gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 28, larunbata




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Olazko harana
Olazko harana

Bizkaiarekin mugan, Arno mazizoaren bihotzean galduta eta arro itxiko haran bat osatzen, Olazko lurrek Ondarroa eta Markinarako bide zaharren azken sekretuak gordetzen dituzte. Errekak ez dira zuzenean itxasoratzen ez eta Artibai eta Deba ibaiekin bat egin eta Kantauri itsasoan hiltzeko trokarteak gainditzen, baizik bere urak tradizioaren arabera sorgiñak gordetzen dituzten leizeetan sartzen dira, hauen sakoneran itsasoko olatuen zartada entzuten dela esaten delarik.

Mutrikuko auzo honen urruntasunaren idea bat izan dezazuen, Sebastian Insaustiren lerro hauek aipatuko ditut bere "Las parroquias de Guipúzcoa" (1862 urtea) liburutik hartuak. Horrela dio: "Parroki laguntza bat ezarriko da Olas auzoan... horretarako eliz lagunkide gisa gaur egun auzo honetan dagoen eta San Isidroren izena daraman ermita erabiliko da, bertan erabilpen hau emateko beharrezkoak diren obrak egingo direlarik eta aldamenean bere apaiz lagunkidearentzat etxebizitza bat eraikiko delarik".

Olazko Haraneko baserria
Olazko Haraneko baserria.
Elias Ecenarrok ermitako giltza gordetzen du
Elias Ecenarrok ermitako giltza gordetzen du.

Gaur egun Olatzera joateko errepide bat badago ere, Gipuzkoako haran ezezagunenetako bat izaten jarraitzen du honek. Egia esan, gure lurraldean dauden "arro itxiko" haran gutxietako bat da hau Bidania eta Goiatz, Aizarna, Akua eta Lasturrekoak alde batetik eta bestetik gordeagoak dauden Urbia, Oltza, Alotza, Perileku-Igaratza eta Alabieta ezagunenekin batera.

Olatzera joateko errepidea suge baten gisan igotzen da pinu ugarien artetik. Alde bietara, mila zatian txikiturik, Mutrikurako galtzada zaharra ikus dezakegu.

Joaquin del Iturbe mandulerraren irudia ilustratzen duen XIX. mendeko grabatua.
Joaquin del Iturbe mandulerraren irudia ilustratzen duen XIX. mendeko grabatua.
Kiwia, Haraneko laborantza produktiboa
Kiwia, Haraneko laborantza produktiboa.

Sarrera ematen dion atakatik, kararrizko murruek eusten dituzten bideak, bere zelai guztiz berdeak, horitzen hasiak diren artadiak, bere kararrizko sakanak eta bertan hazten diren astigar, lizar, gaztainondo, haritz eta zumarrak erakusten dizkigu Olazko haranak. Ameiko lepo aldera, bide zabala intxaurrondo sendoz apaindua agertzen zaigu. Geografi bihurri, basati eta hautsi honetan gertatutako bandidaia kontu bat utzi zigun idatzita Santiago Aizarna idazleak bere "Crímenes truculentos en el País Vasco" liburuan, Joaquin Iturbe bidelapur famatuak mendi hauetan egindako ibilaldiak azaltzen dituen kontua alegia.

Olazko eliza, gurutze latinozko oinplanodun nabe bakarreko tenplu txiki bat da eta zenbait erreforma jasandakoaren itxura du. Tenpluaren sarrerako dorrearen azpian dagoen ate sinplean Santa Anaren taila bat bereizten da. Aldare Nagusian Andre Mariaren irudiaz gain, San Isidroren imajina bat da nabarmenena. Arruntasun haundiko eta esilo arkaikozaleko mukulua dugu hau eta ezkerreko eskuan igitai bat eta eskubikoa aitzur bat ditu. Gerrian errosario bat darama eta taila guztian tonu ilun ugari nabari daitezke. Egia esan, molde bidez ehundaka ateratako eskaiolazko irudien ezugarri den eta San Isidroetan maiz ikusten dugun irudi polit eta karamelatu horretatik guztiz ezberdina da hau.


Olatz haraneko baserria.
Olatz haraneko baserria.
Elur ekaitza Olazko bidexka batean.
Elur ekaitza Olazko bidexka batean.
Agustin de Zubizarayek egindako Mutrikuri buruzko monografian aipatzen diren Olaz auzoko hogeita hiru baserrietatik beterik hamalau bakarrik geratzen zirela esan zidaten. Kopurua zuzena izango dela uste dut baina oso altua iruditzen zait baserri uzketen tasa hau, gure nekazal mundua jasaten ari den krisiaren isla izan bait daiteke.

Elizaren aurrean, erlojua eta burdinezko kanpandorrea duen dorrearen aurrean, Zelayeta baserria dago, bere horma gris eta portadako leiho txuri-berdeekin. Fatxadaren erdialdean, guztiz tinko, armarria eta leiendaz osaturiko "zu-burniya" zaharra jarri zuten. Armarri inprobisatu hau estaltzen duen zilar kolorezko pinturaren azpian ondorengo hitzak irakur daitezke oraindik: "Vincet victus" edo "garaituak lortuko du garaipena".

Hontza zuria
Hontza zuria.

Haran itxi honetan sakabanaturik, batzuek besteak baino gorago ikusten dira baserriak; Aitze-txeberri, Aportatei-zulo, Aritzaga, Ube, Isasi, Patei-zarra,...

Haranaren goialdea Basarte mendiak zatitzen du eta hegalaren arabera "Olatz-goixa" edo "Olatz-beia" deitzen diote. Ifarraldean Miruaitz mendiak Arnoetako ataketarako bidea ixten du. Arnorantz goazela, Urreistieta baserriak bere armarri zaharra erakusten digu ate gainean. Hau da ziur aski azken obra egin aurretiko, baserria 1962an berritu aurretik alegia, etxeak gordetzen duen arrastoetatik bakarra.

Jadanik ez zaizkigu Arnoko bidexkak besterik geratzen. Bere ataka estrategikoetan ahazturik, iraun dute bizirik ehundaka urte dituzten hilarri misteriotsuak, hauen artean Ameikutz eta Esatekolepoa. Bandidai garaien azken aztarnak ote dira hauek? Edo eta elur ekaitzetan galdutako ibiltarien azken oroimenak? Inork ez daki. Hala ere hor daude.



San Isidroren irudia
San Isidroren irudia.
Egur hornikuntza
Egur hornikuntza.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net