gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 28, larunbata




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Zerain
Zerain

Ez, badakit topikoa irudituko zaizuela, baina horren goiz ezereztatutako gure Gipuzkoa honetan geratzen den azkenetako paisaia magikoa bere baitakoa du Zeraingo herriak. Eta lehendik ere esan bezala, susmoa dut ez ote den azkenera eramaten ari, haran berde, itzal handiko ohitura, baserri zuri, eta pago, aritz eta gaztainondo basoek iruditatutako eskema erromantikoa. Gure ibai arroak kale bakar bihurtu dira ia dagoeneko, hirikidetza, proiekzio fenomenoa eta gertu dugun etorkizunerako igarriezinak diren ondorioak sortu eta ernatuz. Baina esan dezagun poetak dioen bezala: "Errua zeini leporatuko aritu beharrean, egin diezaiogun bizitzari aurre. Galdutakoa galdu dugu eta kitto. Banderari, ordea, uhinak antzematen zaizkio oraindik eta inguruak ez du etsi"...

Zeraingo Jauregi Dorretxea
Zeraingo Jauregi Dorretxea.
Zerain hilerriko gainetik
Zerain hilerriko gainetik.

Jauregiko atea
Zeraingo Jauregi Dorretxea.
Harrizko plaka dorretxearen fatxadan
Harrizko plaka dorretxearen fatxadan.

Zeraingo herria Aizelekuko ezproi batean dago eraikita, Segura eta Mutiloa biltzen dituen harana inguratzen duten mendietan. Zerain, plazan zuhaitzak dituzten herri horietako bat da, igandetan gerizpean meska-mutil kozkorrak jolasean ibiltzen diren horietako bat, automobilen zarata hotsa entzuten ez den horietakoa.

Zerain, San Adriango tunelerako bide horietako bateko antzinako mugarri, errepideek "Dos Mares"eko uren mugaldea igaro ahal izateko portu xamurragoak aurkitu zituztenean geratu zen baztertuta, eta denboraren poderioz bere landa bazterrean erabat ahaztuta. Gaur egun, Seguratik abiatuta Aztiria auzoraino igo eta Legazpira gero behera egiten duen errepidea besterik ez du inguruan topatzen.

Galtzara zaharrean, tarteka sasitartean galduta eta harriak lokatz azpian dituela, antzinako historioen, leienden, kontuen eta sinesmenen aztarrenak, eta horiekin batera Tartalo, Lamiak eta Aketegiko Dama, edo bide bazterrean hil eta hilobiratutako soldadu eta bidaiariak hantxe geratu dira bertan behera, hari telefoniko, hariteria elektriko, eta eztanda-motoreen ihes-tutuetako kelarrearen izu-ikaraz. Zorigaiztoko horien oroigarri lurrean zulatuta eta sasiartean estalita dagoen hilarri diskoidalak besterik ez ditugu. Jasokundearen Andra Maria eliza gure lurraldean dugun elizik zainduenetakoa eta interes handienekoa dela esan genezake. Barrualdean aipatzekoak, bataio harria, gotiko estiloko pieza zoragarria, harrian landua, eta sortu izan zeneko sinbolo erromanikoen errepresentazio astral garbizale eta garatuagoduna; hilobi gotikoa; urbedeinkatu-ontzi interesgarria eta, batez ere, saihetseko horma batean agertzen den Kristo erromaniko zoragarria.

Herriaren erdian, ondo-ondoan plaza duela, osin lehor baten alboan, Jauregi dorretxeak ez du lan gutxi tente irautearekin. Antzinako hobia itxita dago; banderizen gordeleku izana, bertan sar ez zitezen itxi zuten Erdi Aroan atearen giltzarriaren altuera arte murriztuz. Ordutik, hareharrizko harlangaitz sendoko paretetan ondo gordetzen jakin izan du bere duintasuna. Adreilu gorri trinkoak eta zurezko bilbadurak, lekuaren arabera bertikala nahiz oblikuoa, harlangaitzaren ordeak egin zituzten, eta zabaldutako leihateek edo balkoi motzek leiho ojibalak edo murruarteka estu eta beltzak ezabatu zituzten.


Arotzaren tresnak
Arotzaren tresnak.
Larraondoko zerrategia.
Larraondoko zerrategia.

Atearen bi aldetara, letra gotikoz harrian landutako esaera borratu egin da euriaren eta haizearen eraginez; horman, atetik oso gertu dagoen plakak bakarrik egin ahal izan dio aurre eguratsari eta mendeaen iraganari. Lau izarretako antzinako plaka dugu berau, angulu bakoitzean zortzi puntakoa, ilargiak besarkatutako eguzki bat erdian duela. Eguzki goibela, izan ere. Negargurea duen eguzkia, alegia. Baina ez dugu sekulan ere jakingo zergatik edo zer adierazi nahi izan zen han jarri zutenean. Bere antzinako lekua hori zenik ere ez dakigu. Mendeetan zehar, gure herri zahar honek zerbait adierazi izan du, zerbait eskatu, edo zerbaitetaz babestu dela uste izan du zeinu eta figura horiekin. Bizitza eta heriotza, zoriona edo zorigaiztoa, kristau aurreko galdutako erlijioen ondare ditugun sinbolo horiei lotutakoak zirela zalantzarik ez dago.

San Blas ermita tajuz zaharberrituta. Antzinako apaiz etxea zaharberrituta. Plazak beste zuhaitz bat erdian duela, artea alegia, herriaren sinbolo. Bertan museo bat jartzekotan direla. Udaletxeko, bentako eraikina eraberrituta, eta bertako gartzela zaharra museo bihurtuta, azkenaldi honetan ere, interes izugarria duen Urkulluetako museo eta zerrategia zaharberritu egin dute baita ere. Zerainek itxura berria hartzeaz gain zera erakusten digu, gizakia, benetan nahi izanez gero, eguneroko bizitzari aurre egiteaz gain, gauza dela poetikotasunean bizitzeko.



Zerrategiaren barnealdea
Zerrategiaren barnealdea.
Zeraingo plaza
Zeraingo plaza.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net