gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko azaroak 22, ostirala




Bertan > Korsarioak eta piratak > Versión en euskera: XVII. Mendea

XVII. Mendea

Euskal korsaritzaren urrezko mendea

XVII.a euskal korsarien urrezko mendea izan zen. Korsaritzak garrantzi izugarria lortu zuenez, 1621eko Errege Dekretuak Korsaritzaren Errege Aginduak ezarri zituen -Lege Orokor gisa- non iharduera hori burutzerakoan bete beharreko arauak jasotzen baitziren.

Mende honetan, Gipuzkoako probintzia Euskal Herriko korsaritza eremurik nagusiena izango da, eta, Otero Lanak dioenez, penintsulako korsaritza osokoa ere.

Bilbo merkataritza kontrolatzen hasiko da, Bilboko Kontsulatua sortuz, eta, ondorioz, euskal merkataritza hiribildu honetan finkatuko da. Bilboko ekonomi dinamikak Donostia merkataritza portu gisa baztertu egingo du, eta 1682 arte eta merkataritza sustatzeko, ez du bere Kontsulatua lortuko. Merkataritzaren beherakadak eta baliabideen beharrak Donostia Penintsulako korsari-portu nagusi bihurtuko dute. Horrela, Donostian, aurkajarritako bi talde osatuko dira; korsaritzako ontzijabeena eta merkatariena, zeinak korsaritza merkatariak ikaratzeko eragozpentzat hartzen baitzuten. 1622 eta 1697aren artean, Enrique Oterok dioenez, gure hirian ehun eta berrogeita bat ontzijabek izan zuten baimena eta berrehun eta hirurogeita hamaika ontzik ihardun zuten korsaritzan. Hauetako zenbait atzerritarrak ziren, bereziki Iparraldekoak, bretoiak eta irlandarrak.

Hondarribia penintsulako bigarren portua izan zen, honen ondoren, Pasaia, eta, urrutiago Orio, Zarautz eta Getaria zeudelarik.

Korsaritzaren zabalkunde honek, hain berean, euren iharduera-eremua ere zabal zedila eragin zuen. Leku tradizionalek, hala nola, euskal kostaldeak eta Indiak, bere horretan jarraitu zuten, baina Europako iparraldeko urak –Frantzia, Ingalaterra, Holanda eta Irlandakoak,- iparralderantz hedatu ziren, eta, beste zenbait, Ternuakoak kasu, baztertu egin ziren.
XVII. mendeko euskal portuaren irudia.
77. XVII. mendeko euskal portuaren irudia.
© Joseba Urretabizkaia
Donostiako Kontsulatuko harmarria.
78. Donostiako Kontsulatuko harmarria.
© Joseba Urretabizkaia

Ternua eta Ipar itsasoak

Lehen esan bezala, XVI. mendearen amaierarako Ternuako arrantzak beherakada handia jasan zuen arrazoi politikoak zirela eta. Badia handi horretako arrainlekuetako baleen urritasuna ere aurrekoari gehitu behar zitzaion, XVII. mendean zehar oso nabarmen ageri baitzen. Batzuen ustez gutxiago zeudela zen arrazoi nagusia, gizakiaren erasotik urrundu zirela, edota uraren tenperaturaren aldaketagatiko emigrazioa.

Horrela, euskaldunek, lurralde horiek poliki-poliki utziko zituzten, gure mendearen lehen hamarkadan ere, Ternuan euskaldunen presentzia dokumentatuta dagoen arren, bai eta mendearen erdialdean ere. Euskal kostaldean oraindik bazegoen balearik, nahiz eta XIV. mendeaz geroztik ere urritasuna nabarmena izan.

Halere, baleen arrantza ez zen baztertu, aitzitik, lanerako eremuak zabaldu zituzten, ipar itsasoetara urrunduz. 1612an Juan de Herauso donostiarra Groillandteko lurraldeetara joan zen bere ontziaz, emankorragoa ote zen ikustera “Groillandt, que es más septentrional que la Noruega y podía ser la pesquería más abundante”. Kanpaina ona izan zen eta itzuli zirenean, beste ontzi batzuk ere harantz joan zitezen animatu zituzten. Horrela, urtebete beranduago, hamabi ontzi irten ziren norabide berean. Kostalde hartara hurbiltzerakoan, donostiarrak iritsi ahala Ingalaterrako bi galeoik guztia lapurtu zieten eta haientzako arrantza egin zezaten agindu zieten, guztia, Ingalaterrako Erregearen baimenaz burutu zutelarik.

Zenbait urte geroago, ingelesek euskaldunei Artikoan baleak harrapatzera joateko eskatu zieten, trebeak omen zirelako, "prácticos en el manejo del arpón". Ingelesek labe eta upelen ardura zuten. Hogeita lau euskaldun ingelesen ontzitan itsasoratu ziren Spitzbergenerantz, Baffinen agintaritzapean. Aurrerantzean, ugariak izango dira Ipar buruan, Islandiako iparraldean eta Norbegiako Itsasoan hildako marinelen jakinarazpenak.
Gipuzkoako kostaldea
79. Gipuzkoako kostaldea. © Joseba Urretabizkaia
Hondarribia, XVII. mendeko korsaritzarako penintsulako bigarren porturik garrantzitsuena izan zen.
80. Hondarribia, XVII. mendeko korsaritzarako penintsulako bigarren porturik garrantzitsuena izan zen.
© Joseba Urretabizkaia

Euskal kostaldea

Arrisku atzerritarra
Euskaldunek, gure kostaldean, korsaritzan aritu ez ezik, hau jasan ere egin behar izan zuten.

Holandako korsariak euskal kostaldera ere hurbildu ziren, eta zenbait euskal portu lapurretxetzat hartu zuten, talaia gisa erabiliz. Atzerritarren inbasioak jasateko beldurra ohizkoa zen. Horrela, Donostia erasotuko zuelako beldurra, oraingo honetan ingelesen eskutik, 1626an areagotu zen. Beraz, Urumea ibaia katea batez itxi zuten Santa Catalina zubiaren parean eta horrez gain, oholesi bat eraiki zuten Lurrezko Atetik hareatzaraino. Halere, gauzak ez ziren ongi atera.

Baina, zentzu honetan, eraginkorrenak La Rochelleko piratak izan ziren, XVI. mendearen amaieran gipuzkoarrak erasotu baitzituzten.

1621ean, gipuzkoarrek Donibane Lohizuneko diputatuei idatzi zieten eta hurrengo urtean Ziburukoei, La Rochellekoen aurkako armak eta babesa eskatuz, hauek ia neguro erasotzen baitzuten euskal kostaldea. Pirata horien eraso larriak saihesteko, La Rochelleko porturako zigor-espedizioak egin zituzten Donibane Lohizuneko korsariek, erregeen baimena zutelarik.

Halere, hemengoak ez ziren beti ere kaltetuak izan, Caminok dioen bezala, Donostiako korsariek, garai honetan, La Rochelle eta Holandakoengandik salgaiez betetako ehun eta hogei ontzi lortu baitzituzten.
Izotzez inguratutako ontzi bat adierazten duen De Bry-ren 1601eko grabatua
81. Izotzez inguratutako ontzi bat adierazten duen De Bry-ren 1601eko grabatua.
© Joseba Urretabizkaia
Spitzbergenen mapa.
82. Spitzbergenen mapa. Ingalaterran euskal marinelak kontratatu ohi zituzten Artikoan baleak harrapatzeko. © Joseba Urretabizkaia
Gipuzkoarrak Bilbon
Korsari gipuzkoarrak, bai eta bizkaitarrak ere, Bilboko portura joan ohi ziren harrapakinak jasotzera, eta hau, gehienetan, hiribildu honetako merkataritzaren arrakasta zela eta, ontziz beteta egoten zen. Ontziak itsasadarraren inguruan kokatzen ziren, eta bertan egoten ziren, erasorako prest, Holanda eta Ingalaterrako ontzi onen zai.

Bilboko portuaren itsas-ahoan jartzen zen Agustín de Arizabalo kapitain donostiarra nabarmendu zen, 1658an, esaterako, Europako iparraldetik zetorren ontzi oro harrapatu zuen; Frantzia, Holanda eta Portugaleko merkatalontziak.

Gipuzkoarrek Bilboko itsasadarrera ontzien erasora joateko zuten ohiturak Bilboko kontsulatuan, hasera batean lotsakor eta ondoren Herbeheren eraginez egin zituen kexuen bidez jaso zuen bere erantzuna. Eta arrazoia zuten, gipuzkoar hauek ez batzuten benetako pirata gisa baizik lan egiten, Bizkaiko portuetan, euren etxeko sukaldea bailitzan sartzen baitziren, atzerritarrei, inolako zigorren beldurrik gabe lapurtzeko.
La Rochelle portuko grabatua
83. La Rochelle portuko grabatua.
© Joseba Urretabizkaia
Donostiako portua adierazten duen gutuna. Ezkerraldean, Santa Katalina portua ageri zaigu
84. Donostiako portua adierazten duen gutuna. Ezkerraldean, Santa Katalina portua ageri zaigu. © Joseba Urretabizkaia
Defentsarako saiakuntzak
1688tik aurrera, Frantziako fragata arinak, ordurako artileriaz hornitutako baleaontziak, kostalde Atlantikoko terrorea ziren. Fragata hauen eraginik handiena Luis XIV errege frantziarrak Augsburgoko ligako Europako aliatuekin izan zuen borroka gogortu zenean nabaritu zen, haien artean Espainia zegoelarik. Fragata hauetako batzuk euskal kostaldean korsaritzan aritu ziren, eta, ondorioz, Bilboko Kontsulatuak eta Donostiako merkataritzak esku hartu zuten.

Bilboko Kontsulatuak 1691n bi fragata itsasoratu zituen, ingurua zaindu zezaten, eta hauek, Frantziako korsarien ontzitza baten aurrean garaipena lortu zuten.

Donostiako merkataritzak, bere kostaldeko segurtasuna iraunarazteko, 1690ean fragata bat eraiki zuen eta honen gidaritza Pedro de Ezábalen esku geratu zen, Kontxako biztalea, zeina erregearen baimenaz korsaritzan aritzera irten baitzan bai eta gure uretan zebiltzan Frantziako ontzi beldurgarri haietako zenbait harrapatu ere.
Bilboko grabatua
85. Bilboko grabatua. © Joseba Urretabizkaia
1690ean, korsaritzan aritzeko eta Donostiako kostaldea frantziarren erasoetatik defendatzeko fragata bat eraiki zen
86. 1690ean, korsaritzan aritzeko eta Donostiako kostaldea frantziarren erasoetatik defendatzeko fragata bat eraiki zen. © Joseba Urretabizkaia
Fragata honi buruzko Errege aginduak, ontziaren ezaugarriak eta egitekoak izendatzeaz gain, korsaritzan izandako gertakarien xehetasunak ematen dizkigu:

"Los hombres de negocios de esta Ciudad han fabricado una fragata de guerra de trescientas toneladas, con cuarenta y dos piezas de artillería, nombrada "Nuestra Señora del Rosario", para corsear y guardar estas costas de las invasiones de franceses; y, salida a este efecto a la mar, en virtud de patente de su Magestad, tripulada con gente de la tierra, ha apresado muchos navíos franceses y traídoles al puerto de esta ciudad, de donde salió; habiendo peleado con tal valor y buena fortuna que ha puesto terror y ahuyentado a los franceses de estas costas, en tiempo que las tenían infestadas de manera que cerraban los puertos, hasta ponerse debajo de la artillería del castillo de la Mota..."

Agintariak laster konturatu ziren euskal marinelen indarrak sustatuz lortuko zituzten abantailez, eta hauek espedizioak egitera bultzatu zituzten euren kontrolperantz erakartzearren.

1697an Ryswickeko bakea sinatu zuten eta, ondorioz, Augsburgoko Ligaren eta Eguzki Erregearen arteko gerra amaitu zen.
Joanes de Suhigaraychipi, "Le Coursic"
Garai hartan gure kostaldea erasotzen zuten korsari frantziar haietako bat Joanes de Suhigaraychipi baionatarra zen, "le Coursic" (korsari txikia) izenez ezagunagoa. Erregearen korsaria izan zen eta burututako balentria eta zerbitzuei esker, nobleteria tituluak irabazi zituen.

Bere fragatak, "Légère" izenekoak, espainiarren eta Holandaren aurka korsaritzan aritzeko baimena zuen. Hain arrakasta handia izanik, Baionako gobernadoreak berak fragataren armamentuaren erdia bere gain hartu zuen, hogeita lau kainoiekoa hain zuzen ere. Eragiketak oso etekin onak eman zituen eta sei urteren buruan, ehun ontzi harrapatu zituzten. Goi mailako beste zenbaiten laguntzaz, bere fragata, Sokoako portutik irten ohi zena, ingeles eta holandarren terrore bihurtu zen.

Bere balentriarik ospetsuenetako bat 1692an gertatu zen, gure uretan hain zuzen ere, eta Donostiako Kontxatik ikusi ahal izan zen. Bizkaiko San Antonio portuaren inguruan gure hirirantz zihoazen Holandako bi ontzi ikusi omen zituen eta bi egunetan harrapatu egin zituen. Bostehun tona, hogeita hamasei kainoi eta ehun marinel zituenera hurbildu zen lehenik eta deskarga batez egion zion eraso. Birritan egin zion talka nahiz eta tamainen aldea handia izan eta zaurituta zegoenez, etsaiaren sua zela eta, alde egin behar izan zuen. Halere, bere Iparraldeko marinelak arengatzen jarraitu zuen. Borrokak bost ordu iraun zuen eta hain odoltsua izanik, Holandako itsaslari guztien artetik hemezortzik bakarrik iraun zuten bizirik. Holandako bigarren ontzia ere urperatu egin zen. Tragedia gertatu zen lekuan, bost euskaldun hil ziren bakarrik.
Ihorizontea beti ere Marinelen erronka izan da
87. Ihorizontea beti ere Marinelen erronka izan da. © Joseba Urretabizkaia
Joanes de Suhigaraychipi
88. Joanes de Suhigaraychipi, "Le Coursic", Baionako korsari ezaguna. (P. Tillacen marrazkia).
© Joseba Urretabizkaia
Egun batzuk geroago, "le Coursic" berriro ere itsasoratu zen. Adour ibaiaren itsas-ahoa zeharkatu bezain laster, ehun eta hogei gizon eta hirurogeita lau kainoiez hornitutako korbeta batek eraso egin zion. Baionarrak ez zuen kolpea jasotzeko denbora baizik izan. Borroka horretan, goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko hiruretan amaitu zenean, "Légère"koa gailendu zitzaion ingelesari, harrapatu egin baitzuen. Garaipen hori kanalaren bi ertzetan bildu zen jendeak pozez hartu zuen eta, horren ondorioz, korsaritza irakasten hasi zen korsari gehiago prestatzeko, guztiak bere agintaritzapean eta itsasoratzeko prest zegoen Espainiako ontzitza berriaren bila irtengo zirelarik.

Bizkaiko Golkoan, ondoren, Holandako zenbait ontzi harrapatu zuen.

Eta gure uretatik kanpo, Europako iparraldeko Spitzbergenera holandarren aurka egin zuen espedizioa aipatu beharra dago, handik, balea sail handi batekin itzuli baitzen.

Sei urtetan berak bakarrik ehun merkataritza belaontzi harrapatu zituen, eta zortzi hilabetetan, erregearen fragaten laguntzaz, ehun eta hogeita bost. Donibane Lohizuneko portua bere hondakinez bete zuenez, Baionako gobernadoreak Luis XIV.ari gutun bat bidali zion erregearen etxetik Zibururainoko bidea estaltzeko adina ontzi harrapatu zituela esanez: "Puede pasarse desde la casa en que se alojaba Su Majestad, hasta Ciboure, sobre un puente de navíos apresados, sujetos unos a otros". Ausardia izugarriaz gain, handikien leialtasuna ere bazuen. Emandako hitzari uko egitea edota saldukeria errukirik gabe zigortzen zituen.

Zenbait urteren ondoren, Iparraldekoen eta bretoein Ternuatikako itzulera ingelesen aurka babestea izan zuen bere egitekotzat. Eta 1694an lurralde horietan hil zuten. Bere hilarrian Erregeren fragatako kapitain gisa agertzen da, honek eman baitzion ehun merkatalontzi baino gehiago lapurtzeko baimena.
Ziburu, Donibane Lohizunetik.
89. Ziburu, Donibane Lohizunetik.
© Joseba Urretabizkaia
Baionan, “Le Coursic”-en etxeak bere horretan dirau, izen bereko kalean.
90. Baionan, "Le Coursic"-en etxeak bere horretan dirau, izen bereko kalean.
© Joseba Urretabizkaia

Korsariak Europan

Zorionik gabeko errenteriarra
Ikusi dugunez, euskal kostaldeez gain, euskal korsariek iharduten zuteneko beste eremu bat Europako iparraldea zen.

1626 eta 1627 urteetan, hain zuzen ere, Donostiako sei ontzik eta hamairu patatxek Irlanda eta Eskozia inguruko piratakeria iharduera batean parte hartu zuten. J. César Santoyori esker haiei buruz dakigun gauza bakarra Miguel de Noblecía errenteriarraren agintaritzapean "San Jorge"k egin zuena da, ontziak bakarka aritzen baitziren. Lehen urtean espedizioak ez zuen arrakastarik izan, Berchavaneko portu irlandarrera iritsi eta harrapakina ia eskutan zutela, donostiarrei irlandarrenganako beldurra sartu baitzitzaien eta ondorioz, itzuli egin zirelako. Hurrengo urtean, "San Jorge" Kontxatik irten zen berriro ere eta aurreko urteko portura iritsi zen, bertan "legalki" hornitu zelarik. Orduan, Irlandako mendebaldeko kostaldetik abiatu zen, zorionez, aurrean eraso zezaketen ontziren bat agertuko zelako itxaropenez, baina, halakorik ikusten ez zutenez, lehorreratu egin behar izan zuten zerbait harrapatzeko. Hiru merkatari irlandarrei ontziratzea proposatu zitzaien eta haietako bat lurrera itzuli zen beste bien bahiketa ordaindu eta pirata horiei hornidurak emateko. Ondoren, Ingalaterrako gerrontzi batek itzulera oztopatu zien eta preso hartu zituzten.
Juana Larandoren ostatua
91. Juana Larandoren ostatua.
© Joseba Urretabizkaia
XVII eta XVI. mendetako ontziska eta katilu-motatako ezpatak
92. XVII eta XVI. mendetako ontziska eta katilu-motatako ezpatak. (San Telmo Museoa. Donostia). © Joseba Urretabizkaia
Juana Larando: Donostiako korsari alarguna
Lehen esan bezala, Donostiak korsarien portu gisa izan zuen zeregin nabarmenak leku guztietako ontzijabe profesionalak erakarri zituen, bai eta Penintsulako iparraldeko beste eskualdeetako eta atzerriko marinelak ere, espedizio eta espedizio artean, ostatutan bizi izaten zen jendea, hain zuzen ere.

1630ean, Juana Larandok, Donostiako alargun batek ostatu bat zuen eta bertan, leku desberdinetako hemezortzi bat abenturazale bizi omen ziren, Juanak, harrapakinen baten truke dirua irabazi arte ezer kobratzen ez zielarik, "todo en fiado, hasta que viniesen con presa y cobrasen lo que procediese", Tolosako Korrejimentuaren Agiritegian agertzen denez.

Honekin lortu zuen etekina beste bi bazkiderekin batera "San Juan" izenez bataiatu zuten patatx edo ontzi txiki bat erosteko erabili zuen, bata oriotarra zen eta bestea donostiarra. Patatxaren iharduera-eremua Frantziako kostaldea eta "Ingalaterrako kanala" izan zen. Bertako kapitaina Juan de Echániz izan zen.

Patatxaren irteeretako batean hamabi mila dukat lortu zituzten. Itzuleran, ontzian mutinazio bat biztu zen; "San Juan"a baliogabetuta geratu zen eta utzi egin behar izan zuten, ondorioz, beste ontzi hobea harrapatu zuten, "San Pedro" holandarra. Bertan, Zumaiara joan ziren, eta han saldu zuten hamaika mila ehun eta berrogeita hamabost errealetan.

Erreal horien banaketak sekulako iskanbila eragin zuen; Orioko parrokoari ere bere zatia zegokion –"San Juan"aren garaipenaren aldeko mezak eman zitzan eskatu baitzioten- bai eta banaketaren ondorioz egin zen epaiketako interpretariari, gero, preso hartutako flandestarrei emandako janaria ere ordaindu behar izan zen –ontzirik gabe bidali baino lehen- bai eta haien herrira itzultzeko txaluparen ordaina ere. Banaketaren emaitza, beraz, ondorengoa izan zen: Juana de Larando alargunari hiru mila seiehun eta bederatzi erreal eman zizkioten; Echániz kapitainari seiehun eta hirurogeita hamazazpi; interpretariari ehun erreal, eta korsari bakoitzari laurogeita sei erreal bakarrik egokitu zitzaien. Portzentai hau nahikoa eskasa izan zen harrapakina halako handia izanik.
Erregeen laguntza
Halere, ez zuten euren kabuz bakarrik ihardun. Mende horretan erregeek korsaritzari euren laguntza eman zieten, Erregetzak euskal korsariak babesten zituzten, eta eurentzat lana egin zezaten eskatzen zieten.

1633an erregeak beraien etsaiak erasotzeko ontzitza osa zezaten agindu zuen, "formar una escuadra de navíos para que anden a corso contra los rebeldes y enemigos de la Corona Real", eta ontzi bakoitzean ofizial edo langile gisa izena ematen zuten guztiek ontzitza horretako kide izango ziren.

Horrelako agirietan azaltzen denez, korsari guztiak ez ziren kostaldekoak. Halere, probintziaren barrualdeko hildakoen artean korsariak aurkitzea nahikoa zaila izan ohi da. Abaltzisketako Antonio de Aguirre haietako bat dugu; Juan de Zuriarrain edo Miguel de Gorostegui amezketarrak; José de Goicoechea ataundarra eta Ignacio de Bengoechea ataundarra.

1660tik aurrera Donostia eta Hondarribiako korsari ontziak Galiziako portuetan ageri ziren eta Ingalaterra, Mantxako Kanala eta Irlandarako korsarien irteetarako gune gisa erabili zituzten, bertako portuek baino ur horiekiko komunikabide hobea zutelako.

Eta horrelatsu jarraitu zuten Frantziarekin bake akordioa sinatu zuten arte. Gipuzkoak eta Lapurdik, XVI. mendean bezala, 1652an korkordia berregokitu zuten, eta haren bidez, korsaritzaren arauak berriro ezarri zituzten. Hauen arabera, bi eremuetako portuetara bideratutako inolako ontzirik ezin harrapatu izango zuten. Horrez gain, bi aldetako korsariek euren gaiztakeriatan jarraitu ahal izango zuten, elkarren erasoan aritzeagatik tregoa hautsi zutela pentsatu ere gabe. Akordioa Espainia eta Frantziako Gerrarako Kontseiluek onartu zuten. Bete zedin agindu zen eta 1667, 1675 eta 1694an berretsi zen.
Iparraldeko kostaldea
93. Iparraldeko kostaldea. © Joseba Urretabizkaia
Bukanero hitza "boucan"etik dator, Antillatan egin ohi zen haragi keztatutik hain zuzen ere
94. Bukanero hitza "boucan"etik dator, Antillatan egin ohi zen haragi keztatutik hain zuzen ere. (P. Tillacen marrazkia). © Joseba Urretabizkaia
"Britainia Handikoen ikara"
Frantziarekin bakea sinatu ondoren, euskal korsariak Ingalaterran jarri zuten berriro ere euren arreta.

Caminok dioenez, 50 eta 60ko hamarkadan korsari donostiarrek Britainia Handiko kostaldeko biztanleak izututa zituzten, "aterraron los mares los famosos corsarios donostiarras, causando espanto a todo el poder marítimo de la Gran Bretaña". Antonio de Oquendok, bestalde, ikara hori bakea sinatzeko eragingarria izan zela dio, "las hostilidades que sentía Inglaterra de las fragatas de San Sebastián y Pasajes, fueron uno de los motivos que le obligaron a desear la paz".

Donostiarekiko beldur hori hobeto ulertzeko, 1682an Donostiako Kontsulatuak emandako datua dugu, zeinak Donostiako korsari-ontziek zuten indarraz mintzo diren, bai eta Ingalaterran izan zuten eraginaz ere... "en 1656, había en los puertos de esta ciudad de naturales de ella y de la provincia, cincuenta y seis navíos, con que hacían hostilidades a los enemigos de la Corona, siendo constante que el grave daño que de éstos había recibido la navegación y el comercio de Inglaterra, había obligado a aquel reino, a hacer las paces".

Fermín de Alberrok horren arabera jokatu zuen eta Gales inguruan kokatu zen 1684an, eta bertan, Bilbora berun, mihise eta planoz beterik zihoan Bristoleko ontzi baten zai egon eta eraso egin zion. Ontzi hori hutsik sartu zen Bizkaiko hiriburuan eta bertan zeramana Donostiako kaira heldu zen, gertakari berriak gustoko zituzten biztanleen zarata artean.

Korsariak Indietan

XVII. mendean, halaber, XVI.ean bezala, ingeles eta frantsesen erasoek jarraipena izan zuten Espainiako ontzitzaren ahultasunaz baliatzen zirelarik. Oraingoan, beste kalte hauek ziren ahultasun horren iturburu: aurrekoek burututako kontrabandoa eta Karibeko portu desberdinetan, eta, bereziki, Tortuga irlan kokatutako pirata bukaneroen erasoak, zeinak, kolonia horietako ingeles eta holandarren laguntzaz, Antillatako lurralde aberats guztien eta kolonien arteko trafikoa egiten zuten ontzien amets gaiztoa izan baitziren. Bukanero izena "boucan" hitzetik zetorkien, hau da, eurek lantzen zuten ganaduaren haragi keztatu, lehortu eta gaztua.

Espainiak Karibeko kontrabanduaren arazoari eman zion erantzuna koloniako kostaldean zebiltzan eta atzerriko edozein ontzi susmagarri geratzen zituzten korsariei baimenak ematea izan zen. Harrapatutako ontziak eta hauetako artileria Espainiako kolonien defentsarako ontzitzaren osagai bihurtzen ziren.

Indietako korsari eta piraten aurka hainbat euskaldun nabarmendu zen.
Tomas de Larraspuru
Tomas de Larraspuru, aurrerago itsas almirante izendatuko zuten azkoitiarra Antillatara 1622an iritsi zen hamalau galeoi eta bi patatxen gidaritzaren ardura izanik, eta uharte horietako etsaiak uxatzeko asmoz. Margarita uhartetik Karibe itsaso osoa zeharkatu zuen eta Ingalaterra eta Frantziako kontrabandisten txabolak deuseztatu zituen uharte txikietan, eta "Nueva España" eta "Tierra Firme" ontzitzak bildu zituen. Urtebete beranduago, Espainiara hamairu milioietako altxor batez iritsi zen, barra, urre eta fruituez osatuta, eta ontzitza gobernatzen zuten generalen artetik onena zela zioten. Hamar urte barru hil zen.
Michel le Basque
Azkoitiarraren ondoren, holandarrek espainiarrek Karibean zuten ahalmenaren gainbehera eragin zuten, itsasoko euren indarrez, eta Antillak atzerritarren erasoen aurkako babesik gabe geratu ziren.

Eta, horien artean Donibane Lohizuneko Michel, le Basque, aipatu beharra dago. Hau, XVII. mendearen bigarren erdialdean Tortuga irlan kokatu zen, bera bezalako beste bukanero batekin batera, Olonés zelakoa hain zuzen ere, eta biek zenbait eraso burutu zuten. Lehenik, galeoi bat eta izugarrizko harrapakina eskuratu zuten Porto Bello portuan. Urte batzuk geroago, 1666an, Maracaibo portua erasotzea erabaki zuen, berrehun eta berrogeita hamar gizonez eta hamalau kainoiez osatutako merkataritza eraginkorra baitzuen, eta guztia lapurtu zuen, biztanleek ihesi joan behar izan zutelarik. Elizako apaingarriak ere hartu zituen, Tortuga irlan eratzeko asmoa zuen elizan jartzeko. Hurrengo urtean, berrogeita hamar gizon bakarrik izanik, Maracaibon lapurretan ibili zen berriro ere, eta dirutza handia eskuratu zuen.
Michel le  Basque.
95. Michel le Basque.© Joseba Urretabizkaia
Zenbait urte beranduago, Cartagenako gobernadoreak zona horretako piratak uxatu nahi izan zituen, haien aurkako ontzitza txiki bat bidaliz. Baina Michel le Basquek bergantin pare batekin nahikoa izan zuen gobernuko ondasunak eskuratu eta bere esker onarekin batera, gobernadoreari itzultzeko.

Michel le Basque ontzia "la Providence" fragata zen, Donibane Lohizunen eraikia. Hamasei kainoi zituen. Bertako gizonak berrogei inguru ziren, Michel le Basque eta Larralde kapitaina barne.
Gipuzkoako armada "La Tortuga" uharterako bidean
Indietako piraten erasoen arazoak ez zuen irtenbiderik izan zenbait urtetan.
1685ean Gipuzkoako zenbait ontzijabek Indietako korsarien aurka aritzeko fragaten ontzitza bat prestatu zuten, José Garmendiak eman zidan Indietako Agiritegi Orokorreko paper sorta baten arabera.

Indietan zebiltzan pirata ingelesen aurkako armada prestatzeko Gipuzkoako ontzijabeekiko kontratu bat zen. Indietako Gerrarako Batzordea Gipuzkoako ontzijabeekin harremanetan jarri zen horretarako armada bat lortzeko. Ontzijabeak donostiarrak eta hondarribitarrak ziren eta Canalejaseko kondea izendatu zuten ontzitzaren zaintzaile gisa eta San Telmoko hiru erlijioso ere bertako kide bihurtu ziren, gehienek ez baitzuten gaztelera ulertzen.

Armada honen eraikuntza Donostiako Anoeta ontzitegian burutu zen, eta oso azkar gainera. Berrehun eta berrogeita hamar tona eta hogeita hamalau kainoitako "Nª Sra. del Rosario y Animas" kapitainak, "San Nicolás de Bari" ehun eta berrogei tonatako almirantak eta "San Antonio" eta "Santiago" patatxek osatzen zuten. Tripulazioa, denera, laurehun eta hirurogeita hamazazpi gizonez osatuta zegoen.

Ameriketako uretan zeudela, zenbaitek ihes egin zuten eta, halabeharrez, fragata bat saldu behar izan zuten. Korsari ingelesen aurkako borroka Tortuga irlan bajel eta balandrin batez burutu zuten.

Baina, ontzitzak, helburu gisa zuen borrokarako baldintzak betetzen ez zituela zirudien, eta itsaslariak ere ez omen zeuden behar bezala prestatuak.

Zer gertatu zitzaien jakitea ahalbidetuko ligukeen armada honi buruzko beste daturik ez dugu.
Tortuga Irlako mapa
96. Tortuga Irlako mapa.
© Joseba Urretabizkaia
Katalina Erauso.
97. Katalina Erauso, F. Pachecok egindako erretratua. "Alferez monja" (Donostia, 1592), "Jesús María" ontzian, Txileko kostaldearen inguruko Cañeteko guduan (1615) Georg von Spilberg holandarrek kontratatutako korsari alemanaren ontzitzak urperatu zuenean zihoazenetatik bizirik iraun zuen lauteko bat izan zen. (Kutxa. Donostia).
© Joseba Urretabizkaia


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Dirección General de Cultura - Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net