gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

lunes 25 noviembre 2024





Bertan > Bertan 21 Las portadas de las iglesias guipuzcoanas > Versión en euskera: Gune horien interes pragmatikoa

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Gune horien interes pragmatikoa

EGINKIZUNAK: KONTZEJUA ETA LEGE EKITALDIETARAKO LEKUA.

Goi Erdi Arotik izan zen eliza herrietako erlijio eta gizarte bizitzaren babesgune eta biltoki; horregatik, hasierako udal erakundeek "elizate" izena hartzen zuten askotan, beren batzarrak eliz aurrean egiten zituztelako, zuhaitz baten pean, edo elizpean eta arkupeetan, eguraldi txarra egiten zuenean. Hortik dator "alkate" esanahia edukitzea lapurteraz "auzapez" hitzak, hau da, "auzo apaiza", eta berdin "parrokia" hitzak "udal" esanahia. Hala joan ziren udal komunitateak bereganatzen gaur egungo udal bat definitzen duten eskuduntzak, "jauntxoen" edo landako jaunen eraginetik kanpo.

16. Berastegin oraindik han dago kontzejuaren batzarretarako erabiltzen zuten mahaia:<br /> hara biltzen ziren kontzeju irekian familia buru guztiak.© Jonathan Bernal
16. Berastegin oraindik han dago kontzejuaren batzarretarako erabiltzen zuten mahaia:
hara biltzen ziren kontzeju irekian familia buru guztiak.© Jonathan Bernal
17. Alboko arkupea, Ataungo elizakoa.© Jonathan Bernal
17. Alboko arkupea, Ataungo elizakoa.© Jonathan Bernal

Egiazki, kontzeju etxeen ordez eliz atariak erabili ziren, kontzejuek berezko etxerik ez zeukatenean, eta han antolatzen ziren herriko kontzejuak, hau da, herritar guztien udal batzar orokorrak edo "kontzeju irekiak"; halakoa izan zen Andoaingo San Martin elizakoa, eta beste asko ere bai. Horren guztiaren ondorioz, kontzeju irekiaren barruan familia buru guztiak sartzen zirenez, alegia, batzar jendetsua izaten zenez, beharrezko gertatu zen sarrerak normalean estalita egotea eta arkupedunak izatea, bertaratzen ziren biztanle guztiak hartzeko bezain handiak izanik. Horregatik eraiki zen makina bat arkupe eliz inguruetan. Badira erabilera horren oso beranduko adibideak ere: esate baterako, XV. mendearen bukaeran, oraindik, Bergarako hiriak bere elizak erabiltzen zituen kontzeju etxearen eginkizunetarako.

18. Eliz ataria betidanik izan zen bilera lekua:<br /> jaiak eta dantzak ere egiten ziren bertan.© Ojanguren Artxiboa
18. Eliz ataria betidanik izan zen bilera lekua:
jaiak eta dantzak ere egiten ziren bertan.© Ojanguren Artxiboa
19. Elizako agintariak ateondoan udal segizioari harrera egiten, Salbea errezatzeko. © Kutxa Fototeka
19. Elizako agintariak ateondoan udal segizioari harrera egiten, Salbea errezatzeko. © Kutxa Fototeka

Leku horietan egiten ziren era berean notario aurreko lege ekitaldiak eta jardunbideak. Erabilera horren adibiderik garbiena da obra edo eraikuntza bat enkantera ateratzen zenean. Hala, parte har zezaketen arkitektoei edo espezialitate ezberdinetako maisuei dei egiteko, pregoia edo bandoa jotzen zuten inguruko hainbat herritan, hala nahi zutenak enkantean parte hartzera joan zitezen -jarritako egunean eta orduan- elizara, hau da, egin beharreko lana eskaintzen zuen herriko parroki elizara. Notario aurreko agirietan maiz agertzen da, eta herri guztietan, gainera, iragarkiak, aldarriak eta deiak egiteko ohitura hori. Almonedak edo jendaurreko enkanteak lau egun jarraian egin ohi ziren. Leku haiek ohiko topaleku izan ziren, eta hara deitzen zitzaien arkitektoei beren eskaintzak egin zitzaten, "kandela" izeneko erritualari jarraituz egin ere: kandela mutur bat pizten zuten eskaintzak egiten hasteko, eta kandela erretzen zen bitartean, gizonek beren lanei prezioa jartzen zieten, eskaintzak behetik joz eta baldintzak onduz ere bai enkantea irabazteko; kandela itzaltzen zenean, ordea, orduantxe bukatzen ziren proposamen guztiak.

GIZARTE LEKU GARRANTZITSUA.

Kontzeju etxeekin lehian -haiekin batera egokitzen baitziren herriko plazan- ahaleginak egin zituzten bertakotzeko edo han zeudela azpimarratzeko. Horregatik bilatu zuten sarrera ingurua handikiro erakustea, eta hala lortu zuten gizarte leku garran-tzitsua eta bilgunea izatea, bizitza handik kanpora proiektatzen baitzen, komunitate bakoitzaren berezko beharrei lotuta.

Elizgizonak berak testigantza edo kontakizun ugaritan mintzo zaizkigu eliz aurreak jendearentzat bilgune izate horretaz, eta etengabe kexatzen dira eliz atarietan jaiak, jokoak eta dantzak egiteko zegoen ohituragatik. Egia da, beste kasu batzuetan, eliz ataurreak edo eliz atariak jaialdi edo bilera haietarako atze-oihaltzat jo zitezkeela. Hain usadio sendoa eta jarraitua zen eliz aurrean halako poz-erakustaldiak egitea, non arazo sortzaile ere gertatu zitzaien barruan elizkizunak ospatzen ari ziren apaizei. Horrelako eragozpenak konpontzearren, bestelako hiri gune batzuk sortzeraino ere iritsi ziren. Debako Udalak, esaterako, hirigintza lan garrantzitsuak egin zituen beste plaza handi bat antolatzeko, bere kontzeju etxea eta guzti, eta hala, eliza zaharretik urrundu zuen gizarte bilerak eta jaialdiak egiteko gunea, goian aipatutako arrazoiarengatik.

Hain zaletasun handia zioten arkupeetako paretak pilotaleku gisa erabiltzeari, non ugariak diren historian zehar erabilera hura berariaz debekatzen zuten "Gobernu Onaren" xedapenak eta autoak, Udal Ordenantzek eta Pragmatikek emanak. Hala ere, nahiz eta gaur egungo pilotalekuek aparteko beren eraikina eduki edo beste eraikin bati atxikita egon, elizetako horma sendoek oraindik ere balio dute hemengo kirolik kuttunenean aritzeko.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net