gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

domingo 22 diciembre 2024





Bertan > Bertan 15 Orígenes del arte Gizpuzkoano > Versión en euskera: Sarrera

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Sarrera

12. Amaldako haitzuloa (Zestoa). Neanderthal gizakia bizi izan zen hemen lehenbizi. Oinean Erdi Paleolitoko okupazio bat dago (Moustier aldikoa).© Jesús Altuna
12. Amaldako haitzuloa (Zestoa). Neanderthal gizakia bizi izan zen hemen lehenbizi. Oinean Erdi Paleolitoko okupazio bat dago (Moustier aldikoa).© Jesús Altuna
13. Ekaingo panel handiko zaldi irudi bat.© Jesús Altuna
13. Ekaingo panel handiko zaldi irudi bat.© Jesús Altuna

Oso gutxi dakigu gaur Gipuzkoa osatzen duten lurretan bizi izan zen lehen gizakiaz. Oraingoz dakigunez, Zestoako Irikaitz aztarnategikoa da lehen giza bizitza horren lekukotasuna, han Behe Paleolitoko aztarnategi bat aurkitu baitzen, urteotan induskatzen ari dena. Horrek zerbait argituko digu gu baino 200.000 urte lehenago bizi izan ziren Gipuzkoako biztanle haien bizimoduaz. Baina, Behe Paleolitoko aztarnategiei dagokienez mundu guztian gertatzen den bezala, nahiz eta Irikaizkoak erakutsi ahal izango digun zer garaitan iritsi ziren aztarnategira hemengo lehen biztanle haiek, zer klima egoeratan bizi izan ziren, zer-nolako harrizko tresneria zuten, zer bizibide zeukaten, bai eta haien kultura materialaz beste zertxobait ere, dena dela, beste batzuetan esan izan dudan bezala, ilunpetan geldituko zaizkigu gizakiaren funtsezko beste kontu batzuk, hala nola haien unibertsoaren irudia, gizarte eta familia egiturak, pena, beldur eta pozak, eta erlijiozko ideiak.

Gure aurrekoen kultura espiritualera hurbiltzeko Erdi Paleolitoraino iritsi behar dugu, Neanderthal gizakiaren garaira, orain dela 175.000 urtetik orain dela 40.000 urtera arte iraundakora. Garai horretakoak dira kultura espiritual horren lehen adierazpenak: hilobiak, okreak, e.a., gurean Lezetxikin (Arrasate), Amaldan (Zestoa) eta beste haitzulo batzuetan aurkitutakoak. Haitzulora eramandako okre horiek seguru asko gorputza margotzeko erabiliko ziren, edo apaingarri gisa, edo, egokiera batzuetan, erritoetarako.

14. Egur-ikatza eta okreak. Koloratzaile horiek erabili zituen historiaurreko gizakiak labar pinturetan.© Xabi Otero
14. Egur-ikatza eta okreak. Koloratzaile horiek erabili zituen historiaurreko gizakiak labar pinturetan.© Xabi Otero

Hor bukatzen da gizadiaren aldi hartako kultura espiritualaz dakigun guztia. Goi Paleolitora heldu behar da, duela 40.000 urte hasi eta duela 10.000 urte amaitu zenera, alor horretan jauzia egiteko. Goi Paleolitokoa da, izan ere, Historiaurre guztiko adierazpen gailenetakoa den eta gai horretako jakintsu nahiz ezjakinek gehien miretsi duten agerpena: artea. Lehen historiaurrelariek ez zuten sinetsi 1878an Altamiran aurkitutako pintura bikain haiek benetakoak izango zirenik. Haietako zenbaitek iruzurtitzat jo zuten haiek aurkitu omen zituena. Eta ia 20 urte joan ziren garai hartako historiaurrelari handiek onartu zutenerako irudi haien egilea benetan Goi Paleolitoko gizakia izan zela, Cro Magnon gizakia.

Adierazpen horiek garai hartako gizakiaren espiritura hurbiltzen gaituzte, baina, hala ere, funtsezko zenbait galderak zutik dirau Historiaurreko artearen ikerketan, eta horien artean nabarmenena, hain zuzen, guri gehien interesatzen zaiguna da; hauxe: zergatik edo zertarako pintatu eta grabatu zuten gizaki haiek? zerk bultzatu zituen irudi horiek egitera? zergatik egiten zituzten leize zuloen oso barruan? Gai hori ere ukituko dugu Gipuzkoako Paleolitoko artean barrena egingo dugun ibilbidean, arte horren erakuskari oso garrantzitsuak baitauzkagu.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net