gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

2024ko abenduak 23, astelehena




Bertan > Los colgantes Magdalenienses de la cueva de Praileaitz I (Deba) > Versión en euskera: Zintzilikario multzoak
Zintzilikario multzoak.

Itzul gaitezen, bada, berriz ere haitzulora. Barneratu ahala, lehenengo multzoa atondoaren ezkerraldean aurkituko dugu, sarreratik gertu, hiru elementuz osatuta, bi luzexkak dira eta hirugarrena ia angeluzuzen formakoa, aurpegiak eta angeluak biribilduta dituena.
Barruko gelarako pasabidean, harritzar edo harkoskorrez mugatutako lau metro karratu inguruko eremu batean, beste bost zintzilikario aurkituko ditugu. Horietako hiru, basahuntz ebakortzetan eginak eta apainduak, elkarrengandik oso gertu agertuko dira. Baina pieza guztien artetik bere edertasunagatik nabarmentzen dena da kolore beltz biziko uharri mehe baten gainean egindako zintzilikarioa, harriaren berezko soslaiak Paleolitoko hainbat venus klasiko ekartzen digu gogora. Zintzilikario horretatik oso hurbil kolore belzkarako beste bat aurkituko dugu, formari erreparatuz gero, orein baten hondar betortza dirudiena, baina askoz ere handiagoa. Jatorrizko objektuaren sinbolismoaz gain, antzekotasun hori dela eta hautatua izango zen seguruenik pieza hori.
Alabaina, barruko lehenengo gelak eskainiko digu Paleolitoko aurkikuntzarik ikusgarrienetako bat: metro eta erdi luzeko lepokoa, behar bada buztin gainean propio utzitako harri beltzeko hamalau zintzilikarioz osatua. Pieza horiek, gehienak apainduak eta forma luzatukoak, ordenatuta eta distantzia tarte bera dutela antolatuta daude eta bi muturrak berezko zuloa duten apaingarririk gabeko harri txiki banaz ixten dira.

74. Zintzilikario multzoen kokapen orokorra haitzuloan indusitako bi geletan. © Jesús Alonso
Gela horretan bertan, aurreko multzotik lau bat metrora, bi piezez osatutako beste bat aurkituko dugu. Bost talde horiez gain, atondoko nahiz barruko gelako beste zenbait lekutan, zintzilikatzeko zuloaren parean hautsita dauden beste zintzilikario batzuk topatuko ditugu, oraingo honetan, elkarrengandik nahiko gertu.

Zintzilikario bakoitzaren deskribapena egiten den orrialde guztietan zintzilikarioen marrazkiak 1:1 eskalan erakusten dira, benetako tamainan, eta argazkiak, berriz, 1:1,5 eskalan, benetako tamaina baino %50 handiago, xehetasun guztiak hobeto ikusi ahal izateko.

75. Hiru zintzilikarioz osatutako lehen multzo horretan bi zintzilikario forma luzatukoak dira, angeluzuzen itxurakoa den hirugarrenaren oso bestelakoak. Hirugarren horren egitura eta kolorea, distiratsua eta beltzagoa, beste bienen ezberdinak dira. Bat bakarra dago apainduta. 76. Lehenengo multzo hori kobazuloaren sarreratik hurbil aurkitu zen, eserlekuaren eta sutondoaren ondoan. 77. Uharri zapal batean egindako apaingarririk gabeko zintzilikario bakarretako bat da. Aldeetako batean kurbadura leun bat dauka eta angeluak zertxobait biribilduta daude. Zulaketa gunean ebaki motz batzuk ditu, ihes-lerro gisa interpretatu daitezkeenak. © Jesús Alonso
Hauek dira harriz eginak ez dauden lepoko baten elementu bakarrak. Basahuntzaren (Capra pyrenaica) hiru ebakortza dira, zuztarrean bi zulo dituzte eta kanpoko aldeak zeharkako lerro laburrez apainduta daude. Pieza horiek agian okrez margotuta egon ziren, edo behintzat harremana izan zuten material horrekin, aurkitu zirenean horietako batek kolorazio gorriko arrastoak baitzituen.

Historiaurrean ohikoa da animalia belarjale edo haragijaleen hortzak erabiltzea zintzilikarioak egiteko, zulatuz eta apaindura diferenteak eginez. Alabaina, ez dira oso ugariak zulo bat baino gehiagoko hortz horien parekoak. Ezagutzen dira, halere, zaldi eta orein ebakortzak, apainduak eta zulo bikoitza dutenak (bost ere bai batzuk) Kantauriko isurialdeko eta ipar Pirinioetako Madeleine aldiko maila ezberdinetan, hala nola Ermittian (Deba, Gipuzkoa), Arenazan (Galdamez, Bizkaia), Isturitzen (Izturitze-Donamartiri, Nafarroa Beherea), Mas d´Azilen (Ariège) eta Tito Bustillon (Riba-desella, Asturias).

Labarretako artean eta arte higigarrian giza irudi gutxi dago. Higigarriaren barruan, interes berezia dute zenbait eszenek, hala nola, Torreko hezurrekoak (Oiartzun, Gipuzkoa) edo Vacheko (Ariège) makilakoak, edo ezagunak diren gorputz biribileko irudi urriek: Entrefoceseko burua (Morcín, Asturias), zalantzan jarritako El Pendoko zintzilikario edo makila zulatua (Camargo, Kantabria) eta Las Caldaseko (Oviedo, Asturias) “Venusa”. Emakumezkoen irudikapena, gizonezkoena baino zainduagoa, eskematikoa izan ohi da eta anatomiaren atal batzuk nabarmentzen dira. Horren inguruan era askotako interpretazioak egin dira: ama jainkosaren irudiak, ugalkortasun eskaintzak, gizarte paleolitikoan emakumezkoek zuten garrantziaren adierazleak, etab.

Euri ura karstean barneratzen da eta kareharria disolbatzen du pixkanaka, horma eta zoruetan eratzen doazen troska estalagmitikoak sortuz. Praileaitz I haitzuloko barruko lehen gela horrelako geruza batek estaltzen zuen eta aztarna paleolitiko guztiak modu naturalean zigilatuta zeuden. Halaber, aurkitutako zintzilikarioetako batzuk konkrezio geruza finak zituzten jasandako tanta jariatze geldoaren eraginez.

Aipatzekoa da hautsitako zintzilikario batzuk aurkitu izatea, gehienak zulo aldetik puskatuta. Ez dakigu noiz eta nola hautsi ziren; halere, historiaurrean zehar askotan aurkitu izan dira hautsitako edo desegindako objektuak bizitoki eta ehorzketa eremuetan, eta ondorioz proposatu izan da erritu jardueretan apurtutakoak izatea. Praileaitz Ieko zintzilikarioen kasuan ez dakigu objektuen haustura eta aurkikuntzen bateratzea halabeharrak edo beste arrazoiren batek eragindakoak ote diren.




78. Pieza honetan nabarmen- tzekoa da luzera eta sekzio ia karratua izatea. Bi zatitan aurkitu zen, sarrerako hegoaldeko hormatik erauzi zen harritzar handiaren azpiko erpinaren alde banatan. 79. Zintzilikario gehienak modu ezberdinean apainduta daude, sakoneko edo azaleko ebaki txikiak eginez. Batzuetan, alde handienetako batean bakarrik egiten dira marka gutxi batzuk; bestetan, alde oso bat edo biak grabatzen dira antzeko distantziara gutxi gorabehera. Askotan, hutsuneek, erritmoek edo lerro parekatzeek diseinu apetatsuak sortzen dituzte. © Jesús Alonso



80. Ebakortzetako bakoitzari zehaztasun handiz egindako zulo bikoitzetatik animalia edo landare lehengaiez egindako bi hari fin eta paralelo pasako zituzten hortzaren posizioa finkatuz, apaindura markak bistan gelditzeko moduan. © Jesús Alonso



81. Hirugarren lepokoa, kurbadura leuneko harri zulatu bakar batez osatutakoa. Apaingarri gisa zeharkako lerro paralelo batzuk baino ez ditu, aurpegietako baten eskuineko behe aldean arinki markatuak. 82. Pieza horren siluetak gogora ekartzen dizkigu Europako leku ezberdinetan aurkitutako gorputz biribileko Paleolitoko venusen ingeradak. Adibide gisa, Grimaldiko Barma Granden aurkitutako venusa eta "Erronboa" deiturikoa, Grimaldikoa (Italia) hori ere, Willendorfeko (Austria) Venus I.a, Kostienkikoa (Errusia) edo Lespuguekoa (Frantzia), edota Lausseleko (Frantzia) adardun damaren erliebearen ingerada. 83. Mutur estuenean errotazioz amaitutako zulo bikonikoa dauka, oso erregularra; aldez aurretik hustuketa lana edo azalera prestatzeko lana egin zen. © Jesús Alonso



84. Uharri mehe hau, beltza eta distiratsua, zintzilikario bihurtzeko aukeratu zenean kontuan hartuko zen siluetaren forma, neurri orekatua eta harriaren egitura berezia. © Jesús Alonso



85. Lurrean leunki jarri izan balira bezala, lerrokatuta agertuko dira haitzuloan aurkitutako lepoko handiena osatzen duten hamalau harri beltzak. 86. Zintzilikarioetako baten indusketaren xehetasuna. 87. Lepokoaren indusketa prozesuan forma luzatuko zintzilikarioetako bi gainjarrita zeuden zuloaren parean eta bien artean zentimetro bat buztin baino ez zegoen. © Xabi Otero



88. Generoaren barruan lepoko handi hau apartekotzat jo daiteke bere forma konbinazio, kolore beltz eta piezen apaingarriengatik. Lepokoaren diseinu landuak erakusten digu Madeleine aldiko cro-magnon taldeen sentsibilitate handia. © Xabi Otero



89. Elkarrengandik hurbil, gehienetan antzeko distantziara, buztin horian bilduta edo harri artean tartekatuta, barruko gelako lepoko honen hamalau elementuek trazatu bat zehazten dute, indusketak aurrera egin ahala, lepokoaren egitura eta neurriak bistaratuz. 90. Barruko gelako buztinaren gainean utzitako lepoko handiaren muturretako bateko hiru zintzilikarioen xehetasuna. 91. Bost kasutan bere kaxa zulatutako harritxo biribilduak erabili dira haitzulo honetako lepokoetan jartzeko, eta pieza horiei ez zaie inolako apaingarririk egin. Horietako hiru multzo honetakoak dira. © Xabi Otero



92. Piezen alboetan egindako arrastoek era askotako konposizioak osatzen dituzte eta, batzuk, oraingo honetan bezala, oso landuak dira. Gaur egun ez dakigu zein helburu zuten arrasto horiek. 93. Apaingarri ugarienak zeharkako markak badira ere, deigarria da zintzilikario honetan, aipatutakoaz gain, erronbo bat irudikatzea ebaki leunen bitartez. Irudi hori, batzuetan luzetarako marra bat duela barruan, Madeleine aldiko azagaietan ere agertu ohi da. © Jesús Alonso



94. Zintzilikario horiek sortzen diguten zalantza bat egileari buruzkoa da. Pertsona bakar batek edo gehiagok egindako lana al da? Itxura batean, egiteko moduari eta estiloari erreparatzen badiegu, guztiak pertsona bakar batek eginak izan litezke eta, aldakorrak badira ere, unitate artistiko eta sinbolikoa osatzen dute. 95. Batzuetan ez da erraza izaten benetan egin nahi izan ziren marra kopurua zenbatzea. Marra horietako batzuk elkarrengandik oso gertu daudenez, pentsa daiteke batzuetan zuzenketen emaitza izan daitezkeela. Beste batzuetan, berriz, badirudi lerroak iradoki baino ez zela egin nahi eta garbiago egiteko asmorik ez zela. © Jesús Alonso



96. Zintzilikario honek fabrikazio ildaskak ditu zuloaren inguruan, eta zeharkako ebakiak albo batean, baita aurpegi handienetako batean ere. Kontrako aurpegiko beheko muturra gogor pikatuta dagoela ikus daiteke, objektu gogorrago batek egindako presioaren eraginez, zintzilikarioa ukigailu-konprimagailu modura erabiltzean. 97. Zintzilikario honetan argi eta garbi ikusten dira erritmo aldaketak eta lerro multzoak. Hala ere, aurpegi bateko lerro paraleloen banaketa askoz ere erregularragoa da. © Jesús Alonso



98. Uharri guztietan ez da formaren erabateko simetria bilatzen; hain zuzen ere, batzuetan aldeetako bat bestea baino askoz ere konkortuagoa edo bihurriagoa izaten da, baina ez dakigu harri horien hautaketa egileak zituen kezken ondorio den edo ez. 99. Zintzilikarioaren aurpegi guztiak apainduta daude eta zabalenetako batean antzematen da ongien apainketa horren konplexutasuna. Zabalera diferenteko gorputz edo zerrenda horizontal paraleloak irudikatu dira, nolabaiteko erritmoz txandakatuta. Zerrenda estuenak ez daude apainduta eta apaindutakoen artean hutsik dauden bat edo bi tartekatzen dira. Apaindutakoen artean, muturretan daudenek oso trinko egindako ebaki lapranak dituzte, gainerakoetan, berriz, bi noranzkoetan egindako lerro lapranez osatutako marrazki erretikulatua irudikatu da. © Jesús Alonso



100. Zintzilikario batzuek, aurpegi handienetako batean edo bitan, gehienetan simetrikoak diren zerrendak osatzen dituzten lerro paralelo meheak dauzkate, askotan aurpegi horren zatirik handiena hartuz. Alde estuenetan ez bezala, egindako ebakia oso azalekoa da. 101. Pieza horietako batzuen fabrikazio prozesuko alderdirik deigarriena da zulo aldea urraduraren bidez mehetuta dagoela. Teknika hori maiz erabiltzen da hezurrekin, baina harrien kasuan ohiz kanpokoa da. © Jesús Alonso



102. Disko formako limonita hau deigarria gertatzen da kolore berde eta gorriztak dituelako, lepokoaren gainerako zintzilikarioen kolore uniformeetatik bereizten delarik. 103. Konkrezio geruzak dituen zintzilikarioa. © Jesús Alonso



104. Hamalau piezako lepokoa muturretako batean ixten duen ale txikia, berezko zuloa duena. Harrien apaingarrietan batzuetan antzematen den simetria harri horiek lepokoan duten kokapenean ere betetzen da, lepokoaren bi muturretan antzeko forma eta tamainako bi limonita jartzen baitituzte. © Jesús Alonso 105. Indusketa prozesuan zehar barruko gelako ekialdean topatutako lepokoa osatzen duten harrizko 14 piezen posizioa. © Xabi Otero



106. Haitzuloko barruko gelaren zati baten ikuspegia. 107. Harrizko bi zintzilikarioz osatutako haitzuloko bosgarren multzoa; harrietako baten zuloa berezkoa da. Zenbaitetan, elementu horietako batzuen artean tartekatuta, tamaina txikiagoko bestelako aleak ere sar zitzaketen, hala nola, haziak eta kolore askotako lumak. © Xabi Otero



108. Uharrietako batzuk ez dirudite formen erregulartasunagatik hautatuak izan direnik. Horrela bada, zenbait ale bildu zituzten aprobetxa zezaketen berezko zuloa zutelako. 109. Pieza askotan marratxo paraleloak ohikoak badira ere, honako honetan nabarmentzekoak dira marra horien erregulartasun, uniformetasun eta argitasuna. Beste aldean, berriz, ez dauka inolako apaingarririk. © Xabi Otero



110. Barruko gelaren paretak eta sabaia. © Xabi Otero



111. Tamaina handiagokoa bada ere, orein hondar-betortzaren forma gogora ekartzen digun zintzilikario honen ertza guztiak eta alboetako aurpegietako bat apainduta daude, forma erregularrean egindako zeharkako marren bi-dez. Oinarri handienaren perimetroa ere apainduta dago. Goi Paleolitoaren hasieratik ia gaurdaino arte oso estimatuak izan dira kultura ezberdinetan oreinaren hondar-betortzak, baina ez zituzten zintzilikario bihurtzen denak. Hasieratik ere, bo-lizko edo kolore ikusgarriko harrizko imitazioak egin ziren (Gatzarria, El Pendo, etab.). Betortz natural edo imitazio gehienak lisoak dira, bakar batzuk, ordea, apainduta daude, oro har marra laburrez. La Garmako alearen eta Praileaitz Ieko piezaren dekorazioa oso antzekoa da. 112. La Garma haitzuloko (Ribamontán al Monte, Kantabria) orein-letagin zulatua. © Xabi Otero



113. Berezko zuloa duten hautatutako piezen artean honako hau nabarmentzekoa da bere tamainagatik. Disko forma du eta aurpegietako batean konkor handia dauka. Ez du apaingarririk. 114. Zintzilikario honen plano guztiek oso ebaki erregularrak dituzte. Aurpegi zabalenak apainduta dituzten zintzilikario gehienetan ez bezala, oraingo honetan marrak sakonagoak dira. Pieza hau indusketa prozesuan aurkitu zen haitzulo barruan bi zatitan hautsita, elkarrengandik 13 metroko distantziara. © Xabi Otero



115. Ale batzuetan ikus daiteke muturrak oso diferenteak direla. Zulo aldeko muturra estu edo meheagoa izaten da eta, zenbaitetan, gainera oso markatuta egoten da errazago zulatzeko. Beste muturra, aldiz, lodiagoa izan ohi da harria ondo zintzilikatzeko. 116. Zintzilikario luze honetan, beste batzuetan bezalaxe, ebaki arrasto irregularrak ikus daitezke zuloaren inguruan, puntadun objektu batekin piezaren gainean egindako lanak utzitakoak, hain zuzen. © Xabi Otero



117. Zintzilikario xumea izan arren, atentzioa ematen du bere itxura naturalak: helize formako uharri estu eta luzea, bere ardatzaren gainean biraka dabilela dirudiena. Uharria bildu zuenak antzeman zuen mugimendu hori eta areagotu ere egin zuen zeharkako marra batzuk eginez, ertza osoan modu erregularrean tartekatuta. 118. Pixkanaka atzean uzten dugu haitzuloko guneen ilunantza, kanpo aldeko argitasunera itzuliz. © Xabi Otero
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net