Oso garrantzitsuak izan ziren ontzigintzan iragaizgarriak.
Pentsatu besterik ez daukagu, denbora batean erabili ondoren, zein usain eta zapore txar utziko zuten ontzien poroetan geratuko ziren elementu organikoek. Puskatu egin beharko ziren.
Ontzien poroak betetzeko bitartekorik onenak leuntzea, engobea, bike bainua, beiraztatzea eta esmaltatzea ziren.
Leuntzea egosi gabeko ontziak harri edo hezur batekin igurtziz egiten zuten. Bikea, beste garai batzuetan asko erabili zena, isurkariak edukiko zituzten ontzietarako erabiltzen zuten batez ere. Oraindik ere 70eko hamarraldian erabiltzen zuten sistema hori Valladolideko Alaejos herrian. Bi sistema horiek Euskal Herrian ez baditugu ezagutu ere, ez du esan nahi ez direnik erabili.
Engobea bai, baina beiraztatuak estalita. Lurra uretan diluitu eta egosi gabeko ontziari aplikatzea besterik ez da engobea. Engobea, beiraztatua erantsita, asko erabili zen gure herrian, batez ere azken aldian, eztainudun esmaltea ez zenean gehiago erabiltzen, oso garesti jarri zelako eztainua. Euskal ontzigileak, merkatuan oso estimatuak zirelako, esmaltatuaren antzeko itxurako piezak merkatuan jarri nahi zituztenez, sistema hori erabili zuten eta beruna edo hosto alkohola, ordura arte egin ohi zen bezala lur gorriarekin nahastu beharrean, Bernedotik ekarritako lur zuriarekin nahasten hasi ziren. Engobeko lur fina Bilboko burdin meategietatik ekartzen zuten ontzigile batzuek.
Zegamako ontzigintza aztertu dugunean, hitz egin dugu beiraztatzearen eta esmaltatzearen prestaketei buruz.
Beiraztatzea Pertsian eta Asia Txikian ere erabiltzen zuten gure aroa baino 3.000 urte lehenago. Handik Egiptora iragan zen eta ondoren ontzigile feniziar, txipretar eta erromatarren lantegietara. Formularen oinordekoak ontzigile bizantziarrak izan ziren, eta jabetu zirenean iragazgarri horrek lehiarako ematen zien abantaila isilpean gorde zuten, horrela lortu zuten beste lekuetan haren berri ez izatea eta ezin erabili ahal izatea.
Penintsula iberiarrera arabiarrekin iritsi zen, eta X eta XI. mendeetan izan zuen zabalkunderik handiena.
Esmalte zuriak, beste berrikuntza askok bezala Mesopotamian izan zuen jatorria.
Portzelana txinatarra imitatu nahirik IX. mendean Mesopotamiako ontzigileek emandako erantzuna izan zen. Txinatarrek VII. mendean jada ari ziren portzelana ekoizten, batez ere, kaolina eta ale fineko kareharria tenperatura handian erabiliz, horretarako labe horizontal batzuk baitzituzten, mendebaldekoenak baino hobeak.
Beiraztatzearekin gertatu bezala, arabiarrak izan ziren Penintsula iberiarrean portzelana sartu zutenak XII. mendean, ikertzaile batzuek X. mendean erabiltzen zela adierazten badute ere.
Gure ontzigileek bernizak ehotzeko erabiltzen zituzten eskuzko errotei dagokienez -ontzigilearen gurpiletik egindako errotazio printzipioaren aplikazio lehenetakoa eta garrantzitsuenetakoa, (Zegamari buruzko kapituluan jada zerbait esan dugu)- esan dezakegu orain bigarren Burdin Aroan azaldu zela Euskal Herrian.
Inazio Barandiaranen arabera errotaren jatorria Ekialde Hurbil mediterranearrean (edo agian Mesopotamian) jarri behar da. Grezia klasikoan sistematikoki erabili zena da, garai erromatarrean, ordea, errota hidraulikoa erabiltzen zuten lan garrantzitsuetarako.
Telesforo Aranzadik esaten digu errota horiek gure herrietako askotan erabili
zirela, egun baztertuta badaude ere edo zutaberen baten basa edo kapitel
izateko balio badute ere.
Errota horiek, funtsean laboreak ehotzen
zituztenak, sinesgaitz bada ere, ia-ia gure egunetaraino erabili dituzte,
gure ontzigileek beren lanerako hartu zituztelako.
Bernizak ehotzeko errota hidraulikoak Galarreta, Elosu eta Mendibilen zeudela badakigu. Askotan irin errotak ziren, preparatu ondoren ontzigileen bernizak ehotzeko erabiltzen zituztenak.
Zegamako errota hidraulikoa aparta da, Frantzisko Jose Arregiren trebetasun eta lan onari esker. Ez zituen bernizak bakarrik ehotzen lurra ere irabiatzen baitzuen.
Errota hidrauliko horiek gutxienez 3.000 urteko antzinatasuna dute, Ekialde hurbileko alderdi menditsuetan azaldu zirenetik.
Kolore dekorazioak era honetan egin zituzten gure ontzigileek: kobrea berdearentzat, kobaltoa urdinarentzat eta manganesoa marroi edo morearentzat. Azken hori batez ere beste kolore batzuekin, batez ere berdearekin, egindako dekorazioak soslaitzeko. Berde eta marroi edo more koloreko dekorazioa jada egiten zen Teruelen XIII. mendean. Muel herrian XVI. mendearen amaieratik eta Villafuliche herrian, berriz, XVIII. mendetik aurrera.
Kolore urdina asko erabili zuten Igeleta, Erentxun, Ixona eta Gasteizko ontzigileek, eta herriko beste ontzi lantegietan ere erabiliko zuten ziurrenik. Penintsula iberiarrean XIII. mendean sartu zen, Muel herrian XV. mendearen amaieran hasi ziren erabiltzen, Teruel eta Calatayud herrietan bezala.
Isabel Alvaro Zamoraren zeramika aragoarrari buruzko lan zorrotzetik atera ditudan datu horiek eman ditut litekeena delako kolore horiek, ontzigileen beste sistema batzuk bezala, Ebrotik gora iristea guregana. Uste dugu, gainera, Haro ontzigileen jakintza zabaltzeko gune garrantzitsuena izan zela. Harori, erdi aroko idatzietan Faro esaten diotenari, Asturiasko Farori gertatu zitzaiona gertatu zitzaion? Jose Manuel Feitoren arabera, ontzigintzan tradizio handia duen herri horren izena "Alfar hitz arabiarretik datorkio, Al artikulua galduz eta O erabiliz". Haro, lehen Faro, Alfar izan ote da?
Hipotesi ausart hori zuhurtasunik handienez idazten dut.