gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

lunes 23 diciembre 2024

Bertan > Bertan 17 La época romana > Versión en euskera: Espiritualtasuna

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Espiritualtasuna

155. Higerko brontzeak. Altzari baten ezarki izandako pieza irudidun hauetan Minerva, ilargia, Marte eta eguzkia ageri dira, garai hartako erlijio ofizialaren adierazgarri.© Xabi Otero
155. Higerko brontzeak. Altzari baten ezarki izandako pieza irudidun hauetan Minerva, ilargia, Marte eta eguzkia ageri dira, garai hartako erlijio ofizialaren adierazgarri.© Xabi Otero

Erromatarrak oro har zabal jokatzen zuten menpean hartutako edo kolonizatutako herrietako erlijio-kultuekin. Arazoak izan zituzten juduekin eta druidekin, bi kasuetan azpian politika kontua zegoelako, eta geroago kristauekin, antolamendu nagusiarentzat subertsibotzat zeuzkatelako, baina, gainerakoan, besteen sinesteekiko jarrera tolerantzia izan ohi zen. Gauza bakarra zegoen egin beharra: enperadorearen kultua bete. Hori eginez gero, beste kulturetako errito eta tradizioak onartzen ziren, baita, batzuetan, erromatar hilobietaraino eraman ere. Tokian tokiko jainko asko Marte edo Jupiterren irudiekin identifikatu ziren, kultuan haiekin lotu zituztelako -hala, Mars Sutugi Comminges-en eta Jupiter Besirisse Cadéac-en-. Beste jainko batzuk milaka kilometro egin zituzten, esate baterako Mitrak, sortzez ekialdekoa izanik, inperioko bazter guztietara iritsi baitzen legionarioen eskutik haien joan-etorrietan, eta gizarte eragin handiko korronte bihurtu zen. Beste batzuk beren egoitzetan geratu ziren, hala nola Deba eta Arno jainko zeltikoak. Erromatar munduko kultu multzoa ugaria da, nolanahi ere, eta, bere baitan, hierarkikoki antolatuta, jainko handi eta txikiak zeuden, denen artean giza jarduera guztiei erantzuten zietelarik. Hala, bazen gerraren jainko bat, beste bat ehizarena; baziren hainbat gauza edo jardueren jainkoak ere: ibaien jainkoa, iturburuena, bide zaindaria, itsasgizonena, amodioarena; eta baziren, besteak beste, familiako jainko batzuk ere, etxean bertan gurtzen zirenak. Eguneroko bizitzan toki handia zuen jainkoekiko harremanak, arlo horretan sineskeria eta fetitxismoa ere handiak zirelarik.

156. Olio lanpara hau Heliosekin lotu izan da, meazulo batean aurkitu zela eta, Mitra ere izan liteke ordea, lurpean gurtua zelako.© Xabi Otero
156. Olio lanpara hau Heliosekin lotu izan da, meazulo batean aurkitu zela eta, Mitra ere izan liteke ordea, lurpean gurtua zelako.© Xabi Otero

Giro horretan kokatu behar dira Higerren (Asturiaga-Hondarribia) aurkitutako lau idoloak. Itsaspean hondar artean agertu ziren beste gauza batzuekin batera; horregatik pentsa liteke erritoko tresna multzo baten parte zirela. Haiekin batera pitxer mota sofistikatu samar bat, erretilu batzuk eta sarraila baten zati bat aurkitu zirenez, pentsa liteke denak edukiontzi berean egongo zirela, kutxa batean edo, eta multzo osoa II. mendean egina izango dela. Idoloak ezarki modukoak dira, eta honako jainkoak dituzte irudikatuta: Minerva (emakumezkoa), kaskoa eta bular babesa jantzita eta bularrekoaren gainean gorgoiaren ikurra dituela; Marte (gizonezkoa), bizarduna, bular babes eta kaskoarekin; Helios, Eguzkia (gizonezkoa), tximista koroarekin; eta Isis (emakumezkoa), ilargi ikurra buru gainean duela.

157. Gipuzkoako kosta Aturritik ikusita.© Xabi Otero
157. Gipuzkoako kosta Aturritik ikusita.© Xabi Otero
158. Arno menditik Deba ibarreko azken zati guztia ikusten da; bi toponimo horiek beste lurralde batzuetan ere badaude, eta, ustez, toki askotan naturako elementuei egiten zitzaien kultuarekin lotuta daude.© Xabi Otero

Helios eguzki jainkoa lanpara txikiaren formatuan ere agertu da, beste batean. Irungo Altamira III erromatar meatzean aurkitu zen. Sinbolo horren eta lanpararen eginkizunaren arteko lotura begi-bistan dagoela dirudi, are gehiago meategiko ilunpetan zegoenez. Aipatu ohi da Errenterian Minervaren iruditxo bat aurkitu zela ere, gaur egun galdurik dagoena; baina, oraingoz, ez dago frogarik, ez jatorri hori duenik ezta Gipuzkoatik datorrenik ere bermatzeko.

159. Harri erdi preziatuekin egindako eraztunak nahiko ugari aurkitzen dira erromatar garaiko ondasunen artean, baina gutxi dira irudian ageri dena bezain ondo landuak. Irungo Tadeo Murgia kaleko portuko indusketetan aurkitu zen, eta irudia Roma jainkoarena da.© Xabi Otero

Hilobi ofizialarekin jarraituz, Roma jainkosaren irudi bat aurkitu da harri bitxidun eraztun batean. Irudia harri erdi preziatuan landua dago. Harriak forma obalatua du eta ardatz nagusian 13 mm-ko luzera. Roma bere jarlekuan eserita dago bere ikur guztiekin: kaskoa, ezkutua, lantza, eta garaipen hegodun bat ezkerreko esku zabalduan. Miniatura kalitate handikoa da, xehetasun asko nabari ditu: aurpegiera, soinekoaren tolesak, irudien fisonomia eta bertan ageri diren altzari edo gauzen zehaztasunak, ondo ebatzitako perspektibarekin. Irungo Tadeo Murgia kalean egindako erromatar portuaren indusketetan agertu zen.

Gorago Deba eta Arno jainko zeltak aipatu baditugu, bi helburu hauekin egin dugu: bata, gure geografiako toponimian izen horiek ditugula nabarmentzeko, eta, bestea, erromatar kultu ofizialak indartsuak izan arren, jainko indigenen jarraipenaz hitz egin behar dela esateko. Seguru asko, Arno mendia eta hurbil duen Deba ibaia tokiko kultuekin lotuta egongo ziren, eta beste hainbeste Araozko Sandaili haitzuloa. Sandaili izena, dirudienez, san Elias izenetik ez, baizik santa Ilia edo santa Julia izenetik dator. Bide horretatik badirudi zerikusia duela Gernikako itsasadarrean, Foruan, agertutako inskripzio bateko Ivulia jainkosaren izenarekin, uraren kultuarekin lotuta. Hurbilpen honetan ezin dugu ahaztuta utzi Oltzan, Aizkorriko magalean, aurkitutako aldare harria, ustez ospakizunetan erabiliko zena.

160. Deba, ustez, uraren kultuarekin lotutako jainko baten izena zen.© Xabi Otero
160. Deba, ustez, uraren kultuarekin lotutako jainko baten izena zen.© Xabi Otero

Erromatar garaiko espiritualtasunaren barnean, hileta kultuak ere ezagunak dira. Gure lurraldean adibide onak dauzkagu: Ama Xantalengo nekropolia, batez ere; eta, neurri apalagoan, gaur arte berreskuratu diren bi hileta epigrafe bakarrak: lehen deskribatu dugun Andrearriagakoa, eta Zegamako San Pedro ermitako aldarearen oinean gorde dena.

Ama Xantalengo nekropolia

161. Hilobi garrantzitsuetan edukiontzi bereziak ere izaten ziren. Beirazko ontzia; Ama Xantalen (Irun).© Xabi Otero
161. Hilobi garrantzitsuetan edukiontzi bereziak ere izaten ziren. Beirazko ontzia; Ama Xantalen (Irun).© Xabi Otero

Irungo Ama Xantalen ermitaren barnean, Oiasso hiriko hilerriaren zati bat aurkitu zen 1971 eta 1972an egindako indusketetan. Hilen errautsak dituzten 106 ontzi dira, ia denak elementu bereizgarririk gabe lurperatuak. Errauts ontzietan hil objektuak ere bazeuden gordeta: beirazko anpuluak, ile orratzak, armak, fibula-k eta abar, eta kutxekin batera harrizko bi eraikin aurkitu ziren. Eraikinetako bat oin karratukoa da, 3 metroko aldea duena, eta cella memoriae edo hilobi seinalatutzat hartu da, gogoan harturik gainera haren barruan aurkitu zela multzo osoan agertutako beirazko kutxa bakarra, eta horrek gizarte mailako bereizkuntza bat adierazten duela. Beste eraikinaren oina laukizuzena da, 7,5 m x 5 m-koa, eta "in antis" tenplu xumeen erakoa. Cella edo gela nagusiari itsatsita ataripe txiki bat zeukan, eta teilaz -tegula- egindako estalkia, eraikinaren hondakinen artean aurkitutako aztarnek adierazten dutenez. IV. mendean abandonatu zen.

162. Ama Xantalengo nekropoliko errauts ontzi gehienak etxe ondasunetan izan ohi zirenetako lurrontzi arruntak ziren, batez ere sukaldeko eltzeak.© Xabi Otero
162. Ama Xantalengo nekropoliko errauts ontzi gehienak etxe ondasunetan izan ohi zirenetako lurrontzi arruntak ziren, batez ere sukaldeko eltzeak.© Xabi Otero

Hilak errausteko ohitura ez da erromatarrek sortua ezta haiena bakarrik ere, eta erromatarrek ehortzi ere egiten zuten. Errausketa zabaldua zegoen Burdin Aroko populazioetan. Gero, ekialdeko sinesteak sartu izanaren ondorioz indarra galdu zuen, eta kristautasuna hedatu zenetik, azkenik, erraustu ez, baizik ehortzi egiten zen.

163. Ama Xantalengo hilerriko tenplua eraikin ataridun xume bat zen, eredu ezagun batekoa.© Javier Noain
163. Ama Xantalengo hilerriko tenplua eraikin ataridun xume bat zen, eredu ezagun batekoa.© Javier Noain
164.  Erromatar hirigintzan, hilerriak hirigunetik kanpo egiten ziren, hiriko irteera nagusien ondoan. Ama Xantalengo hilerria Iruñerako galtzadaren ertzean zegoela uste dugu.© Xabi Otero
164. Erromatar hirigintzan, hilerriak hirigunetik kanpo egiten ziren, hiriko irteera nagusien ondoan. Ama Xantalengo hilerria Iruñerako galtzadaren ertzean zegoela uste dugu.© Xabi Otero
167. Ama Xantalen ermitan aldi bat baino gehiagotako aztarnak daude:  errauts ontzien nekropolia (1), I. eta II. mendeetakoa; IV. mendera arte erabilitako tenplu txikia (3); tenplu hori kristaututa -buru aldean aldarea zuela- erabili zeneko aldia (X. mendea); Berant Erdi Aroko lehen ermita (4), aurrekoen hondarrak barruan hartzen zituena; eta hori orain dituen mugetaraino handituta egindakoa (5).© Barandiarán; Martín Bueno; Rodriguez Salís

Zegamako San Pedroko hilarria

166. Zegamako San Pedro ermitako aldarearen oinean dagoen erromatar hilarriaren aurrean eskaintzak egitea gomendatua dago buruko minik ez izateko.© Xabi Otero
166. Zegamako San Pedro ermitako aldarearen oinean dagoen erromatar hilarriaren aurrean eskaintzak egitea gomendatua dago buruko minik ez izateko.© Xabi Otero

Aipatu dugun bezala, inskripzioa ermitako aldarearen oinean ezarrita dagoen hareharrizko lauza batean grabatuta dago. Testuan, bost lerrotan idatzirik hauek daude: hilaren izena (LANICIVS, LATICIVS, LARICIVS edo izan liteke L.ANNICIVS ere), jatorria eta hiltzean zituen urteak (berrogei), eta azkenean hileta hitz batzuk: H(ic) e(st) edo H(ic) i(acet). Testuaren gainean hiru arku daude, sinbolikoki Hades edo hilen bizilekuko ateak adierazten dituztenak. Ikerleen arabera, I. mendeko azken urteetakoa edo II. mendekoa da, eta Arabako inskripzioekin lotura dauka.

Kristautasuna

165. Sigillata grisezko ontzi baten behealdea (
165. Sigillata grisezko ontzi baten behealdea ("sigillata paleokristautik eratorritako zeramika"). Asturiagako ainguralekua, IV.-V. mendea.© Xabi Otero

Kristautasuna, aurreko mendeetan mugimendu proskribatua eta jazarria izandakoa, enperadoreen eta geroago estatu inperialaren erlijio bihurtu zen IV. mendean zehar. Egoera berriak eguneroko bizitzako adierazpen askotan izan zuen eragina, eta kultura materialeko gauza batzuetan islatua dago. Esate baterako, Behobian agertu zen txanpon batek, Magnentzio (350-355) usurpatzailearen aginduz eginak, honako irudiak dauzka: krismoia, hau da, Kristoren anagrama, eta alfa eta omega letra grekoak, hots, alfabeto grekoko lehena eta azkena. Bi letra horiek, hain zuzen, lehen kristauek hizkuntza kriptikoan erabili zituzten beren jainkoa adierazteko, gauza guztien hasiera eta amaieratzat hartzen zutelako. Ontzien apainduran ere nabari da, ordura arte egin ohi zituzten irudiak alde batera utzi (ehiza, jentil errito eta abarri buruzkoak), eta haien ordez kristau sinboloak egiten hasi baitziren (gurutze, krismoi, palma, eta abar). Horrelakoei "sigillata paleokristautik eratorritako" zeramikak deitzen zaie. Hemen, zenbait ale Aretxabaletako Iruaxpe III leize-zuloan aurkitu ziren, V. mendeko bezala datatu diren testuinguruetan, eta beste batzuk Higer lurmuturrean, kronologia berekoak. Hala eta guztiz ere, ezin genezake esan gizartearen bizimodua jentil ereduetatik kristau ereduetara aldatze hori Gipuzkoan aipatu ditugun gertaeren ondorioz zabaldu zenik. Gogoratu besterik ez dago 1993an Azkoitian, Iraurgiko San Martin ermitaren barruan, VIII. mende inguruko bezala datatu diren errauts ontzi batzuk aurkitu direla. Beraz, horrek erakusten du garai horretan eta hilerri horretan artean jentil erako hileta ohiturak bizirik zeudela.

168. Iraurgiko San Martin ermitako nekropolian aurkitutako VIII. mende inguruko errauts ontziak Ama Xantalenekoen oso antzekoak dira.© Xabi Otero
168. Iraurgiko San Martin ermitako nekropolian aurkitutako VIII. mende inguruko errauts ontziak Ama Xantalenekoen oso antzekoak dira.© Xabi Otero
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net