko ibilbide horren bigarren aparteko lekukoa izan zitekeen. Nolanahi ere, Torre, Etxezabal eta Jauregi etxeen berezitasunak, galtzararen handitasuna eta Arnoko mendisaihetsetan dauden hilarriak, leku honek Erdi Aroko garairik ilunenetatik izan duen garrantzi estrategikoa berresteko adina kategoria duten arrastoak dira.

Bataio-harria
Bataio-harria.
Astigarribiako San Andres
Astigarribiako San Andres.

Astigarribiako San Andres parrokia, gure landa-tenpluen arteko beste bat baino ez litzateke izango, absidean kokatzen den ferra-arkuzko leiho bikoitzagatik izango ez balitz. Gure lurraldeko artean benetako bitxia den leihate horrek, erromanikoaren aurreko garaian kokatzen du tenplua. Estilo horretako bi leiho besterik ez daude Arabako lurraldean, Aizkorriko mazizoaren hegoaldean, Aistrako San Julianen, eta San Martin de Tours hurbileko ermitan hain zuzen.

Espezialista guztien arabera, leihate honen data gutxienez XI.mendean koka daiteke, lehenagokoa ez bada. Nolanahi ere, badakigu Astigarribiako San Andres XI.mendean aipatua zela.

Absideko ferra-arkuzko leihoa
Absideko ferra-arkuzko leihoa.

Astigarribiako eliza tenplu bat da beste tenplu baten barruan, horretan ez dago zalantzarik. Klaustro handi batek tenplua ia erabat biltzen du. Egiaz, "klaustro" deitzen duguna, bere hormak eta tenpluaren mendebaldeko fatxada, beren jatorrian babesleku baten hormak izan zitezkeen, gezileiho erraldoi batzuk baitituzte oraindik. Urte gutxi batzuk lehenago egindako errestaurazio obrek, parrokiako antzinako "hilobiak" utzi zituzten agerian, alde batean harriz landutako eta forma antropomorfikoko hilobi handi bat aurkitu zelarik. Hormak xehatzerakoan, traza mozarabeko leihatearen egitura osoa marraztu zen argi eta garbi absidean, aldi berean goialdean leiho berri bat agertuz, nahiz eta kasu honetan ferra-lerroaren originaltasunik ez izan.

Astigarribia, bere arrarotasun berezia dela eta, Euskal Herriko arkitekturako bitxietariko bat dugu. Bere haranaren barnebilkuntzan, Compostelarantz zihoan ibilbide hura seinalatzen jarraitzen du. Ibilbide hau Behobiako ibitik zetorren eta Donostia, Orio, Zarautz, Getaria eta Itziarretik igaroz Astigarribiara heltzen zen, Arnoko mazizotik Bizkaiko lurretan barruratzen zelarik Markina eta Zenarruzarako norabidea hartuz.


San Telmo Museoko gabarra eredua
San Telmo Museoko gabarra eredua.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net