gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 28, larunbata




Bertan > Gipuzkoa ezezaguna > Euskara bertsioa: Bedaio
Bedaio

Bedaio, Amezketako lurretan kokatutako Tolosako auzoa. Aralarreko Malloaren magalean banatutako baserriak. Otsabioko gailurreriari aurrera begira lekututako auzoa. Gipuzkoako azken pago erraldoiak kokatzen diren lekua. Basurdea bizi deneko zona. Lehen, Zarateko lepotik Altzoko hiribildura zihoan galtzara bat zegoen, zeina karobi izugarriz beteta ikusten zen. Baina bidea eta "karobixak" aspaldi galdu ziren betirako.

Basurdea
Basurdea.
"Ayalde"k, bere "Con fondo de txistu" liburuan, honako hau idatzi zuen Bedaiori buruz: "...herria (Bedaio) ia hutsik zegoen. Etxe baten atarian ogia, ardoa eta gazta eskaini ziguten. Ardoa beltza zen, zatondo gustu handia zuena; ogia zaharra, bederatzi egunetakoa, baina jangarria oraindik. Han, etxe bakoitzak bere labea du ogia egiteko". Valverdek, lerro hauek idazterakoan, ez du aipatzen zein baserritan izan zen baina niri Bedaiora joatea atsegin zaidala aitortu behar dut, bertako benta apaleko mahai luzean murgildu eta gazta zati bat ogi tartean janez Nafarroako ardo ilunez betetako pitxar baten laguntzaz.
Pago hostoak udazkenean
Pago hostoak udazkenean.

Bedaioko auzoaldean dagoen azalera handi eta lau bakarra, parrokiaren atzean zabaltzen den plazatxoa da, plazaz gain pilotalekua delarik. Orain Bedaiok badu pilotaleku berria baina elizako pilotaleku txikiak pilota partidu gogorrak dakarzkit gogora, apostuan zegoen gauza bakarra irabaztearen ohorea zelarik. Bere inguruan, "Nagusi-Echea" izeneko etxea.

XVI.mendean aipatutako Bedaioko parrokia, duela urte batzuk erabat eraberritu zuten, "argizaiola" zaharretatik arrastorik geratu ez delarik.

Argitaratutako eta J.J., P.R.O. eta L.M.E.k sinatutako Bedaiori buruzko lan interesgarri baten arabera -lan honetan nik ere lagundu nuen herri honen ohitura erlijiosoei buruzko azterlan batekin-, auzoalde honi buruzko aipamenik zaharrena Gorosabelen "Bosquejo" delakoan agertzen dela esaten digute autoreek: "Azkenik, Juan Martinez de Barkaiztegik, Bedaioko herriaren jabeak, Tolosako jurisdikzioa 1544eko ekainaren 8an aintzatetsi zuela agertzen dela jakinarazten dut".

Bedaioko pagadiak
Bedaioko pagadiak.
Mallozar eta bere Malloa. Eskuinean, Bedaio
Mallozar eta bere Malloa. Eskuinean, Bedaio.

Autore hauek diotenez, aintzatespen honen aurretik baliteke Bedaio feudo antzeko bat izatea, non agintea famili bakar baten (edo famili gutxi batzuen) esku zegoen, Tolosako auzo gisa aintzatetsi ondoren ere bere egitura soziala ez baitzen ezertxo ere aldatu. Hau frogatzeko nahikoa da 1773an emandako eta "Barrios rurales de Tolosa" azterlanetik jaso dudan ordenantza baten testuaren zati bat aipatzea: "Ordenanzas que han de observar los caseros del barrio de Bedayo, perteneciente al poseedor del palacio y torre-fuerte de Berastegui, como patrón divisero y dueño absoluto que es del expresado barrio, sin reconocimiento de otro dueño en toda la jurisdicción, por pertenecerle todas sus tierras, casas, montes, aguas, diezmos y primicias" ("Bedaio auzoko baserritarrek jarraitu beharreko ordenantzak, auzo hau Berastegiko jauregia eta dorre-gotorlekua dituenarena delarik, bertako patroi banatzaile eta jabe absolutu gisa, jurisdikzio osoan beste jaberik aintzatetsi gabe, bere lur, etxe, mendi, ur, hamarren eta autatuen guztiak bereak baitira").

Ikusten denez, duela gutxi arte, hots, baserriak erosten edo maizterrei saltzen hasi arte, Bedaiok bizi izan duen errealitatea islatzen duen dokumentua dugu.


Bedaio egunsentian
Bedaio egunsentian.
Ilunabarra Bedaioko gailurretan
Ilunabarra Bedaioko gailurretan.
Kontrabandista
Kontrabandista.
Gaur egun, Bedaio erabat urrun dago pasaerazko bide tradizionaletatik. Amezketako Ugarte auzoan hasten den errepidea, gure Goierriko auzoalde txiki horretako plazan alaitzen da. Lehen ez zen horrela. Hurbileko Azkarate herritik Nafarroarako pasabide bat zabaltzen den lepoan, portu bat eta Mikeleteen Etxe bat zegoen. Bertan, Gipuzkoako merkagaiak sartzeko ordaindu beharra zegoen eta kontatu zidatenez, garai hartan Bedaioko herriak orain baino bizitza gehixeago zuen. Aipatzen ari naizen azterlanean adierazten denez, baliteke Iñigo Loiolakoa, Iruñeko hesian zauritua, Zarate pasabideko bide honetatik bere belaun-etxeraino eraman izana. Gai honetan, besteak beste, Arocena, Lopez Meindizabal, Lecuona eta Plazaola aritu izan dira.
Mikeletea.
Mikeletea.

Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan dagoenez gero, ez gaitu harritu behar Zarateko ahoa kontrabandistei buruzko kontakizun ugariren lekuko izateak. Behin batean mikeleteek mandoan lau zahagi zeramatzan kontrabandista nafar bat ikusi zuten. Goarda gipuzkoarrek gelditzeko agindua eman zioten baina Araizeko Haraneko gizonak ez zuen bere zamaria gelditzen. Mikeleteek zenbat eta oihu gehiago egin, hainbat eta gehiago korri egiten zuen Azkarateko herritarrak. Eta horrela Otsabioko mendi-hegaleraino iritsi ziren, gipuzkoarrek mugaren Gipuzkoako aldetik korri eginez eta Araizekoak mugarrien Nafarroako aldetik lasterka. Ez estraperlista, ez goardak, ez ziren muga zeharkatzera ausartu eta aurrera jarraitu zuten paraleloan ahitu arte. Ahiturik denak "Gipuzkoa-Nafarroa" mugarri batean atseden hartzeko eseri zirenean, baina bakoitza bere aldean, mikeleteen kaboak honako hau esan zion nafarrari: "Zure ustez merezi izan al du halako lasterketa bat horrela amaitzeko, harri berean eta bakoitza bere aldean, zu kontrabandoa pasa ezinik eta gu zu harrapatu ezinik?".

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net