gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

lunes 23 diciembre 2024





Bertan > Bertan 15 Orígenes del arte Gizpuzkoano Versión en euskera: Ekaingo haitzuloa

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Ekaingo haitzuloa

Aurkikuntza.

90. Ekaingo haitzuloko jatorrizko sarrera.© Jesús Altuna
90. Ekaingo haitzuloko jatorrizko sarrera.© Jesús Altuna

Lehen esan dugu haitzuloa aurkitzea Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal azpeitiar gazteei zor zaiela. Lehendik ezaguna zen hartzulo txikia non zegoen zehaztu eta gero, igande batean bertara joan ziren, aztarnategirik ba ote zegoen proba egiteko asmotan.

Lan horri ekin ziotenean zulotxo batetik haize hotza irteten zela ohartu ziren. Zuloan barna pasatzeko behar adina zabaldu zuten tartea. Hogei bat metro lurrean arrastaka ibili ondoren, zutik jarri ahal izan ziren. Estalagmita mantu batez estalita zegoen zorua sendoa zela ziurtatu zutenean, aurrera jarraitu zuten gero eta handiagoa ageri zen hartzulo hartan. Troska geruza horrek karraska egiten zuen oina jarri eta azpiko zoruari lotzen zitzaionean. Haitzulo hura zanpatu gabe zegoen. Han ez zen inor sartu antzina-antzinatik.

91. Zaldien panel handia.© Jesús Altuna
91. Zaldien panel handia.© Jesús Altuna

Zuloan aurrera jarraitu zuten, zaldien panel handia topatu zuten arte. Hark eragin zien zirrarak ez zien prospekzioarekin jarraitzen utzi. Beraz, irtetea erabaki zuten.

Arratsalde hartan aurkikuntzaren berri Barandiarango Jose Migeli eman zioten, eta biharamunean, astelehenean, liburu honen egileari.

Asteartean, Barandiaran, bi aurkitzaileak eta laurok haitzuloa ikustera joan ginen, eta ostegunean, jendeak albistea jakin baino lehen, burdinezko ate batez itxi zen haitzuloko ate artean txikia. Leize zuloak ez zuen izenik, eta bera zegoen tokiko mendixkaren toponimoa ezarri zitzaion.

92. Ekaingo santutegia gordetzen duen mendixka.© Xabi Otero
92. Ekaingo santutegia gordetzen duen mendixka.© Xabi Otero

Handik 20 egunera hasi ginen santutegi hura lehenengoz aztertzen, eta 1969ko bukaeran argitaratu zen lana Munibe aldizkarian.

Gainera, Andoni eta Rafaelek, barrurako bidea aurkitu zutela-eta, egin gabe utzi behar izan zuten probaketa ere egin genuen haitzuloko sarreran. Emaitza positiboa izan zen, Historiaurreko aztarnategia bazegoela ikusi baitzen.

Aztarnategia babestea eta zaintzea.

93. Ekaingo haitzuloaren planoa
93. Ekaingo haitzuloaren planoa

Aurkikuntzatik aurrera, orduko agintarien eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurre Sailaren arteko borroka eta arazo andana hasi zen. Urte haiek, izan ere, turismoaren gorakada handiaren urteak izan ziren: turismoaren onagatik gauza gehiegi sakrifikatu zireneko urteak. Orduan, Altamirako kobazuloan urtean 200.000 lagun sartzen zirelarik, turismoaren mesedetan ustiatzen zen koba, hitzaren zentzurik txarrenean.

Hori bera egin nahi zuten Ekainen

94. Ekain barruko estalagmita edo troska eraketa eder batzuk.© Jesús Altuna
94. Ekain barruko estalagmita edo troska eraketa eder batzuk.© Jesús Altuna

Aranzadiko Historiaurre Sailak aurre egiten zion horri bere indar guztiaz. Turismoaren indarra askoz handiagoa zen, ordea, eta orduko egoera politikoan gauzak haren alde zeuden. Prentsak Aranzadi Zientzia Elkarteari kultura preso atxikitzea egozten zion eta berehala irekitzeko eskatzen.

95. Zaldiburu handia, tinta lauz pintatua. Sartu eta lehenbizikoa da, haitzuloa zaldiaren santutegia dela iragarriko balu bezala.© Jesús Altuna
95. Zaldiburu handia, tinta lauz pintatua. Sartu eta lehenbizikoa da, haitzuloa zaldiaren santutegia dela iragarriko balu bezala.© Jesús Altuna

Aranzadi Zientzia Elkarteak, 1947an sortu zenez geroztik Gipuzkoako Historiaurreko Ondarearen zaintzailea zelarik, zailtasunekin baina ahal zuena egin zuen hain apartekoa eta aldi berean hain hondabera zen ondasun hura gordetzearren, arrazoitzat emanez haitzuloa irekitzeak batzuen ikusmina eta beste batzuen diru gosea aseko bazituen ere, bide horretatik ondasun hori galdu egingo zela eta etorkizuneko belaunaldiei kendu egingo zitzaiela gehiago jakiteko aukera. Hala eta guztiz ere, Madrilgo Hezkuntza Ministerioak kendu egin zion Aranzadi Elkarteari ordura arte bere gain eduki zuen Arkeologia Indusketen Komisaritza.

96. Zaldiburua dirudien harkaitz natural handia.© Jesús Altuna
96. Zaldiburua dirudien harkaitz natural handia.© Jesús Altuna

Nolanahai ere, aztarnategia industeko programa egitea onartu zioten, eta horretarako haitzuloa ez irekitzea eskatu zen, sarrera ezingo baitzen induskatu bertatik ikusleak etengabe sartu-irtenean baldin bazebiltzan. Lehen urrats hori lortu zen, eta indusketak 1969an hasi ziren eta ez ziren 1975 arte amaitu.

Urte horretan gauzak beste modu batera ikusten ziren halere. Ezagunak ziren bisitari gehiegi izateak Lascaux eta Altamirako haitzulo apainduetan eragindako kalteak. Bestalde, diktadorearen heriotzaren ondoren egoera demokratikorantz egindako aurrerapenari eta Euskal Herrian autonomia aurreko erregimen bat ezarri izanari esker, haitzuloa itxita eduki ahal izan zen. Bolada txarrena pasatua zen.

97. Izokina, errekako ur-lasterretan salto egiten.© Xabi Otero
97. Izokina, errekako ur-lasterretan salto egiten.© Xabi Otero

Handik aurrera Aranzadi Elkarteak, Historiaurre Sailaren bitartez, arretaz gorde du ondare ondasun eder hori. Hala, bada, haitzuloa aurkitu zenean bezalaxe, eta, noiztik ez dakigula, mendeetan egon den bezalaxe dago gaur egun.

Orain, Zestoako Udala haitzuloaren kopia bat egiten ari da, ondasun horrek bere eginkizun sozial eta didaktikoa bete dezan, jatorrizkoa behar bezala gordetzea arriskuan jarri gabe.

Haitzuloa eta irudiak.

98. Ondokoaren galeria berean horren aurrez aurre dagoen bisontea. Horien ondoren zaldi multzoak daude.© Jesús Altuna
98. Ondokoaren galeria berean horren aurrez aurre dagoen bisontea. Horien ondoren zaldi multzoak daude.© Jesús Altuna
99. Bisonte pintatua. Hau egiteko ere bisontearen bizkar-buztanen tankera duen arrokaren berezko ertz batez baliatu zen Ekaingo artista, eta falta ziren zatiak soilik pintatu zituen.© Jesús Altuna
99. Bisonte pintatua. Hau egiteko ere bisontearen bizkar-buztanen tankera duen arrokaren berezko ertz batez baliatu zen Ekaingo artista, eta falta ziren zatiak soilik pintatu zituen.© Jesús Altuna
100. Izokin pintatua. Begia eta bizkarreko aurrealdea egiteko arrokaren berezko zulo bat eta ertza erabili zituzten.© Jesús Altuna
100. Izokin pintatua. Begia eta bizkarreko aurrealdea egiteko arrokaren berezko zulo bat eta ertza erabili zituzten.© Jesús Altuna
101. Leize hartzaren hibernazio zuloak.© Jesús Altuna
101. Leize hartzaren hibernazio zuloak.© Jesús Altuna
102. Zaldei galeria, zaldi multzo garrantzitsuenak dauden tokia. © Jesús Altuna
102. Zaldei galeria, zaldi multzo garrantzitsuenak dauden tokia. © Jesús Altuna

Aipatu dugu haitzuloaren sarreran aztarnategi arkeologiko bat dagoela. Hori industean zerbait ikasi dugu haitzuloa apaindu zuten artisten bizitzaz. Madeleine aldiko maila arkeologikoen azpian leize hartzaren hezurrez betetako beste maila garrantzitsu batzuk daude. Beraz, leize zuloan hartzak egon ziren Madeleine aldiko giza taldeak iritsi baino lehen, eta ehunka izan ziren han hibernatu zutenak; hala erakusten dute leize barruko pasabide estuetan harkaitzen irtenguneak igurtziaren igurtziaz leunduta daudela adierazten duten aztarnek eta hartzek lotan kuzkurtuta jartzeko egiten zituzten hibernazio zuloek. Garai hartan poliki-poliki itxiz joan zen Ekaingo sakoneko zuloetarako sarrera.

Leize barrura sartzeko, hots, sarreratik eskuinera hasten diren sakoneko zulo horietara iristeko, hogei bat metro arrastaka egitera behartzen duen mehargune batetik pasatu behar zuten Madeleineko biztanleek. Orduan altxa eta zutik ibil zitezkeen leizearen gainerako zatian.

103. Zauritutako zaldi bat.© Jesús Altuna
103. Zauritutako zaldi bat.© Jesús Altuna

Ekainen, lehen irudia, zaldiburu handi bat, sarreratik 50 bat metrora dago, eta azkenekoak 150 metro baino gehiagora daude.

Has gaitezen buru handi horretatik. Gangatxo baten sabaian, zuloko bide nagusiaren aldamenetik beste bat hasten den tokiaren ondoan dago, Ekain batik bat zaldiaren leizea dela iragarriz bezala. Aurreraxeago, Erdialde izena eman zaion toki zabalagoan, zaldiburuaren tankera handia duen harkaitz handi bat dago. Guk antzik ematen ez diegun arroka ertz, pitzadura eta hanturei animalia zatien itxura hartu zien eta gero osatu zituen Paleolitoko artista hark, nahitaez ikusi behar izan zuen berezko buru hori. Belarriak, begia, ahoa eta sudur zuloa antzematen zaizkio. Sudur zuloak nahita egina dirudi, baina ez da gauza segurua. Dena dela, harkaitz horren azpian, alde batean zaldi buru txiki bat eta bestean bisontea pintatu zituen Ekaingo artistak. Bisontea zaldiaren osagarria da Paleolitoko artean. Beharbada, berezko harkaitz horrek bultzatuko zituen leizeko apaintzaileak haitzulo hori zaldiari eskaintzera. Aipatu dugun lehen irudi horrek, haitzuloko handiena den zaldi buru handi horrek, indartu egiten du guk esaten dugun hori.

104. Xehetasunez pintatutako zaldi bat, zauritua. Azkon bat sartua du gorputz enborraren aurrealdean, bihotzaren parean, eta beste bat atzeko behealdean.© Jesús Altuna
104. Xehetasunez pintatutako zaldi bat, zauritua. Azkon bat sartua du gorputz enborraren aurrealdean, bihotzaren parean, eta beste bat atzeko behealdean.© Jesús Altuna

Buru pintatu hori dagoen tokian hasten den aldameneko galeria txikian, izokin bat dago, besteak beste. Hori egiteko, artistak arroka ertz bat baliatu zuen bizkarraren aurreko erdialde gisa, eta arrokaren zulotxoetako bat begi gisa. Irudia osatzeko, pintura beltzez egin zizkion siluetaren gainerakoa, ahoa, zakatzen lerroa, hegatsak eta saihetseko lerroa, hots, arrainek bi alboetan izaten duten ezkata berezien lerro hori.

Zulo horren bukaeran leize hartzaren hibernazio zulo bat dago, eta harkaitzaren irtenguneak, lehen esan dugun bezala, higatuta daude, hara itsu-itsuan sartutako ehundaka hartzen igurtziek eraginda.

105. Bisonte beltza aldameneko irudiko gorriaren atzean dagoena.© Jesús Altuna
105. Bisonte beltza aldameneko irudiko gorriaren atzean dagoena.© Jesús Altuna
106. Bisonte gorria, burdin oxido naturalez (limonitaz) pintatua. Isatsa altxata dauka. Irudia atzeko hanketan etenik dago, atze-azpialdean duen zaldi gorriaren gibelaldea ez ezkutatzearren. © Jesús Altuna
106. Bisonte gorria, burdin oxido naturalez (limonitaz) pintatua. Isatsa altxata dauka. Irudia atzeko hanketan etenik dago, atze-azpialdean duen zaldi gorriaren gibelaldea ez ezkutatzearren. © Jesús Altuna


Itzul gaitezen berriro Erdialdera. Zaldi multzo handietara doan tokian, galeriaren bi aldeetan, bisonte bana dago marraztuta. Aurrera goazela eskuinean dagoenean, arrokaren ertz bat eta pitzadura bat aprobetxatu dira, behetik begiratuta bisontearen bizkarra eta isatsa gogorarazten dutenak. Irudia osatzeko, artistak beltzez pintatu zizkion burua -adarrekin eta kokotsarekin-, lepotik beherako ilaje edo kima, sabel lerroa eta hankak.

107. Oraingo zaldi basatia (Przewalski zaldia)© Jesús Altuna
107. Oraingo zaldi basatia (Przewalski zaldia)© Jesús Altuna

Hau ere, arte modernoan trouvisme deritzana edo artea topatzea da, hots, forma jakin batzuk, gure kasuan animalienak, iradokitzen dituzten forma naturalez baliatzea, artistak animaliaren formara moldatu eta egokituta, Altxerrin ere ikusi dugun bezala.

Deskribatu dugun bisonte horren aurrez aurre beste bat dago, hura ere beltzez pintatua, bizkar lerroa falta duena. Bisontearen gibelaldearen parean dagoen harkaitzaren pitzadura batek konkorraren atzealdeko hasiera adieraz dezake. Ostera, ongi eta xehetasunez irudikatuta daude isatsa, sabel lerroa eta hankak. Burua gorputzaren gainerakoa baino arinkiago irudikatuta ageri da gaur egun, baina ongi nabaritzen zaizkio adarrak alde batetik eta kokotsa bestetik.

Hankak bereziki zainduta daude, eta ongi adierazi da alde batekoen eta bestekoen perspektiba, sabelaren atzeko lerroa gurutzatuz edo gurutzatu gabe eginik.

108. Zaldi beltz eta gorria; paneleko guztietan aurrealde ederrena duena.© Jesús Altuna
108. Zaldi beltz eta gorria; paneleko guztietan aurrealde ederrena duena.© Jesús Altuna

Deskribatu ditugun bi bisonteen ondoren zaldi taldeak daude. Zaldei galerian gaude. Ezkerraldean 8 zaldiko multzo bat dago, eta eskuinaldean beste 11 daude. Ezkerraldeko zaldien artean nabarmena da handi bat, xehetasun ugarirekin pintatua. Pintura beltzez marraztua dago eta, zati batean, gorputzaren alderdi batzuk betetzen dituen pintura lauz.

Burua eta lepoa marra batez bereizita dauzka. Zurda tentea du, gaur egun dagoen zaldi basati bakarrak, Przewalski zaldiak, duen bezalaxe, eta Ekaingo irudietan ikusten diren ezaugarri batzuk ere baditu zaldi mota horren larruazalak. Aipatu dugun zurda tentea irudikatzeko, batzuetan marra jarraitu bat egiten zuten belarrietatik bizkar gurutzera eta, beste batzuetan, marra motz bertikalak, deskribatzen ari garen zaldiaren azpikoan ikusten den bezala.

109. Zaldi beltz eta gorria. Sabelean ikusten diren marra motzek alde horretako ile luzea adierazten dute. Sahietseko M erako lerroa eta hanketako zebra erako marrak gaur egungo zaldi asiar basatiak dituenaren antzekoak dira.© Jesús Altuna
109. Zaldi beltz eta gorria. Sabelean ikusten diren marra motzek alde horretako ile luzea adierazten dute. Sahietseko M erako lerroa eta hanketako zebra erako marrak gaur egungo zaldi asiar basatiak dituenaren antzekoak dira.© Jesús Altuna

Gaurko zaldi basatiak duen beste ezaugarri bat lepoko eta hanka muturretako kolore iluna da, eta beste bat Ekaingo zaldi askoren saihetsean ageri den bezalako M antzeko lerroa.

Zaldi multzo horren aurrez aurre Ekaingo panel handia dago, orduan labar arteko gaietan aditu handiena zen Leroi-Gourhan-ek "Frantzia eta Kantauri aldeko arteak duen zaldi panelik ederrena" deitu ziona. Batera egindakoa dirudi, besteak beste, irudi batzuk besteen gainean ez jartzeko arreta handia nabari delako, Paleolitoko arteko beste panel askotan -adibidez, Altxerrikoetan- ez bezala.

Ezkerretara dagoen orein eme baten atzean hasten da panela, hiru bisonterekin, hiruretako bat gorriz pintatua. Ondoren, 11 zaldi eta arrain tankerako bat daude, eta, ondoan, marra gorri oker bat, multzoa hor amaitzen dela edo gero aipatuko dugun beste marra batekin lotzen dela adierazi nahirik bezala.

110. Paneleko beste zaldi pintatu batzuk.© Jesús Altuna
110. Paneleko beste zaldi pintatu batzuk.© Jesús Altuna

Panelaren goiko eta eskuineko aldean isatsa altxata duen bisonte gorriz pintatu bat ageri da. Atzeko hankak bukatu gabe utziak ditu, atzean eta behealdean duen zaldi gorriaren gibelaldeari ez gainjartzearren. Kolorearen jatorria limonita da, burdina oxidozko mea natural bat.

Haren atzean beste bisonte bat dago, beltzez egina, eta bien azpian beltzez eta gorriz egindako zaldi zoragarri bat, grabatuz ere hornitua. Honek ere baditu lehen aipatu ditugun beste zaldi irudi batzuen eta zaldi basatien xehetasunak: zurda tentea, kasu honetan marra jarraitu batez egina, zebra erako marrak lepoan, M antzeko lerroa saihetsean, eta abar. Aipagarria da sabel iletsuaren lerroa nola gauzatu den marra bertikal motzen bitartez, kasu bakarra baita Ekainen.

111. Hartzak dauden lekua.© Jesús Altuna
111. Hartzak dauden lekua.© Jesús Altuna

Horrela eman genezake banaka-banaka zaldi guztien berri. Baina beste bi bakarrik deskribatuko ditugu. Erdialde eta behealdean dagoena bata eta ezkerraldeko behealdean dagoena bestea.

Zaldi gorria da haitzuloko guztietan aurrealderik ederrena duena. Burua ondo baino hobeto marraztua du. Buruaren inguruko marra pintura beltzez egina da. Muturra inflexio batez irudikatuta dago, eta horren atzean marra txiki oker bat dauka, sudur ertza adierazteko. Ahoa lerro batek adierazten du. Zurda tentea, berriz, marra bertikal laburrek. Lepoan zehar zurdatik abiatzen diren zebra erako lerro batzuk daude.

112. Hartz bikotea, argazkia lurretik aterata.© Jesús Altuna
112. Hartz bikotea, argazkia lurretik aterata.© Jesús Altuna

Aurreko hanketan xehetasun zoragarriak daude: eskumutur edo belaunak, hazkozkorretako ilea eta apoak. Zebra erako zeharkako marrak daude besaurreetan ere, zaldi basati batzuek eduki ohi duten bezala.

Zaldi horren aurrean badago beste txiki bat, makurtuta, xalo-xaloa. Aski da aurreko hankak zeinen soil pintatuak dituen ikustea. Hainbeste xehetasunez hornitutako aurreko zaldian ez bezala, honetan hankak estilizatuta daude, puntan amaitzen direla, baina eskumuturretan dituzten inflexio xumeek edertasun handia ematen diete.

113. Oraingo hartz arrearen marrazkia.© Xabi Otero - Ińaki Zorrakin
113. Oraingo hartz arrearen marrazkia.© Xabi Otero - Ińaki Zorrakin

Paneleko zaldi guztiak elkar errespetatuz eta elkarren gainean jarri gabe eginik daude. Gero, ordea, gaur egun ia ikusten ez dela, erdialdeko zaldien gainean bisonte bat grabatu zuten.

Panel handi horren aurrean estalagmita-jauziak, zutabeak, konkrezio tolesturak eta irudi batzuk daude.

Zuloan aurrera joanda, Artzei izeneko plazatxo bat dago, troskaz, hau da, estalaktita eta estalagmita eraketaz betea hau ere, eta bertako sabai batean hartz bikote bat dago irudikatuta. Makurtu egin behar da horiek ikusteko.

Marra beltz lodiz pintatutako silueta soilak dira bi irudiak. Dirudienez, pintura pixka bat mugituta dago eta jatorrizko lerroetatik kanporatua. Hartz txikia osorik dago. Handiak ez du bururik. Isatsa, ordea, txikiarena baino zehatzagoa da. Bihotzaren parean pintura orban bat dauka. Animalia horiek hain dute ilajea trinkoa eta ugaria, ezin zaizkie anatomiako xehetasunak zaldi ile motz eta leunekoei bezala egin. Haien silueta ikusirik, ordea, hanka zabalak, isats motza, gerrialde zabala, eta abar, ez dago zalantzarik.

114. Leize barneko azken zaldi taldeko lehena.
114. Leize barneko azken zaldi taldeko lehena.

Are gehiago, espeziea zehazten ere urrats bat eman daiteke eta leize hartza ez dela esan. Izan ere, leize hartzak bizkar gurutzea oso handia zuen, konkor tankerakoa, eta gerrialdea, berriz, eroria.

Hartzen pintura ez da gainerako irudiena bezalakoa. Beste irudiak egiteko haitzuloko sarrerako suan lortutako egur-ikatzezko ilintiak erabili ziren. Hartzak egiteko, ordea, manganeso oxidozko mea bat erabili zuten; hain zuzen, Artzeira iritsi baino lehentxeago hartzuloaren horman mea horretako beta handi bat dago.

Hartzuloan barna bide zailagoko alde batetik joanda, Azkenzaldei aurkituko dugu, azken zaldiak dauden tokia, zehazki zazpi zaldiz osatutako taldea dagoena. Haitzuloko kanpoaldera begira daude zaldi guztiak, hau da, hartzak dauden aldera begira.

115. Zaldi multzo handiko azken bi zaldiak.© Jesús Altuna
115. Zaldi multzo handiko azken bi zaldiak.© Jesús Altuna

Lehen zaldiaren aurretik marra oker bat dago, irudien hasiera adieraziz edo puntu hori panel handiko azkenekoarekin lotu nahirik bezala, haren bukaeran antzeko marra bat baitago, lehen aipatu dugun bezala. Lehen zaldi hori beltzez pintatutako silueta bat da, bizkarraren erdialdean tinta lau pixka bat duena. Begia egin gabe du, eta hankak bukatu gabe. Haitzuloko zaldi askok bezala, gorputz enborraren atzealdea hipertrofiatua du, gibelaldea atzeratuta eta ipurmasailak gehiegizkoak baititu.

116. Zaldi pintatua; bihotzera zuzendutako gezi bat grabaturik dauka.© Jesús Altuna
116. Zaldi pintatua; bihotzera zuzendutako gezi bat grabaturik dauka.© Jesús Altuna

Zaldi horren ezkerretara, gangape zabal batean, beste sei daude. Horietako bat nabarmena da egikeragatik eta daukan grabatu batengatik. Irudia lerro beltz batez osatuta dago. Lerro beltza itxia da, animaliaren silueta osoa hartzen duela, eta xehetasun batzuk ere jasotzen ditu. Zurda oso ederki markatuta dauka lerro jarraitu baten bitartez. Lerro horrek belarri artetik tupe erara jarraitzen du. Lepoan zebra erako lau zerrenda ditu. Saihetseko M antzeko marra ere argia da.

Zaldiaren barrenean eta inguruan marra grabatu batzuk daude. Nabarmena da bihotzera begira dagoen gezi formako bat.

Toki horretatik aurrera ez dago leizean barna jarraitzerik.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net