gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 22, igandea




Bertan > Korsarioak eta piratak > Versión en euskera: Hastapenak

HASTAPENAK

Euskaldunak eta itsasoa

Zalantzarik gabe, euskaldunak, euren abenturarako zaletasunaren edota izaera saiatsuaren eraginez, bertako mugetatik kanpo irtetzeko eragopeznik izan ez duten herrien artean aipa ditzakegu. Herriarekiko atxikimendu handia izan arren, euskaldunek beharrak, bai eta abenturarako zaletasunak ere bultzatuta euren lurra utzi zuten, itsasoaren hurbiltasuna lagun.

Denbora iragan ahala, eta eragingarri guztien ondorioz, Kantauriko alde honetan hainbat korsari eta pirata ageri zen, antzinan euren arbasoek poliki-poliki ezagutu eta, ahal zuten heinean, menperatu zituzten urak zeharkatuz. Ez baitugu ahaztu behar, korsaritza eta piratakeria merkataritza bezain zaharrak direla, eta itsasoko trafikoarekin lotura estua dutela.
Euskal Marinela.
8. Euskal Marinela. © Joseba Urretabizkaia
Marinel gipuzkoarrek antzinatik ezagutu eta menperatzen zituzten Kantauriko urak.
9. Marinel gipuzkoarrek antzinatik ezagutu eta menperatzen zituzten Kantauriko urak.
© Joseba Urretabizkaia
Euskal itsaslarien bidaien tradizioak eta iparraldeko lurraldeekiko harremanak oso hedatuta daude. Mairin Mitchellek esaterako, Irlandako Kerryko lehen erregea Eber, Iberiar Penintsulako iparraldetik zetorrena izan zela dio. Erdi Aroaren amaieran ere, Juan Zuria, Bizkaiko lehen jauntxoa, Eskoziako erregeren baten biloba zela ziurtzat ematen zuten, handik bere aitak bidalitako emakume baten semea, hain zuzen ere.

Julio Caro Barojak dioenez, hau ez litzateke itsas tradizio handirik ez duen gizarte batean sinesgarria izango eta euskal itsaslariak ere ez lirateke iparralderako euren ibilbidean Glasgow eta Orkada uharteetaraino iritsiko.

Baina euskaldunak beste herrietara joaten ziren garai artan, euren lurraldea eta itsasoa defendatzea ere beharrezko bihurtu zen. Izan ere, IX eta X. mendeetako garaia oso nahasia izan zen eta orduan agertzen zaizkigu vikingoak, Iparraldeko kostaldera iritsi ziren lehen lapurrak, bai eta normandiarrak ere. .
Orioko etxe bateko arrantza-eskena bati buruzko grabatua.
10. Orioko etxe bateko arrantza-eskena bati buruzko grabatua. © Joseba Urretabizkaia
Oseberg-eko ontziaren branka.
11. Oseberg-eko ontziaren branka. OsloVikingoak lanbro artetik agertu ziren, Eskandinaviatik zetozen eta Worms, Paris, Akisgran, Maguncia, Lisboa etab. gisako hirietan lapurretan ihardun zuten. Euren estrategiak ezustekoa zuen oinarritzat. Kostaldeko biztanleen artean beldurra nagusitzen zen euren Drakkarretako oihalak urrunean ikus zitezkeenean.
© Joseba Urretabizkaia
Baionan, eta bertako portuan, hain zuzen ere, ezarri zuten gure kostaldean agertu ziren lehen piratek euren kokalekua Castro Urdialesetik Baionarako kostaldeak nahikoa babesleku badu eta. Baiona, une honetan eta XI. mendearen bigarren erdiraino, pirata hauek erakarri zituen gune garrantzitsua izan zen, hainbat merkatari eta arrantzaledun itsas-portua, apezpikuen egoitza eta Akitania, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko harremanetarako ardatza baitzen. Izan ere, San Leon, apezpikuen egoitzaren fundatzaile eta ebanjelizatzaileari Normandiako piratek lepoa moztu zioten IX. mendean.

Normandiarren desafioak eta piraten agerpen hauek erregeei euren kostaldeak defendatzearen garrantzia zenbaterainokoa zen ulerrarazi zieten, eta, ondorioz, IX. mendearen haseran, babesleku edo portu horiek foruen bitartez ofizialki onartuak izan ziren, hauen bidez hiribilduak eratu zirelarik defentsarako erabil zitezen, bai eta Gaztelako merkataritzaren garrantzizko garai bateko salgaien irtengune gisa.
Hondarribiko zigiluaren aztarna.
12. Hondarribiko zigiluaren aztarna.
© Joseba Urretabizkaia
Baionako tradizioak San Leonen gorpua, Normandiako piratek 892an lepoa moztu ondoren ehundaka metrotan burua eskutan zuelarik ibili eta azkenik erori zeneko lekua adierazten digu.
13. Baionako tradizioak San Leonen gorpua, Normandiako piratek 892an lepoa moztu ondoren ehundaka metrotan burua eskutan zuelarik ibili eta azkenik erori zeneko lekua adierazten digu. Leku hartan iturri bat sortu zen. © Joseba Urretabizkaia

Hiribilduak

Herriko forurik zaharrena Bermeokoa izan zen, 1082an sortua. Gipuzkoari dagokionez, lehen garai honetan, fundazioak horrela eman ziren: Donostiari 1180 baino lehen; Hondarribiari, 1204an; Getaria eta Mutrikuri 1209an; eta Zarautzi 1237an. Ondoren, honako hauek eratu ziren: Oiarsoko Hiriberri, 1320an; Debako Monreal, 1346an; Zumaiako Villagrana, 1347an; Usurbilgo Belmonte, 1317an; eta Orioko San Nicolás, 1379an.

Fundazio hauek eragin zuten ekonomiaren bultzada nabarmena izango da XII. mendetik aurrera, Gipuzkoa eta Bizkaiak nolabaiteko garrantzi ekonomikoa lortu baitzuten euren itsaslari eta arrantzale kopuru handiari esker.

Donostiakoari buruz, bertako forua itsasoari buruzko arauak izan zituen penintsulako lehena izan zela esan beharra dago, benetako itsas kodearen sorrera eragin baitzuen. Gero, Gipuzkoako herri guztiei egokitu zitzaien. Foruari esker, Donostiako portua Gaztelako produktuetarako berezko irtenbide bihurtu zen, aurrerago, indar esportatzaile nagusi bilakatu zelarik, artilerako bereziki. Donostiak mailaka lortu zuen izaera bereziki komertzialak, oparotasunaz gain, gure kostalderantz piratak eta korsariak erakarri zituen, betidanik izan baitira gainontzekoen ondasunen zale.
Donostiako zigilua.
14. Donostiako zigiluan eta harmarrian ez da arrantzontzirik agertzen, Getaria eta Hondarribiakoan bezala, merkatalontzi bat baizik, hiribilduak hasieratik izan zuen merkataritza-izaera dela eta. © Joseba Urretabizkaia
Zarautz eta Getaria arteko kostaldea.
15. Zarautz eta Getaria arteko kostaldea.
© Joseba Urretabizkaia

Gure kostaldetik urrun

Euskal itsaslariak itsaso ezagun guztietan ibili ziren, eta, haietako zenbait, ez zen merkataritza lanetan bakarrik aritu. 1282an, adibidez, borondatez ihardun zuten euskaldunen talde batek Gales herriko konkistan parte hartu zuen, armada anglonormandiarrarekin batera. Eta, 1304ko Genoako berriemale batek jaso zuenez, kanpotik erasotu zituzten ..."pasaron el estrecho (de Gibraltar) gentes del golfo de Gascuña, con navíos llamados cocas y entraron en corso para nuestras naves haciendo no poco daño".

Behe Erdi Aroan, berriz, euskaldunek Italiako merkatarien garraiolari lanak egin zituzten eta Mediterranioa Europako iparraldeko beste eremu batzuekin komunikatzea lortu zuten. Kataluniarrek karel altuko ontziak behar zituztenean, iparraldeko portuetan bilatu ohi zituzten, Euskal Herrian esaterako. Beraz, euskaldunek armatu, gidatu eta, ohitura zen bezala, errege eta bestelakoei alokatzen zizkieten.

Eta, Mediterraniotik Atlantikora igaroz, 1393an euskal itsaslariak ikusi omen zituzten Kanariar irlak aztertzen, edo, aurrerago, Guineako golkorako espedizioetan.

Eremu hauetako euskal itsaslarien presentziari dagokionez, gogoan izan dezagun Carlos Claveríak dioena, hau da, Cadizen, aspaldidanik, euskal pilotuen elkargo bat zegoela.

Denbora igaro ahala, XIV eta XV. mendeetan ingelesak eta frantziarrak elkarren aurka jarri zituzten gerretan euskaldunek izandako partaidetza nabarmena izan zen. Ehun Urteetako gerran zehar (1337-1453), euskaldunak Frantziako ontzitan itsasoratzen ziren, hauekin batera sinatutako itunen ondorioz.

Beraz, Euskal Herriko merkataritzarako ontzitza benetako potentzia bihurtu zen. XIV. mendean gure ontzitzaren batasuna Brujaseko "esterlines" auzoko Kontsulatua eratu zuten arte iraunarazi zen.

Baina azter dezagun, halaber, beste zenbait agertoki eta iharduera.
Baionako katedraleko eliz-gurutzean dagoen kokaren erreprodukzioa.
16. Baionako katedraleko eliz-gurutzean dagoen kokaren erreprodukzioa.
© Joseba Urretabizkaia
Gure urek korsarien abenturen oroimenak gordetzen dituzte
17. Gure urek korsarien abenturen oroimenak gordetzen dituzte. © Joseba Urretabizkaia
XIV eta XV. mendeetan Donostia Kantauriko kostaldeko kontratazio-gunerik garrantzitsuena izan zen, eta Hansako merkatari alemanak, "esterlines" gisa ezagutzen zirenak, maiz etorri ohi ziren bertara. Donostiako kale honen izena, aleman hauek bertan izango zuten etxabe edo ostaturen baten omenez jarria da
18. XIV eta XV. mendeetan Donostia Kantauriko kostaldeko kontratazio-gunerik garrantzitsuena izan zen, eta Hansako merkatari alemanak, "esterlines" gisa ezagutzen zirenak, maiz etorri ohi ziren bertara. Donostiako kale honen izena, aleman hauek bertan izango zuten etxabe edo ostaturen baten omenez jarria da. © Joseba Urretabizkaia


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net