gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

lunes 23 diciembre 2024





Bertan > Bertan 10 Trenes de Gipuzkoa > Versión en euskera: Trenak, Meategiak eta Fabrikak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Trenak, Meategiak eta Fabrikak

Garraio sistema egokia edukitzea funtsezkoa da edozein mearen ustiaketari ekiteko, izan ere mearen azkeneko salneurria, meategiaren errentagarritasuna, beraz, oso estu lotuta baitago ekoizpen eta kontsumo guneetaraino garraiatzeak duen kostuarekin.

98. Cementos Rezola enpresaren trena.  1955.  urtea.
98. Cementos Rezola enpresaren trena. 1955. urtea.

Gipuzkoako meagintzaren eraginez bost trenbide sortu dira, baita beste sistema batzuk ere, aireko kableena, adibidez. Horietako bi, gerora, interes orokorreko trenbide bilakatu dira.

Ekialdetik mendebalderako bidea egiten badugu, Irunen topatuko dugu lehenengo meategiko trenbidea, inguruko meatzeak Norte Ko estazioarekin lotzen zituena, hain zuzen. Bagoietan garraiatzen zuten mea helmugaraino: Baionako Labe Garaiak. Britania Handiko konpainia batek 1886an eraikia zenez, trenbide horrek oso zabalera ingelesa zeukan: 3 oin (0,92 metro). Urte batzuen buruan metro bateko zabalera hartu zuen eta Elizondoraino luzatu zuten, halatan Bidasoako trenbidea deitzen zitzaionarekin bat eginez.

Oiartzunaldean meategiko bi trenbide zeuden. Garrantzitsuena, 1901ean eraiki zen eta Arditurriko meategia eta Pasaiako portua lotzen zituen. Cantilever motako zubi handi bati esker, bagoiak irauli eta zuzenean hustutzen ziren itsasontzietako sotoetara. Meategiko trenbide hori, errailen artean 0,75 m-ko zabalera zuena, 1965ean itxi zuten.

99. Irungo meatzetako bagoneta
99. Irungo meatzetako bagoneta

Beste trenbide bat ere hasi zen 1898an tarte batean goian aipatutakoaren pare-parean zihoana, baina harekin bateraezina zena, 60 cm-ko zabalera besterik ez baitzeukan, Artikutza aldeko zenbait meategi nahiz baso-ustiategi eta Errenteriako Norte Ko estazioa lotzen zituena. Ia 30 km-ko ibilbidea egiten zuen eta bere mailan Penintsulako luzeena zen. Hala ere, bizitza laburra izan zuen eta 1917an haren sustatzaileek bertan behera utzi zuten. Handik gutxira Gipuzkoako Foru Aldundiak azkeneko tartea -Karrika eta Gabierrotako harrobien artekoa- bere gain hartu zuen harria garraiatzeko, gero Herrialdeko errepide sarea zolatzeko erabiltzen baitzuten. Tarte hori berrogeita hamarreko urteak arte aritu zen.

Plazaolako trenbidea 1901ean egin zuten, izen bereko meategitik ateratako burdin-mearen aterabidea errazteko asmotan. Trenbidea, metro bateko zabalera zuena, sigi-saga aurreratzen zen Leizaran bailaran barrena Andoaingo geltokira iritsi arte eta han Norte Ko Konpainiako trenetara aldatzen zuten karga. Gero 1914an bi muturretatik luzatu zuten trenbidea, alegia, Plazaolatik Iruñeraino eta Andoaindik Lasarteraino, non bat egiten baitzuen Vacongado etako linearekin, halatan interes orokorreko trenbide bilakaturik. Hala eta guztiz ere, mearen garraioa izan zuen trafiko nagusitzat Plazaolako trenbideak eta ez zuen urte askoan iraun behin meategiak itxi zirenez gero berrogeiko urteetan. Trenbideak 1953ko uholdeen ondorioz kalte larriak jasan zituenez, azkenean itxi egin zuten, nahiz eta artean 1959an ere tren banaka batzuk ikusi ziren Leizaran bailara zeharkatzen, basogintzako gaiak eramanez.

100. Minerala garraiatzeko 'Tolva' bagoia
100. Minerala garraiatzeko 'Tolva' bagoia

Mutiloko meategiek ere eduki zuten tren txiki bat, Norte Ko Trenbideak Ormaiztegin zeukan estazioarekin lotzen zuena. Mende hasieran eraikia eta errailen artean 75 cm-ko zabalera zuela, "Mutiloa" izenez bataiatutako lurrin-lokomotora txikia 1947an ibili zen azkeneko aldiz. Handik gutxira, instalazio guztiak desegin egin zituzten, nahiz eta gaur egun ere ia osorik gordetzen den berak zeukan trazatu ikusgarri hura.

Trenbideek meagintzaren garapenari ez ezik, zenbait industriaren garapenari ere lagundu zioten, Añorgako Cementos Rezolari, esate baterako. Trenbide sare konplexu bat bitarteko, harria harrobietatik fabrikaraino garraiatu eta han ekoiztutakoa, zenbait adarren bidez hainbat lotura zeudenez, Vascongado etako trenbidetik nahiz Donostiatik Tolosarako tranbiatik ateratzen zen. Fabrikako instalazioetako azken bazterreraino iristen ziren han lurrinezko lokomotorak, dieselak eta argindarrezkoak, baita trolekamioi xelebre batzuk ere.

Pasaiako portuan zegoen Gipuzkoan izan den industriako trenbide sarerik interesgarrienetako bat. Trenbide sarearekin ondo lotuta egotea funtsezkoa du portu orok, horrela arinago egiten baita itsasontzietako kargen bidalketa.

Pasaiako portu barruko trenbide sareak bazuen berezitasun bat, ordea, han barruko trenbideek bi zabalera baitzeuzkaten errailen artean, lotuta baitzegoen, batetik, Norte Ko Konpainiaren trenbidearekin (1,67 m-ko zabalera), eta bestetik, "Topoarekin" nahiz Donostiako hiri barruko tranbiarekin, metro bateko zabalera zutenekin. Pasaiako portuak bere lurrin-lokomotorak eduki zituen eta hirurogeita hamarreko urteetan diesel lokomotorekin modernizatu zuen bere parkea. Hala ere, laurogeiko urteen hasiera arte ere, noizean behin ibiltzen zen lurrinezko lokomotoraren bat, baina azkenekoa, zoritxarrez, 1989an zatikatu zuten.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net