gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 23, astelehena

Bertan > Baserria > Euskara bertsioa: Baserri motak

Baserri motak

Gipuzkoako nekazaritza arkitekturako ezaugarririk nabarmenetako bat, 1977 km2 baino ez dituen lurraldean hainbeste baserri mota egotea da. Aberastasun horri eman dakizkiokeen azalpenak asko dira: alde batetik Gipuzkoako geografiaren berezko zatiketak, beraien artean gaizki komunikatutako haranetan banaturik, oso bertakoak diren eraikuntza tradizioak garatzea ahalbidetuko zukeen; bestalde, nekazarien mailakaketa ekonomikoa –gizarteko talde bakoitzaren nortasun bereziari egokiturik- izango litzateke etxebizitza mota asko hedatzearen arrazoia. Naturako faktoreek ere eragin handia izan dute, bereziki eraikuntzako material jakin bat –zura edo harria- beste edozein baino eskuragarriagoa izatea.

108.	 Aduna. Gipuzkoako herrietariko bakoitzean baserri mota desberdinak daude. Barietatea etxe bakoitzaren antzinatasunaren eta jabeen baliabide ekonomikoen araberakoa da.
108. Aduna. Gipuzkoako herrietariko bakoitzean baserri mota desberdinak daude. Barietatea etxe bakoitzaren antzinatasunaren eta jabeen baliabide ekonomikoen araberakoa da. © Xabi Otero
Jon Tzansoro baserria (Aia). Erdialdean ataripe arkuduna duten baserriak tipikoak dira Gipuzkoako mendebaldeko haranetan.
Jon Tzansoro baserria (Aia). Erdialdean ataripe arkuduna duten baserriak tipikoak dira Gipuzkoako mendebaldeko haranetan. © Xabi Otero

Hala ere, hainbeste baserri desberdin egotea –oso hurbil dauden eremuetan eta desbendintasun sozial edo ekologiko handirik gabe- hobekien azaltzen duen arrazoia zera da: herri-arkitekturari orohar berriro ere izaera kontserbatzailea atxiki arren, aldaketa historikoei irekita dagoela erakutsi du beti euskal baserriak, bai eraikuntzako teknika berriak sartzeari dagokionez, bai moda artistikoak berehala barneratzeari dagokionez. Irekitasun kultural honek sortu dituen aldaketa handiak ulertzeko, beharrezkoa da jakitea gaur egun zutik dauden ia baserri guztiak laurehun urteko epean egin zirela, 1500 urtetik 1900era alegia, eta belaunaldi bakoitzak egiteko modu zertxobait desberdina zuela aurrekoekiko eta ondorengoekiko.

Teknika eta forma bakoitza historiaren une jakin batean dago indarrean eta erritmo desberdinetan barneratu, eraldatu eta joaten dira gainbehera. Baserriak ezagutu ondoren familia handietan antola daitezke eta bakoitza garai berezian kokatu, gaur egungo zehaztasunik eza eta herriaren interpretazioa zertxobait gaindituz.

Hala ere, zaila da gaur egun dauden baserri mota guztien laburpena egitea. Hainbeste daude, non hemen mota garbi eta adierazgarroemem fatxaden galeria baino jaso ezin den, baina argi dago Gipuzkoako ia hamaika mila baserrien errealitatea askoz abetatsagoa dela eta milaka bereizgarritasun eradokitzeile dituela.

Berpizkunde garaiko harrizko baserriak

Gipuzkoan aurrena ezagutu ziren baserri batzuen lau fatxadak harriz eginak dira. Zakar eta itxi antzekoak dira, eta askotan goiko pisurik gabe geratu diren antzinako dorreekin nahastu dira. Hala ere, solairua hain handia izateak eta defendatzeko elemturik ez egoteak, beste xehetasun askoren artean, laborantzarako benetako etxeak izan zirela erakusten dute.

Baserri horiek –Altzoko Legarre adibide ezin hobea da- ez dute ezkaratzik, ez etxebizitzatik kanpora joateko balio duen bestelako aterperik, hori nahiko arrunta da Gipuzkoan, ez ordea Kantauri hegalean. Fatxadako alde batean harri apainekin egindako arkua duen ate batetik sartzen da etxera. Arku hori oraindik ere zilueta gotikokoa zen XVI mendeko lehen urteetan, baina geroagoko urteetan erdiborobila zen kiribil dotore bihurtu zen.

110.	 Legarre baserria (Altzo) XVI mendearen hasieran eraiki zen eta Euskalerriko baserrien lehendabiziko belaunaldikoa da. Kanpoaldean barrizko horma tinkoak ditu eta barnean egurrezko zutoin-egitura dolare habedunarekin.
110. Legarre baserria (Altzo) XVI mendearen hasieran eraiki zen eta Euskalerriko baserrien lehendabiziko belaunaldikoa da. Kanpoaldean barrizko horma tinkoak ditu eta barnean egurrezko zutoin-egitura dolare habedunarekin. © Xabi Otero
111.	 Makutso baserriko (Oiartzun) leihoak ederki dekoraturik daude, moldurak eta aingurak, gurutze eta txorien tailak ikus daitzezkeelarik.
111. Makutso baserriko (Oiartzun) leihoak ederki dekoraturik daude, moldurak eta aingurak, gurutze eta txorien tailak ikus daitzezkeelarik. © Xabi Otero

Bigarren arku handiago batetik sartzen da ikuilura, eta familiarentzako tokia eta aberentzakoa kanpotik argi eta garbi mugatuak daude higienikoki.

Etxerik zaharrenek, Legarrek berak ere, ez zeukaten ia leihorik eta gaur egun leihoak dituztenak geroago eginak dira. Hala ere, gaztelu sendoen kutsu hori, oso nabaria oraindik Astigarribiako (Mutriku) Etxezabal bezalakoetan, azkar desagertu zen eta 1525 aldera etxe askok eta askok argia eta haizea sartzeko zuloak baitzituzten, ia gehienetan leiho doble edo bikoitzen tankera hartzen zutenak, eta baita orman sartutako harrizko eserlekuak ere. Oiartzungo Makutso baserri aberatseko leihotzarren galeriak oso ondo adierazten du, eguzkira zabaltzeko nahi hura eta Berpizkundeko arkitekturaren ezaugarria izan izaera hura, Erdi Aroko iluntasunaren ordez. Gainera, itsas-aingura handiekin tailatutako bere dintelek, garai hartako izpiritura garamatzate, bizilagunek itsasoarekiko loturagatik gogora zezaten nahi zuen gizonaren oroimena gogoraraziz.

112.	 Gipuzkoako baserririk zaharrenetako ateek harrizko arku zorrotzak dituzte, adibidez Astigarribiako (Mutriku) arku hau.
112. Gipuzkoako baserririk zaharrenetako ateek harrizko arku zorrotzak dituzte, adibidez Astigarribiako (Mutriku) arku hau. © Xabi Otero
113.	 Baserririk zaharrenetan erabiltzen zen harriaren kalitatea eta lanketa, beranduago egin ziren baserriena baino hobea da.
113. Baserririk zaharrenetan erabiltzen zen harriaren kalitatea eta lanketa, beranduago egin ziren baserriena baino hobea da. © Xabi Otero

Historian zehar egin dira eskaratzik gabeko harrizko baserriak, arkuzko ateak egiteari utzi arren XVII mendearen haseran. Hala ere, askotan berandu samar harriztatutako eskaratza handiak erantsi zitzaizkien, Bergarako Albizua edo Agarren ikus daitekeenaren antzera, eta horrek erakusten du etxe guztiz itxiaren ereduak ez zituela zeharo ase Gipuzkoako nekazarien beharrizanak.

114. IHS Makutso baserria.
114. IHS Makutso baserria. © Xabi Otero
115.	 Makutsok (Oiartzun) landajauregi errenazentista dirudi, baina bere barneko espazioen antolaketa edozein lurgintzarako etxerena bezalakoa da. Sarrerako bi ateek pertsonen eta abereen sarbidea bereizten dute.
115. Makutsok (Oiartzun) landajauregi errenazentista dirudi, baina bere barneko espazioen antolaketa edozein lurgintzarako etxerena bezalakoa da. Sarrerako bi ateek pertsonen eta abereen sarbidea bereizten dute. © Xabi Otero

Zutoizko zurajea zuten baserriak

Fatxadaren zurajearen zutoiak agerian dituzten eraikinek osatzen dute Gipuzkoako baserrien familiarik ugariena. Aspaldi, XVI mendearen haseran hasi ziren egiten, eta gero, oinarrizko aldaketa teknikoak izan dituztenez, XIX mendera arte garatu dira.

116.	 Ierobi Haundi (Oiartzun) XVII mendean egin ziren adreiluz betetako bilbadura-egituren adibiderik garbienetakoa da.
116. Ierobi Haundi (Oiartzun) XVII mendean egin ziren adreiluz betetako bilbadura-egituren adibiderik garbienetakoa da. © Xabi Otero
117.	 Tuharri porotsuz betetako bilbadura baten zatia, Altzo Muñon.
117. Tuharri porotsuz betetako bilbadura baten zatia, Altzo Muñon. © Xabi Otero

Guztiek oinarri berdina dute: neurri desberdinetako zurezko habetxoak dituen sare bat doitzea, non goitik behera elkarri eutsiko dioten. Sare horretako tarteak gero mortaira eta karearekin zuritutako harlanarekin beteko dira, edo adreiluarekin, bere kolore ederragatik edo prezio handiagatik agerian utzi ohi zena. Horrelako egituren nolabaiteko arintasunak eta tinkotasunak etxeari garaiera handiago ematea ahalbidetzen dio eta baita hegalkinak egitea ere, Gipuzkoan pentsatu baino askoz gutxiago egin arren.

Paretak doitzeko erabilitako materialak eta lotuneetako zurak antolatzeko erak, egitura desberdinen adina bereiztea ahalbidetzen dute. Zutoizko zurajerik zaharrenetako baserrietan, hala nola, Agerre (Irura) eta Aritzeta Erdi (Alkiza), habetxoek lauki edo zuzen oso altu eta erregularrak osatzen dituzte, harlanez osatuak. Ia ez dago euskarririk edo zeharkako piezarik, baina agertzen direnean perfil mistilineoko zurekin lotzen dira beste elementuekin.

Badiruri adreiluz betetako horma-hezurrak ez zirela arruntak XVI mendearen erdialdera, ez bada nobleziaren zenbait etxean, Zumarragako Legazpiren etxean esate baterako. Hala ere, Gipuzkoako baserrien artean ezagun egin zirenetan, ordura arte ezezaguna zen indarrez sartu ziren beste zenbait euskal lurraldetan. Oria arroan oso ondo onartu ziren, baina adreilua ia ezezaguna zen Debako herriarkitekturan. Adreilua sortzen zuten artisau teilagin asko eta asko Pirineo iparraldetik zetozen langile noizbehinkakoak ziren, eta agian horregatik errazagoa da mugatik gertura aurkitzea. Hipotesi hori indartzen du Donostia inguruko baserri mordoak; horren adibide ederrak ditugu Urruzmendi Usurbilen, eta Aliri edo Zubietako gainontzeko etxeak. Edonola ere, XVIII mendearen erdialdera askoz gutxiago erabiltzen zen. Urrezko garaia XVII mendea izan zen, orduan egin baitziren Oiartzungo Ierobi Haundi bezalako baserri arrazionalak eta harmoniazkoak eta baita Aiako Aranburu Zahar bezalako beste kaskarrago batzuk berregin ere.

118.	 Bilbadura-egiturak merkeak eta arinak ziren, eta baserri handiak prezio onean eraikitzea ahalbidetzen zuten, adibidez Etxehaundi (Lizartza).
118. Bilbadura-egiturak merkeak eta arinak ziren, eta baserri handiak prezio onean eraikitzea ahalbidetzen zuten, adibidez Etxehaundi (Lizartza). © Xabi Otero
119.	 Bilbaduradun fatxadarekin egindako baserriak, adibidez Lizarralde (Bergara), Gipuzkoan hedatuenak izan ziren XVII eta XVIII mendeetan.
119. Bilbaduradun fatxadarekin egindako baserriak, adibidez Lizarralde (Bergara), Gipuzkoan hedatuenak izan ziren XVII eta XVIII mendeetan. © Xabi Otero

Harlanez betetako horma-hezurra askoz gehiago zabaldu zen, bai espazioan eta bai denboran. Berdin erabili zen eskaratzik gabeko baserri handietan –Lizartzako Etxeaundi- eta ezkaratzdun etxetzarretan –Altzoko Etxeberri-. Zeharka habetxo gehiago sartu ziren, goitik beherako habeak lotuz, baina inoiz ez ziren erabili pieza kurbatuak, sarri erabiliak Europako beste herrialdeetan. XVII mendean jarri zen modan alderantzizko zuhaitz ardaska bat erabiltzea, fatxadako goiko erpinean teilatuaren gailurrari eusteko, oraindik ikus daiteke hori Anoetako Ateagan eta Asteasuko Elkeitan, baina halere, armaduraren ubelen azpian daude.

Zurezko baserriak

Fatxada nagusiko zati handi bat egurrarekin itxia duten baserriak dira Gipuzkoako zaharrenak legenda arabera. Benetan gutxi dira eta oso ikusiak arkitektura bilbatuaren barruan, non habetxoen sarea goitik behera josi eta iltzeztatutako zurezko taulen paretarekin estali den.

120.	 XVI eta XVII mendeetako ia baserri guztien eskeletoa haritzezko posteekin egina da, adibidez Gomestioko (Arrasate) ataripea.
120. XVI eta XVII mendeetako ia baserri guztien eskeletoa haritzezko posteekin egina da, adibidez Gomestioko (Arrasate) ataripea. © Xabi Otero
121.	 Egurrezko fatxadak oso erabilgarriak ziren lastategia aireztatua egon zedin, baina aldiberean oso hauskorrak ziren. Gazteluko (Bergara) oholez egindako ganbara zaharra dagoeneko ez da existitzen, bere ordez adreiluzko horma bat dago.
121. Egurrezko fatxadak oso erabilgarriak ziren lastategia aireztatua egon zedin, baina aldiberean oso hauskorrak ziren. Gazteluko (Bergara) oholez egindako ganbara zaharra dagoeneko ez da existitzen, bere ordez adreiluzko horma bat dago. © Xabi Otero

Historikoki XVI mendean eta XVII mendearen lehen erdialdean egon ziren indarrean, eta ezkaratza eduki nahi zuten eta baserriaren habe nagusia botako ez zuen material arina behar zuten baserrietan erabiltzen ziren. Beheko solairua beti harriarekin egiten zen, baina horrek ez zuen esan nahi eskeletoa edo ataurreko egitura haritzezko habe lodiekin egina ez zenik, Idiazabalgo Urbizu Bekoetxen gertatzen den antzera, beste zenbaitzuen artean.

Zurezko fatxada duten Gipuzkoako antzinako baserririk gehienetan, oholak aurrealdean bakarrik agertzen dira, Zumarragako Izar Haundin bezala, eta eraikinaren zabaleroan, aldiz, askoz gutxiago hedatzen dira. Gaztelun, Bergaran, 1530 urtetik aurrera gertatzen zen hori, baina kendu egin dira orain dela gutxi egindako obra batean. Egia da horrelako egiturak oso hauskorrak direla, eta hotzetik eta hezetasunetik babesteko zailak, beraz, nekeza da gaur egun horrelakoak jartzea. Gaur egun, oholak, ganbarako goialdean bakarrik kontserbatzen dira, eta jarri ere hor jartzen dira berriro noizean behin, bostehun bat urte izango dituen Bergarako Lazpiurren baserriko lastategian bezala, non haizea sartzea ahalbidetzen duten.

122.	 XVII mendearen hasieran Igartubeiti baserriari (Ezkio-Itsaso) eskaratz korritu berria eta oholekin itxitako ganbara zabala gaineratu zitzaion.
122. XVII mendearen hasieran Igartubeiti baserriari (Ezkio-Itsaso) eskaratz korritu berria eta oholekin itxitako ganbara zabala gaineratu zitzaion. © Xabi Otero
123.	 Tomas de Zumalacarregui jeneral karlistaren jaiotetxea, Iriarte izenekoa (Ormaiztegi), haritzezko enbor eta oholekin eraikita dago.
123. Tomas de Zumalacarregui jeneral karlistaren jaiotetxea, Iriarte izenekoa (Ormaiztegi), haritzezko enbor eta oholekin eraikita dago. © Xabi Otero

Aurreko fatxadan XVII mendearen haseran zati bat erantsi zitzaien zenbait etxebizitzek bereziki Gipuzkoako zurezko baserrien generoa osatzen dute, non beheko solaiuan larrain arkupedun zabala zuten eta horren gainean zurezko paretak zituen behitegi zabala, zenbait haberen gainean jarria. Horren adibiderik onena, zalantzarik gabe, Ezkio-Itsasoko Igartubeitia dugu, baina oraindik ere geratzen dira horren zenbait generokide, hala nola, Ormaiztegiko Arandi, Tomas de Zumalacarregui jeneral karlistaren jaiotetxea, edo  Gabiriako Izarre Haundi eta Azkoitiako Aginaga. Oso zaharrak dirudite, baina euskal etxebizitzaren egoera bilakatuaren adierazle dira, baliabide eskasekin eginak izan arren.

Aurkupedun ezkaratzeko baserriak

Eraikuntzaren eta diseinu arkitektonikoaren kalitateari dagokionez, landutako harrizko arkuekin egindako ezkaratzdun baserriak, Gipuzkoako baserriak historian ezagutu duen bilakaera punturik handienean daude. Horren tinkotasunak, bizigarritasuneko baldintzak eta itxura apainak, bere tamainako oso lehiakide gutxi dauzka Europako nekazaritzako arkitekturaren panoraman.

124.	 Gurmendi baserriko (Zarautz) landutako harrizko bost arku handiak hargin onak zituen lurraren eta esperientzia handiko maisuek egindako landa arkitekturaren tradizio luze baten emaitza dira.
124. Gurmendi baserriko (Zarautz) landutako harrizko bost arku handiak hargin onak zituen lurraren eta esperientzia handiko maisuek egindako landa arkitekturaren tradizio luze baten emaitza dira. © Xabi Otero
125.	 Eguren (Bergara) baserri arkudunen lehendabiziko belaunaldikoa da, hauek XVII mendearen erdialdera Deba ibaiaren goiarroan hedatu zirelarik.
125. Eguren (Bergara) baserri arkudunen lehendabiziko belaunaldikoa da, hauek XVII mendearen erdialdera Deba ibaiaren goiarroan hedatu zirelarik. © Xabi Otero

Barrokoaren garaietan Iparraldeko hargintza ofizioak izan zuen garapenarekin loturik dago horren hedakuntza. XVII mendearen erdialdera jaio ziren, eta arrakastatsu ezarri ziren nekazari dirudunen artean, garai haietan konfidantzatsu agertzen zirenak artoaren aklimatazio onuragarriaren ondorioz.

126.	 Harlanduzko arkudun ezkaratzak zituzten XVIII mendeko baserri handiak, adibidez Lardabuño (Zizurkil), Gipuzkoan inoiz existitu diren kalitaterik oneneko landaetxebizitzak dira.
126. Harlanduzko arkudun ezkaratzak zituzten XVIII mendeko baserri handiak, adibidez Lardabuño (Zizurkil), Gipuzkoan inoiz existitu diren kalitaterik oneneko landaetxebizitzak dira. © Xabi Otero
127.	 Agarreko (Bergara) arkuak, baserri zaharraren eta bere garaiaren multzoari egindako beranduagoko eraskina dira.
127. Agarreko (Bergara) arkuak, baserri zaharraren eta bere garaiaren multzoari egindako beranduagoko eraskina dira. © Xabi Otero

Gipuzkoako Hego-mendebaldean agertzen dira batipat. Zenbait baserritan, arku handi bat, bi edota bost ere badaude fatxadaren oinarrian. Hala ere, Bizkaiko Ekialdean harrizko kiribil bat edo bikoak ohizkoak diren bezala, Arabako Aramaio auzoan eta Nafarroako Ipar-mendebalde osoan, bi edo hiru kiribil dituztenek Gipuzkoakoa bakarrik den baserri mota osatzen dute.

Azken horiek jaur-itxura handiagoa dute. Askotan hiruzpalau etxebizitzako landetxe handiak dira, Zizurkilgo Lardamuño bezala, teila mordo baten azpian dagoen 500 m2 ko soilairuarekin. Zoritxarrez itxura hori motz geratu da kasu askotan, ezkaratzeko nekazaritzako egitekoak alde batera uztean, zenbait arku harresitzeko ohitura zabaldu baitzen sukaldea eta beste zenbait gela handitzeko. Horrela gertatu da hain jatorri oneko etxeetan, Irurako Laskibar, Bergarako Eduegi eta Segurako Madalenan esaterako.

Arku eta kargazko paretekin egindako baserriak ugaritzen hasi zirenean nabaritu zen aurrerapenik handienetakoa zera zen: eraikinaren altuera igo zitekeela bere egonkortasuna erriskuan jarri gabe. Horrek ahalbidetu zuen XVIII mendearen erdialdean goiko pisua etxebizitza gisa erabiltzea, gelak gehituz eta ezkontza, bataio eta gau-belak bezalako familia-zeremonietan gonbidatuak hartzeko erabiltzen zen saloia handituz. Etxebizitza bat gehiago egin zela ondo nabari da adibiderik bilakatuenetan, hala nola, Zumarragako Gurrutxagan eta Antzuolako Lapatzan, baina oraindik ezezaguna da horien aurreko belaunaldietan, Bergarako Irazabal Etxeberrin esate baterako.

Ezkaratzik gabeko baserriak

Gipuzkoako baserrien azken belaunaldiak, XIX mendekoak, uko egin zion ezkaratzak erabiltzeari, bai arkuekin egindakoak eta baita egurrezko atalarri handi batekin egiten zirenak ere. Alde batetik, bizimodu isilagoa eta zuhurragoa izatearen aldeko apostua zen, familiaren barruan bertan, baina baita etxeko arkitektura arrazionalizatzekoa ere.

128.	 Zubin (Amezketa) dimentsio txikiko eta itxura apeleko baserria da, XIX mendearen hasieran berregin zena. Bere egitura, barnealdean jarritako haritzezko hiru poste monumentalekin eusten da.
128. Zubin (Amezketa) dimentsio txikiko eta itxura apeleko baserria da, XIX mendearen hasieran berregin zena. Bere egitura, barnealdean jarritako haritzezko hiru poste monumentalekin eusten da. © Xabi Otero
129.	 Gipuzkoako apaizetxeetariko gehienak XIX mendearen hasieran berregin ziren eta hauetariko askok, hala nola Sorabillakoak (Andoain), ezkaratzik gabeko baserriaren itxura hartu zuten. Eraikin zorrotz eta antolatuak dira, oso eraikuntza onekoak.
129. Gipuzkoako apaizetxeetariko gehienak XIX mendearen hasieran berregin ziren eta hauetariko askok, hala nola Sorabillakoak (Andoain), ezkaratzik gabeko baserriaren itxura hartu zuten. Eraikin zorrotz eta antolatuak dira, oso eraikuntza onekoak. © Xabi Otero

Benetan bazirudien baserri mota antzinakoenak irabazi zuela, berpizkunde-gotiko garaiko tradizioko harrizko etxeak, baina bazegoen funtsezko desberdintasunik, bilakaerako hiru menderen ondorioz sortuak. Haseran, azaleko gonbarazioa egiterakoan, baserri modernoak kalitate txarragoko materialekin eginda zeuden, haritzaren egurrarekin egindako haberik ez baitzuten, ezta XVI mendeko etxeetako arku harlandurik ere; baina hala ere, bizitzeko erosoagoak ziren: leiho berdin eta ondo antolatu nabarmentzen da, Neoklasizismo garaiko eraikin guztiei ezartzen zitzaien arrazionalismo irizpideari jarraiki. Geroagoko eraikinetan etxetzar handiak baino ez dira ikusten, Eskoriatzako Arane Goikoa esate baterako, non ate eta leihoen antolaketa zorrotza eta monotonoa den, baina zurezko edo adreiluz zarpeatutako dintelekin.

130.	 Orexan oso ugariak dira Ormaetxe Garai bezalako baserriak: ezkaratzik gabe, baina erdi-puntuko arku dotore batekin, Nafarroako iparraldeko estiloari jarraiki.
130. Orexan oso ugariak dira Ormaetxe Garai bezalako baserriak: ezkaratzik gabe, baina erdi-puntuko arku dotore batekin, Nafarroako iparraldeko estiloari jarraiki. © Xabi Otero
131.	 XIX mendean zehar espazio marginal asko kolonizatu ziren eta baso eta auzo-larreko lur zaharrak lanberritu ziren. Nekazari berriek eraiki zituzten baserriak Arno-Ate baserriaren (Elgoibar) antzeko ereduetan oinarritzen ziren, beren lerroxumetasunari eta ezkaratzik ezari dagokionez.
131. XIX mendean zehar espazio marginal asko kolonizatu ziren eta baso eta auzo-larreko lur zaharrak lanberritu ziren. Nekazari berriek eraiki zituzten baserriak Arno-Ate baserriaren (Elgoibar) antzeko ereduetan oinarritzen ziren, beren lerroxumetasunari eta ezkaratzik ezari dagokionez. © Xabi Otero

Gaur egun hori da Gipuzkoan baserririk zabalduena; kasu askotan, halere, itxura modernoko fatxadaren makilaiaren atzean, ehun urteko etxebizitza baten egitura konplexua gordetzen da, bere erara garai desberdinen erritmora egokitzea ahalegindu dena.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net