gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2019ko urriak 23, asteazkena

Bertan > Bertan 20 Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan > Euskara bertsioa: Materialak: harria, zeramika eta metala

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Materialak: harria, zeramika eta metala

94. Barku-formako errota, Intxurrekoa, eta galirin ehotua.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa, Lamia
94. Barku-formako errota, Intxurrekoa, eta galirin ehotua.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa, Lamia
95. Harrizko leuntzaileak, Intxurrekoak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
95. Harrizko leuntzaileak, Intxurrekoak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
98. Basagaingo harrizko kolpekaria.© Lamia
98. Basagaingo harrizko kolpekaria.© Lamia
97.Basagaingo barku-formako errota baten zatia.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
97.Basagaingo barku-formako errota baten zatia.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
96. Gipuzkoako Burdin Aroko herrietan eskuz eta tornuz egindako lurrontzien tipologia.© Xabi Otero
96. Gipuzkoako Burdin Aroko herrietan eskuz eta tornuz egindako lurrontzien tipologia.© Xabi Otero

Segidako aldaketa teknologikoek eta zenbait jardueraren garapenak bizimoduak aldatuko zituzten, arian-arian, milurteko honetan. Eraldaketa horietako asko mota desberdineko euskarritan fabrikatuko ziren materialetan islatzen dira; horietako batzuk, gainera, berritzailetzat jo ditzakegu. Bilakaera honen oinarrian objektu batzuen inportazioa edota imitazioa zegoen, baina prozesu uniformea izango ez zenez joera bereizgarriak agertu ziren. Dena den, joera horiek sarritan nabarmen agertzen ez direlarik, irudi dakiguke kultura homogeneo baten aurrean gaudela.

99. Suharri industria, Basagain eta Munoaundikoa.© Edurne Koch, Lamia
99. Suharri industria, Basagain eta Munoaundikoa.© Edurne Koch, Lamia

Gizarte hauetan hatuetako elementu gehienak, aberatsegiak ez direnak, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerekin lotuta daude; material horietako batzuk guganaino iritsi dira etxebizitzen barnealdean edo horietatik hurrean banatuta, eta hala oso lagungarri gertatu dira eremuotako espazioaren egituraketa berreraikitzeko garaian.

101. Intxurreko ontzi apainduak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
101. Intxurreko ontzi apainduak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa

Zerealak, ezkurrak eta beste produktu batzuk -ez ezinbestean elikagaiak- ehotzeko zirkulu eta barku-formako harrizko errotekin lan egin zuten etxebizitza barrenean edo etxebizitzatik hurbil. Neurri desberdineko uharriak kolpekari edo leuntzaile gisa erabili zituzten, eta sutan eduki ondoren zurezko ontzietan jasotako likidoak berotzeko ere balioko zuten. Suharri industria, aurreko garaietan gertatzen zenaz oso bestela, dagoeneko nahikoa urria zen.

102. Eskuz landutako edalontzia, hondo laukoa eta pareta zuzenekoa, Intxurrekoa.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
102. Eskuz landutako edalontzia, hondo laukoa eta pareta zuzenekoa, Intxurrekoa.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa

Gaur egun barku-itxurako errotak badauzkagu, Intxurrekoa eta Basagaingoa, eta baita azken aztarnategi honetako biribil bat ere. Era berean, ugari dira txikitze eta ehotze lanetan erabili izanaren arrasto nabarmenak dauzkaten errekarriak ere, gainazalaren leuntze oso esaunguratsua daukatenak alegia; beste kasu batzuetan, arrasto edo seinale batzuek argi erakusten dute kolpekari gisa erabili zituztela. Horien guztien aleak aurkitu dira indusita edo indusketa fasean dauden Buruntzako, Basagaingo, Intxurreko eta Munoaundiko esparruetan.

Zeramikak pieza ugari ditu epe honetan, eta aurkitutako gauza gehienak puskatutako ontziak dira. Pieza sorta zabala fabrikatuko zuten etxe edo herri mailako tailerretan, eskuz hasieran, eta zenbaitetan, digitazio, azkazal marka, ebakidura eta lokarri-formako gaiez apainduko zituzten. Ontziak, normalean azpi laukoak, batzuetan neurri txiki edo ertainekoak dira -hauek sukaldekoak direla esan genezake-, eta beste batzuetan oso neurri handiak hartzen dituzte, likidoak edo janariak (ura, aleak, fruituak, etab.) jaso ahal izateko. Tipologiari begiratuta aniztasun handia egon arren, S forma leunak sarritan ikusten dira, eta lantzean behin, berriz, kono-enbor formak, lepo irekiak edo irekitzera egiten dutenak nagusi. Gainazalei emandako tratamendua deskribatzea ez da batere erraza, zeramika hondar horietako gehienak gure eskuetara zein egoera txarrean iritsi diren ikusita. Dena den, badirudi gehienetan leundu besterik ez zituztela egin, eta soilik oso noizean behin distirarazi.

103. Ertza apainduta daukan karenadun ontzia, Buruntzakoa.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
103. Ertza apainduta daukan karenadun ontzia, Buruntzakoa.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
104. Tornuz molduratutako ertza, Munoaundiko ontzi handi batena.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
104. Tornuz molduratutako ertza, Munoaundiko ontzi handi batena.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
106. Pareta fineko gopor txiki bat, tornuz egina, hondoa zilbor-formakoa da eta ertza kanpoaldera irekia. Basagain.© Lamia
106. Pareta fineko gopor txiki bat, tornuz egina, hondoa zilbor-formakoa da eta ertza kanpoaldera irekia. Basagain.© Lamia
105. Eskuz egindako ontziak, lokarri digitatuz apainduak. © Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
105. Eskuz egindako ontziak, lokarri digitatuz apainduak. © Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
107. Intxurreko burdinazko iltzeak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa
107. Intxurreko burdinazko iltzeak.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa

Ontzi mota hori eratzen duten oreek oso prozesu nabaria jasan dute zeuden tokian utzi ostean, eta horrek izugarrizko eragina izan du ontzien gogortasun eta kontserbazioan, zeramika-oreari sendotasuna ematen dioten kaltzitazko gehigarriak zeharo disolbatu baitira. Erabilitako materiala arreta handiz aukeratuta dagoela antzematen da, eta buztina herrixketatik oso urrun joan gabe bildua dela, kilometro batetik zortzirako tartean alegia. Pieza horiek 600 eta 750º C bitartean egosiko zituzten, lurrean egindako zuloetan, zeren eta egoste nagusiak erredukzio-motakoak ziren, eta oso irregularrak; gainera, batzuetan antzematen dira garrekin izandako zuzeneko kontaktuaren aztarnak. Hala eta guztiz, badira azken egoste oxidatzailea izan zuten zeramika batzuk, oso labe sinpleetan fabrikatuak beharbada (C. Olaetxea, 2000).

108. Basagaingo burdinazko aiztoa.© Lamia
108. Basagaingo burdinazko aiztoa.© Lamia

Buruntza, Basagain, Muno-aundi eta Intxurreko herriek aukera bikaina eskaini dute eskuz egindako milaka ontzi zati berreskuratzeko. Horien artean azpimarratzekoak dira, inondik ere, Buruntza eta Intxurreko ontzi handiak, lokarri digitatuz apainduak, eta kasu askotan horiek bezalaxe apainduta dauden neurri ertain eta txikiko batzuk.

Milurtekoaren lehen erdia igaro eta gero, aztarnategi batzuetan (Basagain, Moru eta Munoaundin) kalitate hobeagoko zeramika mota bat agertu zen, tornuz egina eta normalean zeltiberiar deitua; kolorez gorri-laranja da, eta zeramika honen bidez oso milimetro gutxiko lodiera duten pareta fineko pieza txikietatik hasi eta produktuak biltzeko neurri handi samarreko ontzietaraino heltzen dira. Hala ere ezagutzen ditugun kasu guztietan zeramika hau gutxienekoa da eskuz egindakoarekin alderatuta. Atentzioa ematen dute, dena den, Basagaingo herrixkan aurkitutako gopor txiki batzuen zatiek, oso pareta mehekoak baitira, ertza kanporantz biratua eta zilbor-formako hondoa baitute. Era berean, Basagain eta Munoaundiko indusketetan aurkitutako ertz lodi eta molduradun zati batzuk aipatu behar dira, ontzi handi batzuenak zalantzarik gabe.

109. Burdinazko iltzeak eta errematxea, Basagaingoak.© Lamia
109. Burdinazko iltzeak eta errematxea, Basagaingoak.© Lamia
110. Intxurreko burdinazko grapa.©
110. Intxurreko burdinazko grapa.
112. Burdinaz landutako gauzak, Basagaingoak.© Lamia
112. Burdinaz landutako gauzak, Basagaingoak.© Lamia
111. Dorretxo-formako brontzezko giltzaorratza, Munoaundikoa.© Edurne Koch
111. Dorretxo-formako brontzezko giltzaorratza, Munoaundikoa.© Edurne Koch
113. Munoandiko burdinazko pieza.© Edurne Koch
113. Munoandiko burdinazko pieza.© Edurne Koch

Metalezko objektuei dagokienez, berriz, esan behar dugu horrelakoak lehenagoko garaietatik egiten ari zirela gure lurraldean. Garai honetan brontzea produzitzen jarraitzen zuten, eta honen bidez hainbat pieza lantzen halaber, baina lehen milurtekoaren lehen erdia igaro ostean epe honetako eraldaketa handietako bat gertatu zen: burdinaren metalurgiaren hasiera, alegia. Metal hau erabili zuten objektu asko egiteko, bai etxebizitzak eta hainbat egitura eraikitzeko unean bai nekazaritza eta abelazkuntzako jardueretarako lanabesak eskuratzeko unean, armak egiteko bezalaxe. Igitaiak, nabarrak, aiztoak, txurroak, grapak edo iltzeak, aurrerantzean, burdinazkoak izango ziren, eta brontzea apaingarriak egiteko soilik erabiliko zen, hala nola zintzilikarioak, eskumuturrekoak, giltzaorratz edo fibulak, etab.

114. Munoandiko burdinazko aiztoa.© Edurne Koch
114. Munoandiko burdinazko aiztoa.© Edurne Koch

Herrien barnean zepak aurkitu izanak erakusten digu pieza horietako batzuk esparruetan bertan eginak direla, nahiz beste kasu batzuetan beste jende batzuekiko harreman komertzialen bidez eskuratuak izan daitezkeen.

115. Ontzi asko zurezkoak egin bide zituzten, eta barruko likidoa berotzeko, aurrez sutan berotutako harriak sartuko zituzten, Intxurren aurkitutako hau bezalakoak.© Edurne Koch, Xabi Otero
115. Ontzi asko zurezkoak egin bide zituzten, eta barruko likidoa berotzeko, aurrez sutan berotutako harriak sartuko zituzten, Intxurren aurkitutako hau bezalakoak.© Edurne Koch, Xabi Otero

Orain artean indusitako Gipuzkoako aztarnategietan aurkitu diren brontzezko material adierazgarrienen artean pisu bat eta dorretxo-formako giltzaorratz bat ditugu, Munoaundiko herrikoak biak. Burdinazkoen artean, berriz, aipatzekoak dira Intxurreko etxeetako baten barnealdean oso-osorik gorde den igitaia, Basagaingo nabarra eta indusitako barruti gehienetan aurkitutako aiztoak, iltzeak eta grapak.

116. Intxur eta Basagaingo lepoko-aleak beira-orez eginak. Eskuinera Basagain herriko lepoko-alea eskala naturalean.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa, Lamia, Xabi Otero
116. Intxur eta Basagaingo lepoko-aleak beira-orez eginak. Eskuinera Basagain herriko lepoko-alea eskala naturalean.© Aranzadi Zientzia Elkarteko Gordailu Zentroa, Lamia, Xabi Otero

Zura lehengai ugaria da, eta asko erabilia gainera etxebizitzak, itxiturak edo babesak eraikitzeko edota, errekuntzaren bidez, argia eta berotasuna lortzeko. Zurez egingo zituzten, halaber, hainbat objektu Historiaurrearen hasieratik; alabaina, material hau kontserbatzen oso zaila izaki, apenas dugun eginikoaren lekukorik. Dena den hondar asko dugu, eta horietako batzuek aukera ematen digute ikusteko nola lortu zituzten lodiera desberdineko oholak eraikuntzan erabiltzeko; are gehiago, Intxurreko bi kasutan iltze zulo bat eta ziri bat ditugu. Osterantzean, Nafarroako Alto de la Cruz herrian zurezko edalontzi batzuen zati batzuk aurkitu ziren; horiek oso-oso ongi landuta daude, eta toki hartako zeramikan ohikoa den forma bat erreproduzitzen dute. Era berean, ontzi aho zabaleko bat zatekeen baten hondar ikaztuak aurkitu ziren: ertzaren inguruan zuloak zituen, eta J. Maluquer de Motes-ek Euskal Pirinioetan esnea mamitzeko erabilitako zurezko ontziekin lotzen du. (J. Maluquer de Motes, 1954). Aztarnategi batzuetan zenbait lanabes aurkitu izana, birabarkiak, arraspak eta zeioak agertu baitira besteak beste, zur lanketaren egiaztagarri da, seguruenik ohiko kontua izango baitzen garai horretan.

117. Lepoko-aleak, beira-orez eginak, Basagainen aurkituak.© Lamia
117. Lepoko-aleak, beira-orez eginak, Basagainen aurkituak.© Lamia
118. Munduko kontinenteetan  kultura handi batzuk garatzen ari ziren, Gipuzkoako herri hauek osatu ziren garai hartan.© Xabi Otero
118. Munduko kontinenteetan kultura handi batzuk garatzen ari ziren, Gipuzkoako herri hauek osatu ziren garai hartan.© Xabi Otero
119. La Hoyako herrian (Euskal Herria) aurkitutako kutxak, gainazalean apaindura exzisoa dutenak, zeltiberiar garaikoak (Aroa aldatu aurreko lehenengo milurtekoaren bigarren zatikoak).© Armando Llanos

120. Eberdingen-Hochdorf hilobiko brontzezko kariatidea, koralezko inkrustazioak dituena, gure Aroaren aurreko VI. mendearen bigarren zatikoa.©
120. Eberdingen-Hochdorf hilobiko brontzezko kariatidea, koralezko inkrustazioak dituena, gure Aroaren aurreko VI. mendearen bigarren zatikoa.

Beira-orezko piezak aurkitu izanak batere ohikoa ez den eta kanpotik heldua izan daitekeen material batekin harremanean jartzen gaitu. Lehenagoko garaietan material hori erabili bazuten ere, orain sarriago ageri da lepoko- edo eskumuturreko-ale gisa, urdin kolorez gehienetan, eta zenbaitetan oso apaindura aberatsaz hornituta (Intxurren eta Basagainen). Lehengaia silize, kare eta oxido alkalinoetatik atera ondoren - horiei beste mineral batzuk gehitzen zaizkie proportzio txikitan- urtu egiten da 1200º C-tik gorako tenperaturan. Kolore sorta lortzeko, berriz, beste osagai batzuk gehitzen dira, hala nola metal koloidalak, oxido metalikoak eta gatzak.

121. Xi´an-go (Txina) Qin Shihuangdi hilobiko terrakotazko irudia, gure Aroaren aurreko 210ekoa.©
121. Xi´an-go (Txina) Qin Shihuangdi hilobiko terrakotazko irudia, gure Aroaren aurreko 210ekoa.
122. Persepoliseko erliebea. Irango gotorleku hura gure Aroaren aurreko 515 eta 330 urte bitartean eraiki zuten.© Xabier Peñalver
122. Persepoliseko erliebea. Irango gotorleku hura gure Aroaren aurreko 515 eta 330 urte bitartean eraiki zuten.© Xabier Peñalver
124. Portzelanazko 'uchebti-a', Berant Arokoa, Saqqarah-ko (Egipto) nekropolian aurkitua. Gure Aroaren aurreko IV. mendean datatua dago.©
124. Portzelanazko 'uchebti-a', Berant Arokoa, Saqqarah-ko (Egipto) nekropolian aurkitua. Gure Aroaren aurreko IV. mendean datatua dago.
125. Peruko Chavín de Huantar aztarnategiko 'buru iltzatu' bat. Chavín zibilizazioa gure Aroaren aurreko 1000 eta 300 urte bitartean garatu zen.©
125. Peruko Chavín de Huantar aztarnategiko 'buru iltzatu' bat. Chavín zibilizazioa gure Aroaren aurreko 1000 eta 300 urte bitartean garatu zen.
123. Atenasko Partenoia (Grezia), gure Aroaren aurreko 438 eta 437 urte bitartean inauguratu zena.©
123. Atenasko Partenoia (Grezia), gure Aroaren aurreko 438 eta 437 urte bitartean inauguratu zena.
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2019 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net