gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

lunes 23 diciembre 2024





Bertan > Bertan 19 Cerámica popular en Gipuzkoa > Versión en euskera: Eskoriatza

PDF Bertsioa inprimitzeko [10,8 Mb]Ikono Acrobat

Eskoriatza

128. Erretzeko ganberaren ahoa.© Enrike Ibabe
128. Erretzeko ganberaren ahoa.© Enrike Ibabe

Leintz haranean dagoen Eskoriatzako ontzi lantegien berri Madozen Diccionario Geográfico Estadístico Histórico de España y sus territorios de Ultramar (VII. liburukia, 1847) liburuak ematen digu. Ondoko hau dio:

Eskoriatza. Industria: Marraga xaboi lantegi bat, ehundegi batzuk, ontzi lantegi bat, burdinola bat eta 6 irin errota. Herria 1521ean erre egin zen eta harrizkoa egin zuten, ez lehen bezala oholezkoa.

129. Eskoriatzako lantegia izan zitekeenaren atean egindako taila. © Enrike Ibabe
129. Eskoriatzako lantegia izan zitekeenaren atean egindako taila. © Enrike Ibabe

Gero, 1886an, Emilio Valverde Alvarezek berriro ere Eskoriatzako ontzi lantegiez hitz egiten du Guía de las Provincias Vascongadas y Navarra liburuan, eta ondoko hau dio: Eskoriatza... marraga xaboi lantegia, ehundegiak, ontzi lantegiak, burdinolak eta irin errotak.

Informazio hori izanik, egun batean, 1974ko abuztuaren 22an, Eskoriatzara joan ginen, datu gehiago lor genezakeen edo ez jakin nahirik. Adineko pertsonei galdetu genien, baina inork ez zekien ontzi lantegiez ezer, Antonio Saenz de Viteri herriko plazan, eserleku batean, atsedenean zegoena aurkitu genuen arte. Antoniok esan zigun udal idazkaria izan zela 43 urtean eta gogoratzen zuela, nola mutikoa zela, Aretxabaletatik gatozela, Deba ibaiaren gaineko zubia igaro eta lehenengo etxearen atean lurrezko traste batzuk ohol batzuen gainean ikusi zituen. Orduan ez zen pasatzen ez autorik ez kamioirik, behi gurdiak besterik ez, eta ontziak eguzkitara ateratzen zituzten lehortzera, kale erdiraino inolako eragozpenik sortu gabe. Etxe horri Ollerixena deitzen zioten.

130. Atean bertan egindako taila.© Enrike Ibabe
130. Atean bertan egindako taila.© Enrike Ibabe
131. Erretzeko ganberaren ahotik.© Jose López
131. Erretzeko ganberaren ahotik.© Jose López
132. Erretzeko ganberaren ahoa.© Enrike Ibabe
132. Erretzeko ganberaren ahoa.© Enrike Ibabe
133. Labea, B/B sekzioa.© Enrike Ibabe
133. Labea, B/B sekzioa.© Enrike Ibabe

Antonioren arabera, gogoratzen hasi zenean, Zubiarte zuela izena ontzigileak gogoratu zuen eta Alberto izeneko semeak laguntzen ziola. Gogoratzen zuen era berean buztina putzu batzuetan preparatzen zutela, orduan (1974an) pilotalekua zegoen lekutik gertu, medikuaren etxearen atzealdean. Bere ustez hiru putzu zeuden, putzu horietara buztina bota ondoren egun batzuetan han uzten zuten. Ziurrenik putzu horietako batean buztina irabiatzen zuten ur pixka bat erantsiz. Irabiatzeko putzua zen, gero handik beste bira pasatuko ziren, eta han, egun batzuk iragaten zirenean, buztina hondora iraultzen zen. Iraultzeko putzuak ziren. Hitz batean, sistema hori Euskal Herriko ontzigileek irazkiena deitzen zutena zen.

Datu horiek genituela eta ontzigintzaren arrastoren bat aurkitzeko oso itxaropen gutxirekin, etxe horretara joan ginen, ertzean, herriko lehen etxea zenez, Eskoriatza errotulua zeukan eta daukan etxera. Eta hura bai ustekabea, oilategi batek ia estalita, labe zaharraren egosteko ganbera ikusi genuenean, oso egoera onean.

134. Aranzadi Zientzi Elkarteak Eskoriatzako labean egindako indusketa arkeologikoetan aurkitutako hondakinak. Berun eta eztainuaz iragazgaizten zutela erakusten digute eta, kobrezko oxidoarekin egindako dekorazio berdearen eta manganeso oxidoarekin marroiaren berri eman ere.© Jose López
134. Aranzadi Zientzi Elkarteak Eskoriatzako labean egindako indusketa arkeologikoetan aurkitutako hondakinak. Berun eta eztainuaz iragazgaizten zutela erakusten digute eta, kobrezko oxidoarekin egindako dekorazio berdearen eta manganeso oxidoarekin marroiaren berri eman ere.© Jose López

Labeak eta aldamenean zituen gela batzuk, ziurrenik ontzi lantegia hor egongo baitzen, ez zuen ematen aldaketa handirik izan zuenik. Gela horien lehen oineko ateak gurutze bat eta txori estilizatu bitxi bat, dinosauro baten antza duena, ditu grabatuta.

Une hartan behi bat ferratzen ari ziren langileek esan ziguten zerrategira ematen zuen labearen horman zegoela egozteko ganbera, baina ezin zela ikusi zorua berdindu eta estali egin zutelako. Ahal genuen bezala, egoera onean bazegoen ere egosteko ganbera zaborrez beteta zegoen, eta neurri batzuk besterik ez genituen hartu.

135. Eskoriatzan egindako katilua, indusketan aurkitutako ontzi puskak itsatsiz egina.© Jose López
135. Eskoriatzan egindako katilua, indusketan aurkitutako ontzi puskak itsatsiz egina.© Jose López

Labeko zaborra orain gutxi kendu denez, 2002ko ekainean, Aranzadi Zientzi Elkarteko Alfredo Moraza eta Juantxo Agirreren gidaritzapean egin den eskuhartze arkeologikoari esker, beste neurri batzuk hartu ditugu, orduan hartu genituenetik ez hain ezberdinak.

Erretzeko ganbera ere agerrarazi dutenez, neurtzeko eta argazkiak ateratzeko aukera izan dugu. Ganga kolore zurikoa da, izan duten tenperatura handien ondorioz harriak beiraztatuta geratu direlako.

136. Labearen egosteko ganberara sartzeko atea.© Jose López
136. Labearen egosteko ganberara sartzeko atea.© Jose López
137. Labearen egosteko ganberaren barneko hormaren aparailua. © Enrike Ibabe
137. Labearen egosteko ganberaren barneko hormaren aparailua. © Enrike Ibabe
138. Eskoriatzako labea, A/A sekzioa.© Enrike Ibabe
138. Eskoriatzako labea, A/A sekzioa.© Enrike Ibabe

Oinak egosteko ganberak baino apur bat gutxiago neurtzen du. Ahoa irekita duen hormak 187 cm ditu. Kontrakoak 195 cm. Egozteko ganberaren ateak dauden hormaren azpikoak 203 cm ditu eta aurrekoak, kalera eta Deba ibaira ematen duenak, 193 cm.

139. Indusketa arkeologikoan aurkitutako hondakinak.© Jose López
139. Indusketa arkeologikoan aurkitutako hondakinak.© Jose López

Ganbera horri 165 cm-ko gehieneko garaiera eman diogu, eta ateari bere barrualdetik 40 cm-koa. Kanpoaldetik 120 cm ditu, horrek esan nahi du ganberara arrapala batetik sartzen dela, labe horietan horrela egotea nahiko ohikoa baita. Garaiera horiek guztiak zorua jarrita dagoen mailaren araberakoak dira. Atea adreiluz forratuta dago, eta zurkaiztutako arkua eta ganga ditu. Kanpoaldetik, arku horren gainean beste erdi-puntuko bat ikusten da, hori ere adreiluzkoa. Horrek ikustarazten digu ganbera horren tiroak buruko minak eman zizkiela ontzigileei.

140. Eskoriatzako labea.© Enrike Ibabe
140. Eskoriatzako labea.© Enrike Ibabe

Ahoa dagoen hormaren kontrakoan adreiluzko betelan bat dago, goiko aldean arku bat eginez. Ate bat? Horrek tiro arazoak zituztela esan nahiko luke. Egozteko ganberak, esaten ari garen bezala, bi ate ditu irekita horma berean, eta harri hormaren lodiera adreilu ilaraz dago forratuta. Estaldura hori ez da beste hirurak dutenaren antzekoa, adreilu eta lurrezko tako karratuz egindako aparailua baita. Ateen hormaren estaldurak geroagokoa ematen du eta lan askoz traketsago baten ondorengoa.

Zoru edo parrilaren gainean adreiluzko bi horma altxatzen dira (pomecillos deitzen zien Uribarri Ganboan). Marrazkian 68 cm-ko garaiera ematen diegu, hori baita une honetan duten gehienekoa. Izan zezaketen 80 cm-koa ere, hori delako zorutik beheko atearen aurrera dagoen garaiera. Kutxa antzeko horrek barruan 29 zulo ditu, erretzeko ganberatik sua sar zedin. Labearen goiko aldera sua eramaten zutenak, hau da, kutxaren hormetan eta ganberaren artean geratzen direnak, 22 dira, eta oso desitxuratuta daudenez, bere jatorrian izan zitezkeenen antzekoak jartzen saiatu gara. Deigarria da erdialdeko 29 zuloak 10 cm-ko diametroa eta 2 cm-ko lodiera duten buztinez inguratuta egotea, babestuta egongo balira bezala.

141. Egosteko ganberan takak muntatzeko moiloak. Horien gainean jartzen zituzten ontziak.© Jose López
141. Egosteko ganberan takak muntatzeko moiloak. Horien gainean jartzen zituzten ontziak.© Jose López

1974an, ganberara sartu eta eskuinean dagoen hormari 533 cm-ko garaiera eman genion. Orain 514 m neurtu dugu. Alde hori ziurrenik orduan izan genituen eragozpenei gehiago zor izango zaie, adreiluen erortzeari baino. Ateak dauden hormari 500 cm eman dizkiogu, aurrekoari 484 cm eta ezkerrekoari 426 cm.

Ganbera horretako goiko atearen bi aldeetan zulo batzuk daude, kontrako hormako beste birekin egokitzen direnak. Gure ustez hor ohol batzuk sartuko zituzten, hortik labea kargatu ahal izateko hura ontziz betetzen zihoan neurrian, hori egiten zutela ikusi baitugu gure herriko beste leku batzuetan, Lizarran adibidez.

Han lur muilo, garaiera ezberdineko egositako buztinezko zilindro, ontzi puska eta egosteko orduan banatzeko trebereak egoteak erakusten digu ontzi horiek ganberaren barruan taken gainean jartzen zituztela, hau da, lur muilo eta adreilu horiekin egiten zituzten plataformen gainean.

142. Indusketan aurkitutako hondakina.© Jose López
142. Indusketan aurkitutako hondakina.© Jose López

Orain urte batzuk kontsultatu genituen parroki liburuetatik atera dezakegu aipatu Zubiate ontzigilearen izena Felix zela eta Bizkaiko Abadiñokoa zela, han ere beste garai batzuetan ontzi lantegiak baitzeuden. Felixen gurasoak Salustiano Zubiate eta Juan Maria Belar izan ziren, biak Elorriokoak.

Juan Manuel Garaikoetxea Gotxikoak ere egin zuen lana Eskoriatzan. Jose Manuel Arabako Elosukoa zen eta, labe batzuk zeudenez, ontzigintzako lan garrantzitsua egiten zen herri hartan, eta berak ere han egin zuen lana. Gaur egun Ortiz de Zarate ontzigile familiaren labea bakarrik dago zutik. Blanca Gomez de Seguraren lan duinari eta hari jaramon egin zioten erakunde batzuen laguntzari esker salbatu zuten suntsipenetik. Gaur egun, aldameneko etxea Euskal zeramika herrikoiaren museo interesgarri bihurtu da, eta Blancaren lantegi ere, han aplikatzen baititu buztinera Jose Ortiz de Zarate ontzigile maisuarengandik jaso dituen jakiteak.

143. Labearen indusketan aurkitutako ontzi baten hondakinak.© Jose López
143. Labearen indusketan aurkitutako ontzi baten hondakinak.© Jose López

Juan Likiñanok ere Eskoriatzan egin zuen lana. Han bertan jaio zen 1857an, bere gurasoak Juan Jose, Eskoriatzakoa, eta Inazia Lezeta, Mendiolakoa, izan zirelarik.

Ontzi lantegian eta haren inguruetan aurkitu ditugun arrastoak aztertuz, jakin dugu ontziak esmaltatu egiten zituztela batez ere, beiraztatu ere egiten bazituzten ere, eta kobre oxidoaren berdea eta manganeso oxidoaren marroia erabiltzen zituztela dekoratzeko. Muelas del Pan herriko ontzien puska ugari ere aurkitu ditugu, horiek Euskal Herrian egotearen berri eman dugularik sutarako ontziak aipatu ditugunean.

Antonio Saenz de Viterik esan zigunez, eta geroago Evaristo Larrañagak, buztin lan haiek ez zuten diru handirik utzi behar, izan ere Zubiateri ez baitzion ematen ezta lokalen errenta ordaintzeko ere, eta hori ikusirik XX. mendeko lehen hamarraldian lantegia utzi egin zuen.

144. Labearen egosteko ganberaren hondoa. Zuloekin egindako trenkada ikus daiteke, zulo horien bidez sua labearen goialdera irits zedin.© Enrike Ibabe
144. Labearen egosteko ganberaren hondoa. Zuloekin egindako trenkada ikus daiteke, zulo horien bidez sua labearen goialdera irits zedin.© Enrike Ibabe


Entzuna genuen Eskoriatzako labe zahar hura, mendez mendeko teknologiaren oinordeko zena, inguru hartan etxeak eraiki behar zirelako, beste leku batera eraman behar zutela. Uste genuen desmuntatu eta berriro altxatu nahi zutela, eta horrek triste utzi gintuen, manposteriako eraiketa bat zenez, naturaltasun guztia galduko zuelako, bere ezaugarriak erabat galduko zituelako. Azken batean labe berri bat izango zela, alegia, zaharraren kopia bat. Gero, ingeniari aditu batzuk, desmuntatu gabe, osorik lekuz aldatzeko lanak serioski aztertzen ari zirela jakin dugunean, pozez bete gaitu. Lana 25 m2-ko oina eta 2 m-ko garaiera dituen labea altxatu eta leku berrira eramatea da. Zorionak beraz proiektu laudagarri horretan ari direnei.

145. Eskoriatzako labearen oina.© Enrike Ibabe
145. Eskoriatzako labearen oina.© Enrike Ibabe
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net