gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 23, astelehena

Bertan > Baserria > Euskara bertsioa: Bizitza eta lana baserrian

Bizitza eta lana baserrian

Familiarentzako tokia

Baserriak neurri handiko eraikinak diren arren, oina batazbeste 300 m2koa, antzina familiarentzako gordetzen zen tokia oso txikia zen, eraikitako bolumenaren bostenera ere ez zen iristen eta.

Familiaren etxebizitza beheko salairuan zegoen beti, eta azken ehun eta berrogeita hamar urteotan hasi dira goiko solairuan logelak egiten. Familia bakarreko baserrietan etxearen aurrealdean edo haranari begira zegoen saietsaldea bizi zen familia, eta bi familiakoetan, aldiz, beti aurrealdean.

80.	Baserri zaharretan ez zegoen intimateterik. Familia osoak logela arrunt batean lo egiten zuen, gehienez ere gortinekin banandutako gela txikitan.
80. Baserri zaharretan ez zegoen intimateterik. Familia osoak logela arrunt batean lo egiten zuen, gehienez ere gortinekin banandutako gela txikitan. © Xabi Otero
81.	Aho esmaltatudun txarroa. Baserrietako ontziteria oso apala zen.
81. Aho esmaltatudun txarroa. Baserrietako ontziteria oso apala zen. © Xabi Otero

Etxebizitza bi zatitan banatzen zen: sukaldea, eta logelak. Sukaldea sarreratik gertu zegoen eta gehienetan eraikinaren aurrealdeko zokoan, baserriaren bihotza han zegoen eta batez ere, hizketarako gunea; han biltzen zen familia eta han hartzen ziren bisitariak, han egiten zen haria gauetan, eta han aritzen ziren “marmarrean” inguruko gertaerei buruz. Han hitzartzen ziren ezkontzak eta han babesten ziren euskal kultura herritarraren erriturik antzinakoenak.

XVI eta XVII mendeetan sukaldearen erdian jarritako harlosa baten gainean pizten zen sua, eta handik zintzilikatzen zen supazterreko katea. XVIII eta XIX mendeetan ia etxe guztietara zabaldu ziren su-bajuko tximiniak, ezkila hormari itsasirik; amaitzera doan mende honetan jarri ziren suzko txapak, edo “ekonomikak” hauek industrigintzarekin sortu ziren eta errekin asko aurreztea ahalbidetzen dute.

82.	Zizaillua familiaren haltzaririk baliotsuena zen. Zenbait baserrik ez zeukan mahai eraitsigarria eta bizkaralde altua zeukan eserleku hau erosteko baliabiderik. Askotan alboko armairuekin edota eserleku azpialdean kutxua eta kapoientzako kaxoiekin osatzen zen.
82. Zizaillua familiaren haltzaririk baliotsuena zen. Zenbait baserrik ez zeukan mahai eraitsigarria eta bizkaralde altua zeukan eserleku hau erosteko baliabiderik. Askotan alboko armairuekin edota eserleku azpialdean kutxua eta kapoientzako kaxoiekin osatzen zen. © Xabi Otero
83.	Baserrietako sukaldeak asko garatu dira mendez-mende. Lehendabizi kanpairik gabeko erdialdeko supazterra zen (XVI-XVII mendeak), ondoren horman adosatutako tximinia zeukan su-baxua agertu zen (XVIII-XIX mendeak), eta orain dela ehun urte eskas burdinurtuko txapa
83. Baserrietako sukaldeak asko garatu dira mendez-mende. Lehendabizi kanpairik gabeko erdialdeko supazterra zen (XVI-XVII mendeak), ondoren horman adosatutako tximinia zeukan su-baxua agertu zen (XVIII-XIX mendeak), eta orain dela ehun urte eskas burdinurtuko txapa "ekonomikak" jartzen hasi ziren. © Xabi Otero

Sukaldeko haltzari nagusia zizaillua edo izillua zen, non eserlekuaren azpian kapoientzako kaxoiak zeuden, eta bizkar-aldea –altua izaki-, berriz, gora jaso zitekeen mahaia. Ontziteria oso apala zen eta honakoa aurki zitekeen: keramika karkailduzko piezak, zurezkoak eta batzutan baita eztainuzkoak ere –lapikoak, txarroak, perrailak, pedarrak, kaikuak, eltze handiak eta platerak-.

84.	Baserriko neskatxa gazteek egunaren zati handi bat iturri edo iturburutik ura garraiatzen ematen zuten, horretarako zeramikazko pedarra handiez baliatzen zirelarik.
84. Baserriko neskatxa gazteek egunaren zati handi bat iturri edo iturburutik ura garraiatzen ematen zuten, horretarako zeramikazko pedarra handiez baliatzen zirelarik. © Xabi Otero
85.	Baserri tradizional bateko sukaldearen erreprodukzioa, San Telmo Museoa. Ikuiluko aska batzuek zuzenean sukaldera ematen zuten leihatilak zituzten.
85. Baserri tradizional bateko sukaldearen erreprodukzioa, San Telmo Museoa. Ikuiluko aska batzuek zuzenean sukaldera ematen zuten leihatilak zituzten. © Xabi Otero

Baserri bakoitzean hiru edo lau ohe zeuden, linuzko beren zorro eta guzti, eta beti egoten zen tailatutako kutxa bat edo beste arropa gordetzeko. XIX mendearen erdialdera arte logela bakarra izaten zen edo gehienez bi. Denentzako logela bakarreko baserriak  gutxitzen ari dira; logela horretan oheak nahiko txikiak ziren, paretaren kontra biltzen ziren eta bata eta bestearen artean mihisezko gortina bat zegoen. Intimitatearen ikuskera erruz aldatu da ordutik hona.

Abereentzako tokia.

86.	Herri-basoetako haritz eta arteetako ezkurra baserrietako zerri kopuru handia elikatzeko baliagarri izan zen.
86. Herri-basoetako haritz eta arteetako ezkurra baserrietako zerri kopuru handia elikatzeko baliagarri izan zen. © Xabi Otero

Laborerako lurrak baino gehiago etxabereak hartzen ziren, eta bereziki abelgorria, baserriaren aberastasunaren sinbolo gisa. Gipuzkoako nekazarientzat ez zegoen idi pare indartsu eta dirdiratsuak edukitzea baino ezer garrantzitsuagorik. Orain gutxi ere, baserriko lana animaliekin egitea zaharkituta geratu zenean eta idiek ohitura faltaz uztarrian lotzerik nahi ez zutenean, asko ziren beren idi ederrekin jarraitu nahi zuten nekazariak.

Abelgorrientzat eraikinaren erdia beino gehiago uzten zen. Animalia bakoitzak zurezko kaxoiaren antzeko ganbela zeukan, eta hor sartzen zuen burua janaria jateko, eta lurrean egiten zuten etzantokia lasto eta garoarekin, gero ongarri gisa erabiltzen zirenak.

XVIII mendearen erdialdera arte bi ganbela sukaldearen ondoko paretaren parean jartzen ziren, eta maratilekin isten ziren leiho handi batzuek hara eramaten zuten. Horrela, bada, umea egiteko zeuden behiak eta gehien balio zuten idiak uneoro zain zitzaketen sukaldetik; animalien burutzar otzanek, gainera, gehienetan familiaren tertuliaren lekuko izaten ziren.

87.	Iratzea ebaki eta pilatzeko erabiltzen zen sega.
87. Iratzea ebaki eta pilatzeko erabiltzen zen sega. © Xabi Otero

Ikuilura zuzenean sartzen da ezkaratzetik, halakorik baldin badago, baina alboan ia beti egoten da ate bat edo atzeko sarrera osagarria, haizea azkar sartzea eta pertsonak eta animaliak askoz erosoaga ibiltzea ahalbidetuz. Ikuiluan ez dago leihorik, arnasa hartzeko zulo estuak baino, zirrikituak diruditenak. Tartean ere ez dago zuntoinik, zenbait animali –txerria esaterako- zoko batean aparte hazi arren. Antzina, txerritegia ugariagoa zenean, normalean etxe inguruan libre ibiltzen ziren edo herriko harizti edo ezkurdietan botatzen ziren urdaldeak.

Gipuzkoako Oria Ibaiaren Ekialdean mendialdean zeuden baserri batzuk, mendiko larredietatik hurbil zeuden borden jabeak ohi ziren. Borda txiki horietan ardiak eta behiak gordetzen ziren, eta baita belarra eta garoa ere. Denbora joan ahala, gutxitu egin dira, baina gari batean asko eta asko zeuden. Haranetik edo jendea bizi zen guneetatik hurbilen zeudenak etxebizitza bihurtu ziren XVIII eta XIX mendeen hedakuntza garaian, eta urrutien zeudenak utsik geratu ziren.

88.	Iñaki Olidenen (Orio) lor-idi parea. Erdi Arotik aurrera idi pare on baten jabe izatea nekazari gipuzkoarren artean aberastasun sinbolo gorena izan da.
88. Iñaki Olidenen (Orio) lor-idi parea. Erdi Arotik aurrera idi pare on baten jabe izatea nekazari gipuzkoarren artean aberastasun sinbolo gorena izan da. © Xabi Otero
89.	Zerriak baserriko gainontzeko abereetatik bananduta bizi ziren. Askotan aske uzten ziren baserriaren inguruan.
89. Zerriak baserriko gainontzeko abereetatik bananduta bizi ziren. Askotan aske uzten ziren baserriaren inguruan. © Xabi Otero

 

90.	Jesus Isasa, mustioaren zikinkeriak iragazten Ierobi Haundiko (Oiartzun) dolare-etxetxoko sotoan.
90. Jesus Isasa, mustioaren zikinkeriak iragazten Ierobi Haundiko (Oiartzun) dolare-etxetxoko sotoan. © Xabi Otero

Gauzak pilatzeko tokia.

Gipuzkoako nekazariak biltzen zuen ekoizkin bakoitzak bazeukan tokirik baserriko arkitekturaren barruan. Goiko solairu osoa gauzak pilatzeko egina zegoen eta askotan baita etxebizitzaren beheko aldean zegoen erdisotoa ere.

Ikuiluaren gainean zegoen mandioa, bertan belarra, belar ondua eta lastoa pilatzen zen abereentzat. Egurrezko lurraren gainean irekitako sabaizulotik oso erraza zen sarde batekin uneoro behar zena botatzea. XIX mendetik aurrera, eta lurreko aldapak ahalbidetzen bazuen, malda bat gehitu da baserriaren kanpoaldean, kargatutako gurdiak lastategira sartu ahal izateko. Lehen belar ondua lurrean egindako zulo edo ate batetik botatzen zen gora asko kostata.

91.	Lazpiur baserriko (Bergara) upategirako sarbide-arku zaharra XVI mendeko hasierakoa da eta egurrezko ate xume batekin ordezkatu da.
91. Lazpiur baserriko (Bergara) upategirako sarbide-arku zaharra XVI mendeko hasierakoa da eta egurrezko ate xume batekin ordezkatu da. © Xabi Otero
92.	Sagardo upelak upategian edo ikuiluaren bazten batean erreskadan jartzen ziren.
92. Sagardo upelak upategian edo ikuiluaren bazten batean erreskadan jartzen ziren. © Xabi Otero

Goiko etxebizitzako aurrealdean sabaia dago, ondo mugatua egurrezko paretekin edo harlanezkoekin, eta batzuetan itxi gabeko balkoi batekin fatxadaren gainean. Zeregin asko ditu eta piskanaka-piskanaka aldatu egin da historian. Haseran XVI mendeko nekazari batzuk gari arkak eta sagarrak edo urtean zehar usteldu gabe gorde nahi ziren fruituak jasotzen zutuzten. XVII mendearen haseran artoa agertu zenean, artaburuak lehortzeko eta alea ez txantxartzeko tokirik egokiega bihurtu zen, lur lehorraren gainean botaz eta leihatilak irekiz. XIX mendean beharrezkoa izan zen sabaia handitzea babarrunarentzat eta patatarentzat tokia uzteko, horiek ere toki lehorra eta aireztatua eskatzen baitzuten. Usotoki, arropa zabaltzeko toki eta traste zaharren ganbara ere izan da, eta orain dela ehun eta berrogeita hamar urtetik hona askok eta askok zati bat logela gisa ere erabili dute, baldin eta baserri zaharretan horretarako toki gutxi bazuten.

93.	Agarreko garaia, XVI mendearen erdialdera armatua, Gipuzkoan kontserbatu den espezie honetako azken aletegi goratua da. Garai batean ugariak ziren Deba ibaiaren haranean.
93. Agarreko garaia, XVI mendearen erdialdera armatua, Gipuzkoan kontserbatu den espezie honetako azken aletegi goratua da. Garai batean ugariak ziren Deba ibaiaren haranean. © Xabi Otero
94.	Igartubeiti baserriko (Ezkio-Itsaso) ganbara. Gipuzkoako baserriaren goiko solairu osoa uzta gordailatzeko erabiltzen zen eta ondo aireztaturik egon behar zuen jasotako fruituak ez hondatzearren.
94. Igartubeiti baserriko (Ezkio-Itsaso) ganbara. Gipuzkoako baserriaren goiko solairu osoa uzta gordailatzeko erabiltzen zen eta ondo aireztaturik egon behar zuen jasotako fruituak ez hondatzearren. © Xabi Otero

Garia jasotzen zen oholezko arkatzarrek ere bihitegi edo upategietan izan zuten tokirik. Garai deitutako aletegi handiak, “garaixe” direlakoak, ezagunak ziren XIV mendeko euskal baserrietan, baina Erdi Aroko nekazaritzako eraikuntza guztiak bezala, goitik behera aldatu ziren XVI mendearen haseran. Oso denbora gutxi iraun zuten, XVII mendetik aurrera ez baitziren egiten, eta Gipuzkoan ez ziren ikusi mendebaldeko haranetatik kanpo, nahiz eta duela gutxi berriztatutako agarre, Penintsula osoan dagoen eredurik harrigarrienetakoa izan.

Bodega, upategia edo iputeixa da Gipuzkoako baserria gainontzeko euskal baserrietatik gehien bereizten duen biltegi-gunea. XVI eta XVII mendeetan egin ziren, lursail malkarretan eta haranetik gertuen zegoen etxebizitzako saietsean. Teilatua zurezkoa dute eta behea lurrezkoa, kanpotik zuzenean sar daiteke eta bi leiho dituzte haizea sartzeko, oso luzeak eta estuak. Han ontzen ziren garai batean sagardo barrika usaintsuak –Gipuzkoako etxe guztietan zeuden- eta arkentzak ere izaten zen tokirik. Gaur egun ez dute antzinako erabilerarik eta simaurtegi edo ardi, untxi eta oiloentzako ikuilu gisa erabiltzen dira.

Lanerako tokia.

Gipuzkoako antzinako baserria, lan tresna eta lanerako eszenategi iraunkorra zen. Eraikin bakar batean, itxia eta trinkoa, hazten zen ganadua eta baita uztak jaso ere; eta gainera, bertan ekoizten ziren familiaren oinarrizko beharrizanak asetzen zituen janariak eta tresnak. Bertan egiten ziren artisautzako zenbait lanek, saskigintza, ehungintza, taila edo zurgintzak, esate baterako, ez zuten toki berezirik behar, eroso egiten ziren sukaldean edo ezkaratzeko itzalpean.

Hala ere, baserriek basuten bereziki lan zehatzak egiteko tokirik, nekazal zikloarekin zerikusia zuen lan mekanikoa egiteko, hain zuzen ere; zenbait garaitako baserriaren arkitektura osoa baldintzatzen zuten toki eta egiturak ziren, eta ekoizkin zehatz bat egitearekin lotuak zeuden. Garrantzitsuenak dolarea eta larraina izan ziren.

95.	Andres de Garitano Aldaetak 1693 urtean marraztutako Mekolalde Azpikoa baserriko (Bergara) berreraikuntza-trazetan eraikinaren espazio desberdinen funtzioa finkatzen da. Behealdean ataripe arkupetua dago txibiteketarako, erdialdean ikuiluak eta sukaldea, eta goian eskuinaldean sagardorako bodega eta garibihitegiak.
95. Andres de Garitano Aldaetak 1693 urtean marraztutako Mekolalde Azpikoa baserriko (Bergara) berreraikuntza-trazetan eraikinaren espazio desberdinen funtzioa finkatzen da. Behealdean ataripe arkupetua dago txibiteketarako, erdialdean ikuiluak eta sukaldea, eta goian eskuinaldean sagardorako bodega eta garibihitegiak. © Xabi Otero
96.	Azkunabieta baserriko (Urnieta) hiru ardatzeko dolarea. XVII mendearen bukaeran, zukua lauskitzeko sagar orea zuzenean zanpatzen zuten hiru torlojo bertikalez zuzkituriko dolareak hedatu ziren Gipuzkoa eta Nafarroan.
96. Azkunabieta baserriko (Urnieta) hiru ardatzeko dolarea. XVII mendearen bukaeran, zukua lauskitzeko sagar orea zuzenean zanpatzen zuten hiru torlojo bertikalez zuzkituriko dolareak hedatu ziren Gipuzkoa eta Nafarroan. © Xabi Otero

XVI mendeko eta XVII mendeko lehen erdialdeko baserrietan, dolarea, landetxeko ia bi solairuen luzerako ardatz osoa hartzen zuen makina erraldoia zen. Sagardoa egiteko tresna horiek, antzinako dolare erromatarren printzipioetan oinarritzen ziren, eta ia 12 metroko luzera zuen zeharkako habe lodi batekin zeuden osatuta, eta habe hori azpian jarritako sagarrak zapaldu arte jaisten zen. Jadanik ez da geratu dolare bat bera ere osorik, baina tresna maneiatzen zuten zutabeak zutik daude, Gipuzkoako baserririk zaharrenak eusten.

97.	Habedun dolarea duen baserria (XVI mendea).                                                                                                                                      
1. Ardatza
            2. Ganbara               	
            3. Tolare-haga
            4. Gain-hagak
            5. Tolare-habeak
            6. Lastategia
            7. Patsa (Sagar-patsa)
            8. Masera
            9. Tina
          10. Ikuilua
          11. Pisu-harria
          12. Sukaldea
          13. Kontrasutako atea
          14. Gelak               
          15. Upategia
          16. Kontrasutako horma
97. Habedun dolarea duen baserria (XVI mendea).
  1. Ardatza
  2. Ganbara
  3. Tolare-haga
  4. Gain-hagak
  5. Tolare-habeak
  6. Lastategia
  7. Patsa (Sagar-patsa)
  8. Masera
  9. Tina
  10. Ikuilua
  11. Pisu-harria
  12. Sukaldea
  13. Kontrasutako atea
  14. Gelak
  15. Upategia
  16. Kontrasutako horma

XVII mendearen amaieran asmatu ziren dolareak oraindik ere zurezkoak dira, baina askoz ere txikiagoak ziren eta presio zuzeneko torloju batzuk zituzten. Geroago, XIX mendearen haseran, erdian burnizko ardatza eta mekanismo automatikoa zuten prentsa txiki desmuntagarriak zabaldu ziren, eta gaur egun nagusi dira bertako baserririk gehienetan.

Sagarren bezala, gariak –euskal baserriaren historiari lotua bostehun bat urte baino gehiagotan- ere sortarazi zuen toki egokirik, pilatu aurretik jo ahal izateko. Gipuzkoako lehengo nekazariek ez zuten erabiltzen estrazirik alea eta galburua bereizteko, trailuak erabiltzen zituzten edota zuzenean azauak lurrean zeuden harri batzuen gainean jotzen zituzten. Lan zail hori babespean egin nahi izatetik sortu ziren ataiak edo aterpeak, harriztatutako arkupe handiak, etxearen zabaleroa adinakoak. Zaharrenek egurrezko habeak zituzten arkupeak ziren, baina XVII mendearen erdialdera Deba Garaian harri apaineko lauzpabost arkurekin egindako egitura dotoreak zabaldu ziren, eta inguruko baserririk handienetan izan zuten arrakastarik. Kalitate oneko baina aurreko mendean eginak izateagatik garia jotzeko larrainik ez zuten eraikin askori, egitura hori jarri zitzaien aurreko fatxadan, erabilgarria izateaz gain, etxondoari ospea eta handitasuna ematen baitzion. Gaur egun izenaren kontu hay gehiago baloratzen da, sortarazi zuen haserako egitekoa baino.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net