gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

domingo 22 diciembre 2024

Bertan > Bertan 17 La época romana > Versión en euskera: Topagunea

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb] Ikono Acrobat

Topagunea

16. Hirigunea harresiek mugatzen zuten eta hirigunearen ezaugarri ziren. Ate monumentalak eta, ateei erantsita, dorreak izaten zituzten. Ongi adierazita dago hori Iruñeko Kuria kalean aurkitutako mosaikoko irudi honetan.© Xabi Otero

Orain bi mila urtekoak dira -gehixeago-, Gipuzkoan ditugun erromatar aztarna zaharrenak; gure aroaren hasiera ingurukoak, beraz. Garai hori baino lehenago, hainbat borroka militar izan zen, erromatarrek iberiar penintsula kontrolatzeko izandako guduetatik hasi eta lurralde hau -Gipuzkoakoa- behin betiko beren orbitan hartu zuten arte. Ebro ibai aldetik, Akitaniatik eta Kantabria aldetik heldu ziren.

17. Irudian, Ponpeio. Hark Marioren aliatua zen Sertoriorekin izandako gerrak Hispaniako lurraldea borroka leku bihurtu zuen, eta horren ondorioz herri indigenekiko harremanak gehitu ziren.© Ed. Dolmen

Dirudienez, Asdrubal bere armadarekin Galian barrena joan zen Italiarantz K.a. 208. edo 207. urtean, eta bide hori hartzeko Pirinioen mendebaldetik pasatu zen, "ozeanotik oso hurbil", Tito Liviok eta Apianok diotenez. Erromatar jeneralak Hispania konkistatzera abiatu ziren kartagotarrak menderatu ondoren, eta baita urteen buruan konkistatu ere.

18. Legioak erromatar boterearen aitzindari izan ziren; oso eraginkorrak gerran eta herriak konkistatzen. Zesarren garaiko ehuntaria. © Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:
18. Legioak erromatar boterearen aitzindari izan ziren; oso eraginkorrak gerran eta herriak konkistatzen. Zesarren garaiko ehuntaria. © Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:
20. Zesarren garaiko legionarioa© Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:
20. Zesarren garaiko legionarioa© Romisch-Germanisches Zentralmuseum. Mainz:

Gero, K.a. 77-72. urteetan, Hispania Ziteriorren gobernadore Quinto Sertorio zela, haren izena daramaten gerra sertoriarrak gertatu ziren: Quinto Sertorio, bere buruzagi Marioren eta Ponpeio Magnoren arteko lehian, Mariori leial izan zitzaion eta Erromaren aurka altxatu zen Ebro haraneko zenbait herri penintsularren laguntzarekin. Ponpeio Hispaniara etorri zen Sertoriori aurre egitera, eta 75. urtean, janaria urri zela eta, baskoien lurraldera erretiratu zen. Han, negu hartan, Ponpeopolis hiria sortu zuen (Iruñea).

Julio Zesarrek bakea ezarri zuen Galian, milioitik gora lagun hilda; hala idatzi zuen Pliniok, konkistatzaile haren metodoak batere gustatzen ez zitzaizkion intelektual handiak. Zesarren jeneral Publio Craso akitaniarren aurka borrokatu zen K.a. 56. urtean, eta akitaniarrek beren auzoko penintsularrei laguntza eskatu zieten. Koalizioak galdu egin zuen, eta Akitaniako zatirik handiena errenditu egin zen.

19. Gipuzkoako lurralde gehiena barduliarrena zen, baina baziren beste bi tribu ere: baskoiak ekialdean eta karistiarrak mendebaldean.© Xabi Otero
19. Gipuzkoako lurralde gehiena barduliarrena zen, baina baziren beste bi tribu ere: baskoiak ekialdean eta karistiarrak mendebaldean.© Xabi Otero

Azkenik, Oktavio Augusto bera etorri zen, penintsulan artean menderatu gabe zeukaten azken bazterra bereganatzera. Erromatarrek lurrez eta itsasoz eraso zituzten kantabriarrak, eta K.a. 19. urtean lortu zuten makurraraztea. Augustok trebetasunez erabili zuen garaipen hura bere interesen aldeko propagandan. Horrela ezarri zen Pax romana deritzana.

21.Intxurko herri gotorra Jose Migel Barandiaranek aurkitu zuen eta berak egin zituen lehen indusketak. Gipuzkoan ezagutzen den mota horretako lehen lekukoa da.© Xabi Otero
21.Intxurko herri gotorra Jose Migel Barandiaranek aurkitu zuen eta berak egin zituen lehen indusketak. Gipuzkoan ezagutzen den mota horretako lehen lekukoa da.© Xabi Otero

Bi mendeko aldi horretan zehar, poliki-poliki, bertako biztanleak anonimatutik irten ziren. Erromatarrentzat ezjakina eta basatia zen jende hura klima gogorraren eta lurraldearen urruntasunaren ondorioz, eta jende harengan erromatarrekiko kontaktuak izandako eragin onuragarria nabarmentzearren, haien ohitura zibilizatu gabeei, bizimodu xumeari eta gerrazaletasunari erreparatu zioten. Erromatarrek diotenez, urtearen gehienean ezkurrak jaten zituzten, ia ez zuten ardorik hartzen, eta garagardoa edaten zuten. Janzki soilak erabiltzen omen zituzten soinean, taldean jaten zuten ospakizunetan, garatu gabeko itsas ontzietan ibiltzen ziren, eta antzinako kultuak omen zituzten. Hala eta guztiz ere, komunikazio bide bat aipatu zuten, Tarragonatik itsas aldeko baskoien azken herrietaraino, Iruneraino, heltzen zena. Beranduago, I. mendearen erdi aldeko iturri idatziek diotenez, gaurko Gipuzkoaren mugen barruan sartzen diren lurretan baskoiak, barduliarrak eta karistiarrak bizi ziren.

Erromatarren aurreko garaia

22. Asentamendu hauetan bizi ziren komunitateak nekazaritzan aritzen ziren; hala erakusten du azken indusketetan gari aleak, eskuko errotak eta burdinazko igitai bat aurkitu izanak.© Xabi Otero
22. Asentamendu hauetan bizi ziren komunitateak nekazaritzan aritzen ziren; hala erakusten du azken indusketetan gari aleak, eskuko errotak eta burdinazko igitai bat aurkitu izanak.© Xabi Otero

Erromatarrak Gipuzkoara iritsi aurreko garaiaz azken hogei urteetan egin diren ikerket arkeologikoen emaitzek zenbait hausnarketa eginarazi digute. Garai hartan, eta aldi berean, bi errealitate kultural desberdin elkarren ondoan bizi zirela erakusten digute: bataren adierazpena harrespil edo mairu baratzak dira (cromlech), harriz zirkulu modura eratutako hileta oroigarriak; bestearen adierazpena, leku garai edo muinoetan egindako herri gotorrak (castrum-ak). Harrespilak dauden eremua Leitzaran haranean bukatzen da garbi-garbi; eremu horrek Pirinio inguruko mendi guztiak hartzen ditu, Andorraraino. Harrespilak lurralde menditsuan 5 km eta 40 km arteko zabalera duen zerrenda batean ageri dira. Ikerlarien ustez, eremu horretan giza talde ongi bereizi bat bizi zen, eta goian aipatutako erreferentzia geografikoengatik, baskoiak izan behar zuten. Tribu horren mendebaldeko muga gutxi gorabehera Leitzaran inguruan egongo zen, erromatar garaiko geografoen aipamenek diotenez. Herri gotorrak, berriz, harrespilak dauden zerrendaren ertzetik gertu daude, hura inguratuz bezala; eta hori, bai Gipuzkoan (Albizturko Intxur, Andoaingo Buruntza, Villabonako Basagain, Azkoiti-Azpeitiko Muñoandi, Aretxabaleta-Arrasate-Aramaioko Murugain.), eta bai Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Herri gotorrak asentamendu iraunkor handiak dira -Intxurkoa, azaleraz, bere garaiko herri handienetariko bat da-. Leku estrategikoetan zeuden, gotortzeko harresiak eta lubakiak izaten zituztela, eta horien babesean egoten ziren jendearen bizilekuak. Jendea nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen zen, eta burdinaren metalurgia ezagutzen zuen (Peñalver, 2001). Haien etxe tresneria eta ondasunetan mundu zeltiberiarreko elementu batzuk aurkitu dira, oso gutxi badira ere. Ezaugarri zeltikoak dituzten gauzen artean, Meagan (Getaria) aurkitutako hilarri bat ere badago, Bizkaiko kostaldean aurkitutako beste aztarna batzuen antzeko ezaugarri batzuk dituena.

23. Intxur gaintxo batean dago, inguruko ikuspegi ona duen toki batean, eta bertako biztanleak babesteko harresi batez inguratuta.© Mugarri, Xabi Otero
23. Intxur gaintxo batean dago, inguruko ikuspegi ona duen toki batean, eta bertako biztanleak babesteko harresi batez inguratuta.© Mugarri, Xabi Otero

Ez du ematen iturri idatziek dioten bezain bakarturik eta kulturagabe bizi zirenik; geografiaren aldetik, ordea, gutxi gorabehera erromatar idazleen deskribapenek aditzera ematen dituzten tokietan zabalduta zeudela dirudi. Garai hartan, zenbait kultur eremuren mugek elkar ukitzen zuten lurralde bat zen Gipuzkoa. Akitania, Ebro ibaiaren harana, Pirinio aldea, eta Kantabria aldea zituen inguruan. Bidasoa ibaian Akitaniako herrien muga dago. Bidasoaren eta Leitzaranen artean, Pirinioetaraino heltzen direla, harrespilak daude, hots, baskoien lurraldea da; muga horren inguruetan herri gotorrak agertu dira, hau da, ustez zeltiberiarrekin hegoaldetik lotura zuten herriak. Mendebaldean, Deba ibaiak bereizten zituen barduliar eta karistiarrak. Deba ibaitik Ibaizabal-Nerbioiraino hedatuta zeuden karistiarrak, eta barduliarren zein karistiarren lurrak hegoalderantz zabaltzen ziren, Ebro ibaiaren arroraino. Ikusten denez, baskoiak, barduliarrak eta karistiarrak ziren erromatar idatzietan gaur egun Gipuzkoako lurraldea deneko biztanletzat erregistratuta daudenak, eta horrela erregistratuta sartu dira Historian.

24. Bidasoako estuarioa toki ona zen bizitzeko; orain dela 5.000 urte baino lehenagoko okupazioen lekukotasunek hala adierazten dute.© Xabi Otero
24. Bidasoako estuarioa toki ona zen bizitzeko; orain dela 5.000 urte baino lehenagoko okupazioen lekukotasunek hala adierazten dute.© Xabi Otero
25. Harrespilak (mairu baratzak) Pirinioen mendebaldeko lekuko ezagunak dira. Oihanlekuko harrespila. Oiartzun.© Xabi Otero
25. Harrespilak (mairu baratzak) Pirinioen mendebaldeko lekuko ezagunak dira. Oihanlekuko harrespila. Oiartzun.© Xabi Otero
26. Zuhaitz enbor bakarrez egindako ontziei esker nabigatu izan da ibaietan, erromatar garaia baino lehenagotik Erdi Aroa aurreratua zen arte. Baionako Euskal Museoko bilduma.
26. Zuhaitz enbor bakarrez egindako ontziei esker nabigatu izan da ibaietan, erromatar garaia baino lehenagotik Erdi Aroa aurreratua zen arte. Baionako Euskal Museoko bilduma.
27. Deba ibaiak barduliarren eta karistiarren lurraldeak bereizten zituen.© Xabi Otero
27. Deba ibaiak barduliarren eta karistiarren lurraldeak bereizten zituen.© Xabi Otero
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net