gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2020ko ekainak 5, ostirala





Bertan > Bertan 18 Gotorlekuak Gipuzkoan:XVI-XIX. mendeak > Euskara bertsioa: Gotorleku modernoak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Gotorleku modernoak

57. Hondarribia. Erreginaren bastioia, zaintzako garita eta guzti.© Gorka Agirre
57. Hondarribia. Erreginaren bastioia, zaintzako garita eta guzti.© Gorka Agirre

Gipuzkoan bi gotorleku izan ziren bastioi eta guztikoak: Hondarribia eta Donostia. Lehena bigarrena baino garrantzitsuagoa izan zen XVI. eta XVII. mendeetan zehar, mugan bertan egoteagatik hain zuzen; bigarrenak garrantzi handiagoa hartu zuen, berriz, XVIII. mendean. Getaria, honetako portua eta San Anton mendia ere ingeniari militar modernoen gogoan egon ziren, baina bertan egindako lanak ez ziren oso handiak izan.

58. Donostiako planoa, 1724an Juan Landaetak marraztua. Urgull mendiko gotorlekua, proiektu honen arabera, hiru barruti zentrokidez antolatuko zuten, Urgulleko gaztelua zutela denen gaineko elementu nagusi.© Carlos Mengs
58. Donostiako planoa, 1724an Juan Landaetak marraztua. Urgull mendiko gotorlekua, proiektu honen arabera, hiru barruti zentrokidez antolatuko zuten, Urgulleko gaztelua zutela denen gaineko elementu nagusi.© Carlos Mengs

Denboraren joanak, ordurako, ingeniari militarrei erakutsia zien murruen lodiera bikoizte hutsa ez zela nahikoa artilleriako jaurtigaien ondorioei aurre egiteko. Horregatik hasi ziren 15 metro lodi baino gehiagoko harresiak diseinatzen.

Horrelako obra bat egiteak, harria izanik lanerako elementu behinena, izugarrizko eragozpenak zekartzan berekin, bai maila teknikoan bai ekonomikoan, eta horrenbestez kanpoaldean harlangaitz arruntezko murru lodi bat egiten segitu zuten (batzuetan horma-bular edo ostikoak eransten zizkioten, sendogarri gisa), silarriz estaliz honen kanpoaldea. Harrizko elementu honi, hurrena, lur-pila handi bat gehitzen zioten (lubeta), malda bat eginez honen erremate gisa (barne-malda), edota, espazio arazorik izanez gero, eustorma bat eratuz.

59. Donostiako gotorlekuaren mendebaldeko alderdia. Itsasoko uren eraginpeko zonak oinarritzeko erabilitako zurezko paldoak ikus daitezke: B) Kubo Inperiala; C) San Feliperen bastioia; E) Kontragoardia eta bere garita; M) San Karlosen babes-adarra; N) Hesi-babesa; F) Lehorreko Atea; G) Itsas murrua.© Hergara S.A.
59. Donostiako gotorlekuaren mendebaldeko alderdia. Itsasoko uren eraginpeko zonak oinarritzeko erabilitako zurezko paldoak ikus daitezke:
B) Kubo Inperiala;
C) San Feliperen bastioia;
E) Kontragoardia eta bere garita;
M) San Karlosen babes-adarra;
N) Hesi-babesa;
F) Lehorreko Atea;
G) Itsas murrua.© Hergara S.A.

Horrela egindako harresi sendoaren gainean 5-6 metro lodi eta 2 bat metro garaiko parapeto bat altxatzen zuten, eta honen gainean behar beste espazio uzten zuten (adarbea) artilleriako piezak kokatzeko eta soldaduak mugitu ahal izateko. Harresiaren goreneko puntuaren eta parapetoaren hasieraren artean, kanpoaldean, profil erdi-zirkularreko moldura bat egiten zuten, kordoi deitua.

60. Donostiako Gobernadorearen Bastioiko garitaren marrazkia (1735).© Hergara S.A.
60. Donostiako Gobernadorearen Bastioiko garitaren marrazkia (1735).© Hergara S.A.

Parapetoan oinplano trapezoidaleko kanoi-zuloak zeuden, hain zuzen zelaiguneetan kokatutako artilleriako piezek aukera izan zezaten tiroaren norabidea aldatzeko. Parapetoari erantsitako maila edo banketa ere ohiko elementua zen.

Erdi Aroko harresiko dorreen ordez, gotorleku berrietan kuboak jarri zituzten, hau da, neurri handiko dorre biribilak, harresiarena baino altuera handiagoa hartzen ez zutenak. Normalean prestatuta zeuden, bertan hainbat artilleria-pieza kokatu ahal izateko. Gotortze modu honen aleak ditugu, esaterako, Donostiako Amezketako eta Labeetako kuboak, Hondarribiko Banbaren kuboa, edo Irungo Gazteluzarreko kuboak. Arazo bat bazuten ordea, hain zuzen babestu ezineko hainbat espazio sortzea; horregatik, berehala hasi ziren horien ordez bastioiak egiten. Harrezkero, gotorleku modernoari bastioidun ere esaten zaio.

Ohiko bastioiak pentagono itxura du, eta altueran, berriz, ez da heltzen erantsita dagoen harresiarenaren parera; horrela, aukera ematen zuen gainetik tiro egin zezaten babesleek, eta bide batez ez zen hain itu garbia etsaien erasoetarako. Bastioiak gotorlekuaren kanpoaldera begira dituen murruetako bakoitzari aurrealde esaten zaio, eta harresiaren perpendikularrean jarritakoei albo edo saihets. Azken hauetatik aurre egin ziezaioketen etsaiari, harresira hurbildu nahi zuenean, bai adarbetik eginiko tiroen bidez, bai alboetan erantsitako kasamatetatik, horrelakoetan kanoi-zuloak egoten baitziren. Batzuetan aurrealdeak luzexeagoak ziren, harresirantz, eta alboa edo saihetsa etsaiaren artilleriaren inpaktuetatik babesten zuen hegal bat eratzen zuen. Bosgarren aldea harresian mihiztatuta zegoen, eta gola esaten zaio. Bastioiak modu egokian banatuz gero, elkarren alboak babesteko aukera ematen zuten, dorreek eta kuboek izaten zituzten angelu itsuak ez ziren eta hauetan sortzen.

62. 'Plaça de Fuenterrabía' / Leonardus Ferraris faciebat. - 1640.© Martín Izagirre
62. 'Plaça de Fuenterrabía' / Leonardus Ferraris faciebat. - 1640.© Martín Izagirre

Bastioietako lubetak oso sendoak zirenean, barnealde osoa betetzera heltzen ziren. Hau gertatzen ez zenean, berriz, erdiko espazio huts bat izaten zen, eta baratza, lorategi, kuartel, bolbora-biltegi eta abarretarako erabiltzen zituzten horrelakoak.

Gotorleku bastioidunak lubanarro batez eta kanpoaldeko elementu gotorrez inguratuta egoten ziren. Hauen eginkizuna gotorlekuko barruti nagusiaren aurkako azken erasoa atzeratzea zen, eta halaz, etsaia kanpoaldeko obra bat hartzeko puntuan zenean, bertan zeuden babesleak atzerago kokatutako kanpoaldeko obra baterantz egiten zuten atzera edo, egoerak oso okerrera egitea fortunatuz gero, Gotorlekuko barruti nagusirantz jotzen zuten; honek guztiak azken erasoa atzeratzea eta gudaroste setiatzaileen indarrak nabarmen ahultzea ahalbidetzen zuen.

Kanpoaldeko elementu gotorrek, dena den, arau nagusi bat bete behar zuten: etsaiak elementu edo gune horiez jabetzera iritsiz gero, sekula ez zuten aukerarik emango bertatik atzerago zeuden gotorguneak edo harresi nagusia erasotzeko. Horregatik, horrelakoetan ez zen batere parapetorik izaten gotorlekura begira, eta atzeragoko obretan kokatutako babesleen erasoaren mendean geratzen ziren beti etsaiak. Kanpoaldeko obra hauek, aitzitik, ez zuten komunikaziorik falta, bazituzten eta eskailerak, arrapalak, lubanarro-babesak (kaponerak) zubiak, atzeko ate edo ate isilak, eta abar., gotorlekuko beste obra guztiekin komunikatzeko; izan ere, soldaduak sarritan mugitzen ziren, bizkor, atzerantz batzuetan eta aurrerantz beste batzuetan.

61. Donostia hiriaren plano magistrala (1755), Carlos Agustin Giraud-ek egina.© Carlos Mengs
61. Donostia hiriaren plano magistrala (1755), Carlos Agustin Giraud-ek egina.© Carlos Mengs

Kanpoaldeko gotorguneetako elementu nagusiak honakoak dira: kontragoardiak, babes-adarrak, hesi-babesak, bide estaliak eta glazisak.

Kontragoardiak, esaterako, bastioi baten aurrealdearen parean angelua eginez jarritako bi harresi-atal ziren. Babes-adarrak bi bastioi-erdi dira, hormatal batez lotuak, eta harresi-atalak (hegalak) dituztenak gotorleku nagusirantz, bertaraino iritsi gabe ordea. Hesi-babesak harresi-atalak babesteko diseinatuta daude, eta bi aurrealdez (eta normalean bi alboz) osatuta daude. Ilberriek (Media luna deituek) ere antzeko eginkizuna betetzen dute, baina hauen ezaugarria alborik ez izatea eta gotorlekuranzko lubeta kurbo bat edukitzea da.

Bide estaliak lubeta estu bat dira, kanpoaldeko gotorguneen urruneneko ingurua zeharkatzen duena; gotorlekuranzko mugan lubanarro bat dute, eta kanpoalderantz, berriz, glazisean oinarritutako fusileriako parapeto bat. Normalean hainbat puntutan etenik egoten da bidea (neurri batean behintzat), babeskiak (luban antzekoak, lurrezkoak alegia, etsaien tiroei bidea galarazteko) eta armagune txikiak izaten ditu eta.

Glazisa beheranzko malda txiki bat da, bide estaliko parapetotik abiatu eta kanporantz doana. Funtsezkoa zen honetan batere oztoporik ez izatea, etsaia beti-beti babesgabe egon zedin eta babesleen tiroek aurre egin ahal izan ziezaioten edozein hurbiltze ahalegini.

Ohikoa zen, halaber, gotorlekuetan barruti bat izatea ikaragarri gotortua, erabilera militarrerako soilik, ziudadela edo gaztelugaitz deitua; honen eginkizuna soldadu babesleen azken defentsa-gune izatea zen, edo bestela tokiko biztanleak berak kontrolatzea egoera nahasiak gertatzen zirenean. Normalean pentagono itxura zuten (horrelakoxea ikus dezakegu Iruñeko ziudadela bikainaren kasuan), nahiz forma irregularrekoak ere bazeuden, esaterako Donostiakoa, non Urgull mendiko gotorlekuak bete ohi zuen eginkizun hori.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2020 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net