gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

lunes 23 diciembre 2024





Bertan > Bertan 15 Orígenes del arte Gizpuzkoano Versión en euskera: Arte erabilgarria

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Arte erabilgarria

30. Oiartzungo Torre hartzuloan aurkitutako zanga hezurra, euskal Madeleine aldiko arte erabilgarriko maisulana.© Jesús Altuna
30. Oiartzungo Torre hartzuloan aurkitutako zanga hezurra, euskal Madeleine aldiko arte erabilgarriko maisulana.© Jesús Altuna

Hezur, adar eta xafla apainduak

Bi pieza aipatuko ditugu hemen bereziki, Europako Paleolitoko arte erabilgarriko maisulanen artean daudelako: Torreko hegazti hezurra eta Ekaingo hareharrizko xafla.

Torreko hezur grabatua

31. Torreko hezurreko oreina.© Jesús Altuna
31. Torreko hezurreko oreina.© Jesús Altuna

Gipuzkoako aztarnategietan aurkitutako hezur apainduen artean Oiartzungo Torre hartzulotik ateratakoa da aipagarriena. Bizitzeko baldintzarik ez duen haitzulo txiki bat da Torre, baina ehiza postu bezala erabili izan zen gure Historiaurreko zenbait alditan. Hezurra iparraldeko itsas hegazti baten kubitu bat da, zangarena. Zangak gaur egun ere heldu ohi dira gure kosta aldera, eta orduan orain baino askoz gehiago. Hezurrak diafisia eta hurbileko epifisiaren zati bat ditu, baina urruneko epifisia galdua du. Gorde den zatia 18 cm luze da.

32. Torreko hezurreko zaldia.© Jesús Altuna
32. Torreko hezurreko zaldia.© Jesús Altuna

Hezur hori miniatura ezin hobe bat da. Honako irudiak ditu grabatuta: oreina, zaldia, sarrioa, bi basahuntz, uroa eta antropomorfo bat. Irudiak elkar errespetatzen dutela eginak daude, bata bestearen gainekorik ia gabe. Bi basahuntzak ez beste guztiak albotik aterata daude; basahuntzen buruak aurretik ikusten dira, Paleolitoko artean gehienetan gertatzen den bezala.

33. Torreko hezurreko irudia zabalduta (I. Barandiaranek egina).© Jesús Altuna
33. Torreko hezurreko irudia zabalduta (I. Barandiaranek egina).© Jesús Altuna

Gainera, zenbait zeinu ere baditu hezur guztian zehar mutur batetik besteraino, hala nola: marrak, sigi-sagako lerro batzuk eta puntuak.

Animalien irudiak errealismo handikoak dira. Azter bedi oreinaren burua. Ahoa irekita dauka, marruka ari balitz bezala, eta malko guruina oso nabarmen, oreinek marru egiten dutenean eduki ohi duten bezala. Adakerari dagokionez, adar enborraren hasiera eta behe aldeko bi adar besoak ditu eginda. Zaldiak zurda motza eta tentea du, zaldi basatietan ohikoa denez. Sarrioaren burua modelatu den erak erakusten du hark errealitatean beste kolore bat duela. Ikus bedi bereziki begitik muturrera doan orban iluna.

34. Gaurko sarrioaren marrazkia. Begira begitik muturrera doakion kolorezko zerrenda eta konpara irudikoarekin.© Iñaki Zorrakin
34. Gaurko sarrioaren marrazkia. Begira begitik muturrera doakion kolorezko zerrenda eta konpara irudikoarekin.© Iñaki Zorrakin

Errealista ez den irudi bakarra antropomorfoa da, eta hori ere oso ohikoa da Paleolitoko artean. Dena dela, irudikatuta daude ilea, bizarra eta begia, beheko eta goiko betileekin.

Ekaingo xafla

Ekaingo leize zuloko sarreran dagoen aztarnategiko Goi Madeleine aldiko mailan, hareharrizko xaflatxo grabatu baten zazpi puska aurkitu ziren, eta xaflatxoa berriro osatu ahal izan zen. Xaflan basahuntzaren, orainaren eta zaldiaren aurrealdeak irudikatuta daude, bata bestearen gainean.

Ahuntza nahiko marra sakonez grabatuta dago, eta bera da xaflan ondoen ikusten dena. Uhin erako adarra du, basahuntz pirenearraren irudia den seinale. Burua xehetasun askorekin marraztuta dago; begia, belarriak, bekokiko irtengunea eta bi adarrak bertan ditu. Adarretako hazkera koskak zehaztuta daude, zeharkako marratxo batzuen bitartez. Lepoaren behe aldea, bularra eta aurreko hankak kontu handiz eginak daude marra txiki askorekin; horrela, gorputz atal horiek neurri batean modelatuta daude.

35. Torreko hezurreko antropomorfoa.© Jesús Altuna
35. Torreko hezurreko antropomorfoa.© Jesús Altuna
36. Torreko hezurreko sarrioburuaren zatia.© Jesús Altuna
36. Torreko hezurreko sarrioburuaren zatia.© Jesús Altuna
37. Ekainen (Deba) aurkitutako hareharrizko xafla. Basahuntza eta oreina nabari dira, besteak beste.© Xabi Otero
37. Ekainen (Deba) aurkitutako hareharrizko xafla. Basahuntza eta oreina nabari dira, besteak beste.© Xabi Otero

Oreina marrazteko erabilitako teknika basahuntza marraztekoa baino finagoa da, adarrei dagokienean izan ezik. Burua marraztuta dago begia eta aho lerroa dituela. Adakeran beheko adar besoak, bi adarren erdiko adar besoak eta adarburua -zabalduta- daude marraztuta. Oreinen adakeran adarburua izan ohi da zatirik aldakorrena: sarritan agertzen dira adarburu zapalak haietatik bukaerako adar muturrak ateratzen direla.

Hirugarren irudia, uste denez zaldiarena, ikusgaitza da.

Xafla azpiko geruzaren dataketa erradiokarbonikoak gaurtik atzerako 12.050 ± 190 urteko C14 adina eman zuen.

Urtiagako xafla grabatua

39. Urtiagako uharri grabatua. Zaldi baten aurrealdea oso fin grabatua du. © Xabi Otero
39. Urtiagako uharri grabatua. Zaldi baten aurrealdea oso fin grabatua du. © Xabi Otero

Urtiagako haitzuloko Amaierako Madeleine aldiaren mailan, bi zatitan puskatutako hareharrizko xaflatxo irudidun bat agertu zen:

Alde batean ahuntzaren buru zoragarri bat ageri du, emearena edo umearena, grabaketa zabalez oso ondo marraztua. Adarrak, belarria, begia, sudurra eta ahoa adierazita ditu.

Beste aldean elur orein baten irudia dago, grabaketa finez egina. Horrek ere ongi ezarrita ditu elur oreintzat sailkatua izateko behar dituen xehetasunak, hots, soinkurutzea ongi seinalatua, burua behean kokatua, adakeraren forma, ilea lepoko sabelaldean, eta mutur zapala.

Urtiagako uharri grabatua

38. Urtiagan (Deba) aurkitutako xafla grabatua. Basahuntz eme edo ume baten burua ageri du alde batean eta elur oreina bestean.© Xabi Otero
38. Urtiagan (Deba) aurkitutako xafla grabatua. Basahuntz eme edo ume baten burua ageri du alde batean eta elur oreina bestean.© Xabi Otero

Kare-harrizko harribil bat da, grabatu izugarri fin bat duena. Alde batean, zaldiaren aurrealdea marraztua du, bere buru-lepoekin. Zurda tentea eta muturreko xehetasun batzuk adierazita ditu. Begia, berriz, irudikatu gabe dago.

Aitzbitarte IV-ko adarkizko hagaxka

40. Maskor zulatuak, zintzilikario gisa edo idunekoetan erabiltzeko.© Xabi Otero
40. Maskor zulatuak, zintzilikario gisa edo idunekoetan erabiltzeko.© Xabi Otero
41. Aitzbitarte IV-n (Errenteria) aurkitutako adarkizko hagaxka, zenbait ebakiz apaindua.© Xabi Otero
41. Aitzbitarte IV-n (Errenteria) aurkitutako adarkizko hagaxka, zenbait ebakiz apaindua.© Xabi Otero
43. Basahuntzaren ebakortz zulatuak, zintzilikario edo iduneko bezala erabiltzeko.© Xabi Otero
43. Basahuntzaren ebakortz zulatuak, zintzilikario edo iduneko bezala erabiltzeko.© Xabi Otero
42. Oreinaren letagin atrofikoz eta zaldiaren ebakortz batez berregindako idunekoa.© Xabi Otero
42. Oreinaren letagin atrofikoz eta zaldiaren ebakortz batez berregindako idunekoa.© Xabi Otero
44. Oreinaren letagin zulatuak© Xabi Otero
44. Oreinaren letagin zulatuak© Xabi Otero

Hagatxo hau bi muturretan hautsita dago, ebakidura laua du alde batean eta ganbila bestean, eta alde ganbilean apaindua dago. Apaindura honetan datza: adarrean luzetara lerrokatutako hiru ebaki multzo ditu, multzo bakoitzean hiru ildo paralelo uhin tankera arin-arina dutenak. Ildo guztiek koska txiki batzuk dituzte elkarri oso lotuak.

45. Azeriaren letagin zulatua.© Xabi Otero
45. Azeriaren letagin zulatua.© Xabi Otero
46. Maskor zulatuak, zintzilikario gisa edo idunekoetan erabiltzeko.© Xabi Otero
46. Maskor zulatuak, zintzilikario gisa edo idunekoetan erabiltzeko.© Xabi Otero

Hagaxka hau haitzuloko Solutre aldiko mailan aurkitu zen; beraz, liburu honetan agertzen diren gainerako adierazpen guztiak baino lehenagokoa da.

Eztenak, arrankaziak eta azagaiak

47. Ermittian (Deba) aurkitutako eztena. Ebakidura triangeluarra du eta hiru aldeetan grabatu geometrikoz apaindua dago.© Xabi Otero
47. Ermittian (Deba) aurkitutako eztena. Ebakidura triangeluarra du eta hiru aldeetan grabatu geometrikoz apaindua dago.© Xabi Otero
48. Ermittiako arrankazia© Xabi Otero
48. Ermittiako arrankazia© Xabi Otero
52. Urtiagako arrankazia© Xabi Otero
52. Urtiagako arrankazia© Xabi Otero
50. Urtiagako azagaia apaindua© Xabi Otero
50. Urtiagako azagaia apaindua© Xabi Otero
49. Aitzbitarte IV-ko, Urtiagako eta Ermittiako arrankaziak. Erabilgarriak izateaz gainera, apainduta daude.© Xabi Otero
49. Aitzbitarte IV-ko, Urtiagako eta Ermittiako arrankaziak. Erabilgarriak izateaz gainera, apainduta daude.© Xabi Otero

Ehizan eta arrantzan erabiltzen ziren tresna horiek askotan apainduak izaten ziren, nahiz eta apaindurak tresnaren eraginkortasunari ezer ez erantsi. Ikus ditzagun kasu batzuk:

Ermittiako eztena. Ebakidura triangeluarra duen ezten bat da, hiru aldeetan antzeko marrazkia grabaturik duena. Bi aldetan erronbo lerrokatuak ditu, barrenean puntua dutela, elkarri lerro zuzenen bitartez lotuta. Hirugarren aldean erronboen ordez, bi marra motz eta zeihar daude.

Badaude apaindurak dituzten arrankazi eta azagaia ugari ere, bai eta oreinen edo basahuntzen hortzez edo maskorrez egindako zintzilikarioak ere, haritik zintzilikatzeko zulatuak.

53. Urtiagako arrankazia© Xabi Otero
53. Urtiagako arrankazia© Xabi Otero
54. Aitzbitarte IV-ko arrankazia© Xabi Otero
54. Aitzbitarte IV-ko arrankazia© Xabi Otero
55. Urtiagako arrankazia© Xabi Otero
55. Urtiagako arrankazia© Xabi Otero
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net