gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

lunes 23 diciembre 2024





Bertan > Bertan 10 Trenes de Gipuzkoa > Versión en euskera: Tranbiak eta Trolebusak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Tranbiak eta Trolebusak

Hiri handiek iragan mendean izan zuten hedapena ezinezkoa izango zen, baldin eta harekin batera garraiobide egokiak garatu ez balira. Karretak eta zalgurdiak guztiz deserosoak, motelak eta zaratatsuak zirenez, berehala pentsatu zen trenbidearen hastapenak hirietako garraiora egokitzea. Horrela sortu zen tranbia.

121. Donostiatik Hernanirako tranbia Gipuzkoa plazan
121. Donostiatik Hernanirako tranbia Gipuzkoa plazan

Gipuzkoako lehenengo tranbiak, 1887an, Mirakontxa eta Ategorrieta bitartean ibili ziren, Bulebarrean barrena, eta berehalaxe luzatu ibilbidea, alde batetik Benta Berriraino eta beste aldetik Errenteriaraino. Irunen 1893an jarri zen hiri barruko tranbia eta 1896an luzatu Hondarribiraino.

Gipuzkoako lehen tranbiak, munduko beste tokietan bezalaxe, abereen trakzioaz baliatu ziren, izan ere lurrinezko lokomotorak hirietako kaleetan barrena kea zeriela ibiltzea, osasungaitza eta arriskutsua baitzen. Nolanahi ere, zaldi azienda erabiltzeak ere bere arazoak zituen eta inoiz zerbitzua eten beharrean gertatu ziren, ganaduaren gaixotasunak zirela medio.

122. Udako tranbia irekia.  Donostiako azkenekoa
122. Udako tranbia irekia. Donostiako azkenekoa
123. Donostiako tranbia elektrikoa
123. Donostiako tranbia elektrikoa

Zerbitzua hobetze aldera, Donostiako Tranbiaren Konpainiak, bere lineetan argindarra sartzea erabaki zuen eta trakzio-sistema berri hori 1897an inauguratu zuen, Madril eta Bartzelonako hiriek baino lehenago ere. Irundik Hondarribirako linean 1919an sartu zuten argindarra.

Mende-aldaketarekin batera hasi zen tranbia zerbitzua benetan hedatzen, bai Donostiako Tranbiaren Konpainiarena bai beste enpresa batzuena ere. Lehenengoak hiri barruko linea hauek ezarri zituen: Amara (1903), Igeldo (1912) eta Gros (1915). Ulia Mendiko Konpainiak tranbia bat jarri zuen 1903an turismoa asmoekin, Ategorrietatik abiatu eta mendi horretara igotzen zena. Urte berean hasi zen lanean Donostiatik Hernanirako tranbia. Azkenik, 1912an osatu zen Gipuzkoako tranbia sarea, Donostiatik Tolosarako tranbia elektrikoa inauguratu zenean.

124. Miarritzetik Tolosarako tranbia konpainiaren akzioa
124. Miarritzetik Tolosarako tranbia konpainiaren akzioa

Tranbiek, urtetan, garraio zerbitzu egokia eta ezinbestekoa eskaini zuten, bidaiariena nahiz merkantziena, azkenekoa Tolosako linean batik bat, hiri barruko sarearekin lotuta zegoenez Donostiako eta Pasaiako portuetaraino iristen baitzen.

Zoritxarrez, gerra garaiko eta gerra ondoko urte gogorrek galarazi egin zuten tranbiek behar zuten berrikuntza. Mende hasierako tranbiek ozta-ozta eutsi ziezaioketen zerbitzuari; hargatik, enpresa ustiatzaileek, udalek eta gainontzeko erakundeek, tranbiak kentzea erabaki zuten, Frantziako modari jarraituz, logikoagoa zen modernizazioari ekin beharrean, Alemanian egiten zenaren antzera.

Donostiako hiri barruko tranbiak 1948 eta 1952 bitartean kendu ziren, baita Tolosarako tranbia ere, eta haien ordez trolebus modernoak jarri ziren. Irundik Hondarribirako tranbia, berriz, 1953an ezkutatu zen eta haren ordez kea zerien autobusak ipini zituzten. Gipuzkoan tranbia 1958an ezkutatu zen betiko, Hernaniko linea itxi zenean, hain zuzen ere.

125. Topoaren Errenteriako geltokia 1925ean
125. Topoaren Errenteriako geltokia 1925ean

Zenbait urtetan zehar, trolebus isil eta garbi haiek Donostiatik bereizi ezinezkoa zen ezaugarri bihurtu ziren, batik bat bi pisuko trolebus dotore haiek, Londrestik 1962an ekarriak. Igeldorako linean barrena ibiliz Donostiako badiaren ikuspegi aparta eskaintzen zuten. Ordea, tranbiekin gertatu zen bezala, norbaiti otu zitzaion modaz pasata zeudela eta gero eta handiagoa zen trafikoari trabagarri zitzaizkiola, baina ez ziren ohartzen trafikoari benetako traba ez tranbiek, ez trolebusek, ez espaloi zabalek, ez semaforoek ere ez ziotela egiten, automobilaren gorakada neurrigabeak eragindako trafikoak berak baizik. Hala, bada, Leitzarango Bertxingo indarretxean sortutako argindarraz ibiliz inolako kutsadurik sortzen ez zuten trolebusen ordez, kea zerien autobusak jarri zituzten 1968 eta 1974 bitartean.

Azken urteotan, ingurugiroaz gero eta sentsibilizazio handiagoa dagoenez gero, eta automobilen neurrigabeko garapenak sortutako arazoek berek eraginda, garraio publikoak gero eta gehiago indartu dira eta horrekin batera tranbien eta trolebusen berraurkikuntza gertatu da. Zentzu handiz jokatuta kendu ez ziren toki haietan modernizatu egin dira eta kendu ziren tokietan, berriz, hala nola, Frantzia, Britainia Handia eta Estatu Batuetako hiri askotan, berriro jarri dira.

126. Animaliek higiarazitako tranbia Irunen
126. Animaliek higiarazitako tranbia Irunen
127. Donostiatik Tolosarako tranbia
127. Donostiatik Tolosarako tranbia

Tranbia modernoak, ingurugiroari begirunea izateaz gain, metroaren adinako garraio ahalmena dauka eta, hala ere, haren inbertsioen %20ra ere ez da iristen. Berriki egindako azterketa batzuek proposatzen dute atzera ere Donostiako kaleetara itzul daitezen eta, beharbada, datorren mendearen hasieran berriro bidaiatu ahal izango dugu sekula ezkutatu behar ez zuen garraiobide horretan.

128. Hernaniko tranbia Loiolan
128. Hernaniko tranbia Loiolan
129. 'Daimler' trolebusa
129. 'Daimler' trolebusa
130. Hiri barruko trolebusa
130. Hiri barruko trolebusa
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net