gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

domingo 29 diciembre 2024





Bertan > Bertan 21 Las portadas de las iglesias guipuzcoanas > Versión en euskera: Eliz ataurreak eraikitzea ahalbidetu zuten politika, ekonomi, gizarte, eta elkarbizitza arrazoiak

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Eliz ataurreak eraikitzea ahalbidetu zuten politika, ekonomi, gizarte, eta elkarbizitza arrazoiak

Eliz ataurreak nola prestatu eta garatu ziren ulertuko badugu, eliz arkitekturak Gipuzkoan izan duen egoeraren alderdi batzuk ezagutu beharrean gaude. Egindako lanei gainbegiratu bat emanda ikus dezakegu Erdi Aroko eraikinak urriak direla, denborak eragindako suntsipenari amore eman baitiote, material desegokiak erabili zirelako. Bestalde, kopuru aldetik begiratuta, eraikuntza aberastasunik handiena XVI. mendeko lorpenekin hasten da. Berpizkunde aroko mende horretan bertan hasi zen eraikitzen tamaina ikaragarriko eliza piloa, ataurreak barne. Gertaera artistiko horren jatorria biztanleen bizimodu aldaketan datza, izan ere, Erdi Aroan baserrietan barreiatuta bizi baitziren, mendian eliza txikiak zeuzkatela.

12. Elgoibarko airetiko bista.  Hor ikusten da Kalegoeneko San Bartolome parroki eliza.© Paisajes Españoles
12. Elgoibarko airetiko bista. Hor ikusten da Kalegoeneko San Bartolome parroki eliza.© Paisajes Españoles

Gero haranera jaitsi ziren, eta hiri gutunak eskuratuta hirietara bildu zirenean, lehengo egoerak eragozpenak sortzen zizkien biztanleei, elizkizunetan parte hartu nahi zutenean joan-etorri luzeak eta deserosoak egin behar izaten zituztelako. Inguru horietako biztanleak oso maiz kexatzen ziren gogaikarri gertatzen zitzaielako mendian zegoen eliza zaharreraino bide zakar eta aldapatsuetatik igo beharra. Gainera, apaizei berei ere zail gertatzen zitzaien gaixoei eman behar zizkieten sakramentuak jasotzea, edota hildakoak elizara eramatea ibaiko urak gainezka egiten zuenean, esaterako, Elgoibarren gertatzen zen bezala. Horregatik, eliztarren presioak eraginda, erlijio eraikinak biztanle guneetara aldatzen joan ziren. Arazo hori berdin sortu zen itsaso ondoko herrietan ere: hala ikusten dugu Pasai San Pedron, non, eliza leku aldrebesean eta han goian zegoenez, itsas ondora aldatu zuten, bertakoei parrokiako elizkizunetara eroso joateko aukera ematen zien leku batera, alegia. Halaxe frogatzen da Arrasateko parrokiari buruz 1573an egindako txosten bateko testu guztiz adierazgarri batean, egoera horrekin bat baitator hitzez hitz:

13. Hernaniko  ataurre erromaniko-gotikoa, San Agustin komentukoa.© Jonathan Bernal
13. Hernaniko ataurre erromaniko-gotikoa, San Agustin komentukoa.© Jonathan Bernal

"Item, esandako Arrasateko hiria sortu aurretik bazegoen eliza bat hiriaren ondoko mendi batean, iraganeko aspaldi hartan han bizi ziren baserritarrentzat eta sakabanatutako biztanleentzat egina, Santa Marinaren izenpekoa. Eta gero, hiria biztanlez osatu zenean, orain dela hirurehun urte baino gehiago, Santa Marinaren eliza hura eta hango parrokia hiriko San Joan Bataiatzailearen parrokiara aldatu ziren, eta aipatutako Santa Marina, berriz, baseliza modura gelditu zen, sakramenturik gabe, eta sakramentuak eman gabe".

Beste kasu batzuetan -Hernanin, adibidez- eliza zaharra bertan behera utzi, eta beste bat eraiki zuten plazan, udaletxe ondoan, eta eliza zaharreko ataurre erromaniko-gotikoa aprobetxatu zuten, XVI. mendean, San Agustin komenturako.

Eliz eraikinen proiektuekin jarraitzeko zailtasunak ere oztopo izan ziren eliz ataurreak eraikitzeko. Horren erakusgarri Tolosako Santa Maria elizako ataurrea da, non familia batzuek, aburruzatarrek eta aranburutarrek, esate baterako, garai ezberdinetan aurka egin baitzioten dorre ataridun bat altxatzeari, beren jauregiak zeukan bista kenduko zielako, bestela.

Kontuan hartu behar den beste alderdi bat, izan beharreko erreparoekin betiere, honako hau da: XVI. mendeko hedapen arkitektonikoa, Amerikaren kolonizatze enpresetan gipuzkoarrek parte hartzearen ondorioz iritsi zen ahalmen ekonomikoagatik gertatua, baita Flandesko artile salerosketatik zetozen dirutzengatik ere, haien ondorioz zenbait portu aberastu egin baitziren. Dena dela, garai hura ekonomiaren oparoalditzat jotzen bada ere, kasu askotan, halako langintzez arduratzeko baliabiderik ezak behartuta, eliza zaharrak harrobi gisa erabili behar izan zituzten gaur egun ikusten ditugunak eraiki ahal izateko, materialak berriro erabiliz, harria, zehazki. XVI. mendeko elizak, oro har, pentsatuta zeuden ikaragarrizko proiektuak izan zitezen, munta handikoak, alegia, eta biztanle kopuru txikiko herriek gauzatzen zailak, goian aipatutako bitartekoak eduki arren. Hargatik, proiektuek mendetan luzatzen zuten beren eraikuntza prozesua, eta azkenean eredu zaharkituak burutzen zituzten, edo, luzapen haren ondorioz, diseinua edo ideia aldarazten zuten. Tenpluak eraikitzeko lanei zatika, atalka, edo gorpuzka ekiten zieten, eta hori kalterako izaten zen, ez zituztelako gordetzen zatien artean gorde beharreko proportzioak, eta tenpluei zutik eutsiarazten zieten sostengarriek homogeneotasuna galtzen zutelako.

Era berean ohartzen gara gipuzkoar berpizkundeko elizek, kasu gehienetan -eta berdin gertatzen zen Euskal Herriko beste lekuetan eta Errioxan ere-, arazo larriak izan zituztela elizkizunekin jarraitzeko fabrikazio aldi haietako bakoitza luzatzen zen bitartean. Hala gertatu zen Segurako parroki elizan, non kontratuak aldi desberdinetan eta artista desberdinekin egin zituztenez gero, hormak kanpandorrearen pareraino altxatu bai, baina ganga-egitura egiteko ezintasunagatik, teilatu-zurajea goratu egin behar izan zuten, haren gainean taulatua jartzeko, teilen euskarri, eta hutsarte bat utzi gangak geroago burutu ahal izateko, hau da, eskuartea zegoenean edo hala komeni zitzaienean. Trikimailu hain trebeari esker, eliza itxi egin ahal izan zuten, herritarrek erabil zezaten, eta ia ehun urte itxaron behar izan zuten azkenean gangak egiteko.

Horrek denak agerian uzten du, hiri zahar haietako biztanleek, halako irrikak eta bitartekoak izan arren, ez zeukatela garbi, garai hartan, zenbaterainoko ahalmen ekonomikoa zeukaten. Haien itxaropenek neurrigabeak izan behar izan zuten, sekula ere ez errealitatearen araberakoak. Beharbada Ameriketatik dirua iritsi izanak liluraturik, ez zuten gogoan hartu, diru hura gabe, beren errenta apalekin eta mantendu behar izaten zuten elizgizon eta benefiziodun mordo harekin -patroiak kontatu gabe, horiek ere parte hartzen baitzuten Elizaren diru sarreretan- zailtasunak eduki zitzaketela pagamenduei aurre egiteko, eta ezin bukatuko zituztela ez elizak ez eliz ataurreak ere.

Ataurre batzuk nondik-nora sortu ziren ulertzen laguntzeko, hona hemen beste eragile batzuk: bandoen arteko borrokaldietan pizten ziren suteak, eta hiri zaharrak asaldatzen zituzten gerra aldi gatazkatsuak. Haien eraginez eliz zati asko erre eta eraitsi egin ziren, eta horrek berarekin ekarri zuen elizak nahitaez berreraikitzea, eta eduki zitzaketen ataurre edo sarreren amaiera hurrengo mendeetara atzeratu zen.

Bestalde, gizarte estamentu guztiek antzeman zuten XVII. mendeko gainbehera eta endekapena. Horrek denak Elizan izandako eragina, besteak beste, honako hau da: moztu egin zirela aurreko mendeko eraikuntza mugimenduekin batera joan ohi ziren pizgarriak. Nahiko joera orokorra izan zen orduan asmo handiko eraikuntza planik ez egotea eta eliz ataurre batzuk apaindura gutxirekin eraberritzea, herria pairatzen ari zen ekonomi hondamendiaren adierazgarri. Horregatik, aldi horretan nabarmentzekoak direnak komentuetako ataurre proiektu batzuk eta eliz ataurre bakan eta neurritsu batzuk besterik ez dira.

XVIII. mendera arte iritsi beharra dago garrantzi handiko aldaketak gertatzeko eta eskema ezberdinak propo-satzeko, eraikuntzaren goraldi batek bultzaturik. Goraldi horren ezaugarri nagusia, ordea, ez da eliza berri asko eraikitzea, baizik eta lehendik eraikitakoak osagarriz, gehigarriz eta eransgarriz hornitzea. Bitarte horretantxe agertuko ziren harrizko fatxada edo ataurre berri handiagoak eta erruz apainduak.

Orokorki, gogoeta horiek erakusten dutenez, eliza gutxitan izan ziren gai egitura osoa altxatzeaz batera eliz ataurrea ere eraikitzeko. Ataurre horien eraikuntza beti kokatu behar da geroagoko aldietan, baina, hala ere, beti daude esku-hartze nabarmen batzuk, garai bertsukoak, ataurreen tipologiez jardungo dugunean ikusiko dugun bezala.

14. Vicente Tofiñoren 1788ko planoaren xehetasuna. Pasai San Pedroko hiri trazatua:<br /> eliza zaharra mendian;<br /> berria, ordea, itsasondoan.© Armadako  Geografia Zerbitzua
14. Vicente Tofiñoren 1788ko planoaren xehetasuna. Pasai San Pedroko hiri trazatua:
eliza zaharra mendian;
berria, ordea, itsasondoan.© Armadako Geografia Zerbitzua
15. Tolosako Santa Maria elizaren aurrealdea. Hasiera batean behin-behineko sarrerak altxatu zituzten eliza honetan, leku faltagatik burutu gabe gelditu zirenak beti, harik eta gaur egun ikusten duguna egin zuten arte.© Jonathan Bernal
15. Tolosako Santa Maria elizaren aurrealdea. Hasiera batean behin-behineko sarrerak altxatu zituzten eliza honetan, leku faltagatik burutu gabe gelditu zirenak beti, harik eta gaur egun ikusten duguna egin zuten arte.© Jonathan Bernal

Eliz ataurreen finantzaketa.

Eliza batzuek diru sarrera eskasak edukitzea gizaldiz gizaldi gertatutako kontua izan denez gero, laguntzak eskatzera behartu izan dira beti eliz agintariak, eta horretarako "sisak" edo arielak ezartzen zizkieten mantenu edo kontsumo gaiei, normalean ardoari, bakailaoari eta arrainari. Alderdi hori guztiz lotua zegoen Apezpikutzak baimena eskatu eta Gaztelako Kontseiluaren errege ahalmena eskuratu beharrari, eta horrek zailtasunak eta gastuak ekarri zituen berekin, nahiz eta azkeneko emakida hori errege-erreginek saritzat edo pribilegiotzat jotzen zuten. Ez dira ahaztu behar Ameriketara emigratutakoen ekarpenak eta testamentuetako legatuak, baina, batez ere, beste diru kopuru batzuk hamarrenetatik etortzen ziren, eta haien errentamenduetatik ere bai. Hala, Elizak likideziarik ez zeukanean, hamarrenen errenta-hartzaile eginez ordaintzen zien arkitektoei. Era berean, Elizak herritarrei egiten zizkien eskritura zentsalak edo maileguak, dirua balitz bezala erabiltzen ziren artistei ordaintzeko orduan.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net