gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko martxoak 28, osteguna





Bertan > Bertan 20 Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Espazioaren okupazioa

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Espazioaren okupazioa

66. Gailur nagusiak giltzarri ziren eremuen kontrolerako. Argazkian, Aralar mendizerra Intxurretik ikusia© Xabier Peñalver
66. Gailur nagusiak giltzarri ziren eremuen kontrolerako. Argazkian, Aralar mendizerra Intxurretik ikusia© Xabier Peñalver

Kobazuloak utzi ondoren, populazioa aire libreko habitatetan bildu zen, eta horiek, denbora igaro ahala, egitura eta antolamendu forma gero eta konplexuagoak hartu zituzten. Alabaina baliteke kobazuloak uzteko prozesu hori lehenagotik hasita egona toki horietatik kanpoko gune txikietan finkatzeko, beharbada lehengo bizileku haiek babestoki gisa mantenduz egoera berezietarako, edota beste batzuetan hainbat produkturen biltegi gisa.

67. Murumendiko herria, Intxurreko herritik ikusia.© Lamia
67. Murumendiko herria, Intxurreko herritik ikusia.© Lamia

Asentamendu edo kokagune egonkor baterako espazio bat aukeratzea, horrelakoak baitira herri protohistorikoak, ez da kasualitatean oinarritutako gauza bat. Era guztietako erliebeak dauden lurralde batean, normalean gailurrak edo ingurua baino gorago dauden tokiak hartu zituzten, batzuetan gainera amildegiz edo sarbidea eragozten zuten desnibelez hornituak.

Herri hauen kokagunea, ongi babestuta egoteaz gain, bide natural garrantzitsuen gainean egon ohi da, bertakoek lur-eremu zabalak kontrolatzen zituzten herritik bertatik, nekazaritza eta abelazkuntzarako erabil zitzaketen eremuak nagusiki.

68. Oria bailara, Gipuzkoako Burdin Aroko lau herriren ardatz.© Xabi Otero
68. Oria bailara, Gipuzkoako Burdin Aroko lau herriren ardatz.© Xabi Otero

Herrixketako batzuen kokapen honek au- kera eman digu lurraldea antolatzeko izan zu-ten modua ezagutzeko. Ildo honetatik, Oria harana adibide bikaina dugu: lau gune garaitatik, hots herri harresitu bana duten lau tokitatik, ibai honen arroko eremu zabalena bista-bistan geratzen da. Buruntza, Basagain, Intxur eta Murumendiko esparruek -elkarren arteko tarteak berdin samarrak dira- une horretan izan zitekeen kontrol-espazioen banaketara hurbiltzen gaituzte.

Bestenaz ere, herri horietako batzuk aldameneko esparrutik ere ikus daitezke. Honela, Basagaindik bista-bistan geratzen da Burun-tzakoaren kokagunea, eta alderantziz; gauza bera dugu Intxurren kasuan, Murumendi ikusteko ez baitugu inolako trabarik.

69. Hemen bertan Basagaingo herria, bertatik  Buruntzakoa ikusten da.© Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko Argazki Artxiboa
69. Hemen bertan Basagaingo herria, bertatik Buruntzakoa ikusten da.© Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko Argazki Artxiboa

Aztarnategi hauek itsasoaren mailaren gainean hartzen dituzten altuerak aldatu egiten dira, Murumendiren 868 metroko altueratik Basagainen 295 metrokora bitartean. Hala ere, garaiera handiagoa edo txikiagoa izateak ez du eremu zabalak ikustea galarazten, hurbileko ibaiaren edo ibaien ibilguarekiko zein inguruko lurrekiko desnibela handia delako. Gauzak horrela, Basagaingo herriaren esparrua oso-osorik inguratzen duen harresiko edozein puntutatik, nahiz toki garaiegia izan ez, lurralde eremu handiak ikus daitezke.

Uraren kontrola ere funtsezko elementua da kokagunea aukeratzeko garaian. Euri asko egiten duen inguruetan ere, esparru barruan edo gutxienez bertatik hurbil iturri bat zegoen tokietan kokatzera jo ohi zuten. Iturria izateak, hala ere, ez du esan nahi herri barruan ere euri-ura jasoko ez zutenik, hainbat sistema baliatuz horretarako. Izan ere, Intxurren indusitako bi etxebizitzen barnean bertako haitzean horrexetarako propio eginiko bi zulo biribil aurkitu dira, 1,70 eta 0,80 m-ko diametrokoak eta 0,60 eta 0,30 m-ko sakonekoak, hurrenez hurren.

70. Laborantza ohizko jarduera zen Protohistorian.© Xabi Otero
70. Laborantza ohizko jarduera zen Protohistorian.© Xabi Otero
71. Negua igaro ondoren, artaldeak goi mendietako larretara bidaltzen dira.© Xabi Otero
71. Negua igaro ondoren, artaldeak goi mendietako larretara bidaltzen dira.© Xabi Otero
73. Etxebizitzak ura bilduta edukitzeko leku egokiak ziren askotan.© J. Ignacio Treku (Kaioa)
73. Etxebizitzak ura bilduta edukitzeko leku egokiak ziren askotan.© J. Ignacio Treku (Kaioa)
72. Herrietatik gertu edo harresi barruan bertan iturria izaten zuten, Intxurren bezala, biztanleak urte osoan urez hornituta egoteko.© Xabier Peñalver
72. Herrietatik gertu edo harresi barruan bertan iturria izaten zuten, Intxurren bezala, biztanleak urte osoan urez hornituta egoteko.© Xabier Peñalver

Esparru hauetatik hurbileko espazioak, halaber, interes berezia du. Zona hauetan gertatu zen baso soiltzeak, horixe egiaztatu ahal izan baitugu analisi palinologikoen bidez, hainbat espazio libre uzten zuen, eta haietan bertako biztanleak arituko ziren zenbait jardueratan. Biztanleak, ohiko desplazamenduetan, bideak erabiliko zituzten, batzuetan, idi edo zaldiz eramandako gurdiekin. Oraingoz bide horien berririk batere ez badugu ere, oso kontuan hartu beharrekoak dira gaur egun arte erabili izan diren bide zaharrak.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net