gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura

gipuzkoakultura.net

lunes 23 diciembre 2024





Bertan > Bertan 20 Los poblados en la edad de hierro en Gipuzkoa > Versión en euskera: Aro baten amaiera

PDF Bertsioa inprimitzeko [11,8 Mb]Ikono Acrobat

Aro baten amaiera

185. Aro aldaketaren inguruan abandonatu ziren mendi gaineko herri gotortuak  bizileku gisa.© Lamia
185. Aro aldaketaren inguruan abandonatu ziren mendi gaineko herri gotortuak bizileku gisa.© Lamia

Eskura ditugun datuetako batzuen argitan, badirudi Gipuzkoako herri harresituak, kasu batzuetan, gure Aroaren aurretiko milurtekoaren lehen erdialdean okupatu zituztela, baina lekukotasun gehienek honantzago ekartzen dituzte okupazio data horiek (Karbono 14z eginiko datazioen arabera, Buruntzako okupazio data orain dela 2475±75 urte kokatu behar da, Intxurrekoa duela 2030±80 urte, eta tartean dabiltza beste guztiak); hau da, indusitako aztarnategi gehienetan milurtekoaren bigarren erdialdean ari gara, Aro aldaketatik hurbileko urteetaraino helduz gainera.

186. Beirazko errauts-ontzia, Ama Xantalengo nekropolikoa (Irun).© Xabi Otero
186. Beirazko errauts-ontzia, Ama Xantalengo nekropolikoa (Irun).© Xabi Otero

Eta data hurbilagoko horien inguruan hasiko ziren herrietako biztanleak baliabideen eta teknologia berrien kontrol handiagoaren aztarnak erakusten. Erosotasun maila aipagarriko etxebizitzek aurrez landu eta bildutako elikagai erreserbak gordetzen zituzten; zeuzkaten lanabesak ikusirik pentsatzekoa da era askotako lanak egiten zituztela, eta beirazko lepoko-aleek edo eskumuturreko batek beste herri batzuekin harreman komertzialak eduki izanaren aukera adierazten digute.

187. Garai haietatik aurrera, herri harresituetako populazioa beheragoko lurretara bilduko zen.© Lamia
187. Garai haietatik aurrera, herri harresituetako populazioa beheragoko lurretara bilduko zen.© Lamia

Finkatze une honetan, eta itxura batean arazo edo gatazkarik gabe, horixe dirudi behintzat arkeologi dokumentazioan oinarritzen bagara, esparru hauek utzi egingo zituzten Aro aldaketaren inguruan; eta oraingoz gainera ez dakigu hainbat mendetan zehar toki estrategikoak okupatzen ari ziren populazio hauen kokaleku berriak non diren. Ildo honetatik esan behar orain artean indusitako herrietan ez dugula mundu erromatarrarekin lotutako elementurik batere aurkitu, eta Karbono 14 bidez lortutako datek ez dute Aro aldaketaren unea gainditu.

188. Sigillata erako mahairako ontzia, Montans lantegian manufakturatua, eta Oiassoko erromatar portuan aurkitua (Irun).© Xabi Otero
188. Sigillata erako mahairako ontzia, Montans lantegian manufakturatua, eta Oiassoko erromatar portuan aurkitua (Irun).© Xabi Otero

Oraindik dokumentatzeke egon arren, seguruenik, eta lehen esan dugun moduan, gune gotortu hauekin batera garatutako habitat sakabanatuko formek, eta asentamendu kolektibo berriek, herri gotortuei txanda hartuko zieten nonbait, haiek baino garaiera baxuagoetan kokatuz inolaz ere.

Lurraldeko zenbait tokitan, hala nola eta nagusiki Irun/Hondarribia eta Zarautz udalerrietan erromatar munduarekin loturik egin diren aurkikuntza berriek aukera emango dute, agian, gure Historiaurrearen azken fase hura argiago ikus dezagun.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2024 Departamento de Cultura y Euskera- Diputación Foral de Gipuzkoa.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net